Showing posts with label antropologia. Show all posts
Showing posts with label antropologia. Show all posts

2014/11/17

Hiru apunte jaso nituen, oso denbora gutxian


Aurten, Miramarren EHUk antolatzen dituen uda ikastaroetan Euskararen transmisioaren bide berriak izan zen hizpide. Soziolinguistika Klusterrak bideoak argitaratu ditu dagoeneko (http://www.soziolinguistika.org/en/node/5910).

Handik gutxira, Galizian "Traballando en lingua" udako ikastaroak izan ziren, Carballo herrian, gai beraren inguruan: Transmisión interxeracional do galego. Ikastaro honen bideoak ere interneten argitaratu dira.

Donostiako ikastarotik hiru apunte hartu ditut.
  • Paula Kasaresek transmisioaren kontzeptua alboratu eta sozializazio kontzeptuari eustea gomendatzen digu, askoz dinamikoagoa delakoan. Alde horretatik, helburua bera aldatzea proposatu du: gure helburua izan behar du haurrak egoera komunikatibo ez-instituzionaletan beren berdinkideekin euskaraz arituko diren hiztunak izatea. Egoera ez-instituzionalizatuak hizkuntza predefinitua ez dutenak dira.
  • Valentziako erreferentziak ere aipatu ditu: familias mutants deitzen direnak, belaunaldi baten etenaren ondoren, katalanera berriro ere etxeko hizkuntza bihurtu dutenak. Gaztelaniaz, familias revernaculizadoras esango genuke, eta euskaraz, familia etxekotzaileak edo berretxekotzaileak.
  • Jone Miren Hernandezek sozializazioaren fokoa zabaldu beharra proposatzen du, eta, familiari ez ezik, gertuko komunitateari ere begiratzea gomendatzen digu. Edonola ere, familiaz ari dela hiru ikerketa-ildo proposatzen ditu: (a) familia barneko ideologiak, (b) praktikak, familian eta inguru hurbilean indarrean dauden erabilera-arauak eta arau horiek nola sortzen diren (c) eta hizkuntzaren kudeaketa, hau da, familiak nolako estrategiak darabiltzan etxean euskarari leku egiteko. Familian ere hizkuntza politika egin daitekeela defendatzen du Jone Mirenek: ingelesez, family language policy.
Galiziako ikastarotik, batez ere, apunte bat:
  • Valentina Formoso irakasleak jarrerak aztertu izan ditu Okzitaniako eskola soziolinguistikoaren ideietatik abiatuta (Henri Boyer eta enparauak). Bere ustez, funtsezko galdera zera da: galego-hiztunek zer ikusten dute beren burua ispiluan ikusten dutenean? Hizkuntzaren inguruan dauden sinismenak, aurreiritziak eta errepresentazioak garrantzitsuak dira, bere iduriko. Elementu horiek guztiak kognizio sozialak dira, eta hiztunek hizkuntzari buruz duten irudia osatzen dute. Horien atzean ideologia linguistikoak daude (eta bide batez baita balioak ere). Alde biko harremana dago ideologien eta errepresentazioen artean; ideologia linguistikoek baldintzatu egiten dituzte hizkuntzari buruz ditugun errepresentazioak, eta errepresentazio soziolinguistikoek elikatu egiten dituzte ideologiak. Faktore hauek guztiak funtsezkoak dira familia bidezko transmisioan. Hitzaldia hemen: https://www.youtube.com/watch?v=lXA36sgqfQU  
Urrian, familiari buruzko artikulu bat argitaratu zuen ARGIA asterkariak: http://www.argia.eus/argia-astekaria/2432/euskara-d-ereduan-ikasi-duten-gurasoak. Aitor Villanueva irakasleak tesina egin du jatorrizko hizkuntza euskara ez duten eta euskara maila ona duten gurasoei buruz. Izenburua luze samarra da, baina oso deskriptiboa: Un estudio de transmisión y actitudes lingüísticas en la Comunidad Autónoma Vasca y la Comunidad Foral de Navarra: Padres y madres castellanoparlantes escolarizados en lengua vasca.

Guraso hauei galdetegi bat egin die, eta ondorio bat edo beste eman du, orain arteko ikerketetan ikusi ez dena. Antza denez, gizonen eta emakumeen arteko ezberdinatasunik ikusi du: "Gizonezkoen %70ek euskaraz hitz egiten diete haurrei euren bikotekidea euskalduna izan ala ez. Emakumeen %85ek euskara transmititzen dute etxean, baina euren bikoitekidea euskalduna bada. Hala ez bada, euskararen transmisioa %40 jaisten da". Bitxia egin zait.

