Showing posts with label kultura. Show all posts
Showing posts with label kultura. Show all posts

2014/09/10

Euskal kulturgintzaren transmisioaz, herrigintzaz eta euskaldunon nazio kulturalaz


2012. urtean Soziolinguistika Klusterrak, Sorguneak ikertegiarekin elkarlanean, V. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia antolatu zuen, Kulturgintza euskararen garabidean izenburuarekin. Gerora BAT aldizkariak ale monografikoa argitaratu zuen izen berarekin. Bata zein bestea, nire ustez, mugarri txiki bat izan dira gutako askorentzat.

Hizkuntza politikaren zeharlerrotasuna aldarrikatu izan dugu sarri, eta kexatu izan gara hizkuntza normalizazioa estu-estu kultura departamentuei lotuta aurkeztu nahi izan digutenean. Lanbidearen berezkotasuna aldarrikatu izan dugu: hizkuntza normalizatzaileak gara, ez kultur teknikariak, ezta animatzaile soziokulturalak ere (nahiz eta sarri funtzio horiek ere bete behar). Jardunaldia, alde horretatik, toke bat ematea izan zen:. "Aizue, bai... arrazoi duzue, baina kasu! Kulturaren dimentsioa ere ezin duzue zuen lanetik besterik gabe baztertu". Euskara planen dimentsio kulturala landu beharra dago, eta kultura planen dimentsio linguistikoa.

Geroztik gure burua jazten saiatu gara. Tarteka, EKT aditu-tituluaren ikasketetako materialetara jo izan dugu, eta sarri kontu interesgarriak aurkitu ditugu.

Uda aurretik V. edizioaren berri egunkarien orrialde nagusietan jaso genuen, Joseba Sarrionandiaren bi hitzaldi iragarri ondoren. Antza denez, hitzaldiak ezin izango dira aurrez aurre eman, baina ikastaroaren egitaraua zirraragarria da berdin-berdin. Ikusteko parada izan al duzue? Ohi moduan, euskal kulturaren izen ospetsu askok hartuko du parte; baina bereziki deigarria egin zait (baita erakargarria ere) "euskaldunon nazio kulturalaren aurrerabideaz" gogoeta berezia egiteko adierazi duten asmoa: ikuspegi diakronikoa, kanpoko eta barruko begirada, pentsalarien eta politikarien gogoetak, eta... "herri-psikologia osasuntsu batera joateko irakaspenak".  Kontxo... ez da erronka makala!

Behin irakurri nuen, herri kulturaz ari garelarik, kontzeptuari bi esanahi emateko joera dugula: (a) herria protagonista duen kultura, eta (b) herri gisa gure burua garatzeko bidea ematen duen kultura. Horretaz ari gara, ezta?

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren aurtengo edizioaren egitaraua hemen duzue oso-osorik (pdf, 2Mb).  On egin!

2011/08/26

Oi ama Euskal Herri goxoa

Pierre Bordazarre, Etxahun-Iruri, pastoralgile eta bertsolari aparta zen, baina inoiz musikarik ikasi gabea. Kantak bere barnean egokitzen zituen eta buruz ikasi.

Baserriko lanak arintze eta xamurtze aldera, irratia izan ohi zuen lagun. Egun batean, antza, ikuiluan lanean ari zela, akropolis adieu kantua aditu zuen irratian. Doinuak Etxahun hunkitu egin zuen nonbait, handik gutxira Oi ama Euskal Herri kantua egokitu baitzuen, gero Benito Lertxundik famatuko zuena.

Istorioa Mikel Markezek kontatu zuen Kaja Beltza programan.