2012/09/30

Matxinatzea

Ez da bideo berria. Iazko otsaileko data du. Twitterren bidez ibili da azken asteotan.

Raül Agné Girona taldeko entrenatzailearen prentsaurrekoa da. Gazteleraz hasi da, gazteleraz galdetu diotenean, eta katalanez jarraitu, katalanez galdetutakoan. Kazetari batek erantzun horiek ere gazteleraz emateko eskatu dio.


Ez da lehendabiziko aldia horrelako bat ikusten duguna (azkena ere ez da izango). Honek, ordea, badu  zinezkotasun berezi bat: erabateko naturaltasuna, itxurakeriarik gabea. Nabari da erantzuna barru-barrutik ateratzen zaiola. Hasieran ezbai, harrituta; erantzuten saiatu da gero, argudiatzen; haserretu da azkenik, sumindu, indignatu.

Gorka Juliok matxinatze-atalaseari buruz idatzi zuen duela hilabete batzuk. Matxinatze-atalaseak adierazten du inguruan zenbatek behar duten jokabidea aldatu, guk ere aldatu ahal izateko, sozialki baztertuak izan gabe. Kontzeptua sare sozialen analisiarekin lotu du, eta euskararen normalizazioari aplikatzeko proposamen interesgarria egin du: hemen

Horren urruti joan gabe ere, nik galdera xumeagoa egin diot nire buruari: Raül Agnéren erantzunaren moduko zenbat behar dugu, gu ere matxinatzeko?

2012/09/24

Euskal hirian...

Irratian entzuna (gutxi gorabehera jaso dut):
Hemen arazoa da badela hizkuntza bat guztiok dakiguna eta bestea ez. Bestea bakar batzuek dakite (dakigu). Hiri handietan kontaktu anonimoak, inpertsonalak, ugariak dira. Kontaktu horietan, psikologikoki, ez da gauza bera hizkuntza bat ala bestea erabiltzea. Guztiok dakigun hizkuntza erabiltzea da errazena. Norberaren ideologiak kontrako norabidea erraztu dezake: ahalegina egiteko prest egon gaitezke. Edozein kasutan ere, ahalegina behar da: esfortzua. Herri txiki batean bestelako faktoreak egon daitezke: konfiantzazko harreman-sareak, konplizitateak... Hirian ez.
Argudio gogorra egin zait, deserosoa. Katalanari buruz ari ziren. Saizarbitoriak Argia aldizkarian esan zuena ere ekarri dit gogora:
Uste dut salbazioa Bilbon dagoela: Bilbon salbatuko gara, edo ez gara salbatuko.
Aurreko sarreran CUSC taldeak "hizkuntza ertainei" buruz egin duen lana aipatu nuen. Hainbat lan-ildo izan dituzte: besteak beste, "hiri eleaniztunak". Hizkuntza komunitate ertainek hiri eleaniztunetan dituzten erronkak aztertu nahi izan dituzte.

Hizkuntza ekologia eta iraungarritasuna buruan, intesgarria da ekosistema soziokultural urbanoak aztertzea, hizkuntzen etorkizuna hor baitago jokoan.

Iruditzen zait, gurean ere, lan polita egin daitekeela ildo horretan.





2012/09/16

Tamainak garrantzia al du?

Nola esan behar dugu? Hizkuntza gutxituak, threatened languages, hizkuntza txikiak, menpeko hizkuntzak, hizkuntza subordinatuak, hizkuntza gutxiagotuak, eremu urriko hizkuntzak, gutxiengo(ar)en hizkuntzak, minority language...

Honezkero ikasi dugu hizkuntzaren erabilera ez dela neutroa. Gauzak eta kontzeptuak izendatzeko moduak asko esaten du gure mundu-ikuskerari buruz. Nik neuk ez dut "hizkuntza txikia" erabiltzeko oztoporik izan. Nafarroako ikastolek, ordea, hizkuntza txikien handitasuna aldarrikatu izan dute: txikiak handi.

Bartzelonako Unibertsitateko CUSC taldeak [Centré Univertsitari de Sociolingüística i Comunicació]  "Llengues Mitjanes" kontzeptuaren inguruko ikerketa-lanak egiten dihardu. Kontzeptu honen bidez, hizkuntza maioritarioen eta minoritarioen arteko dikonomia zalantzatan jarri nahi dute eta munduko hizkuntza sistemaren kontzeptualizazioa beste modu batean egin.

Hortaz, hizkuntza (eta hizkuntza komunitate) ertainak dituzte aztergai. Zein dira hizkuntza horiek? Bi irizpide proposatu dituzte: (a) hizkuntza komunitatearen dimentsio demografikoa, eta (b) komunitatearen garapen sozioteknologikoa. Horren arabera, hizkuntza komunitate ertainak dira gutxienez miloi bat hiztun dituztenak, eta estatu-marko postindustrial batean kokatuak daudenak.

Mundu glokalizatuan hizkuntza horien erronkak aztertu nahi dituzte.

Inkesta soziolinguistikoaren arabera Euskal Herriak 2.648.998 biztanle ditu. Horietatik 715.000 euskal hiztunak dira. Hortxe-hortxe.

2012/09/08

Metaforak (2): ekaitz perfektua

"Azatzak dira haziak non bota diren gogoratzeko jartzen diren seinaletxoak. Eta hauek hori izan gure dute: seinale txikiak, euskarazko kulturgintzak haziak non bota dituen adierazteko seinaletxoak". Halaxe dago adierazita @garaigoikoa blogean. Ikaragarri figura polita iruditzen zait. Berroigeita bost sarrera dira dagoeneko. Horietako batzuk oso-oso gertukoak eta oso-oso kutunak ditut.

Ildo berean, bada beste figura bat izugarri gustukoa dudana: EKAITZ PERFEKTUA.

