Showing posts with label Hibridazioa. Show all posts
Showing posts with label Hibridazioa. Show all posts

2013/06/09

Hizkuntzak etxeko egongelan...

Les llengües al sofà liburuak "La Lupa d'Or" saria irabazi zuen 2011. urtean. Kataluniako familia eleanitzak aztertzen ditu: beren jokabideak eta beren ideologia linguistikoak, 83 elkarrizketatan lortutako informazioaren baitan.

Paula Kasaresek ere antzeko gaia izan du Bat aldizkariaren 85 zenbakian: "Euskaldun hazi Iruñean. Inguru erdaldun(du)etako familien hizkuntza elkarrekintza eta komunitate aukerak". Bere esanetan, "eskola bidez edo gaztetan euskaldundu diren hiztunetako batzuk euskarari atxiki zaizkio eta aita-amatu direlarik seme-alabei hizkuntza horretan egitea deliberatu dute". Nola egin duten da aztergaia.

Paulak azaltzen duen bezala, Iruñea bezalako ingurune erdaldunduan euskaraz bizi eta umeak euskaldun hazi nahi dituzten familiek hautu-erabaki askotxo hartu behar izaten dute, baita eskolan hizkuntza eredua hautatu aurretik ere. Erabaki horiek guztiak aztertzen saiatu da.

Bikote mistoen kasuan, esate baterako, gutxieneko baldintza batzuk proposatzen ditu artikuluak: adostea guraso euskaldunak seme-alabari euskaraz egingo diola, guraso horrek euskarazko harremanari tinko eustea, elkarrekin denbora aski izatea, haurrak etxetik at (eskolan eta) ere euskaraz aritzea...

Guretik at, hainbat liburu ikusi dut, familia elebidunentzat estrategia jakinak proposatzen dituztenak. Interneten bertan, esate baterako, bi aurkitu ditut: bat katalanez eta bestea ingelesez (biak doan jaistekoak): Estratègies de transmissió lingüística en famílies plurilingües eta 7 Steps to Raising a Bilingual Child. Batzuetan inpresioa izan dut liburu horiek "errezetak" eman nahi izan dituztela, "errezetak" ematerik ez dagoen lekuan.

Aurreko sarreran hibridazio linguistikoaren gaia aipatu nuen, eta Joan Pujolarren aipu bat ekarri: "Gazteek etxean nagusiki hizkuntza batean ala bestean hitz egitetik, kalean hibridazio-prozesu batera igaro dira, non hizkuntza bat ala bestea erabiltzen den, egoeraren arabera". Gurean ere badago zer aztertu, Euskal Herriko hainbat ingurutan hibridazio fenomenoa etxeko giroan bertan gertatzen ari baita.

Hautu-erabakiak eta estrategiak ezezik, ingurune erdaldun(du)etako familien barneko hizkuntza elkarrekintzak ere aztertu nahi izan ditu. Oso lan interesgarria da, haurrek elkarrekintza horietan funtseko gauzak ikasten baitituzte: "bi kodeak nola erabili, non, norekin eta zertarako, bi kodeak noiz bereizi, noiz nahasi (...)"

Merezi du testu osoa irakurtzea (erreferentzia hemen), baita iaz egileak berak honi buruz argitaratu zuen beste artikulua ere (hemen).

2013/06/01

Elebitasuna eta hibridazio linguistikoa

Elebitasuna eta elebiduntasuna gauza bera ez direla eta bereiztea komeni dela defendatu izan dute hainbat adituk. Horren arabera, elebitasuna gizarteari dagokio eta elebiduntasuna pertsonari. Gogoan dut Lore Erriondo, Fito Rodriguez eta Xabier Isasik argitaratu zuten liburu baten izenburua: Hizkuntza, hezkuntza eta elebiduntasuna (1993). Liburua interneten eskuratu daiteke: hemen.

Proposamenak ez zuen arrakasta handirik izan, eta oraindik ere elebitasuna erabiltzen dugu baterako zein besterako. Zalantzarik dagoenean adjektibo bat jarri eta kitto: elebitasun indibiduala, elebitasun soziala...

Pertsona elebidunen sailkapen ugari ere egin izan dira: hizkuntzen eskuratzeko hurrenkeraren arabera, gaitasunaren arabera... Elebidun goiztiarrak eta berantiarrak daude. Elebitasuna simetrikoa ala asimetrikoa izan daiteke, kengarria ala gehiagarria ere bai. Antolaketa kognitiboa kontuan hartuta, adituek elebitasun konposatua eta elebitasun koordinatua bereizten dituzte.

Bitxia da, baina... erabilerari erreferentzia egiten dion sailkapenik ez dago.

Joan Pujolar irakasleak hibridazio kontzeptua erabiltzen du Kataluniako gazte elebidunen prozesu linguistikoak definitzeko: hibridazio linguistikoa. Hibridazioak hizkuntza-erabileraren izaera pragmatikoarekin du zerikusirik; egoerak berak ezartzen baitu hizkuntza bata ala bestea noiz erabili, eta ez hizkuntzak berak: bakoitzaren funtzionalitatea, solaskideen interesak, egoera komunikatibo horretan egokitzat zein jotzen den...

Gazteen artean egoera honela definitzen du:
  • Gazteek etxean nagusiki hizkuntza batean ala bestean hitz egitetik, hibridazio-prozesu batera igaro dira, non hizkuntza bat ala bestea erabiltzen den, egoeraren arabera.
  • Hibridazio-prozesua jatorriz katalandunak diren gazteei eta jatorriz beste hizkuntza bat dutenei eragiten die, baina ez maila berean. Hibridazio-prozesuak katalanaren alde jokatzen omen du. Jatorriz katalandunak diren gazteen joera intentsitate gutxiko hibridazioa da: gaztelania erabiltzen dute, lehentasunez katalana erabiltzeari uko egin gabe. Jatorriz katalandunak ez direnen artean intentsitate handiko hibridazio kasuak daudela azaldu du Pujolarrek.

Joan Pujolarren lanari buruzko artikulu bat duzue hemen.