2014/01/31

«Coaching» euskara sustatzeko?

Behin batean hala galdetu zioten Lazkao Txikiri:
        -- Hi Joxe Migel, zer egin behar diagu euskararen alde?
Eta harek erantzun:
        -- Zer egingo diagu, ba? Hitz egin, motel, hitz egin!

Hori hala da!

Aurreko egunean kiroldegira joan, eta ikastaro baten eskuorria hartu nuen: 7P lantegia entrenatzaileentzat, coaching saioa pertsonengan eta ekipoengan eragin positiboa izateko. Izen ponpoxoa, ezta? 7 P horiek (gaztelaniaz) honakoak ziren: (1) presencia, (2) preguntar, (3) positivizar, (4) potenciar, (5) procesar, (6) perspectivas, (7) pactar. (hemen)

Tonua oso ezaguna egin zitzaidan. Deformazio profesionala izango da... zer egingo diot, bada!  Gaztetxoekin euskararen erabilera lantzeko sortu ohi ditugun aholku-sorta horietako baten tankera hartu nion. Jolas moduan, ohartu gabe, zazpi puntu horiek berrantolatu eta buruan berridazteari ekin nion. Honelako zerbait atera zitzaidan:
  1. Egon.  Taldean garrantzitsua zara. Hor zaudela jakin behar dute, laguntzeko prest. Eta jakina... taldean zuk zeuk izan behar duzu euskararen erreferentea.
  2. Beren motibazioak esploratu. Zergatik daude hor? Zergatik aukeratu dute jarduera hori? Zer espero dute taldetik? Eta euskara? Zer pentsatzen dute euskarari buruz? Galdera garrantzitsu bat: jarduerarekiko motibazioa eta euskararekiko motibazioa norabide berean lerrokatu ahal dira? Nola?
  3. Lidergoa. Personak dira helburua. Taldea garrantzizkoa da. Lidergoa taldea gidatzea da, eta enpatia tresna eraginkorra da hori lortzeko.
  4. Adostu. Beharrizana konpromiso bihurtu. Haiekin hitz egin. Kirolari (edo dena delako) onak izatea lortu nahi duzu, baita taldean euskaraz egitea ere. Helburuak haiekin batera erabaki eta adostu.
  5. Baikorra izan. Gogo-aldartea erabat kutsakorra da talde batean.
  6. Ahalmena eman. Haiengan sinetsi, ardurak eman, erantzukizunak. 
  7. Emozioak zaindu. Emozioak identifikatzen, onartzen, azaltzen eta eraldatzen ikasi. Lehen-lehenik zure buruarekin egin, gero taldekideekin.
Beno... Bost minutuko ariketa izan da, jolas moduan egindakoa. Ezin da askoz gauza gehiago espero. Denbora gehiagorekin agian...

Batzuetan pentsatu izan dut artifizio gehiegitxo asmatzen tematzen garela: metodoak, jarduerak, estrategiak... Sekretua askoz xumeagoa dela esango nuke: gauzak txukun samar egitea, eta euskaraz!

2014/01/18

Gure baitan zentratzea

Hiztunpolis liburuarekin gertatzen ari zait, baina baita aste honetako "Hizkuntza eta Lurraldea" izeneko jardunaldiei buruzko iruzkinekin ere. Batean zein bestean, Kontseilua sortu aurreko "Euskararen Unibertsoa" jardunaldiak etorri zaizkit gogora.


Akordatzen? Jardunaldiak 1997ko martxoan egin ziren, euskalgintzak eta euskal kulturgintzak bizi zuen egoeraren kezka zabaletik abiatuta, eta kezka horri erantzuteko.

Hasiera-hasieratik "unibertso eta kategoria" kontzeptuen artean bereizketa egin zen. Unibertsoak osotasuna adierazten du; kategoriak unibertsoaren elementuak biltzen dituzten azpimultzoak dira. Demagun liburu-denda batera zoazela. Liburuak kategoriaren arabera daude antolatuak: nobela, antzerkia, poesia... Eta euskal literatura? Euskal literatura zer da, unibertsoa ala kategoria? 

