2012/08/11

Inkesta soziolinguistikoa: iritziak

Aurreko sarrerak jarraipena behar zuen. Datuak interesgarriak izanagatik, erdibidean gera litezke, interpretaziorik ezean. Irakurketarik eta iritzirik ere bat baino gehiago irakurri dira. Hori da bigarren parte honen mamia: adituen iritziz, non daude gakoak?


Udako ikastaroak


Miramar jauregiko udako ikastaroak bi ikerketa kuantitatibo nagusien emaitzak aurkezteko baliatu nahi izan dituzte aurten: inkesta soziolinguistikoa eta kale neurketa. Klusterrak aurkezpenak sarean jarri ditu. Zoritxarrez, lan honetarako, mahaingurua da gehien interesatzen zaida eta ez dute haren berri eman. Bideoak irailetik aurrera egongo dira eskuragarri.

Gainera, kale neurketak aparteko irakurketa merezi duela uste dut: hurrengo BAT aldizkarian egingo du Klusterrak.


Komunikabideetan


Berriro ere zoragarria iruditu zait Berria egunkariak egin duen lana. Zonalde bakoitzeko aditu bat bilatu du, eta iritzia eskatu [hemen]. Aipamenak ere, ezin egokiagoak azpirramatu ditu:
  • Erramun Baxok: «Euskararen pizkundea egingarria da, eta egiteko bidean da Iparraldean» 
  • Xabier Isasi: «Euskaldunek kohesio guneak topatu behar dituzte Bilbon» 
  • Iñaki Iurrebaso: «Euskarazko harreman sareak trinkoagoak dira Gipuzkoan» 
  • Iñaki Mtz de Luna: «Aurrera egiteko baldintza berriak sortu behar dira Araban» 
  • Arkaitz Zarraga: «Nafarroako zenbait lekutan erresistentzia kontua da euskarak bizirik irautea»

HPS eta Kontseilua


Ez HPSk, ez Kontseiluak ez dute emaitzen irakurketa publikorik egin. Pentsatzekoa da horiek ere helduko direla. Han-hemen, ordea, iritziak eman dituzte.

Lourdes Auzmendi Euskadi Irratian entzun nuen EAEko emaitzak eman ondoren. Balorazioak hiru esakunetan laburbiltzen dira: "bide onetik", "pausu sendoak ematen", "atzeraezina da normalizazioan egiten ari garen bidea".

Kontseiluak, gehiegi sakondu gabe bada ere, iritzi kritikoagoa eman du [hemen]:
«Normalizazio prozesuaren erritmoa azkartu behar dugu gure hizkuntza berreskuratuko badugu eta gure herrian euskaraz bizi ahal izatea errealitate bihurtzeko». Horretarako, beren hauteskunde programetan «hizkuntza politika eragingarriak» jasotzeko eskatu die Bilbaok alderdiei.

Jarrerak kezka iturri?


Gustatu zait Mikel Perurena kazetariak egin duen analisia. Azken esaldi honekin geratu naiz:
/.../ nola salbatu hizkuntza bat, bostetik bat kontra baldin badaude, eta lautik hiruk ikasteko asmorik ez badute? Ez da ezkortasuna, estrategiak zorrozteko beharra baizik.
Izan ere, orain hilabete batzuk, Jaurlaritzak EAEko emaitzak aurreratu zituen xehetasun kezkagarriak ikusi nituen [hemen]
  • 1991ko eta 2011ko datuak alderatuz, euskara sustatzearen alde daudenen ehunekoak 7 puntuko igoera izan du, gutxiago dira ez alde ez aurka agertzen direnak (%26 2011n versus %31 1991n), eta oso gutxi aldatu da aurka daudenen ehunekoa (%12  2011n versus %14 1991n).
  • Hiriburuei dagokienez, Donostiako biztanleriaren %62 euskara sustatzearen alde dago, Bilboko biztanleriaren %52 eta Gasteizkoaren %42. Hiru hiriburuetako biztanleen herena ez dago ez alde ez aurka. Azkenik, aurka daudenen artean, ehunekorik altuena Gasteizek du, %27 euskara sustatzearen aurka baitaude, Bilbon gutxiago dira (%16) euskara sustatzearen aurka azaltzen direnak eta aurkako jarrerarik txikiena Donostian (%8) dago. 

Ezin irakurketa bakarra egin


Bittor Hidalgok ZUZEU albistegi digitalean artikulu esanguratsua egin du: Euskaldunak, egiak, gezurrak… eta estatistikak. Datu orokorretatik harago, Euskal Herrian egoera ezberdinak bereizi beharra azpimarratzen du. Lehen-lehenik bi egoera juridiko: (a) EAE eta Nafarroako zonalde euskalduna, eta (b) Nafarroako gainontzeko zatia eta Iparralde. Egoera oso ezberdinak dira batean eta bestean.

