2014/06/17

Sareak eta Komunitateak


Aurreko hilabetean hiru sarrera argitaratu nituen, elkarrekin oso lotuak:

Ohartu naiz laugarren bat falta dela: sareei eta komunitateei buruzko gogoetatxo bat, hain zuzen. Gorka Julioren ideiak eta proposamenak dira abiapuntu.

Interesgarria egiten zait bere planteamendua: sare sozialei buruz eta komunitate birtualei buruz hitz egitean, mundu birtualaren eta mundu errealaren arteko parekotasunak azpimarratzen ditu, eta batean gertatzen diren fenomenoak bestera transferitzen saiatu.

Euskara planen ekarpen nagusietako bat da eragileak (eragin dezaketen pertsonak eta taldeak) aktibatzea eta horien arteko sinergiak sortzea (saretzea). Nik behinik behin hala uste dut.

Saretu hitzak, dena den, bi esanahi dituela iruditzen zait:
  • Elementu isolatuen arteko loturak eraikitzea. Gure artean, gaur egun, horrela erabiltzen dugu sarri. 
  • Trinkotasuna galdu... Eguraldiaren iragarpenetan, esate baterako, halaxe erabiltzen da: "Ostiralean ere euria egingo du, arratsaldean batez ere, baina tarteka zerua saretu egingo da eta eguraldiak itxura hobea hartuko du". 

Sarean loturak arinak dira; komunitateetan trinkoak. Komunitate bateko kide izateak identitatean ere eragiten du, kideek zerbait partekatzen dute: helburu bat, praktika bat... edo --agian-- gai batekiko interesa besterik ez. Horrek, dena den, konpromisoa eragiten du: elkarrekin eta komunitatearekin.

Gorka Juliok --ondo interpretatu badut-- hiru geruza proposatzen ditu: komunitateak, meta-komunitateak eta sareak.

Ezer ez dagoen lekuan egokia eta beharrezkoa da sareak sortzea. Sareak dauden lekuan, komunitateak sortu daitezke. Komunitateak dauden lekuan, komunitateak eta taldeak dira saretu behar direnak, meta-komunitateak osatzeko.

Merezi du horretan sakontzea... eta ez naiz (soilik) teknologiaz hitz egiten ari, eragileen artikulazioaz baizik.

2014/06/06

Euskararen "ofizioak"

Joan den astean aurtengo Udaltop Soziolinguistika Jardunaldiaren bideoak ikusten aritu naiz. Gauza interesgarri askotxo ikusi dut; Nekane Goikoetxearen hitzaldia, esate baterako: Euskara teknikariaren rolaz: ezagutzari ekarpena praktikatik. Bi ideiarekin geratu naiz:

  • Euskara Teknikariaren profesioa berria dela dio, "kontsakratu" gabekoa. Oraindik ere arian-arian sortzen ari garen profesioa, alegia.
  • Profesionalizazioan sakontzeko, praktika gogoetatsua proposatzen du.

Orain dela hainbat urte, euskaltegien berrikuntza kurrikularrari buruzko mahai-inguru batean parte hartzea egokitu zitzaidan. Eztabaida polita izan zen. Euskalduntze mugimenduaren indarraz aritu ginen. Irakasleak ondo baloratuak zirela defendatu genuen, jende inplikatua zela, eta orohar oso ondo ikusiak.

Ideia horrek, ordea, bazuen ifrentzua. Batzuen ustez, euskara irakaslea "azpi-ofizio" baten modukoa zen: jende sinpatikoa, dinamikoa, atsegina... bai; profesional peto-petoak ez. Irudipena zegoen euskara irakaslea -jende askorentzat- tarte baterako jarduna besterik ez zela: ikasi bitartean, edo beste zerbait aurkitu bitartean.

Orain bezala, orduan ere praktika gogoetatsua proposatzen zen: irakaslea ikerlari bihurtu, ikasgelan bertan ikerkuntza bultzatu, nork bere praktikaren gainean ikertu eta ikasi, irakasleen diarioak erabili, behaketa... Dinamika interesgarria sortu zen, emaitza handi-handirik ez.

