2010/11/28

Periferia eta berrikuntza

Josu Zabalak askotan esan omen du Hertzainak taldea Gasteizen baizik ez zitekeela sortu.

Argia aldizkarian ere, euskal rock and rolla non eta Zuberoan sortu zela azpimarratu ondoren, galdera horixe egin zioten Niko Etxart kantariari, kasualitatea ote zen euskal rocka euskal periferiatik sortu izana, alegia.

Jon Sarasuak periferiaren garrantzia eta erakargarritasuna aipatu izan du behin baino gehiagotan. Azken aldia Argia aldizkariko artikulu batean: "Gunearen ertza baino ederragoa delako ertzaren gunea". Elkarrizketa mamitsua da baina sarrera honetan esaldi so(t)il horrekin geratu naiz.

Jone Miren Hernandez antropologoari ere beste horrenbeste ulertu diot nik: euskararen mundua birpentsatu beharra aldarrikatu du, eta berrikuntza horiek ezin direla mundu horren erdigunetik etorri, baizik eta alboetatik. Horretarako bertsolaritzan egon diren berrikuntzak aipatzen ditu adibide eta erreferentzia gisa.

Joseba Sarrionaindia ere periferiaren apologoa da, bere testuetan marjinalia aldarrikatzen baitu:
  • "Psikologia sozialean, pertsonalitatea marginala deritza kultura desberdin biren artean hazi den indibiduoarena, kultura bikoiztasun horrek gatazka intrapsikikoa eragiten baitio"
  • "Soziologian, marginalak dira gizarte egitura eta usadio orokorretan integraturik ez dauden jende eta taldeak"
1983 eta 1985 bitartean Sarrionaindiak Argia astekarian idatzi zuen atalak «Bazterrekoak» izena zuen.

2010/11/19

Hizkuntza ekologia (2): inkonsistentziak


Soziolinguistika Klusterrak,uda partean, Euskara komunikatu? Nor-nori-nork izeneko jardunaldiak antolatu zituen, euskararen sustapenerako komunikazio-ekintzak burutzeko moduak aztertzeko.

Besteak beste, Harman komunikazio eta marketin enpresaren zuzendaria den Joseba Kamiok hartu zuen parte ikastaroan. Atez ateko bilketa sistemen inguruko kanpainetan izan duen esperientziatik abiatuta, euskararen eta ekologiaren artean dauden antzekotasunak nabarmendu zituen. Alde horretatik, Jorge Riechmann-en "Inconsistencias, disonancias y bloqueos: atisbos sociopsicológicos sobre la crisis ecológica" lana irakurtzeko gomendioa egin zuen.

Riechmann-ek jarreren eta jokabideen arteko inkontsistentziak aztertzen ditu. Izan ere, psikologia sozialak erakusten duen moduan, oso ahulak izan ohi dira diskurtsoaren bidez adierazten diren jarreren eta benetarako jokabidearen arteko loturak.

Riechmann-ek garrantzia berezia ematen die prozesu kognitiboei. Bere ustez badira hainbat muga, aurrean dugun egoera bere konplexutasun osoan hautemateko zailtasunak sortzen dizkigutenak, eta desmobilizazioa eragiten dutenak:
  • Informazioa prozesatzeko mugak (une berean 5-7 informazio-unitate maneiatzeko gaitasuna dugu, ez besterik).
  • Inertzia kognitiboa (hasierako inpresioak gainbaloratzea eta geroko informazioa gutxiestea).
  • Informazioa filtratzea aldez aurretik dugun iritziaretik bat etortzeko moduan.
  • Kasu partikularrak eta norberaren esperientziak neurriz kanpo baloratzea.
  • Gehigizko konfiantza gure buruarengan (erantzun guztiak ditugula pentsatzen dugu...)
  • Pentsamendu desideratiboa: desioak errealitatearekin nahasteko joera.
Dena den inkonsistentzia da Riechmann-en aztergai nagusia. Hainbat faktore aipatzen du:
  • Gure bizimodua era antiekologikoan dago antolatua. Arazoak neurri handi batean estrukturalak dira, egiturazkoak. Horren aurrean gure pertzepzioa da ezer gutxi egin ahal dugula. Ardura eta erantzukizuna gugandik aparte ikusten dugu.
  • Ez dugu sinisten ekintza pertsonalaren emaitzetan. Ez dugu uste hortik emaitza nabarmenik etor daitekeenik. Ekintza kolektiborik ezean, alferrikakotzat dugu bakoitzaren ahalegina.
  • Jokabide ekologikoaren kostea handia da. Jokabide horren etekinak, gainera, ez dira pertsonalak, kolektiboak baizik. Kosteak ez... kosteak pertsonalak dira batez ere.
Ekologiaren arloan indarra hartzen ari da trantsizio mugimendua. Mugimendu horrek ekintza pertsonalaren eta ekintza kolektiboaren afera teorizatu dute:

