2013/11/08

Sistematizazioa [storytelling-2]


Euskara Planak: eta gure istorioa kontatuko bagenu? 

Aurreko astean gaia hor utzi nuen, eta hor hartuko dut oraingoan. Aurrekoa prestatzen ari nintzela, Elhuyarrek 2007an argitaratu zuen Euskara Planak: Nondik gatoz, non gaude eta nora goaz liburuxka etorri zitzaidan burura: ez da oso lan ezaguna, baina bai esanguratsua.

Elhuyar aholkularitzak esperientziak sistematizatzeko proiektu batean parte hartu zuen, Euskal Herriko zein atzerriko hainbat erakunderekin batera. Esan bezala, era askotako elkarteak zeuden tartean: den-denak ikuspegi parte-hartzaile batetik gizarte-eremu ezberdinetan eraldatze-prozesuak laguntzen jarduten zuten elkarteak ziren.

Nork bere esperientzia landu aurretik, metodologia landu zuten, eta bederatzi pausu proposatu:
  1. Abiapuntua
  2. Hasierako galderak
  3. Bizitako prozesua berreskuratzea
  4. Sakoneko hausnarketa
  5. Helmugak
  6. Gure irakaspenak komunikatzen
  7. Ezagutza osatu eta lantzea

Hasierako hiru galderetatik abiatzea proposatu zuten:
  • Zertarako sistematizatu nahi dugu? Helburua
  • Zer esperientzia sistematizatu nahi dugu? Objektua
  • Esperientzia horren zer alderdi interesatzen zaigu sistematizatzea? Ardatza

Eta hortik aurrera... istorioa berreskuratu:
  • Aktak, txostenak, ebaluazioak... berrikusi; 
  • Parte hartu zuten teknikariekin batera, ekintzak eta une garrantzitsuenak identifikatu;
  • Une horietako bakoitzean zer gertatu zen kontatu, aurrera ala atzera egiteko balio izan zuen, aktore bakoitzak zer egin zuen, bakoitzak nola jokatu zuen, bizipenak, bakoitzak une hori nola bizi izan zuen...
  • Hausnarketa dator gero, galdera kritikoak identifikatu eta "kontakizunari galdera horiek egin", ondorioak ateratzen saiateko. 

Ziur aski emaitza ez da oso deigarria izango, baina prozesua oso-oso aberasgarria iruditzen zait. Adibide polita da erakusteko narraziogintza nola erabili ahal dugun, gure praktikatik ikasteko.

Liburuak hemen dituzue: 

2013/11/02

Kontulariak [storytelling-1]

Orain dela hainbat urte HIZPIDE aldizkariaren ale monografiko bat atondu zuten Lourdes Elosegi eta Pello Esnal HABEko teknikariek. Honakoa: Euskaltegi-kurrikuluak egiteko jardunbide bat (Hizpide aldizkaria, 57. alea, 2004). Bronckart irakaslearen lanak gidari hartuta, bi mundu erabat ezberdin dagoela defendatu zuten: azalpenaren mundua eta kontakizunaren mundua. Horien barruan sailkapen ezberdinak egon daitezke (solaskideen inplikazio mailaren arabera): azalpen interaktiboa, diskurtso teorikoa, kontaketa konbertsazionala, narrazioa... Baina, funtsean bi mundu diskurtsibo direla defendatu dute.

Azalpenaren eta kontazikunaren artean ezberdintasun formalak daude: testuaren antolamendua, gehien agertzen diren kategoria gramatikalak... baina benetako ezberdintasunak are sakonagoak direla iruditzen zait: azalpenaren mundua arrazoibidean oinarritzen da; kontakizunaren mundua, ekintzetan eta emozioetan.

Biografia batean, esate baterako, egoerak eta sentipenak daude, baita gauza gehiago ere bai: oroitzapenak nola hautatzen diren, kontatzen direnak eta kontatzen ez direnak, ekintzak nola interpretatzen diren, sinismenak, baloreak... Narrazioaren fluxua bilatzen dugu, baina diskontinuitateak ere oso esanguratsuak dira.

Gogoan dut Pierre Bourdieu soziologo eta filosofoaren testu bat:
Tenemos, sin duda, el derecho de suponer que el relato autobiografico se inspira siempre, al menos en parte, en el deseo de dar sentido, dar razón, extraer una lógica a la vez retrospectiva y prospectiva, una consistencia y una constancia, estableciendo relaciones inteligibles, como las del efecto a la causa eficiente o final, entre los estados sucesivos, constituidos de este modo en etapas de un desarrollo necesario
Oroimena narrazio bihurtzen denean, hainbat egoera eta egintza hautatzen ditugu eta beste batzuk ahantzi edo estali. Narrazioari koherentzia, zentzua eta norabidea ematen diegu: egungo errealitatetik interpretatzen dugu ibilbidea. Narrazio batean ez gara mugatzen esperientzia edo ibilbidea kontatzera... eraiki (edo berreraiki) egiten dugu.