Gogoan dut orain dela 10 urte ikerketak egin zirela Gasteizko Olabide ikastolako eta Donostiako Santo Tomas lizeoko ikasle-ohiekin. Orduan ere kezka bera zegoen mahai gainean: zein da, edo zein izango da, ikastetxean euskaldundu diren guraso gazteen jokabidea hizkuntzaren transmisioari begira?

Oharra: argazkia EMAN GILTZA orritik hartu dut

2014/03/05

Soziolinguistika eta diskurtsoaren analisi kritikoa

Xarxa CRUSCAT erakundeak diskurtsoaren analisi kritikoari buruzko lantegiak antolatu izan ditu bere kideekin. Blogean eman izan dituzte lantegi horien berri. Azkena duela gutxi egin dute: 5è taller d’anàlisi crítica del discurs.

Eurek aitortu bezala, soziolinguistikan lan gutxi egin da perspektiba horretatik. Lantegietan adibide batzuk ezagutzeko aukera izan dute: 
Zaila da diskurtsoaren analisi kritikoa zer den lerro gutxitan laburbiltzea. Honako ezaugarri hauek aipatu izan dira:
  • Diskurtsoa jarduera soziala da.
  • Hortaz, diskurtsoaren analisi kritikoak arazo sozialak aztertzen ditu.
  • Botere-harremanak aztertzen dira, botere-harremanak diskurtsiboak ere badirelako.
  • Ideologiak fenomeno sozialak dira: kognizio sozialak.
  • Ideologiak eta diskurtsoak lotuta daude, bi norabideetan: ideologiak diskurtsoa mediatizatzen du, eta diskurtsoak ideologia.

Nire ustez Teun van Dijk hizkuntzalaria da diskurtsoaren analisi kritikoa gehien eta hobekien landu duen ikerlaria: testuaren gramatikaren bidetik analisi kritikora heldu zen, eta arrazakeria zein botere-harremanak aztertzeari ekin zion. Horretarako eliteen diskurtsoei erreparatu nahi die; elkarrizketa batean esaten zuen bezala, hiru "p" interesatzen zaizkio: politikariak, "profesoreak" eta "periodistak". 

Teun van Dijk-ek testuen analisirako eskema integratua garatu du. Oro har, estrategia orokor bakarra dagoela uste du: "norberaren" alde positiboak eta "aurkarien" alde negatiboak indartzea (eta kontrakoa, norberaren alde negatiboak eta aurkarien alde positiboak isiltzea edo izkutatzea). Hortik abiatuta, testuaren analisia ikuspegi ezberdinetatik egiten du: testuaren tematizazioa, superestruktura, egitura semantiko lokalak, estiloa, erabiltzen dituen baliabide erretorikoak. Oso ikuspegi interesgarria da. Hurrengo sarrera batean saiatuko naiz horri buruz zeozer gehiago idazten.

Gurean ezer gutxi ezagutzen dut ikuspegi honetatik egina. Iñaki Mtz de Lunak azterketatxo bat du egunkarietako titularrek euskarari buruz ematen duten irudiaren inguruan (duela gutxi, topaldian, horri buruzko komentarioren bat edo beste egin zuen). Asier Iriondok, bestalde, politiko elebidunen diskurtsoa aztertu du, euskaraz eta gaztelaniaz ari direnean erabiltzen dituzten gaietan alderik ote dagoen ikusteko. Zeharka bada ere, horrek ere badu analisi kritikoarekin zerikusia.

Susmoa dut hemendik aurrera horrelako lan gehixeago ikusiko ditugula.


Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du.


2013/06/09

Hizkuntzak etxeko egongelan...

Les llengües al sofà liburuak "La Lupa d'Or" saria irabazi zuen 2011. urtean. Kataluniako familia eleanitzak aztertzen ditu: beren jokabideak eta beren ideologia linguistikoak, 83 elkarrizketatan lortutako informazioaren baitan.

Paula Kasaresek ere antzeko gaia izan du Bat aldizkariaren 85 zenbakian: "Euskaldun hazi Iruñean. Inguru erdaldun(du)etako familien hizkuntza elkarrekintza eta komunitate aukerak". Bere esanetan, "eskola bidez edo gaztetan euskaldundu diren hiztunetako batzuk euskarari atxiki zaizkio eta aita-amatu direlarik seme-alabei hizkuntza horretan egitea deliberatu dute". Nola egin duten da aztergaia.

Paulak azaltzen duen bezala, Iruñea bezalako ingurune erdaldunduan euskaraz bizi eta umeak euskaldun hazi nahi dituzten familiek hautu-erabaki askotxo hartu behar izaten dute, baita eskolan hizkuntza eredua hautatu aurretik ere. Erabaki horiek guztiak aztertzen saiatu da.

