2013/04/06

Ikasi eta erabili

Mikel Zalbide hizlari ona da, gauza interesgarri asko esaten ditu, eta probokazioa ere gustatzen zaiola esango nuke. Erakusten dituen konbentzimendua eta ziurtasuna gustuko ditut, nahiz eta esaten dituenak ehuneko ehunean ez nituzkeen sinatuko.

Soziolinguistika jardunaldian, ARRUE proiektua aurkeztu zutenean, euskalduntzearen estrategiaren erdigunean erabilera jarri  beharra aldarrikatu zuen. Haindik gutxira, Bidea marraztera goaz! izeneko jardunaldietan egon zen, eta han ere indarrean dagoen paradigmaren inguruan aritu da: lehenik herritarrak euskaltzaletu egin behar ditugu... euskara ikasi egingo dute, eta gero erabili... motibazioa, ezagutza eta erabilera. Bere ustez, paradigma erabat logiko eta erakargarria da. Akats bakarra omen du: gezurrezkoa dela. Hik Hasi aldizkarian ere artikulu interesgarria argitaratu du ildo beretik. Han, lehengo paradigma horri “lehenik ikasi, gero erabili” deitu dio, eta berriz ere kritikatu: "pedalei emanez ikasten delako bizikletan ibiltzen, ez alderantziz".

Aipamen horiek guztiek Pello Jauregi irakaslearen lana ekarri didate gogora: Berezko taldeak euskalduntzeko ikas estrategia tesia egin zuen orain dela hainbat urte. Egitasmoa bi ideien inguruan egituratu zuen: (a) eraginkorra dela euskalduntzea ikuspuntu kolektibo batetik ikustea; (b) eta ikaste-prozesua ezin dela gelara mugatu; gelatik kanpo ere posiblea dela, erabileratik abiatua. Tesi hauetatik abiatuta, kuadrillategi proiektua sortu zen.

Tesia 1994an argitaratu zuen. Orduko oinarri teoriko-pedagogikoak gaindituak egongo dira ziur aski. Euskaltegi eta ikastetxeetako geletan ere erabilerak bestelako zentralitatea lortu duela imaginatzen dut. Kezka, hala ere, hortxe dago. Pello Jauregik berak hainbat urte beranduago gidatu zuen "Gazteak eta euskara Lasarte-Orian II" ikerketan antzeko haunsarketak irakur daitezke:
"Gure irudikoz, euskarazko erabilerak ez du aurrerapen nabarmenik ezagutuko, baldin eta gizarte multzo handiek, eskolaz gain, ez badute euskarazko esperientzia luze eta sakonik talde informalen batean, dela talde hori familia den, dela sare horizontaleko talderen bat den. Berezko talde informal horietan garatzen baitira benetan hizkuntzazko erraztasuna, atxikimendua eta ohitura".
Ignasi Vila irakasleari ere "ikasketa horizontalak" kontzeptua entzun izan diot, eta gustatu egin zait.

Oharra:
Benito Fizek Ikasgelatik Plazara. Hizkuntzaren normalizazioari helduen euskalduntzetik heldu nahian artikulua argitaratu zuen 2007an BAT aldizkarian. Artikulua berreskuratu dut, lasaiago irakurtzeko. Gaizki gogoratzen ez badut, horri guztiari buruzko pista asko ematen zituen.

2013/03/25

Ikasitako Babesgabetasuna

Ikasitako babesgabetasuna psikologiatik datorren kontzeptua da. Ikusi ditudan definizio guziak hiru elementuren inguruan dabiltza: (1) egoera ez-atsegin edo deseroso baten aurrean era pasiboan jokatzen duen pertsona bati dagokio, (3) jokabide hori ikasitakoa da, lehengo bizipenekin du zerikusia, (3) egoera saihesteko edota itzulikatzeko aukerak egonik ere, pertsona horrek ez ditu aukera horiek bideragarri ikusten

Hainbat arlotan erabili izan da ikasitako babesgabetasunaren teoria: depresioak, tratu txarrak jaso dituzten emakumeen erreakzio psikologikoak, baita hizkuntzaren inguruan ere.