Narraziogintza psikologian erabili izan da. Terapia narratiboen oinarria horixe da: gure buruari kontatzen dizkiogun istorioak berregiten saiatzea. Twitter-en irakurri nuen:
Nahiz eta orain arte senaz egin, gaur konturatu naiz zein garrantzitsua den zure buruari, zure bizitzaren istorio koherente bat kontatzea. — Gorka Julio (@teketen) July 29, 2013
Erakundeekin ere beste horrenbeste gertatzen da: erakunde osasuntsua izateko, beharrezkoa da bere buruari buruzko istorio koherente bat eraikitzea.

Narraziogintza formazioan ere erabili izan da. Narratibak esperientzia egituratzen laguntzen du eta ezagutza ez-kontzientea mobilizatzen du: ezagutza tazitoa ezagutza esplizitua bihurtzen du. Jakin bai, baina dakigunik ere ez dakiguna da ezagutza tazitoa.

Narraziogintza gizarte zientzietan erabili izan da. Joan Josep Pujular irakasleak liburuxka bat argitaratu zuen aspalditxo, Centro de Investigaciones Sociológicas erakundeak argitaratzen zuen Koaderno Metodologikoen bildumaren barruan: El método biográfico: el uso de las historias de vida en ciencias sociales. Interneten ez dago eskuragarri, baina bai egile beraren beste testuren bat: hau, adibidez.

Gure euskara planetan narraziogintzak ba al du lekurik? Eta 60 orriko txosten analitiko baten ordez, gure istorioa kontatuko bagenu? 

Bada, horixe... ez azaldu, hobe kontatzen badidazu!

2013/10/22

Lau zutabeak

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren hitzetan, hizkuntza bat berreskuratuko bada, lau zutabe indartsu behar dira: corpus juridiko egokia, plangintza egokiak, baliabideak eta herri-gogoa. Gogoan dut Kontseiluak, herriz herri, hizkuntza politika egokiari buruzko hitzaldiak antolatu zituela, beren irizpide horiek azaltzeko. Eszenografia ederki zaindu zuten: mintzatokian harri-kartoiz eginiko lau zutabe handi kokatu, eta banan-banan erortzen utzi: corpus juridikoa, plangintza, baliabideak... Herri-gogoa ez, herri-gogoa zutik uzten zuten, hura izan baita urteetan hizkuntzari eutsi diona.

Hizkuntza politika soil-soilik corpus juridikoarekin identifikatzeko joera egon da, eta horrek eztabaida antzuak piztu ditu: Beharrezkoa al da corpus juridiko egokia? Jakina, ezta? Eta... ezinbestekoa al da? Aski al da?

Suzanne Romainek The Impact of Language Policy on Endangered Languages artikulua argitaratu zuen 2002.urtean. Bere ustez hizkuntza eskubideen aitormenak ez du hizkuntzaren biziraupena bermatzen: hizkuntza planifikazioa beharrezkoa da. Are gehiago, hizkuntza plangintzaren beraren eragingarritasuna ere zalantzazkoa dela defendatu zuen, eta autonomiaren falazia azaldu: autonomiaren falazia da aldagai guztiak era sistematikoan kontrolatu daitezkeela sinistea, eta aldagai guztiak kontrolatuz gero emaitzak ziurrak direla pentsatzea.

Bere ustez, ofizialtasunak hizkuntzaren prestigioan du eragina (hizkuntzari buruzko errepresentazio sozialetan, alegia) baina ez norbanakoen hizkuntzaren erabileran. Politika horizontalak defendatzen ditu berak: "sustraiak lantzea", behetik gora lan egin, komunitatea sortu eta komunitatea landu, eragileak ahalmendu (boteretu)... Horiek guztiak, sarri, goitik behera datozen direktrizeak baino eragingarriagoak direla uste du.

Herrialde katalanetan komunikazio instituzionalizatuak eta komunikazio indibidualizatuak berezi ohi dituzte. Hortaz, bistan denez, hizkuntza politika ofizialek batez ere komunikazio instituzionalizatuetan dute eragina, "legez" arautu ahal direlako.

