Showing posts with label ParteHartzea. Show all posts
Showing posts with label ParteHartzea. Show all posts

2015/02/01

Parte Hartzea eta Partaidetza: parte hartu eta parte izan

XII. Topaldiaren hitzaldiak streaming bidez jarraitu ditut.

Lorea Agirreren hitzaldia gustatu zait. Gauza interesgarri askoren artean, kulturgintza parte hartzean oinarritu behar dela esan du.  Are gehiago: parte hartzetik partaidetzara igaro beharra aldarrikatu du (parte hartu eta parte izan), baita partaidetza identitate moduan ulertu behar dugula iradoki ere; parte hartzen dugun leku horietakoak baikara, parte hartzen uzten diguten leku horietakoak, alegia.

Igor Elortzak ere antzeko ideiak adierazi ditu, eta Benjamin Franklinen aipu bat erabili du: “Esaidazu eta ahaztu egingo dut. Erakutsidazu eta gogoratu egingo dut. Bihur nazazu parte eta ikasi egingo dut.” 

Ideia horietatik tiraka, "parte hartzearen eskilara" deritzan eredua gogoratu dut, parte hartzeari buruzko ikastaroetan sarri aipatu ohi dena. Eredua Sherry Arnstein-ek sortu zuen, Estatu Batuetan garapen komunitarioren inguruan ikertzen ari zela. Sherry Arnstein-ek parte hartzea eskailera baten moduan irudikatzen du: eskaileran gora egin ahala, are benetakoagoa eta sinisgarriagoa da parte hartzea. 

Zortzi eskailera-maila proposatzen ditu:
Ez Parte Hartzea
  • Lehena. Parte hartzea = manipulazioa. Agintarien erabakiak legitimatzea da helburua.
  • Bigarrena. Parte hartzea = terapia. Herritarrei barruan dutena kanporatzeko aukera ematea da. 
Parte Hartze Formala 
  • Hirugarrena. Parte hartzea = informazioa. Agintariek beren asmoen berri ematen dute, erantzuteko aukerarik ez badago ere.
  • Laugarrena. Parte hartzea = kontsulta. Herritarrek iritzia emateko espazioak sortzen dira. 
  • Bostgarrena. Parte hartzea = baretzea. Iritziak jaso ezezik, horietako batzuk aintzakotzat hartzen dira, agintarien borondate ona erakusteko. 
Parte Hartzea 
  • Seigarrena. Parte hartzea = lankidetza. Negoziazio prozesu bat da, eta horren ondorioz, herritarren ikuspuntuak kontuan hartzen dira.
  • Zazpigarrena. Parte hartzea = delegazioa. Erabaki batzuk herritarren esku daude erabat. 
  • Zortzigarrena. Parte hartzea = herritarren kontrola, agintarien tutelarik gabe.
Eredua administrazioari egiten dio erreferentzia. Baina, Sherry Arnstein-ek berak zioen moduan, beste edozein erakunderi ere aplikatu ahal zaio.

2014/06/17

Sareak eta Komunitateak


Aurreko hilabetean hiru sarrera argitaratu nituen, elkarrekin oso lotuak:

Ohartu naiz laugarren bat falta dela: sareei eta komunitateei buruzko gogoetatxo bat, hain zuzen. Gorka Julioren ideiak eta proposamenak dira abiapuntu.

Interesgarria egiten zait bere planteamendua: sare sozialei buruz eta komunitate birtualei buruz hitz egitean, mundu birtualaren eta mundu errealaren arteko parekotasunak azpimarratzen ditu, eta batean gertatzen diren fenomenoak bestera transferitzen saiatu.

Euskara planen ekarpen nagusietako bat da eragileak (eragin dezaketen pertsonak eta taldeak) aktibatzea eta horien arteko sinergiak sortzea (saretzea). Nik behinik behin hala uste dut.

