Showing posts with label psikologia. Show all posts
Showing posts with label psikologia. Show all posts

2013/08/07

Oporraldian... mapa zabaldu

Etzaulkiaren depresioa deitzen diote... tunbonaren depresioa. Oporraldiaren hasieran gertatzen omen da: tristezia, atsekabea, antsietatea, angustia... Gogorra egiten omen zaigu egun batetik bestera bizimodua bat-batean aldatzea... baita aldaketa hori onerako denean ere. Hori eta gehiago ere bada: lanetik ezin deskonektatzea, oporraldian gehiegizko espektatibak jartzea...

Duela hainbat urtetik hona, udaldia halako malenkoniaz bizi dudala iruditzen zait... Garai bateko udak etengabeko mugimendua ziren, batetik bestera ibiltzea, ezin gelditzea... Udak joan udak etorri, lehentasunak aldatu dira, ingurua, loturak, ardurak, bizimodua... Lehengo uda horietatik oroitzapenak besterik ez da geratzen. Oroimina da, denbora galduaren oroimina.

Udaldia urtean zehar egin ez direnei bigarren aukera emateko garaia da... bisitak, liburuak, testuak, filmak... Arazoa da urtean zehar bildutakoak ikusi, eta lauzpabost uda betetzeko beste dagoela ohartzea. Enpin!

Udaldia gure mapa mentala irekitzeko garaia ere bada: gauza berriak ikusi, gauza berriak egin, gauza berriak irakurri, gauza berriak entzun... Ikasi. Bihotza elikatu, eta burua jantzi.

Orain dela hiru uda bi irratsaio deskubritu nituen: "Kaja Beltza" eta "Bihotzeko Fonoteka". Lehena duela hilabete pare bat desagertu da, bigarrena berriro ere programatu dute aurten: hirugarren aldia da. Programaren eskema oso sinplea da... egunez egun, pertsona ezagun bat ekarri, bere bizitzan esanguratsuak diren hamar kanta aukeratzeko eskatu, eta horien esanahiaz galdetu. Kanta eta kontu berriak deskubritu eta mapa mentala zabaltzeko modua da.

Egunkariek ere hainbat aukera ematen dute. Barruko orriak itxuraldatuak datoz, albiste gutxixeagorekin, kultura tarte handixeagoekin... Oraingoz bi berrikuntza ikusi ditugu aurten: gara egunkariak IZOZTEKO ADINA proiektua abaitu du, Harkaitz Canoren narrazio bat, kapituluka; berria egunkariak LIBURUTEGI INTIMOAK izeneko erreportaje sorta argitaratzen hasi da (gaurkoa hemen)... Batak zein besteak... oso itxura ona dute.

Bada zer ikusi, eta bada zer ikasi.



2012/04/17

Urrats txikien estrategia

Euskaraz bizi nahi dut


Gustatu zait Musika airean bideoa. Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dut lelopean antolatu duen film laburren leihaketa irabazi du.

Ahalegin, urrats eta keinu txikien garrantzia aldarrikatzen duela iruditzen zait. 


Musika airean (lehen saria) from Euskaraz bizi nahi dut on Vimeo.


Nahi izatea ez da nahikoa.


HABEk gurasoentzat argitaratu zuen Etxean zer ikusi, hura ikasi liburuxkak aldaketa planifikatu beharra aldarrikatzen du, eta helburu txikiak hautatzea gomendatzen du:
  • Pentsatu zehatz-mehatz zer egin dezakezun hiru bat astez, euskaraz gehiagotan edota hobeto egiteko (bakarka, bikotekidearekin, lagunen batekin…).  
  • Kontuan izan helburua egiteko modukoa izan behar duela hasieran, egiteko erraza, lan handia ere eskatuko ez dizu(e)na.
  • Zehaztu bat, bi, hiru helburu… nahi dituzunak. Taula batean idatzi: (a) aldatu nahi duzun egoera, (b) lortu nahi duzun egoera, (c) zer eta nola egingo duzun.
  • Azkenik, hiru astez dena delakoa egiten ahalegindu eta gero, erabili agenda azaltzeko ea lortu duzun ezarritako helburua, zer gertatu zaizun, zein bizipen eta sentimendu eduki dituzun, hurrengoan zer egingo duzun...