  • Ekintza pertsonala, ziur aski, ez da nahikoa izango.
  • Ekintza globala nahikoa izan diateke, baina ziur aski berandu iritsiko da.
  • Tarteko bidea da irtenbidea. Ekintza komunitarioa: nahikoa eta garaiz.

Ekarpen polita izan daiteke ikuspuntu hauek guztiak hizkuntzen normalizazioaren mundura ekartzeko ahalegina: deshazkundea, komunitatea, trantsizioa...

2010/11/18

Hizkuntza ekologia (I)

George Lakoff hizkuntzalaria “No pienses en un elefante” liburuarekin egin da ezaguna. Duela urte batzuk, ordea, 1980an, “Metaforas de la vida cotidiana” liburua argitaratu zuen, Mark Johnson-ekin batera (Metaphors We Live By). Bertan pentsamentu metaforikoari buruzko teoria lantzen du.

Teoria horren arabera, metafora ez da soil-soilik hizkuntza kontua, ez da soil-soilik gauzak esateko modu bat. Alde formal horretatik harago doa. Metaforak kontzeptuak egituratzen laguntzen digun mekanismoa da: beste kontzeptuekin eta gure aurreko esperientziekin loturak eraikitzea ahalbidetzen du.

Liburuan oso adibide esanguratsua azaltzen da: egileek nabarmentzen dute eztabaida -era metaforikoan- gerrarekin alderatu ohi dela. Eta galdetzen dute zer gertatuko ote litzatekeen, metafora aldatu eta eztabaida kontzeptua dantza kontzeptuarekin alderatuko bagenu: kontzeptua bera errotik aldatuko litzateke.

Euskarari lotuta, bi metafora nagusitu izan dira gure artean: lehena hizkuntza-gatazka da eta bigarrena hizkuntza-ekologia. Klusterrak argitaratu berri duen Soziolinguistika eskuliburuan biak agertzen dira: hemen eta hemen.

Erreferentzia askotxo aurkitu ahal dira bataren eta bestearen inguruan. Hona gutxi batzuk:
  • Euskaltzaindiarentzat Euskal Herri mailako lehendabiziko "Euskararen Soziolinguistika Azterketa" egin zuen SIADECOk eta ikerketa horren laburpena da 1979an argitaratu zuen. Esanguratsua da izenburua: Hizkuntz borroka Euskal Herrian
  • Metafora horren haritik. Unesco Albistariak "Gerra eta bakea hizkuntzen frontean" izeneko ale monografikoa argitaratu zuen 2000. urtean.
  • Hizkuntza-ekologiaren inguruan, zerbait aipatzekotan, Albert Bastardas-Boada irakasle kataluniarrak landu duen hizkuntza iraunkortasunaren kontzeptua aipatu beharko genuke, gure artean asko hedatu dena. Material asko dago sarean, Bastardasek berak webgunea du eta baita scribd zerbitzuan kontua ere. Pablo Suberbiolak hizneterako egin zuen lana ere oso argigarria da.

Hizkuntza-gatazkaren gainetik, hizkuntza-ekologiaren kontzeptua gailentzen ari dela dirudi. Gure artean gauzak ikusteko modua horrenbeste aldatu ote da?