Sakondu nahi izatera, gainera, lehen multzo horretan ere bi gune soziolinguistiko eta bi estrategia ikusten ditu: (a.1.) erdi gunea, Euskalduna, %50 elebidunez gora, Bizkai ekialdea, Araba iparra, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko zonalde "euskalduna", (a.2.) gerriko gunea. Erdaldunagoa. Bizkai mendebaldea eta Araba zabala, Gasteiz-Bilbo hiriburuak barne.



Gaurkoz hemen utziko dut.


2012/08/06

Inkesta soziolinguistikoa: datuak

Bada jendea egunkarietatik tituluak besterik irakurtzen ez duena. V. Inkesta Soziolinguistikoa aurkeztu zenetik aste pare bat igaro direnez, ariketa bat egitea pentsatu dut. Interneten bilaketa egin, eta hainbat komunikabidek albistea nola jaso duten ikusi. Tituluak eta azpitituluak besterik ez dut bildu. Hona emaitza:
  • BerriaGazte elebidun gehiago egon arren, euskara gutxiago erabiltzen dute. 16-24 eta 25-35 adin tarteetan dauden elebidunek orain bi hamarkada baino gutxiago egiten dute euskaraz gaur egun. Kopurua jaitsi egin den arren, hamar herritarretik ia sei erdaldunak dira oraindik.
  • Eitb. Elebidunen kopurua gora doa EAEn eta Nafarroan. Bereziki gazteen artean egin du gora euskararen ezagutzak. Dena dela, elebidunen artean erabilera ez da hazi: gaur elebidun direnek ez dute 1991n elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen euskara.
  • Gara. Elebidunen kopurua hazi den arren, erabilerak behera egin du azken hogei urteotan. V. Inkesta Soziolinguistikoak dioenez, Euskal Herrian 1991n baino 185.600 elebidun gehiago daude. Bestalde, 35 urtetik beherakoen artean euskara erabiltzen dutenak gehiago badira ere, gizarte osoa aintzat hartuta, elebidunek gutxiago erabiltzen dute euskara.
  • El Correo. Aumenta la población bilingüe, pero baja el porcentaje que usa el euskera. El último estudio sociolingüístico cifra en 714.136 los euskaldunes en Euskadi, Navarra e Iparralde, frente a los 528.521 de 1991.
  • Diario VascoEl uso sigue siendo el punto más débil del euskera. En los últimos cinco años el número de bilingües ha aumentado en la CAV, donde ya habla euskera el un tercio de la población.
  • Noticias de Navarra. El 11,72% de los navarros es bilingüe, mientras un 20,16% entiende el euskera. El número de euksaldunes en los tres territorios ha aumentado un 35% en 20 años. El 54% de los jóvenes (16-24 años) que dominan la lengua vasca en la Comunidad Foral son euskaldunberris, en 1991 eran un 16%
  • Deia. Seis de cada diez jóvenes son bilingües. El conocimiento del euskera sigue aumentado en Hegoalde mientras que desciende en Iparralde. Aunque solo la mitad usa la lengua vasca en el hogar, el 86% la utiliza para comunicarse con sus hijos.

Zenbaki askotxo, ezta? Gakoak zein dira, nire ustez?
  • Elebidunen kopurua hazi da (%27). Hala ere, erdal elebakarrak nagusi dira oraindik ere (ia %60)
  • Joerak mantendu dira, baina erritmoa moteldu. Iparraldean hobekuntza txiki bat ikusi da gazteen artean. 
  • Erabilerak hazkunde txiki bat izan du; hau da, euskara gehiago erabiltzen da, hiztun gehiago dagoelako. Halere ere, lehengo euskal hiztunek euskara gehiago erabiltzen zuten egungoek baino.
  • Erabilera eremu formaletan handitu da, batez ere; ez horrenbeste eremu informaletan.

