Showing posts with label Kulturgintza. Show all posts
Showing posts with label Kulturgintza. Show all posts

2015/02/01

Parte Hartzea eta Partaidetza: parte hartu eta parte izan

XII. Topaldiaren hitzaldiak streaming bidez jarraitu ditut.

Lorea Agirreren hitzaldia gustatu zait. Gauza interesgarri askoren artean, kulturgintza parte hartzean oinarritu behar dela esan du.  Are gehiago: parte hartzetik partaidetzara igaro beharra aldarrikatu du (parte hartu eta parte izan), baita partaidetza identitate moduan ulertu behar dugula iradoki ere; parte hartzen dugun leku horietakoak baikara, parte hartzen uzten diguten leku horietakoak, alegia.

Igor Elortzak ere antzeko ideiak adierazi ditu, eta Benjamin Franklinen aipu bat erabili du: “Esaidazu eta ahaztu egingo dut. Erakutsidazu eta gogoratu egingo dut. Bihur nazazu parte eta ikasi egingo dut.” 

Ideia horietatik tiraka, "parte hartzearen eskilara" deritzan eredua gogoratu dut, parte hartzeari buruzko ikastaroetan sarri aipatu ohi dena. Eredua Sherry Arnstein-ek sortu zuen, Estatu Batuetan garapen komunitarioren inguruan ikertzen ari zela. Sherry Arnstein-ek parte hartzea eskailera baten moduan irudikatzen du: eskaileran gora egin ahala, are benetakoagoa eta sinisgarriagoa da parte hartzea. 

Zortzi eskailera-maila proposatzen ditu:
Ez Parte Hartzea
  • Lehena. Parte hartzea = manipulazioa. Agintarien erabakiak legitimatzea da helburua.
  • Bigarrena. Parte hartzea = terapia. Herritarrei barruan dutena kanporatzeko aukera ematea da. 
Parte Hartze Formala 
  • Hirugarrena. Parte hartzea = informazioa. Agintariek beren asmoen berri ematen dute, erantzuteko aukerarik ez badago ere.
  • Laugarrena. Parte hartzea = kontsulta. Herritarrek iritzia emateko espazioak sortzen dira. 
  • Bostgarrena. Parte hartzea = baretzea. Iritziak jaso ezezik, horietako batzuk aintzakotzat hartzen dira, agintarien borondate ona erakusteko. 
Parte Hartzea 
  • Seigarrena. Parte hartzea = lankidetza. Negoziazio prozesu bat da, eta horren ondorioz, herritarren ikuspuntuak kontuan hartzen dira.
  • Zazpigarrena. Parte hartzea = delegazioa. Erabaki batzuk herritarren esku daude erabat. 
  • Zortzigarrena. Parte hartzea = herritarren kontrola, agintarien tutelarik gabe.
Eredua administrazioari egiten dio erreferentzia. Baina, Sherry Arnstein-ek berak zioen moduan, beste edozein erakunderi ere aplikatu ahal zaio.

2014/12/13

Zer da planifikatzea? Honatx inoiz irakurri dudan definiziorik onena!

Wikipediaren arabera plangintza erakundeen berrikuntza eta aurrerapenerako kudeaketa-metodologia bat da. Funtsean xede nagusiak planteatzea, horretarako helburu zehatzak ezartzea eta horien lorpenerako estrategia, politika eta programak zehaztea dira plangintzaren pausoak, prozesuan zehar emaitzak eragin dezaketen aurreikuspen egokiak eginez.

