Showing posts with label txepetx. Show all posts
Showing posts with label txepetx. Show all posts

2015/03/01

Legamia...

Hitzaldi bati buruzko iruzkina irakurri dut: Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe? Halako galdera gehiago egin genezake: Eta ekologista? Izan zaitezke ekologista euskaltzale izan gabe? Eta justizia sozialean sinetsi? Eta...

Jon Sarasuak hiru motibazio nagusi aipatu ohi ditu: fluxu motibazioa, pragmatikoa eta balio erantsiarena. Laugarren eta bostgarren bat ere eransten ditu: paradigmaren motibazioa eta mintzoaren ahalmena. Sarasuak esan ohi du paradigmaren motibazioa aurrekoak baino minoritarioagoa dela. Legamia ere deitzen dio. Honela azaltzen du berak:
Aurreko hiru motibazio horiek pertsona batzuen kasuan ez ziratekeen aski izango, hizkuntza beste amets zabalago baten gako izan ez balitz. euskara bestelako mundu baten ametsaren garraiatzaile ere izan da askorentzat, paradigma zabalago baten apustu.
Ez dago gaizki esana!

Antzeko ideia Txepetxi irakurri izan diogu. Buruz ari naiz [eta -agian- oker ere bai, aipua ez baitut inon aurkitu]. Oker ez banago, hizkuntza funtzioak zerrendatu ondoren (identitatea, familia, lana, herria, nazioa, kultura eta nazioartekoa), Txepetxek iradoki omen zuen euskara eta gainontzeko hizkuntza minorizatuak funtzioen eskalan denik eta funtziorik garrantzitsuena betetzera deituak direla: elkartasunaren hizkuntzak izatera, alegia.

To eta no!

Populismoak kutsu peioratiboa du gure artean: demagogiarekin lotu ohi da, planteamendu arrazionalen gainetik planteamendu emozionalak nagusitzearekin, lidergoekin...

Ernesto Laclau-k "La razon populista" liburua idatzi zuen 2005. urtean eta bestelako esanahia proposatu zuen: horren arabera, populismoa subjektu kolektiboa eraikitzeko prozesua da, demanda partikularretatik abiatzea osotasun bat eraikitzeko. Hortaz, demanda partikular horiek artikulatzea da gakoa: "ekibalentzia-kateak" eraikitzea eta demanda horiek guztiak ekibalente bihurtzea. Artikulazio horretarako zerbait behar zela zioen: ideia bat, pertsona bat... inorena ez delako denona izan daitekeen zerbait... demanda horiek guztiak ordezkatu dezakeen ideia bat... Significante vacio deitu zion horri.

Ideia baten aurkia eta ifrentzua dira.

Badakit euskara ez dela demanda partikular bat, ezta feminismoa, ekologismoa edota justizia soziala ere... baina erronka interesgarria da horiek guztiak nola edo hala artikulatzea.

2014/10/25

ADOREZ eta ATSEGINEZ


Ohean nago; Josemi Zumalabe fundazioaren lagunen liburua itxi dut; eta pentsakor geratu naiz. Gustatu zait. Zer pentsatua ematen dit. Hunkitu ere bai: lagun eta istorio zaharrak gogora ekarri dizkidalako.

Liburuak militantziaz eta horizontaltasunaz hitz egiten du, militantzia ulertzeko moduaz. Horretaz pentsatuz jarriz gero, bi poloren artean mugitu ohi garela azaltzen dute, polo horiek izendatzeko zailtasunak izanik ere. Sakrifizioaren eta bizipozaren paradigmak deitzeko tentazioa aitortzen dute:
  • Sakrifizioa: "egin behar da", "norbaitek egin behar du"...
  • Bizipoza: "nahi dudanean, nahi dudalako, nahi dudan eran"...
Bi poloak dira, baina errealitatea(k) ez d(ir)a horren sinplea(k).

Txepetxi aspaldian irakurritako testu bat etorri zait burura. Izan ere, Txepetxek bi birtute handi ditu. Batetik, kristoren gaitasuna du ideiak han-hemenka biltzeko eta teoria koherente baten baitan artikulatzeko (teoria autokontsistentea, esango luke berak). Bestetik, trebezia berezia du metaforak eta irudiak erabiltzeko.

Txepetxek bizipozaren kontzeptuari lotuta, militantzia "erotizanteaz" hitz egiten zuen: erotizantea, sormena eta gozamena zekarrelako. Hori ukatzen duen militantzia, bere ustez, huts-hutsean betebeharraren kontzeptuan oinarritzen da; eta, gozamena ukatzen duen neurrian, "kastrantea" da.

Konpromisoa eta gozamena, ordea, ez dira kontrajarriak. Txepetxen teorietan sakontzeko sortu zen mintegiak ADOREZ eta ATSEGINEZ izena hartu zuen.

