2011/07/12

Munduari begiratzeko.

Irratian Pilar Kaltzada idazle eta kazetariari entzun diot, euskaldunberria izaki, euskara harentzat zer den erantzun behar izan duela behin baino gehiagotan. Kirmen Uriberen poema bat erabili izan du horretarako:

Munduari begiratzeko modu bat,
laguntzarrekin kantatzeko modu bat,
horman eguzkia hartzeko modu bat,
itxaroten jakiteko modu bat.

Pagoak ukitzeko modu bat,
azalak irakurtzeko modu bat,
hego-haizea usaintzeko modu bat,
autoan negar egiteko modu bat.

Ez onena agian,
ez ederrena agian,
zaharregia, txikiegia agian.

Mikel Urdangarinen ahotsean hemen.

2011/05/17

Lerro bat itsas gainean

Lerro bat itsas gainean / Una linea sobre el mar Madrileko "Circulo de Bellas Artes" erakundeak astero filosofiaz egiten duen irrati programa da.

Orain dela hilabete batzuk ezagutzari buruzko saio interesgarria egin zuten (hemen). Plantemendu interesgarria: El Raso urmaela bisitatu eta gidariekin izan zituzten elkarrizketak grabatu. Elkarrizketa horiek bestelako irakurketekin tartekatuz osatu zuten saioa.

Amaieran elkarrizketetako hainbat entresaka egin zuten eta gaiarekin zuzenean lotu. Honakoak:
  • Argirik ez dagoenean, koloreak ez dira ondo ikusten.
  • Prismatikoak alferrikakoak dira, ondo enfokatzen ez badituzu. Gainera, batzuetan, enfokatu orduko lehen ikusitakoa desagertu egin da.
  • Ikuseremu zabala eskaintzen dituzten prismatikoek ez dute xehetasunak ikusteko balio.
  • Batzuetan ez duzu murgila ikusiko, baina jakin bertan dagoela jakingo duzu, ur-azalean utzi dituen ildaxkagatik. Kukua ere entzungo duzu agian. Eta jakingo duzu bertan dagoela, baina ez duzu ikusiko.
  • Zailagoa da animalia bat identifikatzea, landare bat identifikatzea baino. Animalia mugitu egiten da eta ez du ondo ikusteko denborarik ematen. Paradoxa da, animaliak mugitzen direnean ikusten baitira ondoen.
  • Zer ikusiko duzun baldin badakizu, are errazagoa izango zaizu ikusten duzuna identifikatzea.
  • Orientatzeko erreferentzia puntuak behar dira. Eskuliburua identifikazioa errazteko gida izan daiteke, baina ez da hutsaren gaineran erabili.
  • Garrantzizkoa da begirada ondo entrenatzea.
Metaforaren ideia da, berriro ere. Esaldi hauek bere kontestutik atera, eta ezagutza-prozesuei aplikatu ahal zaizkie. Saio polita egin daiteke: eskuartean duzuen edozein proiektu hartu eta ideia hauek aplikatzen saiatu. Atrebitzen al zarete?

2011/04/03

Armairutik atera.

SORTIR DE L’ARMARI LINGÜÍSTIC. Ferran Suay i Gemma Sanginés

TELP ikastaroek arrakasta izan dute gure artean. Hizkuntzaren inguruko diskurtsoa berritu egin dute. Norbanakoaren ardura eta erantzukizuna berriro ere mahairatu egin dute baina lehengo ikuspegi patetikotik harago (ikus. Atxaga) ikuspegi positibo eta proaktiboz jantzi dute.

Bigarren mailako erreferentzietatik badira ere, han-hemenka kuxkuxeatu ditut horien testuak:
  • Hitzaldi bat: hemen
  • Artikulua BAT aldizkarian: hemen
  • EMUNek antolatzen dituen lantegien eskuorria: hemen
  • Tallers per la llengua proiektuaren web orria: hemen
  • Denetan osatuena (agian) ERALAN proiektuaren lehen argitalpenean dago. TELP ikastaroari buruzko azalpen zehatz eta xehea agertzen da bertan.
Duela gutxi “Sortir de l’armari lingüístic” liburua eskuratu dut. Lehengo ideiak eta istorioak agertzen dira bertan (oso era iradokitzailean, egia esanda) baina nik neuk lehen atalaren ideia batekin geratu naiz: “euskaraz egitea (egin nahi izatea) estresagarria da”.

Gauza askorengatik estresatu ahal gara, baina guzti-guztiek hiru ezaugarri komun dituzte:
  • Ezbaia, ziurgabetasuna. Ez dakigu zen izango den egoera horren amaiera.
  • Gure kontroletik kanpo dago, neurri batean.
  • Mehatxua da. Arrisku bat egon daiteke.
Euskaraz hitz egiteak estresa sortzen du.
  • Euskaraz ulertuko du?
  • Eta ulertzen ez badu? Zer egin dezaket?
  • Edozein kasutan ere, arazoa niri sortuko zait.
Estres egoera bati aurre egiteko bi estrategia-mota erabil daiteke:
  • Arazoari bideratua. Arazoa konpontzen saiatzea.
  • Emozioei bideratua. Arazoa konpondu gabe ere, ni neu gaizki ez sentitzea.
Liburuan zehar, kasu praktikoen bidez, bigarren estrategia horri heltzen diote bereziki.

2011/01/08

Denbora galduaren oroimina.

