2013/04/23

Ziklo berria euskalgintzarako


Hirugarren aldia da, ziklo berriaren kontua entzuten dudana.

Lehena iazko azaroan. Topaguneak, "Federaziotik mugimendura" kongresuan, ziklo berri bat irekitzeko beharra aldarrikatu zuen. Prentsan irakurritakoaren arabera, aro berri horrek hiru ardatz behar dituela proposatu da: «Hezurdura plangintza indartsu bat, euskalgintza berri bat eta euskal hiztunak» 

Bigarrena Kale Erabileraren Neurketaren emaitza jakitera eman denean irakurri dut. Batzorde Teknikoak balorazio zorrotzak egin ditu: batetik, duela hamar urtetik hona euskararen kale-erabilera bere horretan dagoela esan du, trabatua; (b) eta bestetik, adierazi du, egungo baldintza soziolinguistikoak aldatzen ez badira, euskararen erabilerak goia jo duela. Iker Martinez de Lagosek oso azalpen egokia egiten du Ziklo berri baterako GPS-a artikuluan.

JAKIN aldizkariaren 193. alean Alberto Barandiaranek euskalgintzaren hirugarren aroa aipatzen du. Haren esanetan,  ikastolen sorrerak eta euskara batuaren onarpenak lehen aroa markatu zuten, 60ko eta 70eko hamarkadetan. Ondoren 30 urte eman ditugu hedabideak sortzen, administrazioa euskalduntzen, euskarazko irakaskuntza zabaltzen eta helduak alfabetatzen. Aro berri bat irekitzeko ordua da orain: hor egindako lanari fruitua ateratzeko ordua... orain erabilera da erronka. 

Denborak ematen duen perspektibarekin, esango nuke testuinguruak ere garrantzitsuak direla. Ikastolen sorrera eta euskara batuaren onarpena frankismoaren azken bi hamarkadetan etorri ziren; trantsizioa deitu izan denak eta handik honako garaiak markatu dute bigarren aroa. Zein izango da hirugarren ziklo honen testuinguru politiko eta soziala? Ezin jakin. Gauza horiek gerora ikusten dira argiago.

"Sasian zarraparra denean, izaten da zerbait" dio euskal esaerak, edo... "Ez da kerik, su gaberik". Bada, beraz, ziklo berria abiatzeko beharra... baita gogoa ere (iruditzen zait).

Estrategia berriak pentsatzeko ordua da. 

2013/04/14

Ezagutza kudeatu?

Gustatu zait @garaigoikoa blogak BAT 84 aldizkariari buruz egin duen sintesi lana.

Gazte(ago)tan sinetsita geunden euskaraz argitaratzen zen guzti-guztia irakurtzeko gai izango ginela. Elkar argitaletxeak "Euskal Literatura" bilduma hasi zuen garai hartan: Sarrionandia, Amuriza, Gotzon Garate... Hilean behin liburu bat argitaratzen zutenez, aukera genuen tarteka Erein argitaletxeko lanak ere eskuratzeko. 

Susa argitaletxeak gauzak konplikatu zizkigun... Horiek ere irakurri beharrekoak ziren-eta. Beti lortzen ez bagenuen ere, saiatzen ginen ahalik eta gauza gutxien galtzen. Garai hartatik bi ipuin ditut oraindik ere gogoan: Sarrionandiaren “Maggi Indazu kamamila” eta Antzaren “Suzko gezi bat bezala”.

Soziolinguistikarekin ere antzeko zerbait gertatu zitzaigun. BAT aldizkaria 1990ean sortu zen. Interes handiarekin irakurtzen genuen, gure burua jantzi beharra zegoelako. Halere, JAKIN aldizkaria ere noiz edo noiz eskuratu beharra zegoen: 42-43 alea Txepetxen hizkuntzen teoria sozialari buruzko ale monografikoa izan zen, Euskararen Plan Orokorra aldarrikatzen zuen ale monografikoa ere gogoan dut.

Hau guztia gutxi balitz, euskaltegirako ere bazegoen zer irakurri: Zutabe (gero Hizpide) eta Ele aldizkariak ezinbestekoak ziren, besterik ez bazen ere.

Internetarekin hasiera-hasieratik susmatu genuen ez zela posible izango den-denari behar besteko arreta egitea. Eta denborak susmo hori baieztatu besterik ez du egin. Irakurtzeko, entzuteko eta ikusteko dagoen materiala ugaritu ahala, irakurtzeko eta ikasteko dedikatu ahal dugun denbora urritu egin da.

