Showing posts with label gazteak. Show all posts
Showing posts with label gazteak. Show all posts

2013/06/01

Elebitasuna eta hibridazio linguistikoa

Elebitasuna eta elebiduntasuna gauza bera ez direla eta bereiztea komeni dela defendatu izan dute hainbat adituk. Horren arabera, elebitasuna gizarteari dagokio eta elebiduntasuna pertsonari. Gogoan dut Lore Erriondo, Fito Rodriguez eta Xabier Isasik argitaratu zuten liburu baten izenburua: Hizkuntza, hezkuntza eta elebiduntasuna (1993). Liburua interneten eskuratu daiteke: hemen.

Proposamenak ez zuen arrakasta handirik izan, eta oraindik ere elebitasuna erabiltzen dugu baterako zein besterako. Zalantzarik dagoenean adjektibo bat jarri eta kitto: elebitasun indibiduala, elebitasun soziala...

Pertsona elebidunen sailkapen ugari ere egin izan dira: hizkuntzen eskuratzeko hurrenkeraren arabera, gaitasunaren arabera... Elebidun goiztiarrak eta berantiarrak daude. Elebitasuna simetrikoa ala asimetrikoa izan daiteke, kengarria ala gehiagarria ere bai. Antolaketa kognitiboa kontuan hartuta, adituek elebitasun konposatua eta elebitasun koordinatua bereizten dituzte.

Bitxia da, baina... erabilerari erreferentzia egiten dion sailkapenik ez dago.

Joan Pujolar irakasleak hibridazio kontzeptua erabiltzen du Kataluniako gazte elebidunen prozesu linguistikoak definitzeko: hibridazio linguistikoa. Hibridazioak hizkuntza-erabileraren izaera pragmatikoarekin du zerikusirik; egoerak berak ezartzen baitu hizkuntza bata ala bestea noiz erabili, eta ez hizkuntzak berak: bakoitzaren funtzionalitatea, solaskideen interesak, egoera komunikatibo horretan egokitzat zein jotzen den...

Gazteen artean egoera honela definitzen du:
  • Gazteek etxean nagusiki hizkuntza batean ala bestean hitz egitetik, hibridazio-prozesu batera igaro dira, non hizkuntza bat ala bestea erabiltzen den, egoeraren arabera.
  • Hibridazio-prozesua jatorriz katalandunak diren gazteei eta jatorriz beste hizkuntza bat dutenei eragiten die, baina ez maila berean. Hibridazio-prozesuak katalanaren alde jokatzen omen du. Jatorriz katalandunak diren gazteen joera intentsitate gutxiko hibridazioa da: gaztelania erabiltzen dute, lehentasunez katalana erabiltzeari uko egin gabe. Jatorriz katalandunak ez direnen artean intentsitate handiko hibridazio kasuak daudela azaldu du Pujolarrek.

Joan Pujolarren lanari buruzko artikulu bat duzue hemen.

2011/12/18

Euskaltasun likidoa?

Zygmunt Bauman soziologoak sortu zuen modernitate likidoaren kontzeptua. Horren arabera, aldakorra da egungo gizartea. Ahuldu egin dira loturak. Lehengo lotura sendo horiek arinak eta behin-behinekoak bihurtu dira egun.

Identitatea ere aldatu egin da. Lehengo identitateak solidoak ziren: sendoak eta iraunkorrak. Identitate horiek ahuldu egin dira. Modernitateari identitate likidoa dagokio: likidoak ez du forma finkorik. Baumanek dioen bezala, egun identitateak sumendi bateko labaren modukoak dira: orain gogortu, gero urtu... etengabe itxuraldatu.

Joan Pujolar irakasleak Els joves i la catalanitat líquida artikulua argitaratu berri du L'Avenç aldizkarian. Bertan, Kataluniako gazteen hizkuntzei eta identitateei buruzko ikerketa baten harira, Pujolarrek haurnaketa egin du gazte horien katalanitateari buruz. Bere ustez gazte hauen katalanitatea likidoa da, hibridoa, etengabe eraikitzen.

Gure artean ere, gazteek euskarari dioten atxikimendua aldatu egin dela aipatu izan da. Soziolinguistika Klusterrak urte batzuk daramatza gazteen jarrerak eta erabilera aztertzen. Lan horiek etorkizuna aurreikusteko arrastoak emango dizkigute ziur aski.

2011/08/06

Celosamente gordea.

Uztailean Jordi Solé i Camardons soziolinguista katalanaren hitzaldi baten berri eman zidaten. Interesgarria iruditu zitzaidan. Irakasle honen bi liburu ezagutzen ditut: El políedre sociolingüístic eta UEUk euskaraz argitaratu zuen Soziolinguistika Gazteentzat. Ezaguna da Jordik zientzia fikzioa ere idazten duela. Zientzia fikzioak eta soziolinguistikak zerikusi gutxi dutela iruditu dezake.. baina pentsatzera jarriz gero... agian ez dira horren ezberdinak.

Zientzia fikzioa etorkizuna irudikatzeko eta amesteko era literarioa dela esan zuen norbaitek, baita nahi ez ditugun etorkizunen mamua uxatzeko ahalegina ere.

Orwell-en 1984 liburua gogoratzen al duzue? Bertan Newspeak edo Neolengua aipatzen dute (ez dakit nola euskaratu duten): liburuan hizkuntza estandar berria sortu dute, gainerako hizkuntza guztiak ordezkatzeko eta pertsonen pentsaera eta jokaera bera eragiteko.

Gogoan dut ere Susa aldizkariak 1986. urtean Future-No Future izeneko alea argitaratu zuela. Bertako istorio batean euskararen etorkizun beltza adierazten zuten: Celosamente gordea zuen izenburua. Bap taldeak testua abesti bihurtu zuen 1992ean: hemen.

Zientzia fikzioa egiten duen soziolinguista batek nola islatzen du hizkuntzen gaia bere lanetan?

Portzierto... hitzaldira joan nintzen baina, antza denez, informazioa gaizki eman zidaten. Bertan ez zen Jordi Solé izan, baizik eta Joan Solé. Katalunian egin duten ikerketa baten berri eman zuen zuen: Llengua i joves. Usos i percepcions lingüístics de la joventut catalana. Oso lan interesgarria.