Hizkuntza mendekotasunaz ari garela, Ferran Suay-k honela azaldu zuen ikasitako babesgabetasunaren paradigma (Berria egunkarian):
Hizkuntza gutxituen hiztunak behartu gaituzte zigor bikoitzeko egoerak nozitzera. Gaizki sentiarazten dizute egoera batean, zein bestean. Gaztelaniaz hitz egiten baduzu gaizki sentitzen zara, ez zaudelako eroso, ez delako zurea... Eta euskaraz hitz egiten baduzu, gaizki sentiarazten zaituzte, esaten dizutelako ez dizutela ulertzen, itxia izatea edo edozer gauza leporatzen dizutelako... 
Ikasitako babesgabetasuna da TELP lantegi eta ikastaroetako oinarri teorikoetako bat. Seligman eta Maier ikerlariek zakurrekin egindako esperimentua erabili izan da kontzeptua azaltzeko:
Hiru zakur talde bereizi zituzten. Esperimentuaren lehen zatian, 1 taldeko zakurrak lotu eta gero askatu egiten zituzten, beste barik. 2 eta 3 taldeko zakurrei, aldiz, lotu eta deskarga elektriko bat ezartzen zieten aldi berean. 2 taldeko zakurrek etengailu bat zuten deskarga eteteko, baina 3koek deskarga pairatu beste aukerarik ez zuten. Esperimentuaren bigarren zatian, zakurrak kaiola batean ezartzen ziren. Kaiolak bi eremu zituen, eta zakurrek batetik bestera jauzi egin zezaketen. 1 eta 2 taldeko zakurrek, eremu batean deskarga elektrikoa ezarrita, berehala egiten zuten jauzi beste eremura. 3 taldeko zakurrek, aldiz, deskarga ezarri eta pairatu besterik ez zuten egiten, beste eremura jauzi egiten saiatu ere egin gabe. Babesgabe izaten ikasi zuten.
http://www.gaur8.info/edukiak/20130223/389287/Ezintasun--ikusezinak
Adibide zakartxoegia da, muturrekoegia. Han-hemenka adibide gehixeago ikusi ditut ikasitako babesgabetasuna hobeto ulertzen lagundu didatenak:
Bata: Hainbat arkakuso kristalezko kutxa baten barruan sartuz gero, saltoka hasiko dira pareten eta sabaiaren kontra. Handik gutxira ohitu egingo dira. Kutxa ireki eta libre utzi arren, saltu berdinak emango dituzte. Mugak barneratu egin dituzte, oraindik ere kutxa barruan balira bezala jokatzen dute.
Biga: Ikasitako muga horiek transmititu ere transmititzen dira, baita zigorra desagertu ondoren ere. Zientzialari batzuek beste esperimentu bat egin zuten tximinoekin. Bost tximino kaiola batean sartu zuten, kaiolaren erdian eskailera bat jarri, eta goian banana sorta. Tximino bat eskailerara igotzen saiatzen zen bakoitzean, beheko tximinoak zigortzen zituzten ur zorrotada batez. Zigorra saihesteko, tximinoek ez zieten inori igotzen uzten. Handik gutxira, zigorra ez zen beharrezkoa; tximinoa igotzen hasi orduko, kolpeka jaisten zuten gainontzekoek. Esperimentuaren bigarren faserako, tximinoak banan bana atera zituzten eta tximino berriak sartu… Tximino berria igotzen saiatu orduko gainontzekoek "bere lekuan" jartzen zuten. Hasierako tximino guztiak kaiolatik atera ondoren ere, gainontzeko tximikoek jokabide horri eusten zioten, zergatik egiten zuten jakin gabe ere.
Higa: Dena-den, adibiderik argigarriena youtube-n ikusitakoa da:

Ez zaizue iruditzen?

2013/03/15

Hizkuntzak birlandatu


Orain dela hilabete batzuk «La Revernacularització del valencià a la ciutat d’Alacant» liburuaren aipamena egin nuen blog honetan. Testua osatzeko Txepetxen pasarte baten bila aritu nintzen. Orduan ez nuen erreferentzia eskuratu, gerora lortu dut.