Gutxi gorabehera, ados (ñabardura askotxorekin), baina... irakurri dut planifikazioaren definizio hoberik! Duela gutxi, honakoa, esate baterako:
Planificar és una eina per fer millor la feina, per poder avançar-se i predir escenaris; és una manera de concretar el somnis; és un compromís fruit d’un treball de molts. Planificar és voler dibuixar i fer-ho convocant els elements necessaris perquè el dibuix sigui ben complert. Planificar és treballar en i per acords, en visions compartides, en construir a moltes mans. És ser inclusius. La planificació requereix d’un desenvolupament d’esforços pel comú; per evitar que quedi la menys gent possible al marge. Planificar és possible? Podem planificar?
Euskaraz:
Planifikatzea lana hobetzeko erraminta bat da: etorkizuna aurreikusteko eta etorkizunari aurre hartzeko erraminta. Ametsa xehatzeko modu bat da. Konpromiso bat, askoren ahaleginaren emaitza. Planifikatzea marraztea da, eta marrazkia ahalik eta osoena izateko elementu guztiak mahairatzea. Planifikatzea adostasunak biltzea da, ikuspegi partekatuak sortzea. Planifikatzea da esku askoren artean eraikitzea. Inklusiboak izatea. Komunala indartzea, eta inor ez baztertzea. Planifikatzea posible al da? Planifikatzerik al dago?
Kultura planen inguruko eztabaida batetik ateratako testua da. Merezi du oso-osorik irakurtzea. Hemen duzue: http://interaccio.diba.cat/blogs/2014/12/05/planifica-que-alguna-cosa-queda 

2014/09/18

Buruko mapak...

Diotenez, uda garaia egoki-egokia da gure buruko mapak astintzeko eta zabaltzeko. Buruko mapak munduari buruz ditugun pertzepzioak dira; baita pertzepzio horiek baldintzatzen dituzten sinismenak, balioak eta (aurre)iritziak ere.

Autolaguntza liburuetan (merkeetan eta ez hain merkeetan) asko hitz egin izan da horretaz. Oporretan gure burua zabaltzeko aholkua ematen dute: leku berriak ezagutu, normalean irakurriko ez genituzkeen gauzak irakurri, urtean zehar entzuten ez dugun musika entzun, jende berriarekin egon, edo aspaldian ikusi ez dugun lagun harekin...

Ez zait aholku txarra iruditzen.

Udako entzunaldiak eta udako irakurraldiak dibertsifikatzeari begira, nik neuk bi "mugarri" izan ditut: Euskadi Irratiko Bihotzeko Fonoteka saioa, eta Berria egunkariko Udako Gaiak atala. Zerbait aipatzekotan, bigarren hori aipatuko nuke nik: portatu egin dira, bete-betean asmatu dute aurten. Testu sorta izugarri polita osatu dute.

Horrekin batera, berrikuntza txiki bat aurkitu dut aurten Interneten: READLIST zerbitzua. Orri sorta bat hartu eta epub formatuan jasotzeko aukera ematen du, liburu elektronikoan lasai-lasai irakurtzeko. Niretzat deskubrimendu handia izan da.

Hau da emaitza:
Iaz Kindle horietako bat oparitu zidaten urtebetetzerako. Etekina atera beharko zaio, ezta?


2014/09/10

Euskal kulturgintzaren transmisioaz, herrigintzaz eta euskaldunon nazio kulturalaz


2012. urtean Soziolinguistika Klusterrak, Sorguneak ikertegiarekin elkarlanean, V. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia antolatu zuen, Kulturgintza euskararen garabidean izenburuarekin. Gerora BAT aldizkariak ale monografikoa argitaratu zuen izen berarekin. Bata zein bestea, nire ustez, mugarri txiki bat izan dira gutako askorentzat.

Hizkuntza politikaren zeharlerrotasuna aldarrikatu izan dugu sarri, eta kexatu izan gara hizkuntza normalizazioa estu-estu kultura departamentuei lotuta aurkeztu nahi izan digutenean. Lanbidearen berezkotasuna aldarrikatu izan dugu: hizkuntza normalizatzaileak gara, ez kultur teknikariak, ezta animatzaile soziokulturalak ere (nahiz eta sarri funtzio horiek ere bete behar). Jardunaldia, alde horretatik, toke bat ematea izan zen:. "Aizue, bai... arrazoi duzue, baina kasu! Kulturaren dimentsioa ere ezin duzue zuen lanetik besterik gabe baztertu". Euskara planen dimentsio kulturala landu beharra dago, eta kultura planen dimentsio linguistikoa.

Geroztik gure burua jazten saiatu gara. Tarteka, EKT aditu-tituluaren ikasketetako materialetara jo izan dugu, eta sarri kontu interesgarriak aurkitu ditugu.