Zenbakiekin mozkortu gabe, Berria egunkariak oso trataera berezia eman nahi izan dio gaiari. Astebetez erreportaje sorta zabala egin du Euskararen bilakaera, 1991-2011 izenburupean. Galdera honakoa: herrialdez herrialde zein dira datu esanguratsuenak?
  • Araba: Euskal Herriko batez bestekoaren azpitik segitzen duten arren, elebidunak hirukoiztu egin dira Araban 1991tik; orain, %16,8 dira. Gazteen ia erdiak euskaldunak dira, baina %7 soilik aritzen dira euskaraz normalean.
  • Bizkaia: Bizkaiko gazteen %53k badakite euskaraz; baina helduen %74,3 erdaldunak dira, eta batez bestekoa %25era mugatzen du horrek.Helduek baino gehiago egiten dute gazteek euskaraz, baina gaztelaniarekin nahasiago. 
  • Gipuzkoa: Euskalduna da bi gipuzkoarretik bat, eta euskaraz egiten dute hamarretik lauk; Donostian asko jaisten da euskararen pisua.Oraindik, euskaldun zaharrek eragin handia dute, biztanleriaren herena adina baitira.
  • Nafarroa: Nafarroan oso mantso ari da handitzen euskaldunen kopurua, bereziki gazteen artean, baina erabilera ez da hazten ari. Herritarren erdiek desegokitzat jo dute Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika. 
  • Iparraldea: Euskararen amiltzea ez da geratu Ipar Euskal Herrian, baina gazteenen artean handitzen hasi da elebidunen kopurua. Lau elebidunetik hiruk ez dute euskara erabiltzen; %2k soilik erdara baino gehiago.
Lan aparta. Bejondeiela!

2012/07/31

Komikiak eta bitxikeria gehiago

Gozada bat da Kike Amonarrizi entzutea. Hizlari ikaragarria iruditzen zait: aurrez aurre, telebistan zein irratian. Irratian, aldian behin, Lerroartetik programa egiten du: Euskal Irratien webgunean da entzungai.

Aurreko saio batean, euskararen eta euskaldunen aipamenak dituzten komikiei buruz aritu zen: Corto Maltes, Martin Mistery... El testamento del dios Chac komikiaren istorioa iruditu zait denetan bitxiena. Jatorrizko bertsioa frantsesez dago. Arkeologo talde bat garai bateko agiri "misteriotsu" baten atzetik dabil. Hura eskuartean dutenean, irakurri eta... Euskal Herriaren independentziaren aipamena ageri da bertan (frantesez, jakina). Komikia gazteleraz argitaratu zenean, ordea, desagertu egin zen Euskal Herriaren aipamena: San Damian irlaren independentzia aldarrikatzen da bertan.


Askoz maila apalago batean bada ere, antzeko sorpresa hartu nuen nik Carmen liburuarekin. Prosper Mérimée-k 1845an idatzi eta Bizetek operarako egokitu zuen. Liburuan, narratzaile papera egiten duen arkeologo frantses baten ahotan, Don Jose bandoleroaren istorioaren berri ematen da. Militar ohia da Don José, Carmen buhamearekin maitemindu ondoren, armada utzi eta bandolero bihurtu zena.

José Elizondokoa da. Carmen ere nafarra da: Etxalarrekoa, buhame euskalduna. Sevillan elkartu ziren lehendabiziko aldiz. Liburuan honela kontatzen du:
—Laguna, ene bihotzarena, camarada de mi corazón, —me dijo ella de repente— ¿es usted paisano? Nuestra lengua, señor, es tan hermosa, que, cuando la oímos en tierra extraña, nos hace estremecer... «Quisiera tener un confesor de las Provincias», añadió el bandolero en tono más bajo. Continuó después de una pausa: —Soy de Elizondo —respondí a Carmen en vascuence, muy emocionado al oírla hablar en mi lengua. —Yo soy de Etxalar, —dijo ella—.
Protagonistak Lizarrabengoa du abizena:
 —Se le conoce en la región con el nombre de José Navarro; pero tiene otro apellido vasco, que ni usted ni yo conseguiremos pronunciar jamás.
Beranduago, beste pasarte batean, haserretu egin da Lizarrabengoa, Carmen milord ingeles batekin ikusita. Liburuan honela ageri da:
Daría un dedo de la mano por tener a tu milord en el monte, cada uno empuñando una makila. —¿Makila? ¿qué quiere decir eso? —preguntó el inglés.—Makila —dijo Carmen, riéndose sin parar— es una naranja. ¿No es una palabra muy graciosa para una naranja? Dice que querría hacerle comer a usted una makila. —¿Sí? —dijo el inglés—. ¡Pues bien!, trae mañana más makila.
Gustukoak ditut bitxikeria hauek guztiak.

2012/07/25

Euskara eta justizia

Deigarria egin zitzaidan elkarrizketa haren titularra: "É incoherente defender a lingua e ser machista." Gustatu zaitzaidan hizkuntzaren defentsa justizia sozialaren inguruan ardazteko ideia hori. Dinamización Lingüística e Xustiza Social ikastaroen berri izan nuen bertan.