Saretu hitzak, dena den, bi esanahi dituela iruditzen zait:
  • Elementu isolatuen arteko loturak eraikitzea. Gure artean, gaur egun, horrela erabiltzen dugu sarri. 
  • Trinkotasuna galdu... Eguraldiaren iragarpenetan, esate baterako, halaxe erabiltzen da: "Ostiralean ere euria egingo du, arratsaldean batez ere, baina tarteka zerua saretu egingo da eta eguraldiak itxura hobea hartuko du". 

Sarean loturak arinak dira; komunitateetan trinkoak. Komunitate bateko kide izateak identitatean ere eragiten du, kideek zerbait partekatzen dute: helburu bat, praktika bat... edo --agian-- gai batekiko interesa besterik ez. Horrek, dena den, konpromisoa eragiten du: elkarrekin eta komunitatearekin.

Gorka Juliok --ondo interpretatu badut-- hiru geruza proposatzen ditu: komunitateak, meta-komunitateak eta sareak.

Ezer ez dagoen lekuan egokia eta beharrezkoa da sareak sortzea. Sareak dauden lekuan, komunitateak sortu daitezke. Komunitateak dauden lekuan, komunitateak eta taldeak dira saretu behar direnak, meta-komunitateak osatzeko.

Merezi du horretan sakontzea... eta ez naiz (soilik) teknologiaz hitz egiten ari, eragileen artikulazioaz baizik.

2014/05/21

Lau apunte, lidergoei buruz

Eralan proiektuari buruz, eta Elkarrekin Berritzen jardunaldien ildotik, ideia batzuk ekarri nahi izan ditut hona. Lau apunte besterik ez dira:

Lidergo eraldatzailea

Antolakunde baten organigrama piramide baten moduan irudikatu ohi dugu: goiko erpinean zuzendaria, eta hortik behera gainontzeko guztiak. Boterean oinarritutako lidergoaren irudia da.

Eralan proiektuaren hitzaldi batean entzun nuen ideia horretatik abiatzea komeni dela: piramidea buruz behera jarri behar dela, eta erakundeko kide guztiei erabakiak hartzeko ahalmena eman (baita horretarako aukera estrukturalak sortu ere). Liderra piramidearen behealdean dago, horri guztiari eusten. Zerbitzuan oinarritutako lidergoa da. Ideia hori buruan itsatsia geratu zitzaidan.

Lacandonatik

Zapatismoa, alde askotatik, mugimendu atipikoa da. Kultura indigenen jakintzatik eta filosofiatik edan du, eta komunitate indigenen zerbitzura aritzeko borondatea erakutsi. Komunitate zapatistetan agintariek "obedituz agindu" behar dutela esan ohi da. Horretaz ari gara, ezta?

Lidergo elkarbanatua

Badakit ez dela horrela, baina... Lidergo eraldatzailea entzuten dudanean pertsonak irudikatzen ditut; lidergo partekatua entzuten dudanean, lantaldeak eta ekipoak.

Hacker etikatik lidergo elkarbanatuaren ideia proposatu digute. Lidergo elkarbanatua entzuten dudanean... sareak eta komunitateak irudikatzen ditut. Komeni da ideia horretan sakontzea.

Ahaluztea edo "desenpoderamendua"

Ahaluztearen kontzeptua hilabete hauetan entzun dut lehen aldiz (hemen, adibidez). Atzean dagoen ideia oso ezaguna egiten zait. Ahaluztea botereari edo "lidergoari(?)" uko egitea da, eraikuntza kolektiboa ahalbidetzeko. Irudipena dut proiektu askoren porrota hortik etorri ohi dela: lidergo-gatazkengatik edo lidergoari buruzko ideia okerrengatik.

2014/04/26

Politikariak, teknikariak, herritarrak...

Apunte zaharrak garbitzen ari nintzela, Oscar Rebolloren testu baten aipua aurkitu dut. Oscar Rebollo irakaslea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Bai administraziotik eta bait unibertsitatetik, herritarren parte hartzea eta garapen komunitarioa landu ditu.