Horregatik eskertzen ditut @garaigoikoa moduko blogak, jazteko aukera erraztu egiten digutelako. Horregatik beste hainbat proiekturen hutsuneak ere oso nabariak egiten zaizkit. Hiru adibide:
  1. Ezagutzen al duzue Conocity proiektua? Hezkuntza arloko eragileak dira, ezagutza-pilulak sortzen dituzte: ezagutza kontzentratua, bideo eta mapa kontzeptualen bidez. Proiektu polita da... euskararen mundutxora ekartzeko modukoa. Baten bat animatzen bada, abisatu!
  2. Teknologia berriek profil profesional berriak sortu dituztela entzun dut: Content Curator da horietako bat (gaztelania, Curador de Contenidos eman izan da). Ezagutzarekin oso inplikaturik dauden profesionalak dira, aholkua eman ahal dutenak gai baten inguruan dagoen informazio errelebantea zein den... alea eta lastoa bereiziko duten pertsonak, alegia. "Ezagutzaren bitartekari kritikoak" dira. Ezagutzaren bitartekariak...  ez da itzulpen txarra. Iruditzen zait badagoela hor zereginik.
  3. Tagging-ak edo etiketatzeak ere badu horretan zerikusirik, ezta? Etiketatzeko delicious erabili izan dut nik. Eta, egia esan, nire burua galdu samar ikusi dut batzuetan... etiketatze-sistema adostu baten falta nabaritu dut: zeozer kontsentsuatua, estratifikazio adostua, proiektu kolaboratiboak abiatzeko.

2013/04/06

Ikasi eta erabili

Mikel Zalbide hizlari ona da, gauza interesgarri asko esaten ditu, eta probokazioa ere gustatzen zaiola esango nuke. Erakusten dituen konbentzimendua eta ziurtasuna gustuko ditut, nahiz eta esaten dituenak ehuneko ehunean ez nituzkeen sinatuko.

Soziolinguistika jardunaldian, ARRUE proiektua aurkeztu zutenean, euskalduntzearen estrategiaren erdigunean erabilera jarri  beharra aldarrikatu zuen. Haindik gutxira, Bidea marraztera goaz! izeneko jardunaldietan egon zen, eta han ere indarrean dagoen paradigmaren inguruan aritu da: lehenik herritarrak euskaltzaletu egin behar ditugu... euskara ikasi egingo dute, eta gero erabili... motibazioa, ezagutza eta erabilera. Bere ustez, paradigma erabat logiko eta erakargarria da. Akats bakarra omen du: gezurrezkoa dela. Hik Hasi aldizkarian ere artikulu interesgarria argitaratu du ildo beretik. Han, lehengo paradigma horri “lehenik ikasi, gero erabili” deitu dio, eta berriz ere kritikatu: "pedalei emanez ikasten delako bizikletan ibiltzen, ez alderantziz".

Aipamen horiek guztiek Pello Jauregi irakaslearen lana ekarri didate gogora: Berezko taldeak euskalduntzeko ikas estrategia tesia egin zuen orain dela hainbat urte. Egitasmoa bi ideien inguruan egituratu zuen: (a) eraginkorra dela euskalduntzea ikuspuntu kolektibo batetik ikustea; (b) eta ikaste-prozesua ezin dela gelara mugatu; gelatik kanpo ere posiblea dela, erabileratik abiatua. Tesi hauetatik abiatuta, kuadrillategi proiektua sortu zen.

Tesia 1994an argitaratu zuen. Orduko oinarri teoriko-pedagogikoak gaindituak egongo dira ziur aski. Euskaltegi eta ikastetxeetako geletan ere erabilerak bestelako zentralitatea lortu duela imaginatzen dut. Kezka, hala ere, hortxe dago. Pello Jauregik berak hainbat urte beranduago gidatu zuen "Gazteak eta euskara Lasarte-Orian II" ikerketan antzeko haunsarketak irakur daitezke:
"Gure irudikoz, euskarazko erabilerak ez du aurrerapen nabarmenik ezagutuko, baldin eta gizarte multzo handiek, eskolaz gain, ez badute euskarazko esperientzia luze eta sakonik talde informalen batean, dela talde hori familia den, dela sare horizontaleko talderen bat den. Berezko talde informal horietan garatzen baitira benetan hizkuntzazko erraztasuna, atxikimendua eta ohitura".
Ignasi Vila irakasleari ere "ikasketa horizontalak" kontzeptua entzun izan diot, eta gustatu egin zait.

