Showing posts with label IkasketaKulturalak. Show all posts
Showing posts with label IkasketaKulturalak. Show all posts

2014/11/04

Boterea eta kultura

BAT

Boterea ez da objektu bat. Ezin da esan: "boterea dut"
Boterea ez da leku bat. Ezin da esan: "boterean nago"
Eta, hala ere, boterea nonahi dago.
Boterea, batez ere, jardunean ageri da, harremanean, elkarrekintzan. Kontzeptu erlazionala da.

BI

Ingelesetik gaztelaniara ari diren itzultzaileen testu batean hau irakurri nuen:
Two Spanish words translate as the English word “power”: poder and potencia. Generally speaking, we could say that poder defines power as “power over” (the sense it has, for instance, when it refers to state or sovereign power) and potencia defines “power to,” the type of capacity expressed in the statement “I can.” To continue with the generalization, it is possible to say that poder refers to static forms of power, while potencia refers to its dynamic forms. [Hemen]
Kasualitatea izango da, baina hainbatean irakurri dut oso denbora gutxian "poder sobre" eta "poder para" bereizi behar direla; zerbait egiteko boterea izatea (ahalmena), eta inoren edo ezeren gaineko boterea izatea ez dela gauza bera.

HIRU

Naturalizatzea botere-harremanak  iraunarazteko estrategia da: "hori hala da", "beti izan da horrela", "ezin da bestela izan".

Botere-harremanak, ordea, ez dira naturalak. Izatekotan kulturalak dira... ikasiak

Stuart Hall-ek eta ikerketa kulturalak sortu zituzten enparauek horretan jardun zuten: boterearen eta kulturaren arteko harremana ikertzen... eta kolokan jartzen. Behin Stuart Hall-i elkarrizketa luzea egin zioten, eta liburu formatuan argitaratu: La cultura y el poder. Conversaciones sobre los cultural studies. Merezi du irakurtzea (sarean eskuratu daiteke pdf formatuan).

LAU

Paulo Freirek "problematizatu" terminoa erabili zuen XX. mendearen hasieran. Bere iduriko, problematizatzea da gogoetaren eta ekintzaren bidez kontzientzia kritikoa garatzeko modua: naturaltzat ditugunak zalantzatan jartzea, "gauzen ordena naturala" ukatzea, egoera gatazkatsu izkutuak agerian jartzea, arazoen mamiari ekitea, eta eraldaketa abiaraztea.

2014/02/27

Ikasketa kulturalak

Otsailean Stuart Hall soziologo jamaikarra hil da 82 urterekin. Ikasketa kulturalaren alorrean erreferente nagusietakoa izan da, wikipediaren arabera. Gurean nahiko ezezaguna da, baina Erresuma Batuan orain dela berrogei urte inguru sortu zen cultural studies izeneko diziplina aztertzeko lehen ikerketa zentroa.

Ikasketa kulturalek kulturaren kontzeptu berria eta zabala aldarrikatzen dute. Berria egunkarian irakurritakoaren arabera, ikuspegi honek "masa kulturaren eta kultura elitistaren arteko bereizketa ezabatzen du, auzian jartzen du ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko banaketa tradizionala, eta eremu interdiziplinarioak sustatzen ditu (soziologia, etnografia...), aztergai berriak erantsiz ikerketa kulturalen esparrura: immigrazioa, arrazakeria, feminismoa, nazionalismoa..."

Gaia oso-oso gainetik ikusita ere, ikuspegi interesgarria dirudi:
  • Ideologia kontzeptu kognitiboa dela uste dute: giza talde batek partekaten dituen usteen eta sinismenen multzoa, alegia.
  • Botere-harremanak agerian jartzen dituzte: harreman horiek nola sortzen diren, eta nola transmititzen diren aztertzen ditu (nola "birsortzen diren").
  • Botere harremanetan bi dimentsio ikusten dute: koertzitiboa eta ideologikoa. Hegemonia boterearen dimentsio ideologikoa da .
  • Botere harremanak birsortzeko mekanismoak ikertzen dituzte: (a) tematizazioa (kolektibo horretan gai zentralak zein diren); (b) giza talde horrek erabiltzen dituen metaforak, sinboloak, erritualak... erreferentzia konpartituak; (c) ezagutza partekatuak, taldearen identitatea definitzen dutenak.
  • Ikuspegi metodologikotik, etnografia eta testuen analisia dituzte gogoko. Testuen analisiari dagokionez, gainera, edozein gertaera soziala testu baten moduan irakur daitekeela uste dute, eta horren atzean dauden ideologiak eta botere-harremanak aztertu.
Zer iruditzen zaizue? Hizkuntza ideologiak, hizkuntzen arteko botere-harremanak, hizkuntza subordinazioa... ikuspegi horren arabera aztertu ahal dira? Baliteke.