Showing posts with label Euskagintza. Show all posts
Showing posts with label Euskagintza. Show all posts

2015/02/01

Parte Hartzea eta Partaidetza: parte hartu eta parte izan

XII. Topaldiaren hitzaldiak streaming bidez jarraitu ditut.

Lorea Agirreren hitzaldia gustatu zait. Gauza interesgarri askoren artean, kulturgintza parte hartzean oinarritu behar dela esan du.  Are gehiago: parte hartzetik partaidetzara igaro beharra aldarrikatu du (parte hartu eta parte izan), baita partaidetza identitate moduan ulertu behar dugula iradoki ere; parte hartzen dugun leku horietakoak baikara, parte hartzen uzten diguten leku horietakoak, alegia.

Igor Elortzak ere antzeko ideiak adierazi ditu, eta Benjamin Franklinen aipu bat erabili du: “Esaidazu eta ahaztu egingo dut. Erakutsidazu eta gogoratu egingo dut. Bihur nazazu parte eta ikasi egingo dut.” 

Ideia horietatik tiraka, "parte hartzearen eskilara" deritzan eredua gogoratu dut, parte hartzeari buruzko ikastaroetan sarri aipatu ohi dena. Eredua Sherry Arnstein-ek sortu zuen, Estatu Batuetan garapen komunitarioren inguruan ikertzen ari zela. Sherry Arnstein-ek parte hartzea eskailera baten moduan irudikatzen du: eskaileran gora egin ahala, are benetakoagoa eta sinisgarriagoa da parte hartzea. 

Zortzi eskailera-maila proposatzen ditu:
Ez Parte Hartzea
  • Lehena. Parte hartzea = manipulazioa. Agintarien erabakiak legitimatzea da helburua.
  • Bigarrena. Parte hartzea = terapia. Herritarrei barruan dutena kanporatzeko aukera ematea da. 
Parte Hartze Formala 
  • Hirugarrena. Parte hartzea = informazioa. Agintariek beren asmoen berri ematen dute, erantzuteko aukerarik ez badago ere.
  • Laugarrena. Parte hartzea = kontsulta. Herritarrek iritzia emateko espazioak sortzen dira. 
  • Bostgarrena. Parte hartzea = baretzea. Iritziak jaso ezezik, horietako batzuk aintzakotzat hartzen dira, agintarien borondate ona erakusteko. 
Parte Hartzea 
  • Seigarrena. Parte hartzea = lankidetza. Negoziazio prozesu bat da, eta horren ondorioz, herritarren ikuspuntuak kontuan hartzen dira.
  • Zazpigarrena. Parte hartzea = delegazioa. Erabaki batzuk herritarren esku daude erabat. 
  • Zortzigarrena. Parte hartzea = herritarren kontrola, agintarien tutelarik gabe.
Eredua administrazioari egiten dio erreferentzia. Baina, Sherry Arnstein-ek berak zioen moduan, beste edozein erakunderi ere aplikatu ahal zaio.

2014/09/27

Hiztun komunitatea indartzea

Aspalditxo ikasi nuen liburuak arkatz baten laguntzarekin irakurri behar direla. Ohartu naiz mania txiki bat dudala, eta ez dudala gogoko testua oso-osorik azpimarratzea; orrialdeetako marjinak erabiltzen ditut gerora akordatzea merezi duten zatiak nabarmentzeko... puntutxo bat, marratxo bat, X bat... edo hitz gako bat. Hortaz liburu bat esanguratsua egin zaidan ala ez jakiteko, aski da liburuaren marjinak begiratzea.

Uda partean irakurri dudan Teoría y práctica de la psicología comunitaria liburuaren marjinak oharrez beteta daude. Liburua prozesu kolektiboez ari da: botereaz, komunitatea indartzeaz, lidergo komunitarioaz, sareei buruz. Maritza Montero irakaslearena da, eta eskaneatuta eskuratu daiteke bi zatitan: hemen eta hemen.