Kategoria izateak beti zerbaiten atal izatera eramango gaitu, menpe izatera. Horregatik Euskararen Unibertsoa aldarrikatu zen:
Euskararen Unibertsoa euskaraz egin, berregin eta sozializatzen den kultura eta gizartea da
Euskararen unibertsoa mugimendu zabal eta autonomo gisa jaio zen. Euskararen mundua beste unibertsoen satelite izateari uztea zuen helburu. Bernat Joan i Marí soziolinguista kataluniarrak autozentramendua proposatu zuen 2012ko Udaltop jardunaldietan. Horixe zen Euskararen Unibertsoak aldarrikatzen zuena:
Euskararen hizkuntza komunitateak, bere frutua eman eta zabalduko badu, bere baitan zentratu eta egituratu egin behar du, bere bizigunea sortu eta zaindu; bere indarrak bildu eta artikulatu behar ditu.
Galdera da zertan huts egin dugun, 15 urte luze beranduago ideia horiek oraindik ere horren berriak izateko?

2014/01/11

Biografia Linguistikoak (bi)

Euskararen egunaren biharamuneko Celosamente Gordea irratsaioa saretik jaitsi eta entzuten ibili naiz: Soneto bat euskarari du izenburu. Ez da Euskaren Eguna ospatzeko saioa izan, "euskaldunak ospatzeko ezer gutxi duelako", baina bai saio biribila, oso-osorik gogoan hartzeko modukoa. Neuri, dena den, Edu Zelaietaren Autobiografia poema geratu zait buruan itsatsirik. Luzea bada ere, hona ekarri dut:
AUTOBIOGRAFIA
Edu Zelaieta , 2010

Erdara dut ama-hizkuntza:
amaren bularretan nengoela,
gaztelania eztitsua aditzen nuen
hain beharrezko eta hain gozo
hartzen nuen esnearekin batean.

Bitxia da, halarik ere:
ez ama, ez aita
ez ziren gaztelaniaz mintzatu txikitan.
Amak, bere arbasoek bezala,
galizieraz erran zituen lehen hitzak.
Aitak, antzinako ahaideei segika,
euskaraz bota zituen bereak. 
Parisen ezagutu zuten elkar aitak eta amak,
60ko hamarkadan, biak frantsesez mintzo zirela.
Hantxe jaio zen anaia zaharrena,
hiru bat urte izan arte Beran egon eta
euskara hutsean hezitakoa.
Egun frantsesez eta gaztelaniaz
mintzo den euskaldun zaharra. 
Hurbileko familian
ni naiz frantsesez ez dakien bakarra.
Ordainetan-edo, ingelesez moldatzen naiz
(erdipurdi baldin bada ere)
bertze bi anaiak eta gurasoak ez bezala.

