Showing posts with label EuskaraTeknikaria. Show all posts
Showing posts with label EuskaraTeknikaria. Show all posts

2015/01/05

Hizkuntza politika, politika publikoak, teknikarion lana eta paradoxak

Politika publikoen arloan garrantzitsua da erabakiak nola hartzen diren ulertzea. Hainbat eredu esplikatibo sortu izan da horretarako. Nik neuk hiru aipatuko nituzke:
Bat. Eredu arrazionala.
Horren arabera, erabakiak hartzeko prozesuak arrazionalak dira:
  1. Lehenik, problema definitu eta problema horren arrazoiak aztertu
  2. Gero, irtenbide posibleak identifikatu
  3. Azkenik, alternatibak alderatu eta optimoa hautatu
Eredua aplikagarria da baldin eta helburuak argiak eta adostuak badira, eta baldin eta teknikoki ere helburu horiek lortzeko bidea ezaguna bada.

Bi. Eredu inkrementala.

Zaila omen da politika publikoen norabideetan erabateko aldeketarik sortzea. Erabaki publikoak, orobat, aurreko erabakiei doiketa inkremental txikiak egitea da. Analisi logikoa lekuz kanpo dago, benetan erabakigarriak diren faktoreak beste batzuk direlako: esperimentazioa eta aktoreen arteko elkarrekintza, alegia.

Norabide aldaketa soil-soilik gerta daiteke baldin eta problemari buruzko informazio berria sortzen bada, edo aktoreen arteko botere-harremanak aldatzen badira, ez bestela.

Hiru. Policy streams eredua (Kingdon).

Ereduak hiru korronteri edo fluxuri buruz hitz egiten digu, neurri batean independenteak diren fluxuei buruz, alegia:
  1. Problemen fluxua (konpondu nahi ditugun arazoen bilakaera, elementu berriak...)
  2. Politikaren fluxua (indar korrelazioa, abagune politikoa, hauteskundeak gertu izatea, adib...)
  3. Soluzioen fluxua (ezagutza teknikoa, finantziazio-aukerak...)
Hiru fluxu horiek puntu batean elkartzen direnean, aukera-lehio bat irekitzen da politika publikoen norabidean aldaketa esanguratsuak egiteko.
Testuinguru horretan sortzen da euskara teknikarion paradoxa eta kontraesana:
  • Nahi genuke... baina jakin badakigu hizkuntza politikan eredu arrazionala oso gutxitan dela bideragarria: kontsentsuak ez dira erabatekoak izaten, eta ikuspegi teknikotik ere erabateko ziurtasun gutxi ditugu. 
  • Eredu inkrementala ez dugu gogokoa. Politika publikoen egonkortasuna azpimarratzen du, eta amore ematea dela iruditzen zaigu: hizkuntza normalizatzea gure esku ez dagoela aitortzea, eta hobekuntza txikiekin konformatu beharra dugula onartzea 
  • Policy streams eredua ere ez da erosoa. Aldaketa esanguratsuak posibleak direla erakusten digu, baina kasik kointzidentziaren ondorio direla: badirudi guk ezer gutxi egin ahal dugula aldaketa horiek eragiteko. 


Boaventura de Sousa Santos da egungo pentsamendu kritikoaren izen esanguratsuenetako bat. Acción-con-clinamen kontzeptua erabiltzen du: klinamen-ekintza, alegia. Klinamen hitzak atomoen desbideraketa txikiei egiten die erreferentzia: desbideraketa txikiak dira, ondorio sorta zabal bat abiatu ahal dutenak. Boaventura de Sousaren esanetan, klinamen-ekintzak ere horrelakoak dira: ez dira haustura zorrotzak, desbideraketa txikiak baizik. Txikiak izanagatik, metagarriak, eta konbinazio konplexuak eta sortzaileak eragin ditzakete.

Teknikarion lana horrelakoa dela pentsatu nahi nuke: aldaketa sakon-sakonak ez daude gure esku, baina bai desbideraketa txiki horiek eragitea, eta ekintza txikien bidez aldaketa sakonagoak gertatzeko posibilitatea maximizatzea.

2014/06/06

Euskararen "ofizioak"

Joan den astean aurtengo Udaltop Soziolinguistika Jardunaldiaren bideoak ikusten aritu naiz. Gauza interesgarri askotxo ikusi dut; Nekane Goikoetxearen hitzaldia, esate baterako: Euskara teknikariaren rolaz: ezagutzari ekarpena praktikatik. Bi ideiarekin geratu naiz:

  • Euskara Teknikariaren profesioa berria dela dio, "kontsakratu" gabekoa. Oraindik ere arian-arian sortzen ari garen profesioa, alegia.
  • Profesionalizazioan sakontzeko, praktika gogoetatsua proposatzen du.