Erreferentzia Bartzelonako Universitat Autònoma-k hizkuntza ekologiari buruz argitaratu zuen liburuxka batean aurkitu dut. Liburuxka hainbat hizkuntzatan argitaratu zuten, eta unibertsitateko ikasleei zuzendua zen. Euskaraz «Hizkuntzen iraunkortasuna bultzatu» izenburua jarri zioten.
Honela aurkeztu zuten:
«Hizkuntzen iraunkortasuna bultzatzen duten ikasleek pertsonak baloratzen dituzte eta, hori dela eta, ez dute beste hizkuntzarik beren hizkuntzaren azpian egoterik espero. Aniztasuna baloratzen dute, pertsona libreak izanik askatasuna norbera denari uko ez egitea dela dakitelako. Jakintza baloratzen dute, libreago eta gizatiarrago egiten dituelako jakintzak. Hizkuntzen iraunkortasuna bultzatzen duten ikasleak kontsekuenteak dira eta, horregatik, pertsonen, aniztasunaren eta jakintzaren aldeko jarrera izaten dute hizkuntzekin»
Testua labur-laburra da, dekalogo moduan idatzia. Seigarren puntuak zera dio (hiru hizkuntzatan):
  • No imposis llengües dominants, replanta llengües amaçades.
  • No impongas lenguas dominantes, replanta lenguas amenazadas.
  • Ez hizkuntza nagusirik inposatu, eta arriskuan dauden hizkuntzak indartzen lagundu.
Katalanazko testua da jatorrizkoa. Beste biak itzulpenak dira. Carme Junyent irakasleak berak aitortzen duen bezala, Txepetxen ideia bat dago atzean, «Márgenes de encuentro: Bilbao y el euskera» liburutik ateratakoa. Hizkuntza planifikazioan gertatu ohi den paradoxa aipatzen du harek: hizkuntzak galdu dituen espazioak berreskuratzeko ahaleginak hastearekin batera, erresistentziak agertzen dira, ahalegin hori inposizioa dela kexatuz. Txepetxek argi dio: «no se trata de una imposición, sino de una reposición». Katalanezko testua sortzeko orduan, ordea, aipamen horrek arazoak sortzen zituen "reponer" hitzaren baliokidea katalanez "reposar" delako... Ez zitzaien baliokide egokia iruditu, eta "replantar" hobetsi zuten. 


2013/03/01

Datu kezkagarria?


BAT aldizkariarekin ibili naiz egun hauetan: Euskararen Kale-Erabileraren Neurketari buruzko monografikoarekin. Hainbat gauza interesgarriren artean, honako aipamen hau ikusi dut:

Bosturteko honetan euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren hizkuntzen erabilerak modu esanguratsuan egin du gora: % 2,6tik % 3,7ra. Azterketa hau azken bi neurketetan baino ez da egin; aurretik ez ziren beste hizkuntzen erabilpenak jasotzen.
/.../ Nabarmentzeko beste puntu bat da Gasteizen, Bilbon eta Iruñean beste hizkuntzak euskara baino gehiago erabiltzen direla.

Kontxo! Zergatik egin zait datu hori horren nabarmena? Kezkagarria al da?