Albert Bastardas irakasleak, ordea, bestelako ikuspegia defendatu izan du. Bere ustez, harreman dinamikoa dago politika linguistikoen eta komunikazio indibidualizatuen artean. Komunikazio instituzionalizatuek indibidualizatuetan ere eragina dute. Normalizazio prozesuari buruzko pertzepzioak dira horretarako tresna. Norbanakoek normalizazio-prozesua arrakastatsua eta atzeraezina dela hautematen badute, halako konbergentzia-joera gertatzen da era progresiboan. Prozesu horiek ez gutxiesteko gomendatzen du Bastardasek.

Corpus juridiko egokia beharrezkoa al da hizkuntza normalizatzeko? Zalantzarik ez. Galdetu, bestela, gu baino are okerrago dauden Iparraldeko eta Nafarroako lagunei. Edo Xabier Leteri galdetu, harek ederki azaltzen baitzuen: "ez dadukanak ongi ohi daki eukitzea zein den ona".

2013/10/13

Ba al da oraindik zer esanik?

Apirila aldean mahai-inguru bat egon zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Manu Robles-Arangiz fundazioak antolatua: Zapalketatik at, ba al dugu zer esanik? Sagrario Aleman, Kike Diez de Ulzurrun, Angel Erro eta Paula Kasares egon ziren bertan. Horren kronika GARAIA aldizkarian argitaratu berri da.

Amu moduko galdera zen izenburua: Asko hitz egin dugu eta asko idatzi dugu euskararen egoerari buruz, ba al da oraindik zer esanik, (protestatik harago)? Galdera zehaztu ere zehaztu zuten:
  1. Gure esku dauden baliabide guztiak indarrean jartzen ditugu? 
  2. Zerbait gehiago egin ahal dugu?
  3. Euskararen mugaldean (periferian) dagoen jendea nola erakarriko dugu?
[Baten bat galdera hauei erabateko erantzuna emateko moduan baldin badago, mesedez, abisatu. Atsegin handiz entzuko nuke]

Hizlarien arabera, euskarak (eta euskal kulturak), nitxo-ak behar ditu: merkatu-nitxoak. Adibide esanguratsua aipatu dute: pailazoak... Iruñean, Baztanen zein Tuteran... nor da gai gaztelaniaz aritzen den bi pailazo-talderen izenak aipatzeko? Inortxok ez. Eta euskaraz? Guraso ez bazarete, bat edo bi aterako zaizkizue. Haur txikiak badituzue, laupabost ere bai.

Non da, bada, arazoa? Bada... seme-alabak hazi dira eta dagoeneko ez dituzte Pirritx eta Porrotx lehen bezainbat maite; Bob Esponjak euskaraz ez daki; pop musika ingelesez alaiagoa iruditzen zaie...

Merkatu-nitxoak... gaztelaniak oraindik okupatu ez dituen espazioak identifikatu eta euskaraz bete. Mikro-espazioak euskararentzat, espazio normalizatuak... Ba al da oraindik zer esanik? Zer esanik... ez dakit. Zer eginik... ugari.

Dokumentazioa hemen duzue:
  • Testua (Garaia aldizkarian): hemen
  • Audioa (elkarrizketa Euskalerria irratian): hemen
  • Bideoa: hemen



2013/10/07

Bizi-indarra

ZuZeu orainkari digitalean iritzi-testu interesgarria irakurri dut. Euskararen bizi-indarra… bixi-indarra… birrindarraArrazoi osoa du, baina ez nator horretaz hitz egitera. Kontua da niri ere arreta egin didala "hizkuntza politikaren ardura ofiziala dutenen" diskurtso berritua:
Jokoan dagoena ez da euskararen biziraupena. Euskarak bere biziraupena bermaturik du bizpahiru belaunalditarako. Jokoan dagoena euskararen bizi-indarra da, eta hori nagusiki euskal hiztunon esku dago.
Ez al duzue hor "mugimendu diskurtsibo" txiki bat nabaritu? Bizi-indarra da jokoan dagoena. Bizi-indarra: hizkuntza politika ofizialarekin ados egon ala ez, kontzeptu interesgarria iruditzen zait, bai kaleko adieran bai adiera akademikoan... Gainera, adiera akademikoa, sarri, kaleko adiera baino harago iristen da.

Soziolinguistika Eskuliburuaren arabera, bizi-indar etnolinguistikoa da "talde arteko egoeretan talde bati izaki kolektibo desberdin eta aktibo gisa jokatzeko aukera handiagoa ematen diona". Kontzeptu zehatza da, eta oso-oso intuitiboa.