Orain dela hainbat urte, euskaltegien berrikuntza kurrikularrari buruzko mahai-inguru batean parte hartzea egokitu zitzaidan. Eztabaida polita izan zen. Euskalduntze mugimenduaren indarraz aritu ginen. Irakasleak ondo baloratuak zirela defendatu genuen, jende inplikatua zela, eta orohar oso ondo ikusiak.

Ideia horrek, ordea, bazuen ifrentzua. Batzuen ustez, euskara irakaslea "azpi-ofizio" baten modukoa zen: jende sinpatikoa, dinamikoa, atsegina... bai; profesional peto-petoak ez. Irudipena zegoen euskara irakaslea -jende askorentzat- tarte baterako jarduna besterik ez zela: ikasi bitartean, edo beste zerbait aurkitu bitartean.

Orain bezala, orduan ere praktika gogoetatsua proposatzen zen: irakaslea ikerlari bihurtu, ikasgelan bertan ikerkuntza bultzatu, nork bere praktikaren gainean ikertu eta ikasi, irakasleen diarioak erabili, behaketa... Dinamika interesgarria sortu zen, emaitza handi-handirik ez.

Hitzaldia ikustearekin batera, Olga Esteve irakasle kataluniarraren izena etorri zait gogora. Euskaltegietako irakasleentzat praktika gogoetatsuaren inguruko hainbat ikastaro eman zuen. Beranduago, 2010ean, berriro ere Euskal Herrian egon da, Ulibarri programaren baitan antolatzen den Eskola Hiztun Bila jardunaldietan. Orain dela hilabete gutxi, artikulu bat argitaratu du Eusko Ikaskuntzaren Ikastaria aldizkarian: Entre la práctica y la teoría. Comprender para actuar (pdf). Merezi du irakurtzea.

Gustatu zait Nekane Goikoetxearen hitzaldia. Déjà vu baten modukoa izan da. 

2014/05/21

Lau apunte, lidergoei buruz

Eralan proiektuari buruz, eta Elkarrekin Berritzen jardunaldien ildotik, ideia batzuk ekarri nahi izan ditut hona. Lau apunte besterik ez dira:

Lidergo eraldatzailea

Antolakunde baten organigrama piramide baten moduan irudikatu ohi dugu: goiko erpinean zuzendaria, eta hortik behera gainontzeko guztiak. Boterean oinarritutako lidergoaren irudia da.

Eralan proiektuaren hitzaldi batean entzun nuen ideia horretatik abiatzea komeni dela: piramidea buruz behera jarri behar dela, eta erakundeko kide guztiei erabakiak hartzeko ahalmena eman (baita horretarako aukera estrukturalak sortu ere). Liderra piramidearen behealdean dago, horri guztiari eusten. Zerbitzuan oinarritutako lidergoa da. Ideia hori buruan itsatsia geratu zitzaidan.

Lacandonatik

Zapatismoa, alde askotatik, mugimendu atipikoa da. Kultura indigenen jakintzatik eta filosofiatik edan du, eta komunitate indigenen zerbitzura aritzeko borondatea erakutsi. Komunitate zapatistetan agintariek "obedituz agindu" behar dutela esan ohi da. Horretaz ari gara, ezta?

Lidergo elkarbanatua

Badakit ez dela horrela, baina... Lidergo eraldatzailea entzuten dudanean pertsonak irudikatzen ditut; lidergo partekatua entzuten dudanean, lantaldeak eta ekipoak.

Hacker etikatik lidergo elkarbanatuaren ideia proposatu digute. Lidergo elkarbanatua entzuten dudanean... sareak eta komunitateak irudikatzen ditut. Komeni da ideia horretan sakontzea.

Ahaluztea edo "desenpoderamendua"

Ahaluztearen kontzeptua hilabete hauetan entzun dut lehen aldiz (hemen, adibidez). Atzean dagoen ideia oso ezaguna egiten zait. Ahaluztea botereari edo "lidergoari(?)" uko egitea da, eraikuntza kolektiboa ahalbidetzeko. Irudipena dut proiektu askoren porrota hortik etorri ohi dela: lidergo-gatazkengatik edo lidergoari buruzko ideia okerrengatik.

2013/05/16

Parte-hartzea hizkuntza politikan

Altxor txiki bat aurkitu dut sarean: Centro de Documentación Sociolingüística de Galicia. Mediatekaren barruan, hizkuntza normalkuntzari buruzko topaketen materialak daude: aktak, audioak, bideoak... Material asko eta ona.

Materialetan bi hitzaldi aurkitu ditut, bereziki interesgarriak iruditzu zaizkidanak: bata Xaime Subielarena da, "A participación social na elaboración das politicas lingüísticas en Galicia"; eta bigarrena José Manuel Sabucedorena, "Actitudes cidadás e mobilización ante os problemas sociais".

Lehenegoari buruzko apunteak jasoko ditut sarrera honetan. Gehiegi ez luzatzeko, bigarrenari buruzkoak egun batzuk barru ekarriko ditut hona.