Oharra:
Benito Fizek Ikasgelatik Plazara. Hizkuntzaren normalizazioari helduen euskalduntzetik heldu nahian artikulua argitaratu zuen 2007an BAT aldizkarian. Artikulua berreskuratu dut, lasaiago irakurtzeko. Gaizki gogoratzen ez badut, horri guztiari buruzko pista asko ematen zituen.

2013/03/25

Ikasitako Babesgabetasuna

Ikasitako babesgabetasuna psikologiatik datorren kontzeptua da. Ikusi ditudan definizio guziak hiru elementuren inguruan dabiltza: (1) egoera ez-atsegin edo deseroso baten aurrean era pasiboan jokatzen duen pertsona bati dagokio, (3) jokabide hori ikasitakoa da, lehengo bizipenekin du zerikusia, (3) egoera saihesteko edota itzulikatzeko aukerak egonik ere, pertsona horrek ez ditu aukera horiek bideragarri ikusten

Hainbat arlotan erabili izan da ikasitako babesgabetasunaren teoria: depresioak, tratu txarrak jaso dituzten emakumeen erreakzio psikologikoak, baita hizkuntzaren inguruan ere.

Hizkuntza mendekotasunaz ari garela, Ferran Suay-k honela azaldu zuen ikasitako babesgabetasunaren paradigma (Berria egunkarian):
Hizkuntza gutxituen hiztunak behartu gaituzte zigor bikoitzeko egoerak nozitzera. Gaizki sentiarazten dizute egoera batean, zein bestean. Gaztelaniaz hitz egiten baduzu gaizki sentitzen zara, ez zaudelako eroso, ez delako zurea... Eta euskaraz hitz egiten baduzu, gaizki sentiarazten zaituzte, esaten dizutelako ez dizutela ulertzen, itxia izatea edo edozer gauza leporatzen dizutelako... 
Ikasitako babesgabetasuna da TELP lantegi eta ikastaroetako oinarri teorikoetako bat. Seligman eta Maier ikerlariek zakurrekin egindako esperimentua erabili izan da kontzeptua azaltzeko:
Hiru zakur talde bereizi zituzten. Esperimentuaren lehen zatian, 1 taldeko zakurrak lotu eta gero askatu egiten zituzten, beste barik. 2 eta 3 taldeko zakurrei, aldiz, lotu eta deskarga elektriko bat ezartzen zieten aldi berean. 2 taldeko zakurrek etengailu bat zuten deskarga eteteko, baina 3koek deskarga pairatu beste aukerarik ez zuten. Esperimentuaren bigarren zatian, zakurrak kaiola batean ezartzen ziren. Kaiolak bi eremu zituen, eta zakurrek batetik bestera jauzi egin zezaketen. 1 eta 2 taldeko zakurrek, eremu batean deskarga elektrikoa ezarrita, berehala egiten zuten jauzi beste eremura. 3 taldeko zakurrek, aldiz, deskarga ezarri eta pairatu besterik ez zuten egiten, beste eremura jauzi egiten saiatu ere egin gabe. Babesgabe izaten ikasi zuten.
http://www.gaur8.info/edukiak/20130223/389287/Ezintasun--ikusezinak
Adibide zakartxoegia da, muturrekoegia. Han-hemenka adibide gehixeago ikusi ditut ikasitako babesgabetasuna hobeto ulertzen lagundu didatenak:
Bata: Hainbat arkakuso kristalezko kutxa baten barruan sartuz gero, saltoka hasiko dira pareten eta sabaiaren kontra. Handik gutxira ohitu egingo dira. Kutxa ireki eta libre utzi arren, saltu berdinak emango dituzte. Mugak barneratu egin dituzte, oraindik ere kutxa barruan balira bezala jokatzen dute.
Biga: Ikasitako muga horiek transmititu ere transmititzen dira, baita zigorra desagertu ondoren ere. Zientzialari batzuek beste esperimentu bat egin zuten tximinoekin. Bost tximino kaiola batean sartu zuten, kaiolaren erdian eskailera bat jarri, eta goian banana sorta. Tximino bat eskailerara igotzen saiatzen zen bakoitzean, beheko tximinoak zigortzen zituzten ur zorrotada batez. Zigorra saihesteko, tximinoek ez zieten inori igotzen uzten. Handik gutxira, zigorra ez zen beharrezkoa; tximinoa igotzen hasi orduko, kolpeka jaisten zuten gainontzekoek. Esperimentuaren bigarren faserako, tximinoak banan bana atera zituzten eta tximino berriak sartu… Tximino berria igotzen saiatu orduko gainontzekoek "bere lekuan" jartzen zuten. Hasierako tximino guztiak kaiolatik atera ondoren ere, gainontzeko tximikoek jokabide horri eusten zioten, zergatik egiten zuten jakin gabe ere.
Higa: Dena-den, adibiderik argigarriena youtube-n ikusitakoa da:

