2012/05/28

Supermerkatuak eta planak


Kontsumo bulegoek supermerkatuen arriskuez ohartarazi digute sarri. Supermerkuetan ezer ez omen da kasualitatea. Den-den ondo pentsatuta dago: apalen sailkapena, lekuak, musika, argiaren indarra... Era guztietako produktuak dituzu, kolore guztietako bilgarriak... produktu tentagarrienak pasabide jendetsuenetatik gertu. Deskuidatuz gero, nahi eta behar ez dituzun gauzekin beteko duzu karroa.

Antidotoa ere eman digute: jarrera kritikoa eta arduratsua izatea; ahal dela, erosketa-zerrenda aldez aurretik prestatua eramatea.

Plan nagusiek ere badute horrelako zerbait. Ekintza-zerrenda luzeak... nork bere gustukoak hautatzeko.

Buruan dut Zestoako teknikari batek Bat aldizkarian zioena:
EBPN bulegoetan sortutako egitasmoa da, errealitatearen analisitik abiatuta baina errealitatearekin harreman zuzena eta egunerokoa ez daukan jendeak sortua. EBPN gauzatu behar dutenak, aldiz, errealitatearekin aritzen dira, errealitate hori ulertzeko eta errealitate horri aurre egiteko bide batzuk dituzte eta, horiek guztiak EBPNren eskemara egokitu behar dituzte.
Plan nagusiak beharrezkoak dira; baina... tokian tokiko planak errealitatetik gertuago daude, herritarrengandik ere bai, lankidetzarako (edo, besterik ezean, konplizitateetarako) aukera hobeak eskaintzen dituzte... Aberasgarriagoak iruditzen zaizkit.

Portzierto... entzun dut Eusko Jaurlaritzak Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berria gizarteratzeko(!?prozesua abian jarri duela. Euskara21 bloga baliatu du horretarako.



2012/05/17

Normalizazioa eta eraldaketa

Robert Cooper-ek Language Planning and Social Change liburua argitaratu zuen 1997an. Bertan hizkuntza planifikazioa planifikazio sozialaren kasu bat dela defendatzen du, alegia, gizarte aldaketa bilatzen duen esku-hartze mota bat dela. Helburua eta jomuga ez da hizkuntza, baizik eta gizartea bera: hiztun taldeen edo hizkuntza komunitateen arteko botere harremanak.

Azpimarratzen du nekez egon daitekeela hizkuntza planifikazioaren teoriarik, aldaketa sozialaren teoriarik ez dagoen bitartean.

Aldaketa soziala fenomeno poliedrikoa dela iruditzen zait: izaera anitz eta konplexua du; aurpegi ugari. Zaila da, beraz, teoria bat eta bakarra eraikitzea.

Eraldaketaz ari garela, lau ikuspegi nagusi ikusten ditut nik:

  • Lehen-lehenik gizarte mailako ikuspegia: makrosoziologikoa, nolabait esateko. Hizkuntza Politika jartzen du erdigunean. Gure artean Kontseiluak landu du ikuspegi hori hobekien. Kontseiluaren azterketen arabera, hizkuntza politika egokiak lau zutabe behar ditu: korpus juridikoa, planifikazioa, baliabideak eta herritarren atxikimendua. Hemen irakurri.

  • Bigarrenak erakundeei begiratzen die. Eraldaketa erakundeetan nola sortu eta nola eragin aztertzen du: erakundeen kultura, erresistentziak, lider-kateak, berrikuntza... Erreferentzia gisa, Iñaki Markoren lana aipatuko nuke: bai hiznet ikastaroetan erabili dituen materialak, bai iaz aurkeztu zuen tesia, bai abian jarri zuen EraLan proiektua bera ere. Tesia hemendik jaitsi daiteke:  Hizkuntza-eraldaketa organizazioetan: Esperientzia eta modelizazioa (pdf 10 MB).

  • Hirugarrena ikuspegi partehartzaile eta komunitarioa da. Halakoa da, esate baterako, Reflect-Action ikuspegia. Euskararen esparrutik apurtxo bat aldenduta ere, esperientzia interesgarriak dira gure artean: bagara proiektua,edota autogestioa bultzatu nahi duen auzolan egitasmoa. Parte Hartuz ikertaldearen lana ere aipatu nahi nuke: hainbat urtez, lan ikaragarria egin dute herritarren partehartzearen inguruko ikerketa eta formazioa lantzen.

  • Laugarrenak norbanakoa jartzen du erdigunean. Kontzeptu gehienak psikologiaren esparrutik hartzen ditu. TELP da burura datorkidan lehendabiziko adibidea, baita Topaguneak 2007an antolatu zituen e2i jardunaldiak. Harreman-sareak edota talde naturalak euskalduntzea helburu duten egitasmoak ere atal honetan sartuko nituzke. Pello Jauregiren lana ezinbesteko erreferentzia da: Kuadrillategia edo Bikoteen artean hizkuntza ohituren aldaketari buruzko ikerketa, esate baterako.

Esan bezala, lau ikuspegiek eraldaketarekin dute zerikusia, eta lau ikuspegi hauen artean mugitzen gara guztiok. Ikasi ere, esperientzia horietatik guztietatik ikasten dugula iruditzen zait. ERALDAKETA, beraz, letra larriz idazten hasi beharko genuke. Zuek nola ikusten duzue?