Urrats txikiak eman.


Paul Watzlawick-ek ere urrats txikien estrategia defendatzen du. Bere ustez, akatsa da pentsatzea arazo konplexuei, halabeharrez, tamaina bereko estrategia konplexuekin erantzun behar zaiela. Urrats txiki batek arazo katramilatua desblokeatu dezake, baldin eta arazoari buruz dugun pertzepzioa aldatzea lortzen badu.

Watzlawick psikologoa da. Aldaketaren psikologia du hizpidea. Gaia interesatzen baldin bazaizue, Cambio. Formación y solución de los problemas humanos liburua irakurtzea gomendatzen dizuet: irakurterraza da, atsegina... baita sakona ere. Egileek terapia estrategikoaren perspektiba lantzen dute: liburu honen erreferentzia ugari jaso izan ditugu TELP ikastaroetan.

Watzlawick-ek helburu utopikoei ihes egitea gomendatzen du: "utopiaren sindromeaz" hitz egiten du. Porrotaren aurrean, hiru jarrera "desegoki" deskribatzen ditu: a) autokulpa: "nirea da errua, ez dut ahalegin nahikorik egin..."; b) inhibizioa: "ez dago baldintza nahikorik, alferrik da saiatzea, gauza asko aldatu behar dira lehenago..."; c) jarrera moralista: "ni bai, ni prest nago, besteak dira konpromisoak hartu behar dituztenak..."

2011/04/03

Armairutik atera.

SORTIR DE L’ARMARI LINGÜÍSTIC. Ferran Suay i Gemma Sanginés

TELP ikastaroek arrakasta izan dute gure artean. Hizkuntzaren inguruko diskurtsoa berritu egin dute. Norbanakoaren ardura eta erantzukizuna berriro ere mahairatu egin dute baina lehengo ikuspegi patetikotik harago (ikus. Atxaga) ikuspegi positibo eta proaktiboz jantzi dute.

Bigarren mailako erreferentzietatik badira ere, han-hemenka kuxkuxeatu ditut horien testuak:
  • Hitzaldi bat: hemen
  • Artikulua BAT aldizkarian: hemen
  • EMUNek antolatzen dituen lantegien eskuorria: hemen
  • Tallers per la llengua proiektuaren web orria: hemen
  • Denetan osatuena (agian) ERALAN proiektuaren lehen argitalpenean dago. TELP ikastaroari buruzko azalpen zehatz eta xehea agertzen da bertan.
Duela gutxi “Sortir de l’armari lingüístic” liburua eskuratu dut. Lehengo ideiak eta istorioak agertzen dira bertan (oso era iradokitzailean, egia esanda) baina nik neuk lehen atalaren ideia batekin geratu naiz: “euskaraz egitea (egin nahi izatea) estresagarria da”.

Gauza askorengatik estresatu ahal gara, baina guzti-guztiek hiru ezaugarri komun dituzte:
  • Ezbaia, ziurgabetasuna. Ez dakigu zen izango den egoera horren amaiera.
  • Gure kontroletik kanpo dago, neurri batean.
  • Mehatxua da. Arrisku bat egon daiteke.
Euskaraz hitz egiteak estresa sortzen du.
  • Euskaraz ulertuko du?
  • Eta ulertzen ez badu? Zer egin dezaket?
  • Edozein kasutan ere, arazoa niri sortuko zait.
Estres egoera bati aurre egiteko bi estrategia-mota erabil daiteke:
  • Arazoari bideratua. Arazoa konpontzen saiatzea.
  • Emozioei bideratua. Arazoa konpondu gabe ere, ni neu gaizki ez sentitzea.
Liburuan zehar, kasu praktikoen bidez, bigarren estrategia horri heltzen diote bereziki.