Txikitan entzundako lau gauza haiek
pixka bat osatze aldera eta jakin-minez
hasi nintzen galiziera ikasten unibertsitatean.
Tamalez, urte bakarrean ikusitako gramatikarekin
eta Galiziara egindako bidaiekin ez dut nahiko izan
inoiz fundamentuz falatzeko. 
Maiz pentsatu izan dut aski xelebrea dela
hizkuntzen afera hau.
Maiz, halaber, zenbateko eragina izan duen
honek guztiak nire bizian;
adibidez, pertsona bera izanen ote nintzen
hizkuntza bakarreko familian sortu izatera.
Zer pentsatuko luke Avilako batek
bere ama-hizkuntza eta bere gurasoenak
hiru diferente izanen balira? 
Kontuan hartu, gaur den egunean,
amarekin eta anaiekin gaztelaniaz egiten dudala
lagun on frankorekin solastatzen naizela gaztelaniaz
eta gaztelaniaz ere irakurtzen ditudala liburu asko. 
Baina baita ere, noizean behin amarenean elkartuta,
"bota ura", "ekarri ardoa" edota "on egin" tartekatzen ditugula mahaian;
lagun-min eta lankide anitzekin egunero aritzen naizela euskaraz,
aitarekin hitz egiten dudanetan bezala nahiz neure oraingo etxe diren
neskalagun maitearekin eta seme kuttunarekin bezala. 
Aitor dut, gauza bitxia izanagatik ere:
ama-hizkuntza ez dudan euskara maite dut.
Horregatik izanen da, agian, unibertsitatean euskaraz irakastearena
euskaraz idaztearena
edota, bakarrik nagoela,
euskaraz pentsatzearena.
Laster beteko ditu zortzi hilabete gure Amets txikiak.
Oraindik ez dakigu nolako ahotsa izanen duen,
zein modutara deituko digun "aita", "ama".
Dakiguna da gurasoek egiten dioten
Gasteizko euskara horretan esango dituela lehen hitzak,
bere aitak eta bere amak ez bezala.
Ikasle nerabeekin, euskarari buruz hausnartzea proposatzen dute MSB (Motibazioa Sustatzeko Baliabideak) blogearen egileek:
Etxean euskaraz hitz egiten zenuen eskolan hasi aurretik edo eskolan ikasi duzu euskara? Eta lagunekin nola egiten duzu? Zein da zure lehenengo oroitzapena hizkuntzarekin/euskararekin lotua? Kanta bat, ipuin bat edo beste zerbait? Ba al duzu bitxikeriaren bat kontatzeko horren inguruan?
Lantegian ere Ni eta Euskara izeneko testua irakurri ondoren, norberaren ibilbide historikoa ibai baten moduan marrazten aritu dira erabilera taldeko kideak: norberak bizitzan euskararekin izan duen harremana, bizipenak, sentimenduak... islatuz.

Inoiz probatu al duzue? Niri oraindik ere harrigarria egiten zait horrelako jardun sinple batek zenbaterainoko arreta eta interesa pizten duen.

Hemen ere idatzi dut horretaz:

2014/01/07

Itxaropenaren primadera, eta etsipenaren negua

Charles Dickensek Bi hiriren historia eleberria idatzi zuen 1859an. Irakurri dudanaren arabera, liburu horren lehen parrafoa da literaturan aipatuenetakoa.

Honakoa:
Zitekeenik eta garairik onena zen, zitekeenik eta garairik txarrena; jakituriaren aroa, eta erokeriarena; sinismenen garaia, eta sinisgogortasunarena; esperantzaren primadera eta etsipenaren negua. Den-dena genuen, baina ezer ere ez genuen; zerurantz abiatzen ginen zuzen-zuzenean, eta oharkabean kontrako bidean galdurik amaitu. Hitz bakar batean esateko, lehengo garai harek antza handi-handia zuen egungoarekin, horrenbeste ezen gure agintariek behin eta berriz esaten baitute konparaketak ez direla zilegiak: ongiari eta gaizkiari buruz ari garelarik -diote- superlatiboa da konparazio zilegi bakarra.
Atzo goizean idatzia dirudi, ezta?

2013/12/30

Turismo linguistikoa

Wikipediaren arabera, aragoiera da Aragoiko Piriniotako zati batzuetan mintzatzen den erromantze hizkuntza. Aragoieraz aragonés eta fabla aragonesa deitzen zaio.

Amarauna ikerketa taldearen arabera, Aragoieraz hitz egiten dutenak, gaur egun, 10.000 inguru dira. UNESCOk aragoiera ‘arriskupean’ dauden hizkuntzen artean sailkatu du.

Aragoiko instituzioek 2009ko legea indargabetu eta hizkuntzen lege berria onartu egin dute 2013an. Katalana eta Aragoiera hizkuntzen izenak aipatu ere ez dira aipatzen. Zirkunlokioak asmatu dituzte, izen bitxi samarrak: Lengua aragonesa propia del área oriental eta Lengua aragonesa propia de las áreas pirenaica y prepirenaica. Kalean zein komunikabideetan LAPAO eta LAPAPYP bataiatu dituzte, ironia dosi handi batekin.