Hau da aipua:
Parte hartze prozesuetan; politikariak, teknikariak eta herritarrak elkartzen direnean, batzuetan badirudi nork bere papera "disimulatu" egin nahi izaten duela. Beno, agian disimulatu ez; agian paperak nahastu egiten dituzte. Agintariek herritar soilak direla sinestarazi nahi digute. Herritar batzuek, ordea, agintea haiei dagokiela uste dute, alkatea haiek direla, alegia. Alkate eta zinegotzi batzuek uste dute haiek teknikariak direla [eta ez nolanahikoak, haiek baitira teknikaririk onenak] eta haiei dagokiela erabaki teknikoak hartzea. Teknikari batzuk, azkenik, galduta ibiltzen dira: batzuetan "bat gehiago" izan nahi dute, herritar soilak; beste batzuetan politikarien papera jokatu nahi dute; gutxitan betetzen dute teknikarien papera. 
Horiek horrela, oso prozesu desordenatuak sortzen dira: ez dakitenari buruz hitz egiten dute batzuek; eta ez dagokiena erabaki nahi dute besteek.
Testu probokatiboa da; ziur aski helburu horrekin idatzita. Baliteke egiatik asko izatea; hori ez dut ukatuko. Dena den, nik neuk gero eta zalantza gehiago dauzkat. Zuek garbi ikusten al duzue zer den "erabaki politikoa" eta zer "erabaki teknikoa"? Iruditzen zait sarritan mugak ez direla erabat argiak.

Itzulpen libre samarra egin dut. Testu osoa interneten ere badago.
Hemen: http://habitat.aq.upm.es/boletin/n24/aoreb.html

2014/02/04

Berrikuntza

Duela gutxi Albert Serra irakasleak eman duen hitzaldi bat entzuteko aukera izan dut: hizpidea, Gizarte Berrikuntza eta administrazio lokala. Hitzalditik hainbat ideia jaso eta hona ekartzea pentsatu dut, zuei ere interesgarriak irudituko zaizkizuelakoan. Hona hemen:

  • Inoiz baino argiago dago: krisia sistemikoa da, instituzioen krisia ere bada, ziklo baten amaieran gaude. Hortaz, nabaria da eredua birpentsatu eta (bir-)asmatu beharra.
  • Programa batek ondo funtzionatzen ez badu, nahikoa izaten da berrikuntza puntual batzuk egitea: funtzionatzeko modua, prozesuak, rolak... Berrikuntza inkrementalak direla esan ohi da. Berrikuntza disruptiboak bestelakoak dira: desegin eta berriro eraiki. Sarri, horiek ere beharrezkoak dira.
  • Administrazioari egonkortasuna eta segurtasuna eskatu ohi zaizkio; kontserbadorea izatea, alegia. Horregatik paradoxikoa da administrazioaren eta gizarte berrikuntzaren arteko harremana.
  • Gure zerbitzuen katalogoak etengabe mahai gainean jarri behar dira, eta etengabe berritu. 20-80-20 eredua proposatu du; urtez urte katalogoaren %80 mantendu, eta %20 erabat berritu: jarduera zaharkituak bertan behera utzi, eta ekimen berri-berriak abiatu.
  • Berrikuntza eta teknologia ez dira bat. Antolaketa berritu daiteke, prozesuak, rolak, produktuak, zerbitzuak, parte hartzeko sistemak... Administrazioak obsoleszentzia digitalak sortzeko joera duela esan du: dagoeneko zaharkitu diren produktuak eta zerbitzuak berritu ez, baizik eta digitalizatu egiten ditu; lehengo bera eskaini, baina ordenadore bidez
  • Berrikuntzarako baldintza egokiak aipatu ditu: aniztasuna, dentsitatea, kapital soziala... Baldintza horiek, batez ere, marko lokalean ematen direla defendatu du: hiria da, bere ustez, berrikuntzarako jokalekurik onena.
  • Ideien laborategiak ondo daude: prozesu estrukturatuak dira, (zuhurtasunez) esperimentatzeko aukera ematen dutenak. Dena den, ideia berri asko eta asko kasualitatez sortzen dira (serendipia). 
  • Administrazioaren apustua, beraz, eszenatoki berriak ahalbidetzea izan behar dela uste du: berrikuntza soziala erraztuko duten jokalekuak eta prozesuak antolatzea. 
  • Agertoki berri horietan bestelako lidergoak sortu beharra aldarrikatu du: lidergo "elkarbanatuak"

Euskalgintzan ere ziklo luze baten amaieran gaudela esan du hainbatek (bost hamarraldiko zikloa aipatu berri du Jon Sarasuak). Hortaz, ideia horiek guztiak kasik hitzez hitz hartu eta gurera ere ekarri ahal direla iruditu zait. Egin proba!


