Showing posts with label català. Show all posts
Showing posts with label català. Show all posts

2012/12/26

Revernaculización

Xarxa CRUSCAT erakundeak «Llengua, educació i revernaculització» izeneko jardunaldiak antolatu zituen 2007. urtean. Hiru urte beranduago, 2010ean, aktak argitaratu zituen: «La Revernacularització del valencià a la ciutat d’Alacant» (pdf).

Revernacularitzazió hitzak atentzioa eman dit. Orain arte ez diot gehiegi erreparatu, baina oraingo honetan deigarria gertatu zait. Googlek oso aipamen gutxi ematen ditu, eta horietako bat Deia egunkariaren erreportaje bati dagokio:
A Sofía sus padres le educaron en castellano. Sus abuelos, pese a saber valenciano, como su padre, también le hablaron en castellano hasta que Sofía empezó el colegio. Su familia escogió escolarizarla en valenciano y así creció dominando las dos lenguas./.../ El fenómeno lingüístico que se produce en casa de Sofía se llama revernaculización: tras un período de imposición lingüística en una generación, la siguiente regresa al idioma originario de sus antepasados más cercanos.
Revernacularitzazió, hortaz, oso kontzeptu zehatza da, familia bidezko transmisioarekin eta transmisioaren etenarekin zerikusia duena, eta oso konnotazio interesgarriak dituena: belaunaldiz belaunaldiko ondorengoetaratzea, etena, lehengoratzea...

Euskaraz berreuskalduntzea erabili izan dugu, baina... esango nuke ez dela gauza bera.

Oharrak:

(1) Lafont okzitaniarrak occitan hérité eta occitan retrouvé terminoak erabiltzen ditu. Lionel Jolyk eman du horren berri Jakin aldizkarian (191. zk.). Gurera etorrita, oinordetutako euskara eta berreskuratutako (berriz aurkitutako) euskara proposatzen ditu Lionelek.

(2) Goian aipatu dugun liburuan Mtz de Lunaren hitzaldi interesgarri bat dago: Vitòria-Gasteiz 1981-2006: monolingüisme, diglòssia o bilingüisme? Merezi du irakurtzea.

(3) Beste baterako utziko dugu, baina oso interesgarria litzateke gune erdaldunetan bizi eta hazi diren guraso euskaldun berrien jokabideak ikustea.

2012/09/16

Tamainak garrantzia al du?

Nola esan behar dugu? Hizkuntza gutxituak, threatened languages, hizkuntza txikiak, menpeko hizkuntzak, hizkuntza subordinatuak, hizkuntza gutxiagotuak, eremu urriko hizkuntzak, gutxiengo(ar)en hizkuntzak, minority language...

Honezkero ikasi dugu hizkuntzaren erabilera ez dela neutroa. Gauzak eta kontzeptuak izendatzeko moduak asko esaten du gure mundu-ikuskerari buruz. Nik neuk ez dut "hizkuntza txikia" erabiltzeko oztoporik izan. Nafarroako ikastolek, ordea, hizkuntza txikien handitasuna aldarrikatu izan dute: txikiak handi.

Bartzelonako Unibertsitateko CUSC taldeak [Centré Univertsitari de Sociolingüística i Comunicació]  "Llengues Mitjanes" kontzeptuaren inguruko ikerketa-lanak egiten dihardu. Kontzeptu honen bidez, hizkuntza maioritarioen eta minoritarioen arteko dikonomia zalantzatan jarri nahi dute eta munduko hizkuntza sistemaren kontzeptualizazioa beste modu batean egin.

Hortaz, hizkuntza (eta hizkuntza komunitate) ertainak dituzte aztergai. Zein dira hizkuntza horiek? Bi irizpide proposatu dituzte: (a) hizkuntza komunitatearen dimentsio demografikoa, eta (b) komunitatearen garapen sozioteknologikoa. Horren arabera, hizkuntza komunitate ertainak dira gutxienez miloi bat hiztun dituztenak, eta estatu-marko postindustrial batean kokatuak daudenak.

Mundu glokalizatuan hizkuntza horien erronkak aztertu nahi dituzte.

Inkesta soziolinguistikoaren arabera Euskal Herriak 2.648.998 biztanle ditu. Horietatik 715.000 euskal hiztunak dira. Hortxe-hortxe.

2012/01/28

Prospektibari buruz


Societat Catalana de Sociolingüística elkarteak Treballs de Sociolingüística Catalana aldizkariaren 21. alea argitaratu du, La sociolingüística catalana, balanç i reptes de futur izenburuarekin. Kataluniako soziolinguistika ikuspegi eta diziplina ezberdinetatik aztertu dute, eta birpasa azkar bat eman. Testuen artean Ernest Querol soziolinguistaren Per una sociolingüística prospectiva: de la profecia a la prospectiva artikulua dago irakurgai.
Soziolinguista honen iritziz, hizkuntzaren inguruan, profezia asko egin izan da eta prospektiba gutxi. Prospektibak joeren azterketa egin behar du eta etorkizuneko jokalekuak marraztu. Galdera gakoak, beraz, honakoak dira: Errealitatearen zeintzuk elementu mantenduko dira egonkor etorkizunean? Ikusten ditugun joeretatik zeintzuek iraungo dute gerora ere? Zeintzuk elementu berri sortuko dira? Elementu horiek nola eragingo diete egungo orekei eta egungo joerei?

Gurean ere egon da gai hauekin interesa. Duela urte batzuk, Begira aplikazioa sortu zen, esate baterako. Funtsean kalkulu-orri bat besterik ez da, bi kalkulu-mota egiten duena: batetik euskararen ezagutzari dagozkion datu demografiko historikoetatik abiatuta etorkizunean zer espero daitekeen kalkulatzen du; eta bestetik, ezagutza-tasa horretatik abiatuta eta Txillardegiren eredu matematikoa oinarritzat hartuz, zenbateko erabilera espero daitekeen adierazten du. Egileek beraiek ohartarazten dute programaren oinarri matematikoa oso sinplea dela, eta soil-soilik joerak antzemateko dela baliagarria, eta ez datu zehatzak eskuratzeko.

Saiakera anbiziosoagoak ere egon dira. 1998an Jaurlaritzak euskal hiztunen epe luzerako bilakaerari buruzko simulazio eredu bat garatu zuen (Reclus eredua). Eredu prospektibo konplexua zen: aldagai nagusiak (demografiko, sozialak eta politikoak) identifikatzen saiatu, eta hipotesi ezberdinen bidez, jokaleku ezberdinak irudikatu nahi zituen. Horretarako, sei koska edo korapilo nagusi hautatu zituzten: (1) hizkuntza-taldeen profila, (2) biztanleen hizkuntza-gaitasunen bilakaera, (3) euskararen balio erlatiboa, (4) hizkuntzaren erabilera, (5) familiek eskoletan aukeratuko duten hizkuntza-eredua eta (6) familia bidezko transmisioaren egoera. Lan honen berri Renoko biltzar batean eman zuten (Modeling the long term future of the basque language) eta ez zuen bestelako zabalkunderik. Antza denez, emaitzak kezkagarriak ziren, ordura arteko erritmoan euskararen normalizazioa pentsatu baino gehiago berandutuko zela ondorioztatzen baitzuten.

Lan interesgarriak dira baina, Daniel Innerarity-k ohartarazten digun bezala, gaurregun eremu borroso eta kaotikoetan mugitu behar gara: kausa-ondorio harremanak ez dira argiak, eta ezin ditugu gako guztiak ezagutu. Jakineza kudeatzen ikastea besterik ez zaigu geratzen.