Ingelesa edo frantsesa ikasteko asmoz, Irlandara edo Parisera abiatzen garenean, turismo linguistikoa deitzen diogu horri. Hizkuntza txikiekin ere, turismo linguistikoa egin daiteke? Zergatik ez? Ez da asko eskatzea. Sentsibilitate apurtxo bat gehixeago besterik ez, hizkuntza horiek gure begien aurrean ikustezinak izan ez daitezen: "desinbisibilizatzeko", alegia.

Lehen elurteekin batera euskaldun andana Jaca aldera doa, hango estazioak bisitatzera. Handik zer ekarriko? Agian, poema txiki bat...
Tornallo a tornallo
feremos una fabla
a fabla más polida
a más polida fabla

2013/12/23

Egia esango banu... gezurra esango nuke

Euskara planak partizipatiboak izan behar direla sinetsi izan dut beti. Agente guzien iritziak kontuan izan eta protagonista bihurtzen ikasi. Akordioak bilatu, kontsentsu txikiak eraiki, konplizitateak josi, aliantzak sortu, sareak ehundu... Ez da samurra. Aurreiritzi ugari utzi behar da bidean, ziurtasun absolutu bat edo beste ere bai.

Den-dena txukun-txukun dokumentu batera ekarri ondoren, baten batek galde lezake... Teknikaria zaren aldetik, pozik al zaude emaitzarekin? Dokumentuari begiratzen diozu, eta baliteke halako egoneza nabaritzea. Bai... lan tresna egokia da, kontsentsuatua, adostua, bide berri bat edo beste irekitzen du... ez dago gaizki.

Errealitatearen irakurketari nabarduraren bat falta zaio. Anbiziosoagoa izan zitekeen. Helburuak beste era batera formulatuko zenituzkeen. Ekintzak? Ez dakizu zer esan. Diotenez, plan ororen atzetik eraldaketa sozialaren teoria bat dago. A eta B egiten baduzu, X helburutik gertuago egongo zara. Ez duzu garbi horretan gehiegi sinisten duzun, baina bai... bada teoria moduko zerbait, inplizitua bada ere.

Pozik al zaude emaitzarekin?

Galiziako gaitero horren erantzuna etorri zaizu burura: egia esango banu... gezurra esango nuke. 

Hona istorioa:
Behin batean gaitero zaharra Asturiasera joan zen jaialdi batera. Irratian Hevia musikariari buruz eta bere gaita elektrikoari buruz galdetu zioten. Zer erantzungo zuen? Berak tradizionalagoa nahiago zuen. Ez zuen bereziki gustukoa. Baina... ze demonio! Nor demontre zen bera, hainbeste jenderen gustua juzgatzeko. Gainera, "esperimentu" horiek onak dira gaita zabaltzeko. Zer erantzungo, bada? "Mire usted... si le dijese la verdad, le mentiría"
Ongi esana, arranopola!


2013/12/07

Zergatik ezin gara zenbakiekin gehiegi fidatu?

[bat]


Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta HABEk berak Helduen Euskalduntzearen datuen irakurketa egin berri dute. Euren hitzetan "Aurreko hiru urteetako jaitsierari frenoa jarri zaio Euskaltegiean 2013-14 ikasturteko matrikulazioan". Hortaz, irakurketa "baikorra" egin dute:
... joandako hiru urteetan euskaltegietako matrikulazioan gertatzen ari zen erorketa nabarmen eta jarraituari hesia jartzea lortu dugu, frenua jarri diogu. Iazko % 7ko jaitsieratik % 1eko jaitsiera izatera pasatzea urrats oso esanguratsua da. Iazkoa errepikatu izan balitz, matrikulatu diren baino 1.474 ikasle gutxiago izango ziren aurten.
/.../
Beraz, oso positiboa da, testuinguru honetan, euskara ikasi edo hobetu nahi duten ia 25.000 pertsona heldu euskaltegietara etorri izana. 
Zenbakiak ondo egin baditut, EAEn aurten 20.846 ikasle matrikulatu dira, iaz baino 210 gutxiago eta duela bi urte baino 1.796 gutxiago. Ez da datu txarra, baina ona ere ez.

