Showing posts with label InkestaSoziolinguistikoa. Show all posts
Showing posts with label InkestaSoziolinguistikoa. Show all posts

2013/01/19

Hizkuntz erabilerak

Llengua i Ús Kataluniako Direcció General de Política Lingüísticaren aldizkari teknikoa da. 52. zenbakian Joan Solé Camardons-en artikulu interesgarri bat argitaratu dute: Com es podem caracteritzar els usos lingüïstics?

Hizkuntz erabileren azterketa zentrala da soziolinguistikan: nork hitz egiten duen, nori, non, zein hizkuntzan, nola eta zertarako. Hortik abiatua, hainbat tipologia sortu izan da: erabilera instituzionalizatuak versus erabilera indibidualizatuak, erabilera instituzionalak versus interpertsonalak... 

Joan Solék horren guztiaren azterketa egin ondoren, hiru erabilera mota proposatzen ditu: erabilera instituzionalak, erabilera profesionalak eta erabilera indibidualak. Bere ustez, sailkapen horrek (auto)kontrol linguistikoaren maila ezberdinak erakusten ditu, eta aukera ematen du jokabide linguistikoen logika ikusteko.

Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoak euskararen erabilera neurtzeko erabiltzen duen tipologiak hiru eremu ditu kontuan: etxea, lagunartea eta eremu formala. Eremu formalak lau azpi-eremu hartzen ditu bere baitan: osasun- eta udal-zerbitzuak esparru publikoan, eta auzoko dendak eta finantza-entitateak (bankuak eta kutxak) esparru pribatuan. 

2011ko inkestaren datu nagusiak aurkeztu zituzten duela hilabete batzuk. Erabilerari dagokionez, honako hau irakurri genuen:
Euskal Herri osoa kontuan hartuz, euskararen erabilerak eremu formaletan egin du gora gehienbat. Etxean, aldiz, erabilerak behera egin du, seme-alabekiko erabilera izan ezik. Erabilera-eremu formalen artean, osasun-zerbitzuetako erabilerak izan du azken 20 urteotako hazkunderik esanguratsuena, nahiz eta ehunekoak oraindik beste erabilera-eremu batzuen azpitik egon.
Lehenengo begiratuan, beraz, hazkunde handiagoak izan dira erabilera instituzionaletan eta profesionaletan, erabilera indibidualetan baino. Ikusi:



EUSTATen web orrian inkesta soziolinguistikoaren hainbat datu kontsultatu daitezke, dagoeneko. Adibidez: 
Euskal AEko euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenak (>= 16 urte), erabilera-eremuaren eta lurralde historikoaren arabera. (Elebidunak bakarrik kontuan hartuta) (%). 2011. Hemen

Emaitza:
  • Inkestaren arabera, udaletxean euskaraz erdara beste edo gehiago hitz egiten duten euskaldunak %43,3 dira Araban, %59,0 Bizkaian eta %88,5 Gipuzkoan
  • Lanean, lankideekin, euskaraz erdara beste edo gehiago hitz egiten dutenak: %52,5 Araban, % 56,4 Bizkaian eta %74,2 Gipuzkoan
  • Etxean euskaraz erdara beste edo gehiago hitz egiten dutenak: %20,3 Araban, %43,3 Bizkaian eta %62,.8 Gipuzkoan. Halere, datuak errotik aldatzen dira seme-alabak tartean daudenean: %69,5; %80,3 eta %90,89; hurrenez hurren.

Ez al da deigarria?

Gogoratu inkesta soziolinguistikoa dela datu hauen iturria. Erabilera aitortua da, beraz. Agian komeni da Lionel Jolyren esanak gogora ekartzea:
"… askotan, jendeari galdetu ze hizkuntzatan hitz egin duen halakorekin duela bost minutu, eta ez daki. Alternantziagatik, askotan. Galdetu eta jendeak ez daki. Beraz, normalean ze hizkuntzatan hitz egiten duen galdetzeak ez du balio. Zer edo zer aterako da, baina ez zuzen zer erabiltzen duen, baizik eta berak zer pentsatzen duen erabiltzen duela. Askotan egin dut froga, eta hiztunak ez du asmatzen, errepresentazioa erabiltzen du: horri buruz berak pentsatzen duena."

2012/10/08

Euskal hiria(k): Bilbo vs Gasteiz

EAEko mapa soziolinguistikoak lau gune ezarri ohi ditu, elebidunen portzentaiak abiapuntutzat hartuta:  (A) elebidunak %20 edo gutxiago direnean, (B) %20-44, (C) %45-79,  (D) elebidunak %80 edo gehiago. Hiriburuei buruzko datuak sailkapen horretatik aparte ematen dira: Gasteiz eta Bilbo %25aren bueltan daude, Donostia %40tik gora. EAEko azterketa izanik, ez du Iruñea eta Baionako daturik jasotzen.