Ideiaren bat azpimarratekotan, hona hemen batzuk:
  • Empowerment, ahalmentzea... alferrikako neologismoa da egilearen ustez. Latinoamerikan komunitatea indartzea erabili izan dute aspaldian... Azken batean, hori besterik ez da: komunitatea indartzea, komunitatea gai izatea bere beharrak asetzeko eta bere etorkizuna gidatzeko.
  • Lidergo komunitarioaz hitz egiten du liburuan. Ikerketak egin dituzte egoera ezberdinetan lider komunitarioak identifikatzeko eta beren ezaugarriak aztertzeko: komunitatearen onura bilatzen duten pertsonak dira, motibatzaileak, atseginak, jendea ezagutzen dute, besteen inplikazioa sustatzen dute eta disidentzia ere onartu egiten dute... Eralan proiktuaren baitan aipatu izan den lider eraldatzaileen ezaugarriak dira.
  • Sare komunitarioak detektatzen direnerako hortxe daude, ez dago esaterik nola sortu diren. Eskuhartzearekin horixe bera da lortzen dena: sareak bertan daudela ikustaraztea, eta sare horietako kideak existentzia horren kontzienteak izatea. Liburuak, dena den, gako batzuk ere ematen ditu: sareak indartzen edo sareak ahultzen dituzten elementuak. Lehenen artean hiru azpimarratzen ditu: informazioa sozializatzea, konpromisoarekiko beldurra kentzea, eta identitatea indartzea (norbanakoena, familiarena, taldearena, komunitatearena...) Sareak ahultzen dituzten elementuen artean beste hainbat: lidergo txikia edota egozentrikoa, mesfidantzak eta harreman gatazkatsuak, antolakundeari buruzko ikuspegi itxiegiak, eta ikasitako babesgabetasuna.

Laburbilduz, komunitateak indartzeko hiru gako aipatzen ditu: parte-hartzea, konpromisoa eta lidergoa.

Esan izan da hizkuntzaren normalizazio prozesuak hiztun komunitatea behar duela erdigunean. Prozesua kolektiboa dela... prozesu komunitarioa. Hitz potoloa da. Errazago da esatea egitea baino. Liburuak ez du errezetarik ematen, baina bai gako batzuk. 

Ikastetxean, enpresan, auzoan... euskara plana abiatzen dugunean, komunitatea ezagutzea komeni zaigu: komunitate horretako liderrak nor diren jakitea, territorioa mapeatzea (elkarteak, taldeak, pertsonak...), harreman-sareak irudikatzea, aldekotasunak eta kontrakotasunak identifikatzea, hasieratik parte hartzea eta konpromisoa erraztea... Komunitatea indartzea da egitasmoa sostenible izateko biderik ziurrena.

2014/07/28

Hizkuntzaren sustapena egiten duten entitateak




Ezagutzen al duzue "Cens d'entitas de foment de la llengua catalana" proiektua? Katalanaren sustapena egiten duten entitateen erregistro publikoa da, antza. Horri buruzko albiste bat irakurri dut, duela gutxi:
"Enguany 142 associacions i fundacions formen part del Cens d’entitats de foment de la llengua catalana /.../ 82 pertanyen a l’àmbit cultural, 17 a foment de la llengua, 11 a integració social, 7 a joves i lleure, 11 a organitzacions empresarials i sindicals, a més de l’àmbit de l’esport, la formació, els col·legis professionals i les noves tecnologies"
Hortaz, erregistroan 142 elkarte eta fundazio dago izena emanda. Ez dira soilik zuzen-zuzenean katalanaren langintzaren baitako entitateak (gure euskalgintzaren parekoak). Bestelakoak ere ageri dira: kultura arlokoak, gizartegintzakoak, hezkuntzakoak, enpresa mundukoak... askotarikoak. Egitasmo interesgarria da. Web orrian www.gencat.cat/llengua/cens proiektuari buruzko azalpen ugari ageri dira, baita bideo dibulgatiboa ere:


Eta gurean? Zein dira euskararen sustapena egiten duten entitateak? Zenbat dira? Non daude? Euskalgintza nola definitu?

Urretxun horretaz aritu ziren. Euskalgintza artikulatu nahian, euskalgintza bera definitzera behartuta ikusi zuten beren burua: "Maila kontzeptualean, euskalgintzaren partaidetzat jotzen dira beren erakundeaz gain, gizartean euskararen normalizazioan eragiteko asmoa duten erakundeak".

Mikel Zalbidek horri buruzko gogoeta egin zuen orain dela urte batzuk. Horretarako bi elementu erabili zituen: (a) euskalgintzaren aldeko asmoak eta (b) euskalgintzaren aldeko emaitzak. Hortaz, lau aukera zerrendatu zituen:
  • A Euskalgintzaren aldeko asmorik bai, eta aldeko emaitzarik ere bai
  • B Euskalgintzaren aldeko asmorik bai, baina aldeko emaitzarik ez
  • C Euskalgintzaren aldeko asmorik ez, baina aldeko emaitzarik bai
  • D Euskalgintzaren aldeko asmorik ez, eta aldeko emaitzarik ere ez
Lehen hirurei euskalgintzaren baitakoak zirela iritzi zien, baina halako bereizketa "txiki" bat egin zuen:
  • Berariazko euskalgintza dira lehen biak, euskararen sustapena berariaz bilatzen baitute.
  • Bide batezko euskalgintza da hirugarrena
Gogoeta Euskaltzaindiaren Euskara aldizkarian argitaratu zen, 2007. urtean, artikulu luzeago baten sarrera gisa: Iparraldeko Euskalgintza, XIX. mendearen bigarren erdian: Zaldubi eta bere garaia. (pdf).