2013/08/12

Sormenezko desbordeak.


Twitterren bidez eta googleren bidez jarraitu nituen Participación, implicación e traballo colaborativo jardunaldiak. @Garaigoikoak lan izugarria egin zuen: eskerrik asko!

Red Cimas erakundeko Alicia Tenzek egin zuen azalpenari oso itxura ona hartu diot. Erakunde bereko kidea den Tomas R Villasanteren hitzaldi bat entzuteko aukera izan nuen orain dela hainbat urte, eta handik gutxira bere liburu bat irakurtzeko parada ere: Desbordes Creativos

Liburu zaila iruditu zitzaidan: trinkoa. Inoiz gertatu al zaizue, testu bat irakurri eta halako inpresio bat izatea oso-osorik ez duzula ulertu, eta zerbait inportantea galtzen ari zaretela? Halako zerbait da liburu honekin gertatu zaidana. Zaila da laburtzen. Eraldaketa sozialari buruz jarduten du, baita parte-hartzeari buruz ere. Kontzeptuala da: kontzeptu askotxo lantzen ditu. Nik neuk hiru ideia aipatuko nituzke: matrizeak, desbordeak eta errebertsioa.


Matrizeak


Errealitate soziala ulertzeko, lau dimentsio proposatzen ditu. Era grafiko batean azaltzeko, hiru ardatzeko sistema bat eraikitzen du: (a) Zergatik (sintomak), (b) Zertarako (helburuak), (c) Norentzat (boterea eta botere-harremanak). Hiru ardatz horiek hiru plano mugatzen dute:
(C). Crear. Sortu. Zer, zergatik eta zertarako. Ideien planoa da. Lehentasunak ezartzen ditu: korapilo kritikoak non dauden esaten digu, eta eraldaketa ekar dezaketen indar-ideiak sortzen ditu. Kontsentsuak ahalbidetzen ditu. Sormena, beraz, horrela ulertzen du Villasantek.
(P). Poder. Ahal izan. Sare sozialekin du zerikusia. Eskuartean ditugun gaiak hartu eta eragileak, taldeak, instituzioak, kolektiboak... nola kokatzen diren aztertzea proposatzen du: jendarte sareen kartografia egitea. Sarea bera eraldatzea da helburua, aliantzak sortzea, errealitatea eraldatzeko.  
(T). Tener. Ukan. Alde praktikoena da: ekonomiarekin zerikusia duena. Baliabideak dira: direnak eta ez direnak.


Laugarren planoa denbora da, eta beste hirurek denboran zehar nolako bilakaera duten marrazten du. (H) deitzen dio (Habitar). Bizipenekin du zerikusirik.

Eraldaketa bilatzen duen prozesu batek, beraz, lau planoak (edo dimentsioak) landu behar ditu: bizipenak, gai kritikoak, jendarte-sareak, eta baliabideak.


Desbordeak


Desbordea da beste hitz gako bat. Villasanteren ustez egoera guztietan bizi-bizirik daude kontraesanak. Inoiz kontraesan horiek guztiek gainezka egiten dute. Zerk eragiten du gainezkatzea? Gehienetan ez da izugarrizko gertaera izaten: eguneroko zerbait izan ohi da, une eta leku egokian gertatu dena. Inork espero ez duenean, jendartearen inplikazioa lortu, eta jauzi bat gertatu ahal da: desborde bat.


Errebertsioa


Desbordeak errebertsiboak izatea defendatzen du Villasantek.

