Showing posts with label Diskurtsoak. Show all posts
Showing posts with label Diskurtsoak. Show all posts

2015/02/15

Mamu bat dabil...


Argazkia twitter-en eskuratu dut. Dato Económico aldizkaritik aterata dago, alegia enpresa munduko aldizkari ezagun eta "prestigiotsu" batetik. Gauza askotxo esaten du, lehen begiratuan iduritu baino askoz gauza gehiago

Deigarria egin zait bereziki fokoa argudio ekonomikoetan jarri izana:
Más de 2.000 millones de euros invertidos en el desarrollo del euskera, forzando en muchas ocasiones, es una cifra demasiado importante como para dejarla de lado en el análisis. Una cantidad que no responde a los resultados finales de uso entre la sociedad /.../ Y desde luego la conclusión es muy clara: se ha gastado o invertido mucho dinero sin éxito aparente.
Nola erantzun?

[Bat] Lorea Agirreren modura erantzun genezake eta ezetz esan. Kasurik onenean administrazioaren aurrekontutik % 2ra ere ez da heltzen euskararen sustapen aktiboan inbertitzen dena. Lorea Agirrek hizkuntza zentrala dela esan ohi du, hizkuntzarik gabeko jardunik ez dagoela apenas. Hortaz, euskararen sustapenean gastatzen ez dena, hizkuntza nagusiaren hegemonian gastatzen da.

[Bi] Bestela, Fishman soziolinguistikaren modura erantzun genezake, eta baietz aitortu... hizkuntza politika ez dela merkea. Ezta 2-3 urtean behin hauteskundeak antolatzea ez. Batean zein bestean gauza bera da jokoan dagoena: demokrazia.

[Hiru] Lakoff linguistaren modura ere egin genezake (Don't Think of an Elephant), eta termino horietan eztabaidatzeari uko egin. Esaten duguna esaten dugula ere, euren markoa indartuko dugu: "krisi garaian, lehentasunak beste batzuk dira"... eta marko horretan ezer gutxi dugu irabazteko.

Ez dakit, bada. Hirurak iruditzen zaizkit egokiak.

2014/03/05

Soziolinguistika eta diskurtsoaren analisi kritikoa

Xarxa CRUSCAT erakundeak diskurtsoaren analisi kritikoari buruzko lantegiak antolatu izan ditu bere kideekin. Blogean eman izan dituzte lantegi horien berri. Azkena duela gutxi egin dute: 5è taller d’anàlisi crítica del discurs.

Eurek aitortu bezala, soziolinguistikan lan gutxi egin da perspektiba horretatik. Lantegietan adibide batzuk ezagutzeko aukera izan dute: 
Zaila da diskurtsoaren analisi kritikoa zer den lerro gutxitan laburbiltzea. Honako ezaugarri hauek aipatu izan dira:
  • Diskurtsoa jarduera soziala da.
  • Hortaz, diskurtsoaren analisi kritikoak arazo sozialak aztertzen ditu.
  • Botere-harremanak aztertzen dira, botere-harremanak diskurtsiboak ere badirelako.
  • Ideologiak fenomeno sozialak dira: kognizio sozialak.
  • Ideologiak eta diskurtsoak lotuta daude, bi norabideetan: ideologiak diskurtsoa mediatizatzen du, eta diskurtsoak ideologia.

Nire ustez Teun van Dijk hizkuntzalaria da diskurtsoaren analisi kritikoa gehien eta hobekien landu duen ikerlaria: testuaren gramatikaren bidetik analisi kritikora heldu zen, eta arrazakeria zein botere-harremanak aztertzeari ekin zion. Horretarako eliteen diskurtsoei erreparatu nahi die; elkarrizketa batean esaten zuen bezala, hiru "p" interesatzen zaizkio: politikariak, "profesoreak" eta "periodistak". 

Teun van Dijk-ek testuen analisirako eskema integratua garatu du. Oro har, estrategia orokor bakarra dagoela uste du: "norberaren" alde positiboak eta "aurkarien" alde negatiboak indartzea (eta kontrakoa, norberaren alde negatiboak eta aurkarien alde positiboak isiltzea edo izkutatzea). Hortik abiatuta, testuaren analisia ikuspegi ezberdinetatik egiten du: testuaren tematizazioa, superestruktura, egitura semantiko lokalak, estiloa, erabiltzen dituen baliabide erretorikoak. Oso ikuspegi interesgarria da. Hurrengo sarrera batean saiatuko naiz horri buruz zeozer gehiago idazten.

Gurean ezer gutxi ezagutzen dut ikuspegi honetatik egina. Iñaki Mtz de Lunak azterketatxo bat du egunkarietako titularrek euskarari buruz ematen duten irudiaren inguruan (duela gutxi, topaldian, horri buruzko komentarioren bat edo beste egin zuen). Asier Iriondok, bestalde, politiko elebidunen diskurtsoa aztertu du, euskaraz eta gaztelaniaz ari direnean erabiltzen dituzten gaietan alderik ote dagoen ikusteko. Zeharka bada ere, horrek ere badu analisi kritikoarekin zerikusia.

Susmoa dut hemendik aurrera horrelako lan gehixeago ikusiko ditugula.


Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du.


2012/12/08

Ez Kalimero, eta ez Superman

Izenburu bitxia du Josep J. Conill soziolinguistaren azken liburuak: Entre Calimero i Superman: Una política lingüística per al català. Pertsonaje horien atzean dauden bi jarrerak deskribatzen ditu, antza: Kalimeroren biktimismoa eta Supermanen triunfalismoa. Jarrera horien kritika erabiltzen du, hirugarren bide bat marrazteko.

Hogeita hamar urte bete berri dira Eusko Legebiltzarrean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea onartu zutela. Horren aitzakian testu sorta interesgarria argitaratu du Berria egunkariak: http://www.berria.info/guregaiak/193/. Aukera ona da ikuspegi ezberdinak ikusteko.

Kalimero ala Superman? Ez dakit... Kalimerorengandik gertuxeago sentitzen naiz batzuetan, baina ez zeharo. Iruditzen zait inpotentziaren diskurtsoak ez duela gurean lekurik.

Ohartxo bat, amaitu aurretik:
Merezi du Josep J. Conill-en web orria bisitatzea, material interesgarriak ditu-eta. http://www.josepconill.cat/