Showing posts with label Istorioak. Show all posts
Showing posts with label Istorioak. Show all posts

2014/03/30

Udaberriko Enarak

Zuberoako mugan


Oporrei begira, Zuberoako mendi ibilbideak bilatzen aritu naiz. Gailurrik egin gabe ere, oso itxura ona duen bat aurkitu dut: Logibar ostatutik abiatu, Holtzarteko zubiraino igo, eta handik gora jarraitu, Pista izeneko ur-jauziraino, Kartxela mendiaren azpian. Berria egunkariak iaz argitaratu zuen: hemen.

Paraje horretan bertan, Belagua aldean, bada beste ibilbide interesgarri bat. Izabatik Belaguara doan errepidea hartu behar da, eta Arrako baseliza dagoen lekuraino igo. Han bertan bide bat abiatzen da mendian gora, Lakura eta Kartxela mendien albotik igaro eta Arrakogoitiko lepora iristen dena. Handik behera, Kakueta arroila ikusgarritik gertu, Santa Grazi herrira iritsi daiteke. Bide horri Enaren bidea deitzen diote.

Enarak


Erronkaritik eta Zaraitzutik Maulera espartingintzara joandako neska gazteak ziren enarak. Beltzez jazten ziren, usadioak agindu bezala. Negua ate joka, senideekin mendi leporaino igo, eta handik Maulera abiatzen ziren. Udazkenean joan eta udaberrian itzuli, enarak bezala.

Nafarrotik soilik ez, Aragoitik ere joaten ziren neskak (Anso eta Echo ibarretatik, batez ere). Baita Italiatik eta Portugaletik ere. Maulek halako kutsu multikulturala izango zuen negu partean.

Herriko etxeetan hartzen zuten ostatu; sarritan, koltxoi bat zuten lurrean lo egiteko, askoz gehiago ez. Itzal oneko neskak ziren; ospe ona zuten herrian: alaiak, arduratsuak eta langileak, baita solidarioak ere.

Oraindik ere fabrika bat dago Mauleko irteeran, turistek bisitatu ahal dutena. Urtean behin, abuztu aldean, Espartinen eguna ospatzen dute bertan. Produkzio txikia da, ordea; eta dagoeneko ez da enararik behar.

Herri kultura


Alde egin zuten Enarek, baina bizirik iraun du emakume horien oroitzapenak. Amaren alabak kantari talde bereziak ikuskizun bat prestatu zuen eta disko bat argitaratu, andereaGatik izenarekin. Kantu gehienak euskaraz daude, baina erderetakoak ere sartu dituzte, XX. mendearen hasierako etorkin gazte horien omenez: euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz zein okzitanieraz.

Egun hauetan irakurtzen aritu naizen testu bat etorri zait burura, Josu Amezagarena da: "Herri kultura: euskal kultura eta kultura popularrak".  Herri kultura inon bizi-bizirik badago, Zuberoa da leku hori. Ez zaizue iruditzen? Deigarria da Zuberoako kultur mundua. Inbidia pixka bat ematen du.

Amaren alabek Iparralde 21 bideoan parte hartu zuen. Hona hemen:

2014/03/17

Hizkuntza darwinismoa

Xabier Erizeri entzun diot hizkuntza ekologiaren diskurtsoaren arriskuaz. Hizkuntzaren ekologia metafora bat besterik ez dela dio; alferrik dela (eta arriskutsua ere bai) paralelismo estuagorik egin nahi izatea. Baten batek tentazioa izan dezake pentsatzeko naturaren legea dela hizkuntzak hiltzea; izaki bizidunak jaio, bizi eta hil egiten baitira.

Soziolinguistika hiztegiaren arabera, Hizkuntza darwinismoa hizkuntzek Darwinen eboluzio-teorien araberako bilakaera dutela pentsatzen duen hizkuntza-ideologia da. Horren arabera, hizkuntza-komunitate indartsuenak gailenduko lirateke, ahulenak baztertuta.

Charles Darwin naturalista eta biologo ingelesa izan zen. 1831n Hego Amerikako itsasaldea eta bereziki Galapagos uharteak ikertzera abiatu zen. Bost urteko bidaia izan zen eta Lurrari bira eman zion. 1859an bere ikerkuntzen laburbilduma argitaratu zuen: On the Origin of Species by Means of Natural Selection. Hortaz, Darwinek hautespen naturalaren kontzeptua sortu zuen, non naturak berak ingurugiro zehatz batean biziraupenerako egokienak diren espezieak hautatu eta egokiak ez direnak baztertu egiten baititu. (Ikus. Wikipedia).

Piotr Alexeievitx Kropotkin (1842-1921) geografoa izan zen eta politika arloko pentsalaria. Siberian egin zituen ikerketetatik abiatuz, eboluzioan elkarlaguntza eta kooperazioa funtsezkoak zirela defendatu zuen. Hautaketa naturala izakien arteko borrokan oinarritzen zituztenak biziki kritikatu zituen.

Entzun dut bi estrategia ezberdin direla: konpetentzia ugaritasuna kudeatzeko estrategia dela, eta kooperazioa urritasuna kudeatzeko estrategia. Ez dakit, bada. Gauza bat ziurra da: handiek konpetentzia maite dute, txikiek kooperazioa.

Charles Darwin liberalismoaren ikurra da, Piotr Kropotkin anarkismoaren teorikoa.

2012/08/15

Ah, doncs tu també parlaves valencià?


Honako istorio hau entzun dut bideo batean. Deigarria egin zait, duela aste batzuk ere, liburu batean irakurri nuelako:

Bada Valentzian bikote gazte bat. Txiki-txikitatik dira lagunak.

Urteak joan urteak etorri, maitemindu eta ezkondu egin dira. Seme-alabak ere izan dituzte. Seme-alabak handitu, eta etxetik alde egiteko garaia heldu zaie. Senar-emazte horiek elkarrekin jarraitu dute: elkarrekin bizi, bilobak izan, bilobak hazi eta bilobak hezi. 

Halako batean, bietarik bat gaixotu eta, hiltzorian dagoela, honela esan du: «M’estic morint». Besteak harrituta begiratu, eta erantzun dio: «Ah, doncs tu també parlaves valencià?»

Eta fini.