Errebertsioa, bere hitzetan, ez da une bateko oldarraldi hutsa. Errebertsioa da ereitea; errebeldia, jarraitua eta iraunkorra. Ez da sistemari kanpotik erasotzea (akats berberak izan ahal dituen beste sistema batetik), baizik eta sistemaren beraren kontraesanak agerian jartzea eta barrutik lehertzea. Errebertsioa sormena da, dilemak (A ala B) apurtu, eta ardatz emergente berriak bilatzen baititu.


Gehiago arakatzeko


Hemen utziko dut. Esan bezala, oso liburu konplexua iruditu zitzaidan, baina oroitzapen ona utzi zidan. Gustura irakurri nuen. Liburuaren 6. kapitulua oso-osorik jeitsi daiteke hemendik (pdf)


2013/06/24

Parte-hartzeari buruzko bi ideia interesgarri

Duela hilabete inguru, parte-hartzeari buruzko hitzaldi baten laburpena ekarri nuen hona. Aste honetan bigarren erreferentzia interesgarri bat aurkitu dut, nahiz eta zuzen-zuzenean euskara-planekin zerikusik izan ez. Herritarrekin sarearen weborrian Oscar Rebollo irakaslearen hitzaldi bat aurkitu dut [hemen.]. Herritarrekin Gipuzkoako herritarren parte hartzeko esperientziak partekatzeko eta gizarteratzeko gunea da.

Hiru arrazoi azaltzen ditu parte-hartzea indartzeko:

  • Ez dugu bakarrik geratu nahi. Agintarien eta herritarren arteko deskonexioari irtenbidea emateko saiakera da parte-hartzea. Kalitate demokratikoarekin du zerikusia. 
  • Bakarrik, ezin dugu. Gizarte arazoak konplexuak dira: gero eta konplexuagoak. Alde askotatik egin behar zaie aurre.
  • Bakarrik, ez dugu nahi. Egitasmo komun baten inguruan hainbat eragile biltzen dugun bakoitzean, bigarren helburu bat ere lortzen dugu: sareak jostea... eta gizarte kapitala sortzea.

Oscar Rebollo UABko irakaslea da. Gogoratu dut orain dela urte batzuk ere oso adierazgarria iruditu zitzaidan artikulu bat irakurri niola: La participación. Resistencias y cómo vencerlas. Parte-hartzearen aurrean egon ohi diren erresistentziak deskribatzen ditu bertan, eta kultura politikoarekin zerikusia dutela azpimarratu. Honakoak:
  • Boterearen (eta politikaren) kultura: "Hautatu egin naute, ezta? Gehiengo absolutua dut, ezta? Ba... nik agintzen dut!".
  • Burokraziaren kultura: "Bale... baina soilik honaino... hemendik aurrera beste departamentu bati dagokio".
  • Kultura teknokratikoa: "Zertarako parte-hartzea? Teknikariak ditugu, ezta? Haiek esango dute zer egin" edo "Bai, baina teknikaria ni naiz. Jakin, nik dakit zer egin behar den. Nor dira horiek zer egin behar dugun esateko".
  • Lidergoari buruzko kultura: "Bai, baldin eta garbi geratzen bada lidergoa udalarena dela".
  • Gatazkari eta kontsentsuari buruzko kultura: "Bai, denak ados jartzen badira... Baina nik ez dut mobidarik nahi. Ados jartzen ez badira, nik diodana egingo dugu!".

Ezagun egiten zaizkizue? Euskara-planen testuinguruan ere halakorik entzun al duzue inoiz? Nik bai.

Kontra-argudioak ere ematen ditu Oscar Rebollok, eta, gurera etorrita, badira bi, bereziki esanguratsuak iruditzen zaizkidanak:
Bat. Prozesuetan kontsentsuak eta gatazkak ematen dira etengabe, elkarren jarraian. Kontsentsua ez da erabateko eta baldintzarik gabeko atxikimendua. Abiatzeko halako adostasun maila eskatuko bagenu, gutxitan abaituko ginateke. Kontsentsua egunez egun eraiki behar da.
Bi. Alferrik da arazo bakoitzeko irtenbide tekniko optimoa aurkitu nahia. Arazoak ez dira arazoak, interesen gatazkak baizik; erantzunak ezin dira soil-soilik teknikoak izan. Teknikoki egokiak diren erantzun guztien artean adostasun handiena zeinek biltzen duen izaten da kontua.