Hizkuntza baten bizi-indarra erlatiboa da beti. Ondoan d(it)uen hizkuntz(ar)ekin harremanean ulertu behar da, talde arteko egoerari baitagokio. Bizi-indar etnolinguistikoa hiru faktore multzoren arabera definitu ohi da: faktore demografikoak, estatusa eta sostengu instituzionala.


Faktore demografikoak alde batera utzita, estatusa eta sostengua kontu potoloak iruditzen zaizkit. Ni neu ez nintzateke ausartuko "hori nagusiki euskal hiztunon (norbanakoen) esku dagoela" esatera.

Oraindik ez dut aipatu; bizi-indar etnolinguistikoaren eredua hiru autorek landu zuten 1977. urtearen bueltan: Giles, Bourhis eta Taylor. Lehenago Mackey kanadiarra ere kontzeptu hauen bueltan aritu zen, eta hizkuntza baten botere erlatiboa ezagutzeko kontuan hartu behar diren ezaugarriak definitzen saiatu (demografikoak, legalak, ekonomikoak...). Mackey-k botere hitza erabili zuen. Ziur aski, ez da hitz erosoa, baina bai esanguratsua. Gaur egun, hegemonia hitza erabiliko genuke, ezta? ;-)

Bizi-indar etnolinguistikoaren kontu honek koxka gehixeago dituela iruditzen zait, psikologia sozialaren eremuan bete-betean sartzen direnak: identitateak, bizi-indar subjektiboa... Hobe beste baterako uztea.

2013/09/26

Dilemak, tetralemak eta euskarari buruzko iritzi-joerak


Tetralemak


Bateraezinak diren bi irtenbide dituzten arazoak dira dilemak. “A ala B” gisako formulazioak dira... Hizkera arruntean, gainera, hitzak badu beste konnotazioa bat: bi aukera txarren aurrean, horietako bat aukeratu behar izatea.

Cimas erakundeak gaia landu du, eta dilemak gainditu beharra aldarrikatu. Beren ustez dilemak egoeraren argazki partzialak besterik ez dira. Dilemaren baitan egoerak blokeatu egiten dira, ezin baita erabakirik hartu galtzailerik gabe.

Hori gainditzeko, tetralemak erabiltzen dituzte. Jendearen diskurtsoetan pistak bilatzen dituzte, ardatz emergente bat antzemateko: dilema gainditzen duen ardatz bat, ez A eta ez B, edo (zergatik ez?) bai A eta bai B.

Azalpen bat: hemen


Transcend


Johan Galtung Noruegako politologo eta soziologoak Bakea eta Gatazka ditu aztergai. Bere ustez, gatazka bat ezin da konpondu: gatazka eraldatu egin behar da. "Transend metodoa" garatu du horretarako.

Metodo horren baitan antzeko planteamandua egiten du. Koordenatu kartesianoen sistema bat erabiltzen du, eta bertan 5 eszenario marraztu:
(1) Jarrera bat nagusitzea.
(2) Kontrako jarrera nagusitzea.
(3) Ez bata, ez bestea; eztabaidari uko egitea.
(4) Negoziazioa: jarrera bat ez nagusitzea; bi jarreren arteko konpromisoa lortzea, nork bere helburuak bete-betean lortzen ez baditu ere.
(5) Transzendentzia: egoera bera aldatzea, baita jarrerak ere.

Honi guztiari buruzko azalpen interesgarri bat hemen (pdf)


Euskarari buruzko iritzi-joerak


Hori guztia zertara datorren?

Bada, Prospekzio Soziologikoen Kabineteak (Iñaki Martinez de Lunak) argitaratu berri duen liburuxkan (Euskara EAEn: gaitasuna, erabilera eta iritzia) hainbat ideia dago, niri bereziki interesgarriak iruditu zaizkidanak.

Ondorioak eta gogoetak atalaren barruan, adibidez, honako hau dakar:
Oinarrian erabiltzen ari garen "Euskara: erabilera, jarrerak, politikak" ikerketa berrartuz lau dira inkesta horretako emaitzen harira argi eta garbi osatu diren iritzi-joera nagusiak: lehenik, joera Euskaltzalea edo euskararen aldekoa; ondoren hizkuntzarekiko Mesfidatia den iritzi-joera; hirugarrenik, Onarpen Pasiboaren iritzia eta, azkenik, euskarari Abantaila Sozialak egozten dizkion joera.

Zalantzak zalantza, horretaz ari gara, ezta? Egungo iritziak eta diskurtsoak abiapuntutzat harturik, diskurtso eta ikuspegi berri bat sortu nahian, normalizazioaren bidetik are urrunago eramango gaituena. Helburua horixe baita: ahalik eta urrunen iristea.




