2012/03/30

Filologoak, soziolinguistak, irakasleak, teknikariak... eta beste piztia batzuk

Filologo gehien dituen nazio batekoak gara. Etxe bakoitzean soziolinguista bat dugu, armairu barruan. Gure barnemuinean euskara irakasle bat aurkitu izan dugu sarri; edo euskara teknikari bat.

Eduardo Apodakak Euskaltasuna Hiritik hitzaldia eman du, aurten, Euskal Soziolinguistikaren jardunaldietan. Ni ideia horrekin geratu naiz. Hona aipamena (Berria egunkaritik hartuta):
«Aldi berean gara denok, euskaldun garen aldetik eta, neurri batean edo bestean, euskaraz bizi garen aldetik, euskararen subjektuak. (...) Baina aspalditik sortu ziren euskal subjektu horren gainean lan egiten zuten batzuk, objektibatu egin zutenak. Eta hemen gauden gehienok, alde batetik edo bestetik, subjektu hori objektibatu egiten dugu; neurtu, pisatu, ireki, analizatu, ikertu, aztertu». Objektibatzea ez da gaur egun adituen kontu soila, «euskaldun guztiena baizik», Apodakaren ustez. «Euskaldunak euskaraz bizi nahi badu, bere burua aztertuz bizi behar du. Bere buruaren objektu izan behar du subjektu izan ahal izateko. Euskara bizi behar du euskaraz bizitzeko». 
Kondenatuak gaude. Halabeharrez eta ezinbestez. Gure barneko filologo, soziolinguista, euskara irakasle eta euskara teknikari horiekin bizitzen ikasi behar dugu, haiek gabe ezin baikara bizi.

Eduardo Apodakak ipuintxo bat kontatu zuen. Kontatu zuen inoiz bazela euskal mundu oso bat: bizi eta osoa. Hor bizi zen jendea euskaraz eta bakarrik euskaraz bizi zen. Bertan ez zuten «euskara» hitza erabiltzen. Ezta «euskaldun» hitza ere. Zertarako? Ez zuen zentzurik. Denak ziren euskaldunak. Euskara ez zen objektua, ezta subjektua ere... izatekotan, mundu horren matrizea zen euskara. Euskara atmosfera zen.

Beñat Sarasolaren poema hau gogorarazi zidan:

      Urruneko hizkuntza batean
      «zuhaitz» hitzak tristezia esan nahi du
      «tristezia» hitzak loria
      «loriak»k txorimalo
      «txorimalo»k kuku
      «kuku» esaten zaio epaitzeari
      «epaitu» da hemen ikusi deitzen diogun hori
      «ikusi» diotenean sorgindu esan gura dute
      «sorgindu» diotenean laboratu
      «laboratu» entzuten baduzu sinetsi uler ezazu
      «sinetsi» entzutean baloi
      «baloi» entzunda gizen
      «gizen» erabiltzen dute exodoaren ordez
      «exodoa» da beraientzat
      guk denbora neurtzeko erabiltzen dugun gailua

      Baina han ez dute epailearen aurrean
      hizkuntza horretan hitz egiteko batere oztoporik
      urruneko lurralde hartan ez dituzu «diglosia»
      edo «normalizazioa» bezalako hitzak entzungo
      ez dituzte euren hizkuntzaren aldeko
      jaialdi erraldoiak antolatzen
      han ez dago inor hizkuntza horren alde
      ez dituzte irrati eta egunkariak zigilatzen

     Urruneko hizkuntza hartan
     «hizkuntza» hitzak hizkuntza esan nahi du.


2012/03/24

Zeintzuk hizkuntza ikasi behar dituzte gure seme-alabek?

Asmoak eta susmoak


2010an, EAEn Hizkuntza Marko Hirueleduna abian jartzeko asmoa azaldu zuen Eusko Jaurlaritzak. Gaztelera, euskara eta atzerriko hizkuntza bat ardatz hartuta, hirurak irakasgai izateaz aparte, irakasbide ere izatea zen asmoa: gutxienez 5 orduz astean.

Asmoak susmoak sortu zituen, eta "eraso" moduan ulertu. A eta B ereduen emaitzak ikusita, euskara ahultzeko estrategia gisa ikusi zuten askok.

Honi guztiari buruz Maier Ugartemendiak lan interesgarria idatzi du BAT aldizkarian. Testua hemen eskuratu daiteke.

Ondo esanak eta ondo eginak


Ikastolen Elkarteak beren Hizkuntz Proiektua argitaratu zuen 2009. urtean. Ez da teoria hutsa. Hainbat eta hainbat urteetako gogoetaren eta esperientziaren emaitza da.

Euskara da oinarria eta ardatza; baina gainontzeko hizkuntzak ere kontuan hartzen ditu, eta helburuak zehaztu:

  • Euskara zein beste hizkuntza ofizialerako (gaztelera/frantsesa), DBHren amaieran, erabiltzaile independentearen B2 maila lortzea da helburu.
  • Ingeleserako, nazioarteko "lingua franca" izaerari erantzunez, erabiltzaile independentearen B1 maila lortu nahi da.
  • Mugaz bestaldeko euskal komunitatean, beste hizkuntzarako (frantsesa/gaztelania) oinarrizko erabiltzailean A2 mila lortu nahi da.