Uda aurretik V. edizioaren berri egunkarien orrialde nagusietan jaso genuen, Joseba Sarrionandiaren bi hitzaldi iragarri ondoren. Antza denez, hitzaldiak ezin izango dira aurrez aurre eman, baina ikastaroaren egitaraua zirraragarria da berdin-berdin. Ikusteko parada izan al duzue? Ohi moduan, euskal kulturaren izen ospetsu askok hartuko du parte; baina bereziki deigarria egin zait (baita erakargarria ere) "euskaldunon nazio kulturalaren aurrerabideaz" gogoeta berezia egiteko adierazi duten asmoa: ikuspegi diakronikoa, kanpoko eta barruko begirada, pentsalarien eta politikarien gogoetak, eta... "herri-psikologia osasuntsu batera joateko irakaspenak".  Kontxo... ez da erronka makala!

Behin irakurri nuen, herri kulturaz ari garelarik, kontzeptuari bi esanahi emateko joera dugula: (a) herria protagonista duen kultura, eta (b) herri gisa gure burua garatzeko bidea ematen duen kultura. Horretaz ari gara, ezta?

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren aurtengo edizioaren egitaraua hemen duzue oso-osorik (pdf, 2Mb).  On egin!

2014/03/30

Udaberriko Enarak

Zuberoako mugan


Oporrei begira, Zuberoako mendi ibilbideak bilatzen aritu naiz. Gailurrik egin gabe ere, oso itxura ona duen bat aurkitu dut: Logibar ostatutik abiatu, Holtzarteko zubiraino igo, eta handik gora jarraitu, Pista izeneko ur-jauziraino, Kartxela mendiaren azpian. Berria egunkariak iaz argitaratu zuen: hemen.

Paraje horretan bertan, Belagua aldean, bada beste ibilbide interesgarri bat. Izabatik Belaguara doan errepidea hartu behar da, eta Arrako baseliza dagoen lekuraino igo. Han bertan bide bat abiatzen da mendian gora, Lakura eta Kartxela mendien albotik igaro eta Arrakogoitiko lepora iristen dena. Handik behera, Kakueta arroila ikusgarritik gertu, Santa Grazi herrira iritsi daiteke. Bide horri Enaren bidea deitzen diote.

Enarak


Erronkaritik eta Zaraitzutik Maulera espartingintzara joandako neska gazteak ziren enarak. Beltzez jazten ziren, usadioak agindu bezala. Negua ate joka, senideekin mendi leporaino igo, eta handik Maulera abiatzen ziren. Udazkenean joan eta udaberrian itzuli, enarak bezala.

Nafarrotik soilik ez, Aragoitik ere joaten ziren neskak (Anso eta Echo ibarretatik, batez ere). Baita Italiatik eta Portugaletik ere. Maulek halako kutsu multikulturala izango zuen negu partean.

Herriko etxeetan hartzen zuten ostatu; sarritan, koltxoi bat zuten lurrean lo egiteko, askoz gehiago ez. Itzal oneko neskak ziren; ospe ona zuten herrian: alaiak, arduratsuak eta langileak, baita solidarioak ere.

Oraindik ere fabrika bat dago Mauleko irteeran, turistek bisitatu ahal dutena. Urtean behin, abuztu aldean, Espartinen eguna ospatzen dute bertan. Produkzio txikia da, ordea; eta dagoeneko ez da enararik behar.

Herri kultura


Alde egin zuten Enarek, baina bizirik iraun du emakume horien oroitzapenak. Amaren alabak kantari talde bereziak ikuskizun bat prestatu zuen eta disko bat argitaratu, andereaGatik izenarekin. Kantu gehienak euskaraz daude, baina erderetakoak ere sartu dituzte, XX. mendearen hasierako etorkin gazte horien omenez: euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz zein okzitanieraz.

Egun hauetan irakurtzen aritu naizen testu bat etorri zait burura, Josu Amezagarena da: "Herri kultura: euskal kultura eta kultura popularrak".  Herri kultura inon bizi-bizirik badago, Zuberoa da leku hori. Ez zaizue iruditzen? Deigarria da Zuberoako kultur mundua. Inbidia pixka bat ematen du.