Ez zaizue iruditzen?

2013/03/15

Hizkuntzak birlandatu


Orain dela hilabete batzuk «La Revernacularització del valencià a la ciutat d’Alacant» liburuaren aipamena egin nuen blog honetan. Testua osatzeko Txepetxen pasarte baten bila aritu nintzen. Orduan ez nuen erreferentzia eskuratu, gerora lortu dut.

Erreferentzia Bartzelonako Universitat Autònoma-k hizkuntza ekologiari buruz argitaratu zuen liburuxka batean aurkitu dut. Liburuxka hainbat hizkuntzatan argitaratu zuten, eta unibertsitateko ikasleei zuzendua zen. Euskaraz «Hizkuntzen iraunkortasuna bultzatu» izenburua jarri zioten.
Honela aurkeztu zuten:
«Hizkuntzen iraunkortasuna bultzatzen duten ikasleek pertsonak baloratzen dituzte eta, hori dela eta, ez dute beste hizkuntzarik beren hizkuntzaren azpian egoterik espero. Aniztasuna baloratzen dute, pertsona libreak izanik askatasuna norbera denari uko ez egitea dela dakitelako. Jakintza baloratzen dute, libreago eta gizatiarrago egiten dituelako jakintzak. Hizkuntzen iraunkortasuna bultzatzen duten ikasleak kontsekuenteak dira eta, horregatik, pertsonen, aniztasunaren eta jakintzaren aldeko jarrera izaten dute hizkuntzekin»
Testua labur-laburra da, dekalogo moduan idatzia. Seigarren puntuak zera dio (hiru hizkuntzatan):
  • No imposis llengües dominants, replanta llengües amaçades.
  • No impongas lenguas dominantes, replanta lenguas amenazadas.
  • Ez hizkuntza nagusirik inposatu, eta arriskuan dauden hizkuntzak indartzen lagundu.
Katalanazko testua da jatorrizkoa. Beste biak itzulpenak dira. Carme Junyent irakasleak berak aitortzen duen bezala, Txepetxen ideia bat dago atzean, «Márgenes de encuentro: Bilbao y el euskera» liburutik ateratakoa. Hizkuntza planifikazioan gertatu ohi den paradoxa aipatzen du harek: hizkuntzak galdu dituen espazioak berreskuratzeko ahaleginak hastearekin batera, erresistentziak agertzen dira, ahalegin hori inposizioa dela kexatuz. Txepetxek argi dio: «no se trata de una imposición, sino de una reposición». Katalanezko testua sortzeko orduan, ordea, aipamen horrek arazoak sortzen zituen "reponer" hitzaren baliokidea katalanez "reposar" delako... Ez zitzaien baliokide egokia iruditu, eta "replantar" hobetsi zuten. 


2013/03/01

Datu kezkagarria?


BAT aldizkariarekin ibili naiz egun hauetan: Euskararen Kale-Erabileraren Neurketari buruzko monografikoarekin. Hainbat gauza interesgarriren artean, honako aipamen hau ikusi dut:

Bosturteko honetan euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren hizkuntzen erabilerak modu esanguratsuan egin du gora: % 2,6tik % 3,7ra. Azterketa hau azken bi neurketetan baino ez da egin; aurretik ez ziren beste hizkuntzen erabilpenak jasotzen.
/.../ Nabarmentzeko beste puntu bat da Gasteizen, Bilbon eta Iruñean beste hizkuntzak euskara baino gehiago erabiltzen direla.