Ingelesa 4 urtetik aurrera sartzen da kurrikuluan, gaztelera Lehen Hezkuntzan eta frantsesa Derrigorrezko Bigarren Hizkuntzan. DBHn ikasgai bat ingelesez ematen dute.

Liburu osoa hemen dago.

Ametsak


Europako Batzordeak, 2008an, lantalde bat osatu zuen, Europako eleaniztasunaren inguruan gogoeta egiteko. Amin Maalouf idazlea izan zen taldeburua. Txosten labur batean gogoetaren ondorioak bildu zituzten: "Un reto provechoso. Cómo la multiplicidad de lenguas podría contribuir a la consolidación de Europa". Oso-oso labur esanda, honako hau proposatu zuten: 
  • Europear Batasuneko bi herriren arteko harremanak euren hizkuntzetan izan behar dira, eta ez hirugarren hizkuntza batean
  • Horretarako Europear Batasunak kontzeptu berria zabaldu behar da: norberaren hizkuntza adoptatua.
Argi eta garbi azaltzen dute, norberaren hizkuntza adoptatua ez litzatekeela atzerriko bigarren hizkuntza izan beharko. Bi hautu egin beharra ikusten dute: batetik nazioarteko komunikaziorako baligarria izango den hizkuntza (gure artean, ziur aski, ingelesa), eta bestetik hizkuntza adoptatua. Bigarren ama-hizkuntza izatea nahi lukete: hizkuntza ondo ikasia, erabili ere sarri erabilia, herri horren kultura ezagutu, lotura afektiboak... Adopziozko hiztun horiek bi herrien arteko bitartekariak lirateke.

Esan gabe doa, hizkuntza txikiek ere hizkuntza adoptatuak izateko aukera izan beharko lukete.

Ametsak beharrezkoak dira.

2012/03/12

Euskara, hau janaria!

Adituen esanetan, bi dira euskararen aldeko kanpainen akats nagusiak: komunikazio deprekatiboa eta diskurtso identitarioa. Deprekazioa figura erretorikoa da, desioa eskari edota erregu bidez adierazten duena. Ez da estrategia egokia publizitatean. Diskurtso identitarioa ere ez da egokia: baztertzailea omen da, biztanle askoren espektatibak kontuan hartzen ez dituelako.

1991. urtean, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat udalek Euskara, hau janaria! kanpaina antolatu zuten, elikadura-kanpaia baten antzera antolatua. Lehen urratsa haurraren elikaduran oinarritu zen, eta bi mezu baliatu zituen: "Eman zeurea" guraso euskaldunei zuzendua eta "Dales lo que no tienes" erdaldunei zuzendua. Irudi batean amak haurrari titia ematen zion eta hurrengoan aitak biberoia. Bigarren urratsak gurasoak hartu zituen kontuan: "Zeuk hartu" esan zien guraso euskaldunei eta "Tómatelo tú" guraso erdaldunei. Gurasoentzako euskara-eskolak ere antolatu zituzten.

Komunikazio deprekatiboa? Ziur aski. Diskurtso identitarioa? Baliteke.

Hogei urte igaro diren arren, oraindik ere erreferentziazko kanpaina bat iruditzen zait.


2012/03/05

Amaren sua

Aurreko post batean idatzi bezala, hiru estrategia aipatzen zituen Mario Zubiagak: boterea, eragina eta identitatea. Izenak ere iradoki zituen: aitaren etxea da botere-estrategia; amaren sua da herrigintza.

Artzek, Oihana Auhenka diska-liburuan, honela idatzi zuen.

                                 aitak
                     aitak oihanetik egurra ekarri
                         baina sua,
                              antzina-antzinatik
                 gure etxeotan
                         etxeko sua, amak,
                                  amak zaindu ohi zuen
                                                   arreta amoltsuz...

                               bai sutondokoa,
                 bai eta, batez ere,
                         etxekoon bihotzondokoa:
                             lurrekoa bezala zerukoa.

                             ama ohi zen suaren apez!

                                    amak sua zaindu...
                              eta ama, aitak.



2012/02/27

Von Humboldt anaiak

Alexander eta Wilhem von Humboldt anaiak Berlinen jaio ziren: Alexander 1769an eta Wilhem, anaia zaharra, 1767an. Gazterik aita galdu zutela, ama arduratu zen beren ikasketaz. Berlingo humanitate eta zientzia maisurik onenak kontratatu zituen, semeei etxean bertan irakasteko. Gero Frankfurt eta Göingeneko unibertsitateetan ikasi zuten.

Alexanderrek militarra izan nahi zuen; amak, ordea, administrazio-ikasketak egitera bideratu zuen. Hizkuntzak, filosofia eta fisika ere ikasi zituen. Naturarekin interesa eta bidaiatzeko gogoa gazte-gazterik piztu zitzaizkion. Ama hil zenean, bidaiatzeari ekin zion. Amerikara abiatu eta bost urte eman zuen bidaian.