Amaren alabek Iparralde 21 bideoan parte hartu zuen. Hona hemen:

2013/01/13

Irlak, oasiak, berogailuak eta arnasguneak

Zaldiko Maldiko Iruñeko elkarte bat da, bertako euskaldunen biltoki izatea eta orohar euskeraren erabilera sustatzea helburu duena. 80ko hamarkadan sortu zen. Garai beretsuan eta egitura zein helburu berarekin sortu ziren Gasteizko Bagare edo Donostiako Arrano Beltza (besteak beste).


Bilboko Kafe Antzokia 1995an sortu zen. Haren arrastoan beste batzuk etorri ziren gero: Plateruena, Espaloia... Espazio konprometituak izateko jaio ziren, euskal komunitatea trinkotzeko, "etorri, ikusi eta joan formulatik harago". Argia aldizkariak erreportaje interesgarria argitaratu zuen iazko abenduan: Kafe antzokiak eta kulturguneak. Euskal kulturaren oasiak

Espazio horiek irlak izan dira batzuetan, gune babestuak baina isolatuak, erdal itsasoan.

Oasiak ere izan dira, leku atsegin eta aberatsak, basamortutik iheska doazen euskaldunen atsedenlekuak.

Arnasgunea modako hitza da. Mikel Zalbidek sortu zuen:
“(…) euskarazko arnasgunea da demografi aldetik euskara “bere kabian” sentitzen den bilgunea, inork xaxatu eta eraso gabe “etxeko jaun” sentitzen den eremua. (…) Hizkuntza ahula indarberritu nahi duen erakunde, elkarte edo mugimendu orok berariaz ahalegindu behar du, hortaz, bere jendearentzako “arnasgune” horiek bilatzen eta mantentzen”.
Sorguneak ikertegiak Euskal Kulturgintzaren Estrategiari buruz egin dituen ikerketetan berogailu hitza erabiltzen du. Euskal kulturgintzaren berogailuak identifikatzea prosatzen dute: iritsi nahi dugunera iristeko lagungarri, are ezinbesteko diren ekimenak. Izen ere -ikerketaren arabera- berogailu diren eta izateko bokazioa eta potentzialitatea duten ekimen eta egitasmo ugari baitago.

Irla eta oasiak? Arnasguneak eta berogailuak, hobe.

2012/09/08

Metaforak (2): ekaitz perfektua

"Azatzak dira haziak non bota diren gogoratzeko jartzen diren seinaletxoak. Eta hauek hori izan gure dute: seinale txikiak, euskarazko kulturgintzak haziak non bota dituen adierazteko seinaletxoak". Halaxe dago adierazita @garaigoikoa blogean. Ikaragarri figura polita iruditzen zait. Berroigeita bost sarrera dira dagoeneko. Horietako batzuk oso-oso gertukoak eta oso-oso kutunak ditut.

Ildo berean, bada beste figura bat izugarri gustukoa dudana: EKAITZ PERFEKTUA.

Ekaitz perfektuak beldurgarriak dira itsasoan. Zailak dira aurreikusten. Ez dute kausa edo arrazoi bakarra. Banan-banan hartuta, ekaitz perfektua eragin duten elementuak ez dira arriskutsuak; elementu horien guztien konbinazioa, ordea, itzela izan daiteke: ikaragarria, izugarria, demasa...

Ekaitz perfektua, jakingo duzuenez, Fermin Etxegoienek gobernatzen duen musikari buruzko irratsaioa da. Mugarri izan diren diskak biltzen ditu, eta era monografikoan landu. Xabier Leteren lehendabiziko diska agertu da programan,  Anariren hirugarrena, Hertzainak taldearen lehena, Ruper Ordorikaren "Hautsi da Anphora"...

Euskarazko kulturgintzak azatzak ditu. Ekaitz perfektuak ere bai.

Sortu zirenean, elementuak banan-banan hartuta, inork gutxik aurreikus zezakeen beren arrakasta. Une egokian sortu ziren  Behar zena, behar zen momentuan... Korrika da bat,  Bertsozaleen elkartea ere bai, eta Durangoko Azoka, eta...