2013/09/20

Euskararen metaforak...


Habe Ikasbil
Joan den astean, euskaltegien 2013/14 ikasturte hasierako ekitaldi akademikoan, hitzaldia egin zuen Bernardo Atxagak. Bideoa sarean ikus daiteke dagoeneko: hemen

Pentsamendu metaforikoari buruzko zeozer idatzita daukat blog honetan (hemen eta hemen, adibidez). Gai interesgarria iruditzen zait. Hitzaldian... bat, bi, hiru, lau... bost figura ezberdin erabili ditu Atxagak.

Honakoak:

[Bat: Xaboia]

Abdetfattah Kilito izeneko idazleak esandakoa aipatu du, alegia, hizkuntza dela xaboaiaren kontrakoa:
Hitzak ez du antzik xaboiarekin. Zenbat eta gehiago erabili xaboia, orduan eta urrituago eta gastatuago; hitzak, ordea, alderantziz, zenbat eta erabiliago orduan eta aberatsago
[Ezaguna baina indartsua]

[Bi: Zubia]

Zubi zail, estu, hauskor eta aurriskutsua irudikatu du:
...zubi horren alde batean erdarak daudela, gaztelania dagoela, batez ere, eta beste aldean ba euskara dagoela; bi lurralde oso desberdin. Zubiaren alde bat, esan beharrik ez dago, oso eremu zabala da, izugarria, eta bestea eremu laburragoa. Eta zubia behar da hizkuntza alor batetik bestera joateko, eta zubi hori, bistan da, itzulpena da.
[Kontxo... uste nuen euskaltegiak aipatuko zituela, baina ez...]

[Hiru: Kanpaia eta mailua]

Istorio baten bidez azaldu du:
... gure herriko kanpai izugarri handia erori egin zen, eta eraman egin beharra zegoen, baina kanpaia izugarria zen, pisu izugarria zeukan, eta ez ziren gauza kanpai hori eramateko, ez idiekin, ezta inola ere… orduan puskatzea erabaki zuten, eta puskatzeko lanetan gure herri horretan ba indarra asko omen da eta orduan indartsu guztiak etorri ziren eta hasi ziren porrarekin kanpai hori puskatu nahian. Eta lortu zuten gauza bakarra izan zen, nik ez dakit medikuek nola deituko dioten, baina izan zen besoak eta zeharo erasatea, zergatik denak gelditu ziren ba gaizki besoekin, jakina porrarekin eman, eta ba kanpaiak itzuli egiten zuen nolabait golpea. Eta orduan hondatu ziren herri horretako beso asko. Eta halako batean, nonbait, beste herri bateko gizon txiki-txiki bat etorri omen zen, mailu txiki-txiki batekin, eta orduan begiratu zuen, eta ikusi zuen, berak bazekien, eta orduan ikusi zuen berak puntu bat, mailu txiki horrekin puntu hartan jo zuen eta kanpaia puskatu egin zen.
[Sarri halaxe gabiltz, ezta? Kolpea non jo asmatu ezinik.]

[Lau: Urrea eta moneta]

Gaizki ulertu ez badut, hizkuntzaren eta pentsamendu politiko nazionalistaren arteko loturaz ari da...
...Breton Woods izeneko bilera bat gertatu arte, hark halako, harreman halako lotura bat egon behar zuen urrearen eta paperaren artean. Hori da, diruak eduki behar zuen atzetik benetan balioa zeukan zerbait. Eta hori zen urrea.
Bueno, kontua da harreman hau, urrearen eta monetaren arteko harreman hau, baita ere egon dela edo dagoela hizkuntzaren eta politikaren artean.
[Komentariorik ez.]

[Eta bost: Aingura eta kortxoa]

Euskalgintzan guztiok noizonoiz geure buruari egin diogun galdera da: zergatik ari gara lehia honetan? Ainguruaren eta kortxoaren figurak erabili ditu:
Baina gaur egun, esate baterako, aipatu dugun gizarte, sektore izugarri zabal hori, nazionalismoaren baitan hezi dena, horrek badauka aingura bat, eusteko aingura bat, ez dadin errekan joan euskara, ez dadin zubitik erori eta errekan joan. Badauka aingura bat. Benetan euskarri on bat da ideologia hori? Ala kortxoa da? Edozein ur-txirripak eramaten duena? Ez dut erantzunik.
[Nik ere ez.]


Ez naiz literaturan aditua. Oro har, interesgarriak iruditzu zaizkit, nahiz eta ideia bat edo beste eztabaidagarria gertatu.

Ongi izan!