Bikote mistoen kasuan, esate baterako, gutxieneko baldintza batzuk proposatzen ditu artikuluak: adostea guraso euskaldunak seme-alabari euskaraz egingo diola, guraso horrek euskarazko harremanari tinko eustea, elkarrekin denbora aski izatea, haurrak etxetik at (eskolan eta) ere euskaraz aritzea...

Guretik at, hainbat liburu ikusi dut, familia elebidunentzat estrategia jakinak proposatzen dituztenak. Interneten bertan, esate baterako, bi aurkitu ditut: bat katalanez eta bestea ingelesez (biak doan jaistekoak): Estratègies de transmissió lingüística en famílies plurilingües eta 7 Steps to Raising a Bilingual Child. Batzuetan inpresioa izan dut liburu horiek "errezetak" eman nahi izan dituztela, "errezetak" ematerik ez dagoen lekuan.

Aurreko sarreran hibridazio linguistikoaren gaia aipatu nuen, eta Joan Pujolarren aipu bat ekarri: "Gazteek etxean nagusiki hizkuntza batean ala bestean hitz egitetik, kalean hibridazio-prozesu batera igaro dira, non hizkuntza bat ala bestea erabiltzen den, egoeraren arabera". Gurean ere badago zer aztertu, Euskal Herriko hainbat ingurutan hibridazio fenomenoa etxeko giroan bertan gertatzen ari baita.

Hautu-erabakiak eta estrategiak ezezik, ingurune erdaldun(du)etako familien barneko hizkuntza elkarrekintzak ere aztertu nahi izan ditu. Oso lan interesgarria da, haurrek elkarrekintza horietan funtseko gauzak ikasten baitituzte: "bi kodeak nola erabili, non, norekin eta zertarako, bi kodeak noiz bereizi, noiz nahasi (...)"

Merezi du testu osoa irakurtzea (erreferentzia hemen), baita iaz egileak berak honi buruz argitaratu zuen beste artikulua ere (hemen).

2013/06/01

Elebitasuna eta hibridazio linguistikoa

Elebitasuna eta elebiduntasuna gauza bera ez direla eta bereiztea komeni dela defendatu izan dute hainbat adituk. Horren arabera, elebitasuna gizarteari dagokio eta elebiduntasuna pertsonari. Gogoan dut Lore Erriondo, Fito Rodriguez eta Xabier Isasik argitaratu zuten liburu baten izenburua: Hizkuntza, hezkuntza eta elebiduntasuna (1993). Liburua interneten eskuratu daiteke: hemen.

Proposamenak ez zuen arrakasta handirik izan, eta oraindik ere elebitasuna erabiltzen dugu baterako zein besterako. Zalantzarik dagoenean adjektibo bat jarri eta kitto: elebitasun indibiduala, elebitasun soziala...

Pertsona elebidunen sailkapen ugari ere egin izan dira: hizkuntzen eskuratzeko hurrenkeraren arabera, gaitasunaren arabera... Elebidun goiztiarrak eta berantiarrak daude. Elebitasuna simetrikoa ala asimetrikoa izan daiteke, kengarria ala gehiagarria ere bai. Antolaketa kognitiboa kontuan hartuta, adituek elebitasun konposatua eta elebitasun koordinatua bereizten dituzte.

Bitxia da, baina... erabilerari erreferentzia egiten dion sailkapenik ez dago.

Joan Pujolar irakasleak hibridazio kontzeptua erabiltzen du Kataluniako gazte elebidunen prozesu linguistikoak definitzeko: hibridazio linguistikoa. Hibridazioak hizkuntza-erabileraren izaera pragmatikoarekin du zerikusirik; egoerak berak ezartzen baitu hizkuntza bata ala bestea noiz erabili, eta ez hizkuntzak berak: bakoitzaren funtzionalitatea, solaskideen interesak, egoera komunikatibo horretan egokitzat zein jotzen den...

Gazteen artean egoera honela definitzen du:
  • Gazteek etxean nagusiki hizkuntza batean ala bestean hitz egitetik, hibridazio-prozesu batera igaro dira, non hizkuntza bat ala bestea erabiltzen den, egoeraren arabera.
  • Hibridazio-prozesua jatorriz katalandunak diren gazteei eta jatorriz beste hizkuntza bat dutenei eragiten die, baina ez maila berean. Hibridazio-prozesuak katalanaren alde jokatzen omen du. Jatorriz katalandunak diren gazteen joera intentsitate gutxiko hibridazioa da: gaztelania erabiltzen dute, lehentasunez katalana erabiltzeari uko egin gabe. Jatorriz katalandunak ez direnen artean intentsitate handiko hibridazio kasuak daudela azaldu du Pujolarrek.