Kontxo! Zergatik egin zait datu hori horren nabarmena? Kezkagarria al da?

Hona lau burutazio:
bat
Beste hizkuntzetako hiztun horiek urrundik etorri dira. Laupabost familia herri beretik, edo ondoko herrietatik. Elkarren ezagunak agian; edo hemen ezagutu dira, berdin dio. Kalean elkarrekin topo egiten dute eta solasean aritzen dira. Ziur aski, antzeko lekuetan ibiliko direla, jaiak eta ospakizunak elkarrekin antolatuko dituzte, ohiko tabernetan elkartuko dira, bisitak egingo dizkiote elkarri. Hori guztia euren hizkuntzan egingo dute. Nola bestela? 
bi
Diasporako euskaldunak txalotu egiten ditugu: euskara gorde eta hurrengo belaunaldiei transmititu dietelako; Euskal Herritik milaka kilometrora egon arren, bazkalostean euskaraz jarduten dutelako; edota munduaren beste muturrean ere ikastolak sortu dituztelako. Hemengo hauen jarrera ere ez al dugu txalotu behar? 
hiru
Euskarak ez du "beste hizkuntza" horiekin lehiatu behar. Beste bat da bere lehia. "Beste hizkuntza" horiek, gainera, ez dira multzo homogeneo bat eta bakarra. Euskal Herrian 100 hizkuntza inguru omen dago: 100 hizkuntza komunitate txiki, alegia, zeinek bere egoera eta arazoak dituena.
lau
Carme Junyent irakasleak hitzaldi batean esandakoa etorri zait burura: "Elebakartasuna ezinezkoa da. Elebitasuna ez zaigu komeni, gaztelaniaren edo frantsesaren aurkako lehian, galtzeko posibilitatea handiegia delako. Eleaniztasuna da gure aukerarik onena." Hausnarketa egokia, ezta? (Hitzaldiaren izenburua: "Para sermos lingüisticamente sustentábeis". Aurreko sarreran aipatu nuen. Audioa hemen dago)
Larritzeko arrazoiak daudela iruditzen zait. Ez dut uste, halere, arrazoi horiek  "beste hizkuntzekin" zerikusirik dutenik.

2013/02/16

Ekologia eta Hizkuntza

Urtarrilean Itsaso Olaizolak, Belen Urangak eta Iñaki Martinez de Lunak hizkuntza ekologiaren inguruko hitzaldia eskaini zuten San Telmo Museoan Badu Bada erakusketaren testuinguruan. Bideoa web orrian ikus daiteke: Bioaniztasunetik hizkuntzaren iraunkortasunera; ekologiaren liluratik edanez.

Bideoan, amaiera aldean, eztabaida interesgarria sortu da: hizkuntza-ekologiak zer du etikatik eta zer taktikatik edo estrategiatik? Ekologiak ideiak eta diskurtsoak berritzeko inspirazioa eman digu, interesatzen zaizkigun kontzeptuak maileguan hartu ditugu (lapurtu?), eta gure beharren arabera egokitu. Agian, modu interesatuan hurbildu gara (beste) ekologiara; beren kezkak, beren arazoak eta estrategiak, beren penak eta ilusioak ezagutu gabe.

2011ko abenduan Lingua e Ecoloxía jardunaldiak antolatu zituen Coruñako Unibertsitateak. Aktak sarean daude, baita hitzaldi guztien audioak ere. Ez dakit zergatik baina... sentsibilitate ezberdin bat nabaritu dut: ez horren utilitarista, sinbolikoagoa, sujerenteagoa... Gustatu zait.

Jardunaldietako materialetan hizkuntza ekologiak leku nabarmena du, baina ez esklusiboa. Hizkuntza ekologiarekin batera (eta eskuz esku) bestelako gaiak daude: ondarea, herri musika, literatura eta paisaia, ahozko tradizioa, elikadura-burujabetza, ekofeminismoa... Hizkuntza ekologiari dagokionez, interesgarriak iruditu zaizkit Carme Junyet eta Tove Skutnabb-Kangas irakasleen hitzaldiak, baina aurrerago egingo dut horien aipamena.

Materiala eskuratu eta gozatu! Merezi du!

Oharra: Jardunaldietako materiala jaisteko orduan, nik neuk audioa hautatu nuen. Galegoa entzuteko aukera polita izan da... Hori ere gustatu zait.