Hitzaldia ikustearekin batera, Olga Esteve irakasle kataluniarraren izena etorri zait gogora. Euskaltegietako irakasleentzat praktika gogoetatsuaren inguruko hainbat ikastaro eman zuen. Beranduago, 2010ean, berriro ere Euskal Herrian egon da, Ulibarri programaren baitan antolatzen den Eskola Hiztun Bila jardunaldietan. Orain dela hilabete gutxi, artikulu bat argitaratu du Eusko Ikaskuntzaren Ikastaria aldizkarian: Entre la práctica y la teoría. Comprender para actuar (pdf). Merezi du irakurtzea.

Gustatu zait Nekane Goikoetxearen hitzaldia. Déjà vu baten modukoa izan da. 

2014/05/30

Praktika kolektiboen ekologia (eta 2/2)

Lan mahaiak, euskara batzordeak, erabilera taldeak, aholku kontseiluak, jarraipen batzordeak... non daude, bildurik ez daudenean?

Alferrik dira talde dinamikari buruzko mintegiak, talde-lanari buruzko liburuak, bilera erangikorrei buruzko ikastaroak... hor ez dago erantzunik.

Micropoliticas de los grupos. Para una ecología de la practicas colectivas liburua irakurri dut duela gutxi. Hor ere erantzunik ez, baina pista bat edo beste bai.

Liburua atal laburrez osatuta dago, hurrenkera alfabetikoan: atal bat, ideia edo kontzeptu bat. Irakurketa ez lineala bultzatzen du: nonahitik noranahi. Halere, egileek bi ibilbide proposatzen dute: kontzeptu-hurrenkera bat kolektibo osatu berriei begiratzeko, eta beste bat krisian dauden kolektiboi begiratzeko.

Ideia interesgarririk? Baietz esango nuke. Lau adibide:

  • Gertakariak. Pasarte esanguratsuak dira kolektiboaren ibilbidean. Ibilbide bera bitan zatitzen dute: lehen eta gero. Bere garaian konturatu ere ez ginen konturatu. Orain, atzera begira, harrigarri egiten zaigu ohartu ez izana: seinaleak hor zeuden. Nola ez ginen ohartu? Komeni da seinalei adi egotea. 
  • Memoria. Ezin da talderik egon, memoriarik gabe. Lehengo tribuetan bezala, kolektiboetan taldearen memoria zaintzen duenik behar da. Bilkuretan, erabakiak eta testuinguruak gogoratuko dizkigu: halako egoera batean, zein erabaki hartu genuen, eta zergatik. Rol garrantzitsua da.  
  • Zaintza. Taldeak bere burua zaindu behar du. Taldeak gaitasun praktikoak behar ditu, baina bestelako jakintzak eta esperientziak ere bai, ez bere jarduna hobeto egiteko, baizik eta bere burua elikatzeko eta eraldatzeko. Alderdi praktikoaekin batera, komeni da taldearen "alderdi espirituala" ere lantzea.
  • Erabakiak. Bozketa ala kontsentsua?  Erabakia bozketa bidez hartuz gero, zein da ados egon ez direnen alternatiba? Gehiengoa onartu eta kitto? Kontu hori zaintzea gomendatzen dute.Kontsentsuak ere badu koska bat. Kontsentua ez da adostasuna, ez da bat etortzea, baizik eta inplikazioa. Prozesu konplexua da: arazoren nondik norakoak asmatzea eta aukera aniztasuna irekita uztea.  Inork kontrakorik ez esatea ez da kontsentsua. Erdarazko esaerak dioenaren kontra: el que calla… no otorga

Begirada mikropolitikoak gogorarazten digu kolektibora ez garela esku hutsik gerturatzen. Bizipenak, desioak, nahiak, iragana, kultura... horiek guztiak gure fantasmak dira, eta ekosistema horren parte bihurtzen ditugu.  

Ideia berri-berriak ez; errezetarik ere ez; zertan pentsatu, bai. Azken batean, esaldi ezagun hura parafraseatuz: «Hainbat jarraibide dago, praktika kolektibo egokiak eta sanoak eraikitzeko. Zoritxarrez, inork ez daki zein diren»

Liburua saretik jaitsi daiteke: http://www.traficantes.net/libros/micropoliticas-de-los-grupos

2014/05/21

Lau apunte, lidergoei buruz

Eralan proiektuari buruz, eta Elkarrekin Berritzen jardunaldien ildotik, ideia batzuk ekarri nahi izan ditut hona. Lau apunte besterik ez dira:

Lidergo eraldatzailea

Antolakunde baten organigrama piramide baten moduan irudikatu ohi dugu: goiko erpinean zuzendaria, eta hortik behera gainontzeko guztiak. Boterean oinarritutako lidergoaren irudia da.