Joan Pujolarren lanari buruzko artikulu bat duzue hemen.

2012/11/11

Itzuli ezin diren hitzak

Irakurtzen ari naizen liburu batean Salman Rushdie-ren aipu bat ikusi dut:
"Jendarte bat (herri bat) ezagutu nahi baduzue, egiezue begiratu bat itzuli ezin diren hitzei" 
Hitz horien atzean, antza, mundua ikusteko modu bat dago: esperientziak eta bizipenak daude, baita jakintza ere.

Euskaraz, lau hitz etorri zaizkit burura: euskaltegia, auzolana, ikastola, bertsolaritza.

Zer dute komunean? Argi dago, ezta? ;-)

2011/12/18

Euskaltasun likidoa?

Zygmunt Bauman soziologoak sortu zuen modernitate likidoaren kontzeptua. Horren arabera, aldakorra da egungo gizartea. Ahuldu egin dira loturak. Lehengo lotura sendo horiek arinak eta behin-behinekoak bihurtu dira egun.

Identitatea ere aldatu egin da. Lehengo identitateak solidoak ziren: sendoak eta iraunkorrak. Identitate horiek ahuldu egin dira. Modernitateari identitate likidoa dagokio: likidoak ez du forma finkorik. Baumanek dioen bezala, egun identitateak sumendi bateko labaren modukoak dira: orain gogortu, gero urtu... etengabe itxuraldatu.

Joan Pujolar irakasleak Els joves i la catalanitat líquida artikulua argitaratu berri du L'Avenç aldizkarian. Bertan, Kataluniako gazteen hizkuntzei eta identitateei buruzko ikerketa baten harira, Pujolarrek haurnaketa egin du gazte horien katalanitateari buruz. Bere ustez gazte hauen katalanitatea likidoa da, hibridoa, etengabe eraikitzen.

Gure artean ere, gazteek euskarari dioten atxikimendua aldatu egin dela aipatu izan da. Soziolinguistika Klusterrak urte batzuk daramatza gazteen jarrerak eta erabilera aztertzen. Lan horiek etorkizuna aurreikusteko arrastoak emango dizkigute ziur aski.

2011/07/12

Munduari begiratzeko.

Irratian Pilar Kaltzada idazle eta kazetariari entzun diot, euskaldunberria izaki, euskara harentzat zer den erantzun behar izan duela behin baino gehiagotan. Kirmen Uriberen poema bat erabili izan du horretarako:

Munduari begiratzeko modu bat,
laguntzarrekin kantatzeko modu bat,
horman eguzkia hartzeko modu bat,
itxaroten jakiteko modu bat.

Pagoak ukitzeko modu bat,
azalak irakurtzeko modu bat,
hego-haizea usaintzeko modu bat,
autoan negar egiteko modu bat.

Ez onena agian,
ez ederrena agian,
zaharregia, txikiegia agian.

Mikel Urdangarinen ahotsean hemen.

2010/11/28

Periferia eta berrikuntza

Josu Zabalak askotan esan omen du Hertzainak taldea Gasteizen baizik ez zitekeela sortu.

Argia aldizkarian ere, euskal rock and rolla non eta Zuberoan sortu zela azpimarratu ondoren, galdera horixe egin zioten Niko Etxart kantariari, kasualitatea ote zen euskal rocka euskal periferiatik sortu izana, alegia.

Jon Sarasuak periferiaren garrantzia eta erakargarritasuna aipatu izan du behin baino gehiagotan. Azken aldia Argia aldizkariko artikulu batean: "Gunearen ertza baino ederragoa delako ertzaren gunea". Elkarrizketa mamitsua da baina sarrera honetan esaldi so(t)il horrekin geratu naiz.

Jone Miren Hernandez antropologoari ere beste horrenbeste ulertu diot nik: euskararen mundua birpentsatu beharra aldarrikatu du, eta berrikuntza horiek ezin direla mundu horren erdigunetik etorri, baizik eta alboetatik. Horretarako bertsolaritzan egon diren berrikuntzak aipatzen ditu adibide eta erreferentzia gisa.

Joseba Sarrionaindia ere periferiaren apologoa da, bere testuetan marjinalia aldarrikatzen baitu:
  • "Psikologia sozialean, pertsonalitatea marginala deritza kultura desberdin biren artean hazi den indibiduoarena, kultura bikoiztasun horrek gatazka intrapsikikoa eragiten baitio"
  • "Soziologian, marginalak dira gizarte egitura eta usadio orokorretan integraturik ez dauden jende eta taldeak"
1983 eta 1985 bitartean Sarrionaindiak Argia astekarian idatzi zuen atalak «Bazterrekoak» izena zuen.