2010/08/02

Kate-mailak

Batzuetan ideiak bata bestearen atzetik agertzen dira, buruan ideia-kate bitxiak sortuz. Zaila da asmatzea zergatik ideia batek hurrengoa ekarri duen: kateamendu logikoa izan daiteke, edo sinbolikoa, edo batek daki…


Horrelako kate bat sortu zitzaidan aurreko egun batean:


Bat
. Albiste bat irakurri dut: Arabako garraiolari bati 4.601 euroko isuna jarri diote takografoaren diskoan data euskaraz jartzeagatik. Jaengo Guardia Zibilak HIRUko afiliatua den Arabako garraiolari autonomo bat salatu du ibilgailuaren takografoaren diskoan data euskaraz jartzeagatik, eta 4.601 euroko isuna jarri. Garraiolariak karguak kentzeko orria aurkeztu du, baina Andaluziako Garraio sailak atzera bota du, eta bigarren errekurtsoa jarri beharko du salaketaren aurka.


Bi
. Hizkuntzak eta isunak direla eta... Michael Moorek zuzendu zuen Canadian Bacon / Operación Canada filmaren pasarte bat etorri zait burura. Umorezko filma da: gerra hotzaren ondoren etsairik gabe gelditu direnez, Estatu Batuek etsai berriak Kanadan bilatzea erabaki dute. Hori horrela estatubatuar talde txiki bat Kanadara abiatu da, etsaiaren lurraldera. Hona hemen pasartea:



Hiru
. Batzuen ustez ez neurri koertzitiboak ez dira zuzenak, ezta isunak ere. Sarasuak, uda partean, mahai-inguru batean diagnostiko soziolinguistiko zurrun baten beharra aldarrikatu zuen. Bere ustez, intuitzen ari gara benetako diagnostikoa eta benetako sendabidea, momentu honetan, beharbada ez dela politikoki zuzena. Beharbada hizkuntza politikan behar diren gutxienekoak ere politikoki onargarria den kontsentsu bat lortzetik urrun samar daude, bere ustez.

2008/12/29

Okzitanera Euskal Herrian

Kataluniako Generalitateak Occitània i l'occità liburua argitaratu berri du. Tarteka besterik ez bada ere, garrantzitsua iruditzen zait horren gertu ditugun beste hizkuntza gutxituei buruz hausnarketa egitea.



Liburua gainetik begiratu eta aranera Katalunian duen estatus juridikoa egin zait deigarria, okzitaniera Arango haranean ez ezik, Katalunia osoan baita ofiziala, Autonomia estatutuak dionearen arabera:
La llengua occitana, denominada aranès a l'Aran, és la llengua pròpia d'aquest territori i és oficial a Catalunya, d'acord amb el que estableixen aquest Estatut i les lleis de normalització lingüística.
Arango haranak 620 m2 ditu eta 9.000 biztanle ingurua (gutxixeago). Haraneko biztanleen artean % 88.88k ulertzen du aranera eta % 62,24 hitz egiteko gai da. Aranera gaskoiaren aldaera da, okzitanieraren sei aldaera nagusietako baten aldaera, alegia. Azken datuen arabera okzitanierak 3 miloi hiztun inguru ditu gaur egun.

Okzitaniera Euskal Herrian ere bada. Uda partean opor-zati bat Zuberoan emateko aukera izan nuen. Ez zen lehendabiziko aldea, baina oraingo honetan Montori herria ezagutzeko parada ere izan genuen. Montori euskararen eta Biarnoko okzitanieraren arteko muga-mugan egonik, oraindik orain herri hirueleduna dela irakurri dut: frantsesaz gain euskaraz egiten dute etxe batzuetan eta okzitanieraz beste batzuetan. Koldo Zuazok argitaratu zuen euskalkien mapan ere leku bitxia du Montori herriak, ekialdean, halako irla linguistiko batean-edo agertzen baita.



Ez da halako herri bakarra. Zuberoako beste bi herri ere muga linguistiko horretan daude, biak Ipar Zuberoan: Ozane-Erribareita bata eta Jestaze bestea.

Baionan ere okzitaniera-hiztunak egon izan dira ez horren aspaldian. Gaur egun ere, hango monumentuetako azalpen ohol txikiak euskaraz, gaskoiaz eta frantsesez irakur daitezke.