Liburua gustatu zait. Kontrazalean poema txiki eta errepikakorra ageri da... eta hura ere buruan itsatsia geratu zait.
Ni pausoa
Gu bidea.
Bidean pausoa, pausoan bidea
(Poema aurkezpenaren bideoan ere bada oso-osorik: vimeo.com/93254479)





2014/04/06

Irrealitatearen Diskurtsoa eta antidotoak

Sanchez Carrionek artikulu bat idatzi zuen BAT aldizkarian 1996. urtean: "Un futuro para nuestro pasado" idazlaneko ideiei buruzko jarrera intelektualak. Garai hartan artikulu gogorra iruditu zitzaidan. Berriro irakurri dudanean... gustatu egin zait.

Txepetxen hitzetan, "un futuro para nuestro pasado" liburuaren asmoa zen "errealitatearen zentzua birkonpontzea", komunitate minorizatuak bere buruaren ezagutza (eta kontzientzia) egokia izatea. Irrealitatearen Diskurtsoa da "hizkuntza-komunitate menderatu batek bere buruaren gain duen pertzepzio edo balorazio faltsua. Pertzepzio horren eraginez, indargabetu egiten da komunitate horretako hiztunek hizkuntza hori behar bezala lantzeko duten motibazioa, baita galdua dutenek hizkuntza berreskuratzeko motibazioa ere." Liburuak irrealitatearen diskurtsoaren kontrako antidotoa izan nahi zuen. 

Artikulura itzulita, liburuak sortutako erresistentziak (edo tapoiak) identifikatu zituen bertan, eta banan-banan aztertu. Hiru ziren:
  • Eruditogenesia.  "Un futuro para nuestro pasado" obra konplexua dela saldu nahi omen zuten batzuek, kontu handiz irakurri beharrekoa. Esaten zuten benetako jakituria behar zela egoki interpretatzeko. Txepetxek, ordea, obraren sinpletasuna defendatzen zuen; bere ustez, jende apalak erraz ulertzeko moduko testua izan daiteke, baldin eta norberaren esperientziatik eta bizipenetik irakurtzen bada.
  • Diskurtsoaren degradazioa. Beste batzuek zioten egokia dela Txepetxen diskurtsoa, baina partziala ere bai; oso garrantzi handiko zerbait falta dela (gero zer falta den inork esan ez badu ere).
  • Bere asmoaren desbirtualizazioa. Txepetxen hitzetan, harriaren "birtutea" iraunkortasuna da; eta arrosaren birtutea, lurrina. Gauza bakoitzak berea du. Ezin da harria erasotu, lurrinik ez duelako. Gauza bakoitzak zerbaitetarako balio du; funtzio bat du.  Birtutea eta funtzioa bat etortzea da kontua. Txepetxen ustez, bere obrak egoki betetzen du bere funtzioa, eta ez da zilegia gehiago eskatzea.

Labur esanik, berea diskurtso osoa eta betea zela adierazi nahi zuen: borobila eta beregaina.

Jon Sarasuaren Hiztunpolis liburua eta Txepetxena parekatu izan dira. Baliteke. Baina ezberdinak ere badira. Jon Sarasuak aitortzen duen bezala, bere testuak hari-mutur solte asko ditu; eta horietako bakoitza aukera bat da handik tira egiteko. Zuhaitz baten modukoa da: enbor sendoa bai, baina adar eta adarxka ugari ere bai. Gogoeta eragitea da helburua, zalantzak sortzea. Bide batzuk agorturik daudela erakutsi eta bide berriak esploratzeko gonbita egitea.

Hori guztia ere Irrealitatearen Diskurtsoaren aurkako antidotoa izan daiteke, nonbait.

2012/11/02

Gero eta gehiago erabiltzea, gero eta gauza gutxiago esateko

Txepetxen hitzak dira; euskara, bere ustez, gero eta gehiago erabiltzen da, gero eta gauza gutxiago esateko.

Halako sentsazio bat izan dut nik aste honetan.

Liburuxka baten aurkezpenera joateko gonbita jaso nuen. Liburuxka ele bietan dago, nahiz eta gazteleraz sortua izan. Aurkezpena euskaraz hasi da: ongi etorria emanez eta gaiaren garrantzia azpimarratuz (01'30''). Handik aurrera gazteleraz jarraitu dute hizlari guztiek... Orotara ia bi ordu izan dira. Euskararen erabilera, beraz? Kuantitatiboki, txikia (%1 inguru); kualitatiboki, hutsala.