1800ean, Orinoco ibaiaren inguruan zegoela, Atureen berri izan zuen. Atureak bertako tribu bateko indioak ziren, Kolombia eta Venezuela arteko mugan. Sarraskituak izan zirela jakin zuen, eta, haiekin batera, galdua zela beren hizkuntza. Handik gertu,  ordea, Maipures herrian, loro bat erakutsi zioten: atureen kanpamentutik salbatu zen izaki bakarrenetakoa omen zen, eta hizkuntzaren azken aztarnak gordetzen zituen. Alexanderrek 40 bat hitz erregistratu ahal izan zituen: ez gehiago.

Anaiak, Wilhem von Humboldtek, zuzenbidea, hizkuntza klasikoak eta filosofia ikasi zituen. 1799an Euskal Herria zeharkatu zuen lehen aldiz, Madrilera bidean. Ez zen bidaia bakarra izan: 1801an itzuli zen eta denbora eman zuen, han eta hemen, bazterrak ezagutzen. Oharrekin "Euskaldunak" liburua idatzi zuen.

Kontatzen dute berrehun bat hizkuntza ezagutzera iritsi zela, eta haien guztien artean euskara zela bere kuttunetakoa. Euskararen egoeraz kezkaturik, euskara laster desagertuko zela iragarri zuen.

Esango nuke, zahartzaroan, anaia biak sutondoan elkartu eta elkarri kontu kontari arituko zirela. Alexanderrek atureez eta beren hizkuntzaz hitz egingo zuen. Wilhemek Piriniotako alde bietan bizi den herri bitxi horren berri emango zion anaiari, baita hizkuntzarena ere: oraindik bizirik, baina etorkizunaren beldur.

2012/02/20

Hiru politika-molde euskalgintzarentzat


Mario Zubiaga unibertsitateko irakasleak gizarte mugimenduen eta botere publikoen arteko harremanak aztertu ditu, ekologiaren arloko zenbait gatazkaren testuinguruan. Iruditzen zait ondorioak eta proposamenak euskalgintzari ere aplikatu ahal zaizkiola.

Gizarte mugimenduen jarduera kolektiboa boterera, eraginera edo identitatera bideratuta daudela dio. Hiru politika-molde horiek identifikatu ditu, beraz:

  • Boterera bideratutako politikak erreferentziazko gune berriak sortu nahi ditu, administrazioaren eta estatuaren aurrean: gune alternatiboak; kontrabotereak, alegia. Jarrera erradikala da, gatazka agerian jarri nahi duena. Honela dio: “gurea egin, haiek egin ez dezaten”
  • Eraginera bideratutako politikak presio taldeak sortu nahi ditu. Liskar irekiari muzin egiten dio (bere buruari muga jartzen dio, eraginkortasuna bilatu nahian) eta boterearen erabakiak baldintzatzea bilatzen du. Honela dio: “guk eragin haiek aldatu daitezen/dezaten”
  • Identitatera bideratutako politikak, azkenik, gizarte zibilaren autonomia eta ahalmena aldarrikatzen ditu. Leloa: “guk geure izaerari eutsi, haiek egin dezatela nahi dutena”

Aski da atzera apurtxo bat begiratzea hiru politika horien adibideak ikusteko. Zubiagaren hitzetan, hirurak zilegiak, osagarriak eta beharrezkoak dira.

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren ikastaroetan eman izan du honen guztiaren berri.

2012/02/11

Lamed Wufnik

Txillardegiren Euskal Herria Helburu liburua dut eskuartean. Ikaragarria da bere biografia.

Jorge Luis Borgesek Lamed Wufnik-en istorioa kontatu zuen, El libro de los seres imaginarios liburuan. Bigarren eskutik ezagutu nuen istorioa, Cuidadores de Mundos liburuan, keinu txikien bidez ez bada ere, beren txokotxoak zaindu eta munduari eusten dioten hainbat pertsonen istorioak kontatzen dituena. Liburu horren arabera, horiek dira benetako Lamed Wufinik-ak.

Txillardegi ere horrela imaginatzen dut nik: euskararen mundu ttiki berezi hau zaintzen eta munduari eusten.

Lamed Wufnik-ak, tradizio hebrearraren arabera, pertsona zintzoak dira, gizon-emakumeon makurkeriaren kontrapuntua izateko sortuak. Orotara 36 dira, eta munduak haiei esker irauten du bizirik. Izan ere, Jainkoak atsegin hartzen du pertsona hauen ekintza eder eta onekin, eta barkatu egiten du gainontzekoen txepelkeria. Haiengatik ez balitz, mundua suntsituko luke.

Lamed Wufnik-ek ez dute beren izatearen kontzientziarik. Direnik ere ez dakite. Leiendaren arabera, horietako bat ezagutu, eta hari jakinaraziz gero, Lamed Wufnik hori hil egiten da tupustean. Bere arimak beste gorputz bat bilatuko du, zikloari berriro ere hasiera emateko.