Deigarria egin zitzaidan egitaraua; hanbait arlotako aktibistez osatua: feminismoa, ekologismoa, sindikalismoa, immigrazioa... Gizarte borroken arteko dialogoa eta ideia-trukea, nonbait.

Twitterren bidez @garaigoikoa han egongo zela jakin nuenean, ez nuen zalantzarik egin han esandakoen berri izango genuela. Ez nuen espero, ordea, apunteak denbora errealean irakurtzeko parada izatea. Itzela!

Séchu Senderen ekarpena oso ona iruditu zait. Pena zuzen-zuzenean jarraitzeko aukerarik ez izatea. Erreferentzia pare bat jaso dut, gerora sakontzeko: hau eta hau

Antolatzaileek kronika txiki bat argitaratu zuten beren webean. Hor ere titularrarekin geratu naiz: "fortalecer a idea de que a normalización lingüística é unha causa xusta". Hori da gauzak argi esatea! Diskurtso berri baten premiaz gaude? Galiza aldean ere badugu non begiratu.

Joxemi Zumalabe fundazioaren lana ere gogoan izan dut. Beren gogoeten sintesia izan nahi duen dokumentu labur-laburra argitaratu dute: Ideia, ardatz eta apustu nagusiak. Herrigintzaren inguruko gogoeta. Fundazioaren ustez, sistema ekonomiko edo politikoa baino "zertxobait" gehiago kuestionatu behar dugu gaur egun: "zibilizazio modu osoa kuestionatu behar dugu, bizitza ulertu eta munduan egoteko era konkretu hau". Gizarte antolakuntza eredua da arazoa:
Krisi ekologiko latza eragiteaz gain, gizarte antolakuntza eredu honek subordinazio eta bortizkeria anitzak birsortu eta indartzen ditu. Zapalkuntza modu anitzek erresistentzia modu anitzak sortzen dituzte: emakumeena, langileena, migranteena, gutxiengo linguistiko eta kulturalena, disidente sexualena... Horren ondorioz eraldaketa sozialerako agentea ez da bakarra eta monolitikoa, subjektu plurala eta sarritan gatazkatsua baizik.
Bada... horixe.

2012/07/14

Civisme contra cinisme


Emili Boix-Fuster irakaslearen Civisme contra cinisme liburua sarean eskuratu eta irakurri berri dut. 


Gai asko jorratzen ditu, hizkuntzen elkarbizitza eta kohesio soziala ardatzatzat hartuta. Ez naiz laburpenik egitera ausartu. Lau kontu atera, eta bueltatxo bat eman diet. Besterik ez.



Baga. Bizitasun etnolinguistikoa hiztun-taldeari kolektibo gisa jokatzeko gaitasuna ematen dioten faktoreen multzoa da: faktore demografikoak, estatusa eta sostengu politiko-administratiboa. Bizitasun (edo bizindar) etnolinguistiko subjektiboak faktore horien inguruan hiztunek dituzten usteekin eta hautemateekin dago lotuta. Inkesta edo adierazle-bateria konplexu baten ordez, Boix-Fusterrek zenbait indiziori jarraitzea proposatzen digu: a) denda edo jatetxeetan zein da hizkuntza publikoa? "nor da azkena?" ala "¿quíen es el último?" b) zein da etorri berriek (alofonoek) lehen unean adoptatzen duten hizkuntza?  c) kaleetako publizitate kartelak eta mezuak zein hizkuntzatan daude? Haren ustez ez da askoz datu gehiagorik behar, ez behintzat lehen inpresio bat egiteko. 


Biga. La cohabitació i la convivència del català i el castellà. Kohabitazioa eta elkarbizitza. Vazquez Montalban idazlearen artikulu batean irakurri nuen lehendabiziko aldiz hizkuntzen kohabitazioaren kontu hori. Idazle horri kohabitazio linguistikoa erabiltzea gustatzen omen zitzaion, elebitasuna baino esanguratsua zelakoan. Elebitasunak, bere ustez, egoera soziala adierazten du; deskriptiboa da. Kohabitazioa harago omen doa: egoera eta predisposizio kulturala adierazten du, elkarrekin bizitzeko borondatea.


HigaBizikidetzak arauak behar ditu. Hizkuntza handiari mugak jarri behar zaizkio, hizkuntza txikiei bermeak eman, jarrera eta jokabide egokiak bultzatu... Hizkuntza iraunkortasuna da hori, ezta? Liburuan, zenbait unibertsitatetako hizkuntza zerbitzuek argitaratu zuten dekalogo bati egiten dio erreferentzia. Ez nuen ezagutzen. Euskaraz ere bada: hemen


Laga. Bizikidetza ezin da alde bakarrekoa izan. Nahitaez biren kontua da. Amin Maalouf idazlearen aipamen bat dakar liburuak: "beste baten hizkuntza ikasten ari naizenean, harek ez badu nire hizkuntza errespetatzen, haren hizkuntzan hitz egitea ez da zabaltasun-keinua; mendetasuna eta morrontza baizik". Oso esanguratsua.