Oro har, egia da euskara gero eta gehiago erabiltzen dela. Alde kualitatibotik, Txepetxen arabera, erraza da euskara zertarako erabiltzen den antzematea:

  • Erabilera salutatorioa (agurrak), "sartzeko" eta "ateratzeko". Barruko gelak, egongelak... gazteleraz daude hornituak.
  • Erabilera indignatua (manifak): kontsignen eta graffitien hizkuntza. Eztabaidarako eta hausnarketarako ez... horretarako beste hizkuntzak daude.
  • Erabilera instituzionala, formala: gazteleraz pentsatu, gazteleraz sortu, eta, gero, euskaraz jarri. Espazio formala bete behar da, legeak hala aginduta, eta ez horren eskaera erreala dagoelako.
  • Erabilera suntuarioak (errotulazioa, epigrafeak, iragarkiak, bisita-txartelak, toponimia...). Sarritan errealitate elebakarra izkutatu, eta elebitasun normalizatuaren irudi faltsua ematen dute.

Oso ikuspegi kritikoa iruditzen zait. Borobilegia, agian. Baina ezin da ukatu egiatik asko duela.

Jose Maria Sanchez Carrión. (Re)pensar o discurso. Hemen (95-135 orr.)


2011/08/24

Lengua y Pueblo

Hainbat urtean bizitza publikotik "desagertua" egon ondoren, Galizan antolatu den ikastaro batean parte hartu du Txepetxek udan.

Txepetx pentsalari eta idazle aparta da. Lengua y Pueblo liburua 1977ko udaberrian Euskal Herriko aldizkari batean argitaratu zuen artikulu bilduma da. Artikuluek ez dute geroko testuen pisu akademikoa baina bai pisu ideologikoa.

Udan berrirakurtzeko aukera izan dut eta hiru ideiarekin geratu naiz:


BAT
Hizkuntzari eta kulturari buruz ari garenean bi alternatiba besterik ez dagoela aldarrikatzen du: asimilazioa ala erresistentzia. Jakina denez, erresistentziaren aldeko apologia egiten du Txepetxek: "la resistencia es integradora y basicamente positiva pues devuelve al individuo su sentido de pertenencia a un grupo humano y su sentido moral dentro de una colectividad en la que el conjunto cuenta tanto como las unidades que lo forman." Stéphane Hessel-en Haserretu Zaitezte liburuxkaren azken pasartea ekarri dit gogora: "Sortzea erresistentzia da. Erresistentzia sortzea da."

BI
Egia fozilizatu eta kristalizatu egiten denean, egia izateari uzten dio eta dogma bihurtzen da. Akatsa da egia instituzionalizatu nahi izatea. Euskalgintzak ere horrelako joerak nozitu izan ditu noiz edo noiz. Horren kontrako txertoak behar ditugu. Hau irakurtzen ari nintzela abesti bat izan dut bueltaka buruan: Leon Feliperen poema bat da, Pako Ibañezek abestua (hemen)

HIRU
Ekintza ludikoa boluntarioa da, sortzailea, librea... Elementu hauek desagertzen direnean sortzeko plazera ere desagertzen da. Hori da botereak lortzen duena... gure bizimodua deserotizatzea, eta horren aurrean suzedaneoak sortzen ditu (honi genitalismoa deitzen dio). Txepetxen teoriak sakondu nahi zituen mintegiak ere "adorez eta atseginez" izena hartu zuen. Euskararen aldeko militantzia halaxe aldarrikatu zuen Txepetxek: atseginean oinarritua, erotizantea.

2010/12/10

Hegemonia.

Bastardas irakasleak subsidiarietate-printzipioaz hitz egiten du; hau da, hizkuntza lokal batean egin daitekeen guztia ez dadila egin hizkuntza globalago batean. Ideia honi bigarren zutabe bat gehitzen dio: hizkuntza lokalei funtzio esklusiboak eta eraginkorrak (funcions exclusives) ematea (hemen). Beste era batera esanda: (a) hiztunek hizkuntza lokala ahalik eta egoera gehienetan erabiltzeko aukera izan behar dute, (b) hizkuntza lokala, hainbat egoeratan, beharrezkoa ez ezik, ezinbestekoa ere izan behar da.

Mikel Zalbidek "euskaldunak euskaldunekin euskal-giro sendoan bizi diren lekuak" aipatzen ditu eta arnasgune deitzen die (hemen, adibidez). Oinarrian Fishman-en ideia hartzen du: "physical breathing space, demographically concentrated space where Xish (gurean euskara) can be on its own turf, predominant and unharassed".

Jon Sarasuak, ordea, hegemonia hitza defendatu izan du: lurralde hegemoniko bati buruko debatea ukatu gabe, gune hegemonikoak sortzeko eta zabaltzeko beharra ikusten du: euskaraz bizitzeko eta sortzeko balio diguten guneak, hain zuzen. Eta auto-eraketa aldarrikatzen du horretarako; batez ere hiru arlotan: hezkuntzan, hedabideetan eta kulturgintzan (hemen).

Txepetxek botere linguistikoaren birbanaketa aldarrikatzen zuen: botere politikoak botere linguistikoari erantzutea, alegia.