Aurreko post batean esan bezala, interesgarria iruditzen zait hirietako dinamika soziolinguistikoak aztertzea. Jolas moduan besterik ez bada ere, datuetan kuxkuxeatzen eta Gasteizko eta Bilboko egoera soziolinguistikoak alderatzen aritu nintzen aurreko batean. Jolas moduan planteatu dut, bestelako asmo handirik gabe, baina iruditzen zait Gasteizek eta Bilbok pentsa zitekeena baino antz handiagoa dutela elkarrekin.

Hona hemen emaitzak:

Ezagutza

  • Gasteizek 223.553 biztanle zituen 2006an. Bilbok 343.072 (%53 gehiago). Bien arteko aldea txikitu egin da, 1986an Bilboko biztanle kopurua Gasteizkoa halako bi baitzen. 
  • Batean zein bestean biztanleen %25 inguru euskalduna da, %24 eskaldun hartzailea. 
  • 1986tik 2006ra erdal elebakarren kopuruak behera egin du: %71etik %52ra Bilbon, eta %77tik %53ra Gasteizen. 

Ezagutza eta familia bidezko trasmisioari buruzko datuetarako Eustaten orria erabili dut: 2006ko datuak dira.

Familia bidezko jarraipena

  • Gasteiztar eta Bilbotar gehienek gaztelania dute ama-hizkuntza (%90 eta %89 hurrenez hurren).
  • Euskara edo euskara eta gaztelania ama-hizkuntza izan duten herritarren portentajea 20 urtean ez da apenas aldatu Bilbon (%8 da). Gasteizen bai: %3 izatetik %6 izatera pasatu da.
  • Familia gehienetan gaztelania da etxean erabiltzen den hizkuntza: %93 Gasteizen eta %92 Bilbon.

Erabilera

Hizkuntzen kale-erabileraren VI. neurketaren datuak erabili ditut. Honakoa azaltzen dute:
  • Gasteizek eta Bilbok bilakaera bera izan dute. 2006a bitarte goranzko joera apala izan du erabilerak, eta azken bost urtean zertxobait behera egin du. Bi hiriburuetan  % 3 ingurukoa da kale erabilera. 
  • Nabarmentzeko beste puntu bat da Gasteizen zein Bilbon (baita Iruñean ere) beste hizkuntzak euskara baino gehiago erabiltzen direla. Beste hizkuntza horiek, euskarari ez ezik, gaztelaniari ere eragin diote. 

Jarrerak

Duela gutxi ezagutzera eman den V. inkesta soziolinguistikoaren arabera:
  • Bilboko biztanleriaren %52 eta Gasteizkoaren %42 euskara sustatzearen alde dago. Biztanleen herena ez dago ez alde ez aurka. Aurka daudenen artean, Gasteizek du ehunekorik altuena EAEn, %27 euskara sustatzearen aurka baitaude, Bilbon gutxiago dira (%16) euskara sustatzearen aurka azaltzen direnak. 

Euskararen sustapena udaletatik

Siadecok Eusko Jaurlaritzarako bi urtean behin egiten duen azterlana erabili dut. 2008ko datuak dira argiratu diren azkenak. Txostenak honela dio:
  • Gasteizko Udalaren 2008. urteko aurrekontu osoa 405 milioi eurokoa izan da, eta euskararen normalizazio eta sustapenera likidatutakoa, 2,9 milioi euro inguru, hau da aurrekontu osoaren %0,73. Orain bi urteko datuekin alderatuta, igo egin da kopuru absolutuetan euskarari eskainitako aurrekontua (%13,22), baina jaitsi egin da aurrekontu osoarekiko proportzionalki euskarari eskainitakoa (%0,81etik, %0,73ra).
  • Bilboko aurrekontu osoa 543 milioi eurokoa izan da 2008. urtean, eta euskararen normalizazioari eskainitakoa 2,8 milioi euro inguru, hots, aurrekontu osoaren %0,52. Orain bi urteko datuekiko, igo egin da euskarari eskainitakoa, bai kopuru absolutuetan (%28,0 igo da), bai proportzionalki aurrekontu osoarekiko (%0,47tik %0,52ra pasa da).
Kontseiluak udalen hizkuntza-politikaren neurketa egin du 2010 urtean (bigarrena izan da, lehena 2006 urtean egin baitzuen). Hainbat elementu neurtu dira (erabaki orokorrak, hizkuntza-paisaia, langileen euskara gaitasuna, komunikazioa, kultur ekintzak, hezkuntza, euskalgintza, zerbitzuak, merkataritza, kirola eta aisialdia...) eta behatutakoa zenbaki bakar batera ekartzeko ahalegindu..

Ranking-ean 41 postuan dago Gasteiz eta 43an Bilbo. Gasteizek 4,05 puntu jaso ditu (10etik), Bilbok 3,9.