Hona lau burutazio:
bat
Beste hizkuntzetako hiztun horiek urrundik etorri dira. Laupabost familia herri beretik, edo ondoko herrietatik. Elkarren ezagunak agian; edo hemen ezagutu dira, berdin dio. Kalean elkarrekin topo egiten dute eta solasean aritzen dira. Ziur aski, antzeko lekuetan ibiliko direla, jaiak eta ospakizunak elkarrekin antolatuko dituzte, ohiko tabernetan elkartuko dira, bisitak egingo dizkiote elkarri. Hori guztia euren hizkuntzan egingo dute. Nola bestela? 
bi
Diasporako euskaldunak txalotu egiten ditugu: euskara gorde eta hurrengo belaunaldiei transmititu dietelako; Euskal Herritik milaka kilometrora egon arren, bazkalostean euskaraz jarduten dutelako; edota munduaren beste muturrean ere ikastolak sortu dituztelako. Hemengo hauen jarrera ere ez al dugu txalotu behar? 
hiru
Euskarak ez du "beste hizkuntza" horiekin lehiatu behar. Beste bat da bere lehia. "Beste hizkuntza" horiek, gainera, ez dira multzo homogeneo bat eta bakarra. Euskal Herrian 100 hizkuntza inguru omen dago: 100 hizkuntza komunitate txiki, alegia, zeinek bere egoera eta arazoak dituena.
lau
Carme Junyent irakasleak hitzaldi batean esandakoa etorri zait burura: "Elebakartasuna ezinezkoa da. Elebitasuna ez zaigu komeni, gaztelaniaren edo frantsesaren aurkako lehian, galtzeko posibilitatea handiegia delako. Eleaniztasuna da gure aukerarik onena." Hausnarketa egokia, ezta? (Hitzaldiaren izenburua: "Para sermos lingüisticamente sustentábeis". Aurreko sarreran aipatu nuen. Audioa hemen dago)
Larritzeko arrazoiak daudela iruditzen zait. Ez dut uste, halere, arrazoi horiek  "beste hizkuntzekin" zerikusirik dutenik.

2013/02/16

Ekologia eta Hizkuntza

Urtarrilean Itsaso Olaizolak, Belen Urangak eta Iñaki Martinez de Lunak hizkuntza ekologiaren inguruko hitzaldia eskaini zuten San Telmo Museoan Badu Bada erakusketaren testuinguruan. Bideoa web orrian ikus daiteke: Bioaniztasunetik hizkuntzaren iraunkortasunera; ekologiaren liluratik edanez.

Bideoan, amaiera aldean, eztabaida interesgarria sortu da: hizkuntza-ekologiak zer du etikatik eta zer taktikatik edo estrategiatik? Ekologiak ideiak eta diskurtsoak berritzeko inspirazioa eman digu, interesatzen zaizkigun kontzeptuak maileguan hartu ditugu (lapurtu?), eta gure beharren arabera egokitu. Agian, modu interesatuan hurbildu gara (beste) ekologiara; beren kezkak, beren arazoak eta estrategiak, beren penak eta ilusioak ezagutu gabe.

2011ko abenduan Lingua e Ecoloxía jardunaldiak antolatu zituen Coruñako Unibertsitateak. Aktak sarean daude, baita hitzaldi guztien audioak ere. Ez dakit zergatik baina... sentsibilitate ezberdin bat nabaritu dut: ez horren utilitarista, sinbolikoagoa, sujerenteagoa... Gustatu zait.

Jardunaldietako materialetan hizkuntza ekologiak leku nabarmena du, baina ez esklusiboa. Hizkuntza ekologiarekin batera (eta eskuz esku) bestelako gaiak daude: ondarea, herri musika, literatura eta paisaia, ahozko tradizioa, elikadura-burujabetza, ekofeminismoa... Hizkuntza ekologiari dagokionez, interesgarriak iruditu zaizkit Carme Junyet eta Tove Skutnabb-Kangas irakasleen hitzaldiak, baina aurrerago egingo dut horien aipamena.

Materiala eskuratu eta gozatu! Merezi du!

Oharra: Jardunaldietako materiala jaisteko orduan, nik neuk audioa hautatu nuen. Galegoa entzuteko aukera polita izan da... Hori ere gustatu zait.


2013/02/12

Hizkuntzagatik baztertuak?

Eusko Ikaskuntzak NORTASUNA, KULTURA ETA HIZKUNTZA XXI. MENDEKO EUSKAL HERRIAN ikerketa argitaratu zuen 2006 urtean. Lan interesgarria da, aztergai asko dituena: nortasun sentimenduak, euskara ikasteko nahiak, euskal kulturaren kontzeptua, kultur praktikak... Arreta handiz irakurtzeko modukoa iruditzen zait. Oraingoz aipamen txiki bat besterik ez dut egin nahi: deigarria egin zaidan kontutxo bat, alegia.

