Showing posts with label BesteHizkuntzak. Show all posts
Showing posts with label BesteHizkuntzak. Show all posts

2013/12/30

Turismo linguistikoa

Wikipediaren arabera, aragoiera da Aragoiko Piriniotako zati batzuetan mintzatzen den erromantze hizkuntza. Aragoieraz aragonés eta fabla aragonesa deitzen zaio.

Amarauna ikerketa taldearen arabera, Aragoieraz hitz egiten dutenak, gaur egun, 10.000 inguru dira. UNESCOk aragoiera ‘arriskupean’ dauden hizkuntzen artean sailkatu du.

Aragoiko instituzioek 2009ko legea indargabetu eta hizkuntzen lege berria onartu egin dute 2013an. Katalana eta Aragoiera hizkuntzen izenak aipatu ere ez dira aipatzen. Zirkunlokioak asmatu dituzte, izen bitxi samarrak: Lengua aragonesa propia del área oriental eta Lengua aragonesa propia de las áreas pirenaica y prepirenaica. Kalean zein komunikabideetan LAPAO eta LAPAPYP bataiatu dituzte, ironia dosi handi batekin.

Ingelesa edo frantsesa ikasteko asmoz, Irlandara edo Parisera abiatzen garenean, turismo linguistikoa deitzen diogu horri. Hizkuntza txikiekin ere, turismo linguistikoa egin daiteke? Zergatik ez? Ez da asko eskatzea. Sentsibilitate apurtxo bat gehixeago besterik ez, hizkuntza horiek gure begien aurrean ikustezinak izan ez daitezen: "desinbisibilizatzeko", alegia.

Lehen elurteekin batera euskaldun andana Jaca aldera doa, hango estazioak bisitatzera. Handik zer ekarriko? Agian, poema txiki bat...
Tornallo a tornallo
feremos una fabla
a fabla más polida
a más polida fabla

2013/01/06

Agur esan du Tio Canya-k

Al Tall taldea orain dela 38 urte sortu zen: 1975an. Valentziako folk talderik ezagunena da, eta Oskorri taldearekin alderatu izan dute maiz, gure artean oso ezaguna ez bada ere.

Duela gutxi iragarri dutenez, taldea desagertu egingo da aurki.

Tio Canya da Al Tall taldearen abestirik ezagunena: Valentziako herri txiki batetik hirira etorri den gizon baten istorioa kontatzen du. Ordezkapen prozesuaren istorioa ere bada: umilazioa gaztelaniaz ez jakiteagatik, autogorrotoa, familia bidezko transmisioaren etena... baita esperantza ere, birlobek hizkuntza berreskuratu dutela ikusten duenean.

Hau da abestia (itzulpena hemen duzue):



Valentziako katalanaren historia sozialaren hainbat pasarte ejenplifikatzen ditu Tio Canya-k. Ordezkapen prozesuaren memoria historikoa da. Tio Canya-k bidea egin du Valentziako imaginario kolektiboan: hainbat elkartek bere izena hartu dute, baita kultur etxeen sare batek ere...

Behean La Gossa Sorda taldearen 'Farem Saó' abestia utzi dizuet. Haiek ere omenalditxo bat egiten diote Tio Canya-ri.

Adiorik ez, Tio Canya.



2012/08/15

Ah, doncs tu també parlaves valencià?


Honako istorio hau entzun dut bideo batean. Deigarria egin zait, duela aste batzuk ere, liburu batean irakurri nuelako:

Bada Valentzian bikote gazte bat. Txiki-txikitatik dira lagunak.

Urteak joan urteak etorri, maitemindu eta ezkondu egin dira. Seme-alabak ere izan dituzte. Seme-alabak handitu, eta etxetik alde egiteko garaia heldu zaie. Senar-emazte horiek elkarrekin jarraitu dute: elkarrekin bizi, bilobak izan, bilobak hazi eta bilobak hezi. 

Halako batean, bietarik bat gaixotu eta, hiltzorian dagoela, honela esan du: «M’estic morint». Besteak harrituta begiratu, eta erantzun dio: «Ah, doncs tu també parlaves valencià?»

Eta fini.