Jendartearen parte-hartzea hizkuntza politikan


Bat. Zergatik parte-hartzea? Arrazoi asko aipatu ditu: normalizazio zerbitzuen lanari legitimitatea emateko, gerora ere inplikatzeko prest dauden eragileak identifikatzeko, normalizazio zerbitzuak jendartearen errealitatearekin hobeto konektatzeko... Baina batez ere, normalizazio planaren diseinua normalizazio plana proposatzeko eta erabakitzeko prozesua bera dinamizazio ekintza bat delako: ekintza kolektibo bat, komunikazio sozialean oinarritua. Plana ez da hasten, planaren dokumentua onartu eta hurrengo egunean. Egoera zein den eta zer egin pentsatzen hasten garen unean bertan hasten da plana. Xaimek dioen moduan, planifikazio estrategikoak bi alde ditu: planifikazioa eta estrategia; helburuak, ekintza-zerrenda, kronograma...bai, baina baita gauzak egiteko modu bat ere.

Bi. Hizkuntza normalizazioa prozesu sozial konplexua da. Borondate politikoa beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Erritmo politikoa eta erritmo soziala aipatu ditu Xaimek. Entitate sozialak aktibatu behar dira, jendartean bertan dauden baliabideak mobilizatu... Parte-hartzea indartzea aliatuak bilatzea da, baina ez hori bakarrik. Hiru helburu azpimarratu ditu: gertukoak aktibatzea, indiferenteak mobilizatzea, eta kontrakoak neutralizatzea.

Hiru.  Kontsentsuaren ideia ere aipatu du. Teknikariak garen neurrian, paradoxa txiki bat bizi dugu: zer da hobe, kontsentsua ala "normalizazioaren aldeko tentsioa"? Kontsentsua, neurri batean, lo-eragilea da (desmobilizatzailea?). Kontsentsuaren atzean, sarritan, eduki sustantibo handirik gabeko planteamenduak egoten dira; edo iritzi kontrajarriak bata bestearen ondoan jarrita, inolako koherentziarik gabe.

Lau. Amaitzeko zazpi puntuko "dekalogo" bat proposatu du:
  1. Erabaki politikoa beharrezkoa da.
  2. Normalizazio zerbitzuen lidergoa beharrezkoa da.
  3. Erakundeetan aldaketak daudenean, orduan da unerik egokiena hizkuntzaren aldetik ere aldaketak eragiteko. 
  4. Zeharkakotasuna
  5. Abstrakzioetatik harago, komeni da parte-hartzea proiektu zehatzen inguruan egituratzea.
  6. Sostengu teknikoa (edo teknikoen sostengua) beharrezkoa da, parte-hartzea errazteko.
  7. Prozesuak, hasiera-hasieratik, komunikazio soziala izan behar du helburu.
Ideiak, ziur aski, ez dira guztiz berriak izango. Baina freskoak iruditu zaizkit.

Materiala hemen dago: XII Encontros para a Normalización Lingüística


2013/05/04

Ideia erradikalak

Ideia managementari buruzko blog batetik atera dut: hemendik. Blogak “ideia erradikalak” deritzan atal bat du. Ideia erradikalek pentsaraztea dute helburu: enpresak kudeatzeko erabiltzen diren premisak kolokan jartzea,  indarrean dauden "eredu mentalen" atzean zer dagoen aztertzea... Probokazio txikiak dira, aurrera egiteko mugak non dauden ikusteko aukera ematen dutenak.

Udaltop jardunaldietako materialak kuxkuxeatzeko aukera izan dut, eta ideia erradikal bat edo beste ikusi dut. Gustatu zait, esate baterako, Arrasateko berdintasun teknikariaren hitzaldia: Pankartatik Administraziora. Militantziatik administrazioko lanpostura doan bideaz hitz egin du, non lanbideak eta norberaren ibilbideak bat egiten duten, eta bien arteko muga desagertu.

Euskara teknikari askok ibilbide hori bera egin dugu. Guk ere -administrazioan egon, zein enpresa batean egon- kokaleku berezia dugula iruditzen zait.

Honek guztiak, nire ustez, hacker etika deitu izan denarekin eta horrek aldarrikatzen dituen baloreekin du zerikusirik: egiten dugunarekin interesa, lanarekiko grina, askatasuna, kontzientzia, horizontaltasuna, berdintasuna, ezagutza irekia, jakinmina, sormena...

Innobasque eta Berria egunkariak antolatua, Pablo Mancini kazetariak hitzaldi bat eman zuten orain dela hainbat hilabete:  Kazetaritza hackeatzen. Komunikabide banatuak eta hartzaileei begirako berrikuntza. Egoera berriei aurre egiteko, balore horietatik abiatzea eta kazetaritza birpentsatu beharra aldarrikatzen zuen.

Hona, bada, gure proposamena: euskara zerbitzuak ere hackeatu, gure eredu mentalak kolokan jarri, eta “ofizioa” birpentsatu...

On egin!