Showing posts with label musika. Show all posts
Showing posts with label musika. Show all posts

2013/08/23

Materialismo dialektikoa.

Irakurri dut Xabier Lete bereziki harro zegoela "Izarren hautsa" kantarekin. Ez da harritzekoa. Ez da makala materialismo dialektiko osoa poema soil (eta sotil) batean azaldu izana.


Ibon Sarasolari entzun diot Xabier Leteren bertsioa dela entzun beharrekoa. Mikel Laboaren bertsioa ederra da, baina letra eta musika ez datoz bat: malenkoniatsua da, tristea... Izarren hautsak alaitasuna behar du, esperantza, eta agian baita epikotasun puntu bat ere.


Ken Zazpi taldearen bertsioari buruz ez dut ezer entzun. Ezta gainontzeko bertsioei buruz ere.

Irakurri eta entzun bezala ekarri dut hona.

2011/08/26

Oi ama Euskal Herri goxoa

Pierre Bordazarre, Etxahun-Iruri, pastoralgile eta bertsolari aparta zen, baina inoiz musikarik ikasi gabea. Kantak bere barnean egokitzen zituen eta buruz ikasi.

Baserriko lanak arintze eta xamurtze aldera, irratia izan ohi zuen lagun. Egun batean, antza, ikuiluan lanean ari zela, akropolis adieu kantua aditu zuen irratian. Doinuak Etxahun hunkitu egin zuen nonbait, handik gutxira Oi ama Euskal Herri kantua egokitu baitzuen, gero Benito Lertxundik famatuko zuena.

Istorioa Mikel Markezek kontatu zuen Kaja Beltza programan.