Oraingoz, besterik ez.

2012/07/02

Nazionalismo linguistikoa(k)

Mtz de Luna irakasleak hainbat hilabete eman du euskararen aldeko diskurtso berri baten beharra aldarrikatzen. Azkena UEUko ikastaroetan eman zuen. Euskadi irratian elkarrizketa luze samarra egin zioten: Euskaren inguruko framing edo diskurtso berri baten premia.

Framinga diskurtsoa baino gehiago da: errealitateari begiratzeko betaurrekoak dira framinga. Biak lotuta daude: errealitateari begiratzeko moduak diskurtsoa eratzen du, eta diskurtsoaren bidez errealitateari begiratzeko modua eratzen dugu.

Mtz de Lunaren esanetan, bi diskurtso edo framing nagusitu izan dira: framing aldarrikatzailea eta framing uzkurra. Lehena euskal abertzaletasunari dagokio, bigarrena erdal munduari. Lehenak euskaldunon eskubideak aldarrikatzen ditu; bigarrenak, erabateko kontrakotasunik erakutsi gabe ere, uzkur egiten die. Diskurtso biak logika berari erantzuten diotela dio: hizkuntza nazioanalismoaren logikari, "herri bat, hizkuntza bat" aldarrikatzen duen logikari.

Ulertzen dut bere arrazonamendua. Onartzen dut, ikuspegi estrategikotik, sektore berriak erakartzeko mugitu beharra dagoela. Bat nator hizkuntza minorizatuaren aldeko lanaren helburua ezin dela izan tortilari buelta ematea: lehen azpian zegoen hizkuntza goian jartzea, eta goian zegoena azpian.

Hala ere, ezin dut ebitatu: mingarria egiten zait konparazioa.

Juan Carlos Moreno Cabrera irakaslearen arabera, norberaren hizkuntza besteen gainetik jarri nahi izatea da nazionalismo linguistikoa. Beren hizkuntzari munduan leku bat bilatu nahi dioten hiztunen ideologiak ez du horrekin zerikusirik.

Nazionalismoari buruz Moulines irakasle eta filosofoak entsaio interesgarria idatzi zuen, orain dela urte batzuk. Euskaraz ere argitaratu zen: Manifestu nazionalista, are separatista ere esango nioke, estutuz gero. Herri txikien nazionalismoa eta herri handien hegemonismoa erro-errotik ezberdinak direla esan, eta herri txikien nazionalismoaren etika defendatu zuen. 

Ados nago Mtz de Lunaren proposamenarekin, baina... barruan zerbait mugitu zaidala nabaritu dut.

2012/06/18

Koherentzia biografiko txikiak


Modu laburrez azaldutako pentsaerak dira aforismoak: esaldi bat eta askoz gehiago ez. Gezien modukoak omen dira: motzak eta zorrotzak. Ez naiz oso zalea, baina, tarteka, ukitu egiten nauen horietako esaldi bat agertu, eta buruan grabatua geratzen zait denbora luzez.

Blasie Pascal XVII. mendeko fisolofoa, matematikaria eta fisikaria da. Besteak beste, honako esalditxo hau utzi zigun: "Pentsatzen duzunaren arabera jarduten ez baduzu, jarduten duzunaren arabera pentsatzen amaituko duzu"

Burura etorri zaidan lehen ideiak psikologia kognitiboarekin du zerikusirik: disonantzia kognitiboa. Pentsatzen duguna eta egiten duguna bat ez badatoz, nolabaiteko gatazka sortzen da gure buruan: hala-holako larridura. Gure jokabidea justifikatzen duen azalpen bat emateko beharra izango dugu, eta agian baita jarrera bera aldatzeko beharra ere. Iñaki Mtz de Lunak, orain dela urte batzuk, horri buruzko artikulu bat idatzi zuen JAKIN aldizkarian.

Bigarren ideia Joseba Azkarragaren "Euskal Harriak" liburutik hartutakoa da. Bizi dugun krisi sozioekologikoari erantzuna emateko, komunikatiteak aktibatu beharra aldarrikatzen du, baina baita norberaren konpromisoen garrantzia ere. Konpromiso horiei koherentzia biografiko txikiak deitu die. Kontzeptua izugarri gustatu zait, euskararen mundura ekartzeko modukoa da.