Oporretako irakurgaien artean, Jorge Riechmann-en testutxo bat izan dut eskuartean: "Tiempo para la vida. La crisis ecológica en su dimensión temporal". Lau denbora aipatzen ditu: naturaren denbora (ziklikoa), gorputzaren denbora (lineala), gizarte bizitzaren denbora (aisia) eta sistema industrialaren denbora (hiperazeleratua).

Bere ustez egungo krisi ekologikoa denbora horien desgobernuarekin du zerikusirik. Denbora horien arteko gatazkaren eta doikuntzarik ezaren ondorioa da. Ez du errezetarik ematen baina bai azpimarratzen du krisi ekologikoaren irtenbideak denboraren desajusteak ere konpondu beharko dituela

Ekialdeko Europa sistema kapitalistan sartzearekin batera hango herritarrek jasan duten "denbora galduaren oroimina" ere aipatzen du: lehen irakurtzea, musika entzutea, lagunekin egotea... denboraren okupazioa zen; egun denbora galtzea bihurtu da... horra hor denbora galduaren oroimina.

Identifikaturik sentitu naiz. Horra hor, beraz, urte berrirako proposito bat: polikiago joan eta leku gehiagoetara iritsi. Hala bedi!

2010/12/10

Hegemonia.

Bastardas irakasleak subsidiarietate-printzipioaz hitz egiten du; hau da, hizkuntza lokal batean egin daitekeen guztia ez dadila egin hizkuntza globalago batean. Ideia honi bigarren zutabe bat gehitzen dio: hizkuntza lokalei funtzio esklusiboak eta eraginkorrak (funcions exclusives) ematea (hemen). Beste era batera esanda: (a) hiztunek hizkuntza lokala ahalik eta egoera gehienetan erabiltzeko aukera izan behar dute, (b) hizkuntza lokala, hainbat egoeratan, beharrezkoa ez ezik, ezinbestekoa ere izan behar da.

Mikel Zalbidek "euskaldunak euskaldunekin euskal-giro sendoan bizi diren lekuak" aipatzen ditu eta arnasgune deitzen die (hemen, adibidez). Oinarrian Fishman-en ideia hartzen du: "physical breathing space, demographically concentrated space where Xish (gurean euskara) can be on its own turf, predominant and unharassed".

Jon Sarasuak, ordea, hegemonia hitza defendatu izan du: lurralde hegemoniko bati buruko debatea ukatu gabe, gune hegemonikoak sortzeko eta zabaltzeko beharra ikusten du: euskaraz bizitzeko eta sortzeko balio diguten guneak, hain zuzen. Eta auto-eraketa aldarrikatzen du horretarako; batez ere hiru arlotan: hezkuntzan, hedabideetan eta kulturgintzan (hemen).

Txepetxek botere linguistikoaren birbanaketa aldarrikatzen zuen: botere politikoak botere linguistikoari erantzutea, alegia.

2010/12/03

Konstituzioak bere burua "derogatu" zuenekoa

Oso istorio ezaguna da: han-hemen zabaldu izan da sarri. Behean duzuen argazkia, esate baterako, Lusitxo Fernandezen blogetik hartu dut. Urtero gogoratzen dut, data hauek iristen direnean. Istorio ezaguna da, baina bitxia.

Kontua da Espainiako konstituzioa onartu aurretik azalpen liburuxka bat banatu zela etxez etxe. Euskal Herrian gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu zuten. Hona, euskarazko bertsioan, azken aurreko xedapena:
3. Era berean derogaturik geratzen dira Konstituzio hontan ezartzen diren disposapen guztiak. 


Mundiala! Ezta?

2010/11/28

Periferia eta berrikuntza

Josu Zabalak askotan esan omen du Hertzainak taldea Gasteizen baizik ez zitekeela sortu.

Argia aldizkarian ere, euskal rock and rolla non eta Zuberoan sortu zela azpimarratu ondoren, galdera horixe egin zioten Niko Etxart kantariari, kasualitatea ote zen euskal rocka euskal periferiatik sortu izana, alegia.

Jon Sarasuak periferiaren garrantzia eta erakargarritasuna aipatu izan du behin baino gehiagotan. Azken aldia Argia aldizkariko artikulu batean: "Gunearen ertza baino ederragoa delako ertzaren gunea". Elkarrizketa mamitsua da baina sarrera honetan esaldi so(t)il horrekin geratu naiz.

Jone Miren Hernandez antropologoari ere beste horrenbeste ulertu diot nik: euskararen mundua birpentsatu beharra aldarrikatu du, eta berrikuntza horiek ezin direla mundu horren erdigunetik etorri, baizik eta alboetatik. Horretarako bertsolaritzan egon diren berrikuntzak aipatzen ditu adibide eta erreferentzia gisa.

Joseba Sarrionaindia ere periferiaren apologoa da, bere testuetan marjinalia aldarrikatzen baitu:
  • "Psikologia sozialean, pertsonalitatea marginala deritza kultura desberdin biren artean hazi den indibiduoarena, kultura bikoiztasun horrek gatazka intrapsikikoa eragiten baitio"
  • "Soziologian, marginalak dira gizarte egitura eta usadio orokorretan integraturik ez dauden jende eta taldeak"
1983 eta 1985 bitartean Sarrionaindiak Argia astekarian idatzi zuen atalak «Bazterrekoak» izena zuen.