Horren gertukoak izanik, ze gutxi ezagutzen dugun hizkuntza horien errealitatea!


2008/07/29

Los Trois Rois eta Hiru Erregeen Mahaia

Altzaniako mendilerroan, Aratz eta Allaitz mendien artean, Allarte izeneko mendi-lepoa dago. Leku ederra da, lasai egoteko eta ideiak ordenatzeko egokia. Duela gutxira arte nahastu izan dira mendi-lepoaren eta ondoko gailurraren izenak: Allarte deitu izan zaio ondoko gailurrari ere. Nahaste horiek fenomeno arrunta omen dira toponimoetan. Egun akatsa konponduta dago dagoeneko: Aratz ondoko mendi-lepoari Aratzarte (Aratz-arte) deitzen zaio eta, logika beraru jarraiki, Allaitz ondoko mendi-lepoari Allarte deitzen zaio, All(aitz)-arte, alegia.

Toponimiak oso istorio politak sortu ditu gure artean. Bi ekarri ditut hona.
  • Gasteiztik abiatuta, Leitzarango autobidea hartu aurretik, bidea bi harkaitz handiren artetik pasatzen da, bi mendiren artetik. Gaztelaniaz bi harkaitz horiei "Dos hermanas" deitzen zaie. Atxagaren testu baten bidez ezagutu nuen istorioa: bi harri, bi harkaitz; beraz, "Dos hermanas". Paraje horrek euskaraz Biaizpe edo Biaizpeko Harratea du izena. Biaizpe: bi haitz-pe, bi haitzen azpian dagoena, alegia. Bi haitz-pe bi ahizpa bihurtu zen baten baten belarrian eta handik "Dos hermanas" izatera pasatu zen. Oteizak horri buruzko filosofia-saio polita egiten zuen. Haren ustez latinoek errealitateari begiratzen diotenean errealitate horretan dagoena izendatzen dute (bi harri, dos hermanas). Euskaldunak, ordea, ez du dagoena aipatzen, baizik eta ez dagoena, falta dena, hutsunea. Oteiza hutsuneaz arduratzen zen, ausentziaz, edo hobe esanda ausentziaren presentziaz.

Lekuak toponimo zaharragoak are baditu, are argiagoak: Axitako malkorrak ziren bi mendi horiek eta Axitarte bien arteko pasabidea.

  • Nafarroako Pirinioetan Hiru Erregeen Mahaia dago. Kondairak dio bertan Aragoiko, Nafarroako eta Biarnoko erregeak elkartzen zirela, bakoitza bere lurraldean, elkarren arteko aferei buruz erabakitzeko. Kondaira ederra da, hiru erregeak ia 2.500 metroko mendi-gailurrean bilduta mahai baten inguruan...

Biarno, ordea, inoiz ez da eresuma izan, bizkonderria baizik. Kondairak huts egiten du, beraz. Hiru Errege Mahaiaren jatorrizko izena gazkoierazko “Los Trois Rois” omen da. Bilakaera honako zerbait izango zen:

Los Trois Rois > Los Tres Reyes > Hiru Erregeen Mahaia.
Kontua da, antzeko soinua izanik ere, gazkoierazko "trois" eta gaztelaniazko "tres" ez dela gauza bera, ezta "rois" eta "reyes" ere. Itzulpen egokia "lur-eremu gorriak" edo "lur-eremu iharrak" litzateke, landaretzarik gabeko lurrak, alegia.




2008/06/17

Idatzirik aurkitutakoak (1)

En 1986, un diputado mexicano visitó la cárcel de Cerro Hueco, en Chiapas. Allí encontró a un indio tzotzil, que había degollado a su padre y había sido condenado a treinta años de prisión. Pero el diputado descubrió que el difunto padre llevaba tortillas y frijoles, cada mediodía, a su hijo encarcelado.

Aquel preso tzotzil había sido interrogado y juzgado en lengua castellana, que él entendía poco o nada, y con ayuda de una buena paliza había confesado ser el autor de una cosa llamada parricidio.

Eduardo Galeano. Patas Arriba.