2013/05/16

Parte-hartzea hizkuntza politikan

Altxor txiki bat aurkitu dut sarean: Centro de Documentación Sociolingüística de Galicia. Mediatekaren barruan, hizkuntza normalkuntzari buruzko topaketen materialak daude: aktak, audioak, bideoak... Material asko eta ona.

Materialetan bi hitzaldi aurkitu ditut, bereziki interesgarriak iruditzu zaizkidanak: bata Xaime Subielarena da, "A participación social na elaboración das politicas lingüísticas en Galicia"; eta bigarrena José Manuel Sabucedorena, "Actitudes cidadás e mobilización ante os problemas sociais".

Lehenegoari buruzko apunteak jasoko ditut sarrera honetan. Gehiegi ez luzatzeko, bigarrenari buruzkoak egun batzuk barru ekarriko ditut hona.

Jendartearen parte-hartzea hizkuntza politikan


Bat. Zergatik parte-hartzea? Arrazoi asko aipatu ditu: normalizazio zerbitzuen lanari legitimitatea emateko, gerora ere inplikatzeko prest dauden eragileak identifikatzeko, normalizazio zerbitzuak jendartearen errealitatearekin hobeto konektatzeko... Baina batez ere, normalizazio planaren diseinua normalizazio plana proposatzeko eta erabakitzeko prozesua bera dinamizazio ekintza bat delako: ekintza kolektibo bat, komunikazio sozialean oinarritua. Plana ez da hasten, planaren dokumentua onartu eta hurrengo egunean. Egoera zein den eta zer egin pentsatzen hasten garen unean bertan hasten da plana. Xaimek dioen moduan, planifikazio estrategikoak bi alde ditu: planifikazioa eta estrategia; helburuak, ekintza-zerrenda, kronograma...bai, baina baita gauzak egiteko modu bat ere.

Bi. Hizkuntza normalizazioa prozesu sozial konplexua da. Borondate politikoa beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Erritmo politikoa eta erritmo soziala aipatu ditu Xaimek. Entitate sozialak aktibatu behar dira, jendartean bertan dauden baliabideak mobilizatu... Parte-hartzea indartzea aliatuak bilatzea da, baina ez hori bakarrik. Hiru helburu azpimarratu ditu: gertukoak aktibatzea, indiferenteak mobilizatzea, eta kontrakoak neutralizatzea.

Hiru.  Kontsentsuaren ideia ere aipatu du. Teknikariak garen neurrian, paradoxa txiki bat bizi dugu: zer da hobe, kontsentsua ala "normalizazioaren aldeko tentsioa"? Kontsentsua, neurri batean, lo-eragilea da (desmobilizatzailea?). Kontsentsuaren atzean, sarritan, eduki sustantibo handirik gabeko planteamenduak egoten dira; edo iritzi kontrajarriak bata bestearen ondoan jarrita, inolako koherentziarik gabe.

Lau. Amaitzeko zazpi puntuko "dekalogo" bat proposatu du:
  1. Erabaki politikoa beharrezkoa da.
  2. Normalizazio zerbitzuen lidergoa beharrezkoa da.
  3. Erakundeetan aldaketak daudenean, orduan da unerik egokiena hizkuntzaren aldetik ere aldaketak eragiteko. 
  4. Zeharkakotasuna
  5. Abstrakzioetatik harago, komeni da parte-hartzea proiektu zehatzen inguruan egituratzea.
  6. Sostengu teknikoa (edo teknikoen sostengua) beharrezkoa da, parte-hartzea errazteko.
  7. Prozesuak, hasiera-hasieratik, komunikazio soziala izan behar du helburu.
Ideiak, ziur aski, ez dira guztiz berriak izango. Baina freskoak iruditu zaizkit.

Materiala hemen dago: XII Encontros para a Normalización Lingüística