Eralan proiektuaren hitzaldi batean entzun nuen ideia horretatik abiatzea komeni dela: piramidea buruz behera jarri behar dela, eta erakundeko kide guztiei erabakiak hartzeko ahalmena eman (baita horretarako aukera estrukturalak sortu ere). Liderra piramidearen behealdean dago, horri guztiari eusten. Zerbitzuan oinarritutako lidergoa da. Ideia hori buruan itsatsia geratu zitzaidan.

Lacandonatik

Zapatismoa, alde askotatik, mugimendu atipikoa da. Kultura indigenen jakintzatik eta filosofiatik edan du, eta komunitate indigenen zerbitzura aritzeko borondatea erakutsi. Komunitate zapatistetan agintariek "obedituz agindu" behar dutela esan ohi da. Horretaz ari gara, ezta?

Lidergo elkarbanatua

Badakit ez dela horrela, baina... Lidergo eraldatzailea entzuten dudanean pertsonak irudikatzen ditut; lidergo partekatua entzuten dudanean, lantaldeak eta ekipoak.

Hacker etikatik lidergo elkarbanatuaren ideia proposatu digute. Lidergo elkarbanatua entzuten dudanean... sareak eta komunitateak irudikatzen ditut. Komeni da ideia horretan sakontzea.

Ahaluztea edo "desenpoderamendua"

Ahaluztearen kontzeptua hilabete hauetan entzun dut lehen aldiz (hemen, adibidez). Atzean dagoen ideia oso ezaguna egiten zait. Ahaluztea botereari edo "lidergoari(?)" uko egitea da, eraikuntza kolektiboa ahalbidetzeko. Irudipena dut proiektu askoren porrota hortik etorri ohi dela: lidergo-gatazkengatik edo lidergoari buruzko ideia okerrengatik.

2014/05/10

Hizkuntza Normalizazioa prozesu kolektiboa izatea... (1/2)



BAT

Robert Cooper-ek Language Planning and Social Change liburuan defendatu duenez, planifikazio linguistikoa planifikazio soziala da: gizartearen eraldaketa bilatzen duen esku-hartze mota bat, alegia. Helburua eta jomuga ez da hizkuntza, gizartea bera baizik. Hori horrela, nekez egon daiteke hizkuntza planifikazioaren teoria sendorik, aldaketa sozialaren teoriarik ez dagoen bitartean.

Eraldaketa sozialean prozesuak kolektiboak dira. Eraldaketa bera prozesu gisa pentsatu behar da, prozesu kolektibo gisa.

BI

Planifikazioak emaitzak bilatzen ditu. Emaitza tangibleak: hasierako egoeraren hobekuntzak. Ez tangibleak ere bai, zergatik ez?

Pertsonek eta kolektiboek, elkarrekin harremanetan, konfiantzazko harremanak sortzen dituzte (edo ez); ekintzarako "aliantzak" eraiki (edo ez); beren eragiteko ahalmena handitu (edo ez)... Prozesu horri agentziamendua deitu izan zaio: agenciamiento, agencement. Hitz potoloa da, baina gustatu zait.

HIRU

Lan mahaiak osatzen ditugu, euskara batzordeak, erabilera taldeak... Jakin badakigu garrantzitsuak direla, baina inoiz gutxitan teorizatu dugu horien inguruan. Eta badakizue... ez dago teoria on bat baino gauza praktikoagorik.

Ebaluazioan ere zer egin dugun eta zer lortu dugun atzeman nahi dugu. Prozesu kolektiboez ari garela, ordea, bada galdera egokiagorik: zer ari gara eraikitzen?