Euskaraz hitz egin nahi izateagatik baztertuak sentitu diren galdetu diete euskaldunei (euskaraz aski ongi edo oso ongi hitz egiten dutela diotenei), eta beste horrenbeste erdaldunei (euskaraz pixka bat, hitz batzuk soilik edo batere ez dakitela esan dutenei): alegia, euskaraz ez jakiteagatik baztertuak sentitu diren.

Euskal herri osoan 3822 inkesta egin ziren. Hona emaitza:
  • Euskaldunen %25ek esan dute inoiz baztertuak sentitu direla: 277 pertsona. 
  • Erdaldunen artean %20 izan dira baztertuak sentitu direla esan dutenak: 542 pertsona.

Bitxia, ezta? Dena den, zenbakiak tranposoak dira batzuetan.

Iñaki Martinez de Lunak eta Larraitz Mendizabalek artikulu bat argitaratu zuten BAT aldizkarian, eta hainbat nabardura egin:
Bat. /.../ baliteke elkarbizitza baketsu hori egoera idiliko baten isla baino, egoera diglosikoa barneratzearen ondorio gordina izatea.
Bi. Ez-euskaldunei dagokienean berriz, ikerketako datuei erreparatuta, badirudi bi bizipen mota oso desberdin daudela hizkuntza dela eta baztertuak sentitu direnengan: Batzuek (batez ere Iparraldean eta Nafarroan) euskararekiko jarrera positiboa agertzen dute, euskal herritar sentimendua ere bai, eta dirudienez euskaraz ez jakitea beren muga bat bezala bizi dute, batez ere harreman pertsonaletan oztopo bilakatzen zaien muga pertsonala. Beste batzuek aldiz (gehienbat EAEn), ez dute euskararekiko jarrera positiborik eta gehienbat espainiar sentitzen dira eta euskara inposatu egiten delako diskurtsoa barneratu dutela dirudi, honela euskaraz ez jakiteagatik bidezkoa ez den bazterketa jasaten dutela sentitzen dutelarik.
Duela egun batzuk Manuel Castells-ek elkarrizketa batean esandakoa etorri zait burura: "La dominación perfecta es la que no se siente."

2013/02/07

Unamuno eta Pessoa

Fernando Pessoa 1888ko ekainaren 13an jaio zen, Lisboan. Milaka orri idatzi zituen, baina liburu gehienak bera hil ondoren argitaratu ziren.

Pessoak heteronimoak asmatu zituen. Heteronimoak ez dira goitizenak, beste zerbait dira. Wikipediak honela azaltzen du:
Izengoitia egilearen benetako izena estaltzen duen gezurrezko izena da. Heteronimoa, berriz, beste pertsona bat da, beste nortasun bat. Heteronimoak ez ziren Fernando Pessoa, Fernando Pessoaren bestelako nortasun bat zuten idazleen izenak ziren. 
Horregatik besterik ez balitz ere, pertsonaje interesgarria da Pessoa. 

Unamunorekin liskar bat edo beste izan omen zuen. Behin Unamunok honela adierazi omen zuen elkarrizketa batean:
"Penintsula zatitzearen aurkakoa naiz, Kataluniako eta Baskongadetako asmo separatisten aurkakoa. Poeten eta intelektualen ameskeriak dira horiek... Nekazari edo merkatatari bati galdetu indenpendentzia nahi ote duen... Entzungo duzue zer erantzuten duen..."
"Norberaren kulturaren hobebeharrez, hobe genuke denok hizkuntza bakar batean idaztea, eta ez zabalkunde txikia duten mintzairetan. Zer irabazten dute katalanek katalanez idatzita? Eta euskaldunek? Kultura katalana mundu osoan da ezaguna, gaztelaniaz idazten duten idazleei esker."
 Pessoak azkar eta zorrotz erantzun zion:
"Unamunoren argudioa ingelesaren aldeko argudioa da, hizkuntza horixe baita munduan zabalduena. Nire publikoa handitzeko portugesez idazteari amore emango banio... ingelesez idatziko nuke. Zergatik beharko nuke gaztelaniaz egin? Unamuno jaunak niri ulertzeko? Gehiegi eskatzea da, horren onura txikia eskuratzeko"
Ez dago gaizki esana!