2012/05/11

Kontraplanifikazio linguistikoa


Ebroko autobidean barna


Ebroko autobidean barna, Bartzelona edo Tarragona aldera, hainbat bidaia egindakoa naiz. Eguraldi ona hasten denean alde horiek euskaldunez betetzen direla esan ohi da. Eta egia da. Errepidean bertan ere nabari-nabaria da.

Zaragoza igaro ondoren, 120 bat kilometrora, Fraga herria dago. 14.000 biztanle ditu, eta Aragoiko zonalde katalandunaren partea da.


Franja de Ponent


Aragoiko zonalde horrek Franja de Ponent du izena katalanez. Ez du inolako egitura administratibo komunik. Hizkuntzak definitzen du; eta hortaz, korapilatsua da mugak non dituen esatea.

42.000 katalan hiztun bizi da bertan: helduen artean %88,8 (2003ko datuak dira). Katalana, hala ere, ez da ofiziala, eta oso presentzia mugatua du administrazioan.

Lur zerrenda horren hego muturrean, Teruel probintzian, Matarranya eskualdean dago, eta bertan, Aguaviva.


Hizkuntza berezia (?)


Aragón TV-k telebista-saioa bat egiten du, hizkuntza-gaiak hizpide hartua: ¡Bien dicho! du izenburua.  Duela gutxi, Aguaviva herriari buruzko erreportajea eman dute. Horren harian, artikulu bat agertu zen Plataforma per la Llengua erakundearen web orrian. Artikuluak haserrea erakusten du, saio osoan zehar katalanaren aipamenik ere egiten ez delako. Horren ordez, hango hizkera "bitxi eta berezia" aipatzen  du aurkezleak : munduan bakarra, eta hizkuntzalarien jakinmina piztu duena.

Iritzi artikuluan honela diote:
Doncs vet aquí que gràcies a Aragón TV descobrim que existeix un poble a la Franja de Ponent que té una parla única al món on llapis es diu “llapis” i cadira, “cadira”. No sé a vosaltres, però a mi encara em cau la cara de vergonya. Osoa irakurri.

Kontraplanifikazio linguistikoa.


Ez da lehendabiziko aldia jokabide hori ikusten duguna. Valentzian ere antzeko gauzak ikusi izan dira, katalanaren batasuna ukatzeko. Sezesionismo linguistikoa deitu izan zaio horri, eta kontraplanifikazioaren adibide paradigmatikoa  da.

Soziolinguistika katalanetik datorren kontzeptua da. Hizkuntza planifikazio demokratikoaren emaitzak ahultzeko eta hizkuntza dominantearen nagusitasuna laguntzeko egiten den ekintza-multzoari deritzo kontraplanifikazio linguistikoa.

Hortaz, kontraplanifikazio linguistikoa da Aragon TV-k egin duena, kontraplanifikazio linguistikoa da PPk Valentzian egiten duena, eta baita Barcina andreak Nafarroan egiten duena ere.

CIEMEN-ek Valentziako sezesionismo linguistikoari buruzko txosten argigarria egin zuen 2005ean. Interesgarria izan daiteke, horretan sakondu nahi baduzue: L’origen i l’evolució argumentativa del secessionisme lingüístic valencià.

2012/05/05

Adjetiboak

Aste honetan gaixorik egon naiz: sukarra, hotzikarak, ezertarako gogo gutxi... Tarteka, portatila piztu, eta zeozer irakurtzen saiatu naiz. Ezer gutxi, halere.

Atoan blogaren aipu bat nuen oraindik irakurtzeko: Euskaldun osoa; Mikel Asurmendik Argian argitaratutako sarrera luzeago baten aipua, alegia. Euskaldun osoa... hura kontzeptu mardula! Eta euskaldun osoa ez dena, zer da? Ez-osoa? Osatugabea? Erdalduna?

Asurmendik hitz-joko polita proposatzen du: osoa, erosoa eta deserosoa. "Euskaldun eroso" eta "euskaldun deseroso" terminoak ontzat emateko modukoak al dira? Niri gustatu zaizkit. Definizioak adostu, eta soziolinguistika hiztegian sartzea proposatu beharko genuke.

Jon Sarasuaren hitzaldi batean entzundakoak ere burura etorri zaizkit. Euskaldun kontziente, konpetente eta koherenteak aipatzen zituen, gaizki gogoratzen ez badut. Motibazioa, ezagutza eta erabilera... kontzientzia, konpetentzia eta koherentzia bihurtu dira, nonbait.

Hizkuntza asertibitabearen kontua ere gogoratu dut. Euskaldun asertiboak behar ditugu: ez pasiboak eta ez erasokorrak... asertiboak, besteak errespetatu bai, baina beren eskubideak ezagutu eta tinko defendatzeko gai direnak.

Atxagak euskararen inguruko jarrerak sailkatzeko erabiltzen zituenak ere gogoratu ditut. Eee nola zen? A bai! Patetikoak, sinpatikoak eta antipatikoak.... (interneten ez dut aipamena aurkitu). Patetikoak omen gara euskaraz bizi nahi dugun euskaldunok.

A ze adjetibo-txaparrada! Sukarragatik izango al da? Ordenadorea itzali dut, ohean buelta erdi eman, eta lokartzen saiatu naiz.