LAU

Belen Gopegik, El padre de Blancanieves eleberrian, taldeei eta kolektiboei buruz egiten du gogoeta. Horretarako, ahotsa ematen dio balizko "ente kolektibo" bati:
/.../ Pongamos el caso de un colectivo político, o sindical: ¿dónde está cuando no está en su sexto congreso o en su resolución número quince o en la reunión del jueves por la tarde de la pequeña agrupación? ¿En sus locales, si es que los tiene, en sus estatutos, en sus militantes? Sí y no; pero, sobre todo, no. Cada una de esas cosas es cada una de esas cosas, no es el colectivo. El colectivo se ha desmaterializado y está sólo en la promesa de volverse a materializar. Esto es algo que puede que ocurra o puede que no...
Horixe, bada, galdera: lan mahaiak, euskara batzordeak, erabilera taldeak, aholku kontseiluak, jarraipen batzordeak... non daude, bildurik ez daudenean?

2014/04/30

Maximin... zer da hori?

John Rawls Estatu Batuetako filosofo liberal bat da, XX. mendean filosofia politikoaren arloan oso ezaguna. Beste hainbat konturen artean, Justiziaren Teoria landu zuen.

Testuinguru horretan MAXIMIN izeneko araua edo printzipioa proposatu zuen, alternatibak hierarkizatzeko arau gisa. Hortaz, bi alternatibaren arteko erabakia hartu behar denean, egoera desfaboretuan dagoen pertsonaren egoerari begiratu behar zaio, eta alternatiba bakoitzak nola eragiten dion aztertu; pertsona horri onura gehien egiten dion aukera hobetsi behar da beti. Maximin «maximum minimorum» espresioaren laburdura da: minimoak maximizatu, alegia.

2012an, Carballon, hizkuntza dinamizazioari buruzko udako ikastaroetan, justizia soziala eta dinamizazio linguistikoa hizpide izan zuten. Hizkuntza normalkuntza, beraz, justizia kontua ere bada. Ezberdinen artean artean dauden aldeak txikitzea da justizia. John Rawls pentsalariaren arabera, hiztun talde minorizatuei bermatu behar zaizkien minimoei begiratu behar zaie, eta minimo horiek ahalik eta handienak izango direla ahalegindu. Hortaz, printzipio horren arabera, erabaki bat hartzen dugunean, erabaki horrek hizkuntza minorizatuan nola eragiten duen aztertu behar da (inpaktu soziolinguistikoa) eta horren arabera jokatu.

Sarrera hau idazten ari nintzela, ikuspegi ekologikoa ere burura etorri zait behin eta berriro. Eta zuei?

2014/04/26

Politikariak, teknikariak, herritarrak...

Apunte zaharrak garbitzen ari nintzela, Oscar Rebolloren testu baten aipua aurkitu dut. Oscar Rebollo irakaslea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Bai administraziotik eta bait unibertsitatetik, herritarren parte hartzea eta garapen komunitarioa landu ditu.

Hau da aipua:
Parte hartze prozesuetan; politikariak, teknikariak eta herritarrak elkartzen direnean, batzuetan badirudi nork bere papera "disimulatu" egin nahi izaten duela. Beno, agian disimulatu ez; agian paperak nahastu egiten dituzte. Agintariek herritar soilak direla sinestarazi nahi digute. Herritar batzuek, ordea, agintea haiei dagokiela uste dute, alkatea haiek direla, alegia. Alkate eta zinegotzi batzuek uste dute haiek teknikariak direla [eta ez nolanahikoak, haiek baitira teknikaririk onenak] eta haiei dagokiela erabaki teknikoak hartzea. Teknikari batzuk, azkenik, galduta ibiltzen dira: batzuetan "bat gehiago" izan nahi dute, herritar soilak; beste batzuetan politikarien papera jokatu nahi dute; gutxitan betetzen dute teknikarien papera. 
Horiek horrela, oso prozesu desordenatuak sortzen dira: ez dakitenari buruz hitz egiten dute batzuek; eta ez dagokiena erabaki nahi dute besteek.
Testu probokatiboa da; ziur aski helburu horrekin idatzita. Baliteke egiatik asko izatea; hori ez dut ukatuko. Dena den, nik neuk gero eta zalantza gehiago dauzkat. Zuek garbi ikusten al duzue zer den "erabaki politikoa" eta zer "erabaki teknikoa"? Iruditzen zait sarritan mugak ez direla erabat argiak.

Itzulpen libre samarra egin dut. Testu osoa interneten ere badago.
Hemen: http://habitat.aq.upm.es/boletin/n24/aoreb.html