Dena den, benetan esanguratsua hurrengo hau da:
... euskarak azken hogeita hamar urte hauetan irabazi dituen 300.000 hiztun berrietatik, 100.000 inguru izan daitezke helduen euskalduntzeak eman dituenak.


[bi]


EUSTATek ematen dituen datuen arabera, 2013-2014 ikasturte honetan, ikasleen %62 D ereduan eskolatua dago, %20 B ereduan eta %16 A ereduan. Beste kontu bat da ikasle horiek zenolako euskara maila lortzen duten.

Duela urte batzuk (2004an) EAEko ikasleek euskaraz lortutako maila aztertzeko, Hezkuntza Sailak B2 mailako proba egin zien DBH4 mailako 1.191 ikasleri. B2-k erdi mailako gaitasuna adierazten du, EGA agiria baino maila bat beherago, ingelesezko First Certificate-aren parekoa. Ahozko eta idatzizko probak izan ziren. (Hemen)

Proba horren emaitzen arabera, A ereduan ez da ikaslerik euskaraz moldatzeko gai dena, B ereduan berriz %33 moldatzen da euskaraz eta D ereduan % 68 da maila gainditzen duena. Horren arabera:
  • 75.372 ikasle dago derrigorrezko bigarren hezkuntzan: 8.509 ikasle A ereduan (%11); 20.148 B ereduan (%27); eta 46.207 D ereduan (%62). 
  • Proba horren arabera, A ereduko ikasleek ez lukete B2 gaindituko, ezta D eredukoen herenak ere. B ereduko ikasleen artean bi heren lirateke maila gainduko ez luketenak.
  • Estrapolazio bat egingo bagenu, beraz, DBH4 amaituta ia ikasleen erdiak (%49) ez luke erdi mailako azterketa hori gaindituko. 
Esan gabe doa ariketa ez zaidala guztiz bidezkoa iruditzen. Ezin da orain dela 10 urteko daturik erabili egungo errealitatea aztertzeko. Nik neuk, ordea, ez du datu berriagorik ezagutzen (egongo dira, ezta?).


[hiru]


2011ko biztanleriaren eta etxebizitzen zentsuaren datuak ere argitaratu dira EUSTATen web orrian: hemen. Datu garrantzitsuak dira, azken batean hurrengo mapa soziolinguistikoa hortik sortuko baita. Jakin ere jakin dugu zentsua egiteko modua aldatu dela (hemen). Ez dakigu, ordea, horrek emaitzetan eragina izan ote duen.

Datuen arabera:

  • EAEn euskaldunen portzentajea %37 da. Hamar urtean 5 puntuko hazkundea egon da. 2006tik 2011ra ez da hazkunderik egon.
  • Erdaldun elebakarren portzentajea ere % 37 ingurukoa da: bost urtean 3 puntu behera egin du (eta ia-euskaldunen portzentajeak beste horrenbeste handitu). 
  • Herrialdeei begiratuz gero: Araban euskaldunen portzentajeak behera egin du 2006ik hona: %25,07tik %23,87ra.

Eta herriz herri?

  • Euskaldunen portzentajeari dagokionez, 114 udalerrik izan dute hazkunde negatiboa. Kasu batzuetan portzentajea 2 puntu edo gehiago jaitsi da (36 kasu). Era guztietako udalerriak daude: Mañaria, Izurtza, Oion, Ikastegieta... baita Gasteiz bera ere (-%2.17)
  • 136 udalerritan, ordea, hazkunde positiboa egon da: Barrundia, Leintz, Okondo, Maeztu, Kripan...

Hau guztia nola interpretatu? Asko da? Gutxi? Datuak jasoteko modua aldatu delako izan da? Ideiarik ez.

Herriz herriko informazioa hemen kontsultatu dut.