Ekaitz perfektuak beldurgarriak dira itsasoan. Zailak dira aurreikusten. Ez dute kausa edo arrazoi bakarra. Banan-banan hartuta, ekaitz perfektua eragin duten elementuak ez dira arriskutsuak; elementu horien guztien konbinazioa, ordea, itzela izan daiteke: ikaragarria, izugarria, demasa...

Ekaitz perfektua, jakingo duzuenez, Fermin Etxegoienek gobernatzen duen musikari buruzko irratsaioa da. Mugarri izan diren diskak biltzen ditu, eta era monografikoan landu. Xabier Leteren lehendabiziko diska agertu da programan,  Anariren hirugarrena, Hertzainak taldearen lehena, Ruper Ordorikaren "Hautsi da Anphora"...

Euskarazko kulturgintzak azatzak ditu. Ekaitz perfektuak ere bai.

Sortu zirenean, elementuak banan-banan hartuta, inork gutxik aurreikus zezakeen beren arrakasta. Une egokian sortu ziren  Behar zena, behar zen momentuan... Korrika da bat,  Bertsozaleen elkartea ere bai, eta Durangoko Azoka, eta...

2012/08/30

Biografia linguistikoak

Gustukoa dut Euskadi Irratiko Kaja Beltza programa. Duela aste batzuk, saio polit bat entzuteko parada izan nuen: Mikel Markezek Rogelio Botanz kantautorea elkarrizketatu zuen, eta bien artean bere biografiaren zenbait pasarte aletu zituzten, hizkuntza kontuak tartean.

Rogelio Botanz Legazpian jaio zen 1956. urtean. Magisteritza ikasi zuen, eta horrekin batera euskalduntzen hasi ere bai. 1970ko hamarkadan musika ibilbideari ekin zion.

Tenerifen egokitu zitzaion soldadutza egitea. Kezka berdintsuak zituen irakasle talde batekin harremanetan egon zen bertan, eta gustura aritu zen. Orduan ezagutu zuen bere lehen emaztea izango zena. Horiek horrela, bolada batez bertan bizitzen geratzea erabaki zuen. Hogeita hamapiko urte joan dira, dagoeneko.

Tenerifen Taller Canario de Cancion kolektiboan parte hartu zuen. Bakarlari gisa aritu zen gero. Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko hainbat musikarirekin egin ditu kolaborazioak: Ruper Ordorika, Joseba Tapia, Silvio Rodriguez... Gaztelaniaz kantatu izan du nagusiki. Euskaraz ere bai, tarteka: http://youtu.be/Q5QjcR0vJlM

Bigarren aldiz ezkondu ondoren, Roge txikia jaio zen, orain dela 13 urte. Bere lehen bi alabekin halakorik okurritu ez bazitzaion ere, ordukoan argi ikusi omen zuen: seme hura euskalduna izango zen, eta bera ere bai, berriz ere!  Hogei bat urte zeraman euskaraz hitz egin gabe, baina... esan eta egin.

Geroztik han bizi da Rogelio, Tenerifeko La Laguna herrian, baina egunero seme-alabekin euskaraz egiten. Meritua du. Gainera... gozada bat da euskaraz nola egiten duen entzutea.

Biografia ederra, ezta?
  • Elkarrizketa osoa hemen entzun ahal duzue (40 min. inguru).
  • Rogelio Botanzi buruzko informazio gehiago hemen.

2009. urtean HABE-k ekitaldi akademikoa eratu zuen ikasturteari hasiera emateko. Juli Palou Sangrà irakasleak La construcción de la identidad pluricultural y plurilingüística / Nortasun kulturanitza eta eleanitza eraikitzen hitzaldia eskaini zuen bertan. Hitzaldiaren parte handi bat biografia linguistikoei buruzkoa izan zen.

Horren berri izan bai, baina orduan ez nion kasu handirik egin. Gaia gerora interesatu zait. Gerora ikasi dut metodo biografikoa oso kontu interesgarria izan daitekeela: bizitza historiak, kasu-azterketak, narratibak...

Ulibarri programaren barruan, "Ni eta euskara" ariketa erabiltzen dute, taldeen gogoeta-lanari hasiera emateko eta taldekideen bizipenak partekatzeko (Eraldaketa-prozesuak: zer, zertarako, nork, nola...). Lantegietako euskara planetan ere antzeko ariketak egin izan dira, erabilera-taldeak osatzeko garaian. Hizkuntzen irakakuntzaren testuinguruan, hizkuntza biografiak erabiltzen dira, ikasleek hizkuntzekin izan duten harremana eta esperientziak jasotzeko (Hizkuntzen Portfolio Europarra). Enpresaren munduan ere teknika narratiboak erabiltzen dira ezagutza tazitoa ezagutza esplizitua bihurtzeko.

Kontakizunak esperientzia egituratzen laguntzen du; eta ezagutza ez-kontzientea mobilizatzen du. Kontakizunean gertaerek pisu handia dute, baina badira bestelako elementuak ere: helburuak, nahiak, desioak, asmoak, intentzioak, zergatiak eta arrazoiak...

Kontakizunetatik bada zer ikasi.



2012/08/23

Metaforak (1)

Aurreko batean ere apunte batzuk jaso nituen pentsamendu metaforikoari buruz:
Metafora ez da soil-soilik hizkuntza kontua, ez da soil-soilik gauzak esateko modu bat. Alde formal horretatik harago doa. Metaforak kontzeptuak egituratzen laguntzen digun mekanismoa da: beste kontzeptuekin eta gure aurreko esperientziekin loturak eraikitzea ahalbidetzen du.
Irratiko elkarrizketa batean entzun dut: hizkuntza minorizatuei buruz hitz egin dugunean, arrain txikia eta arrain handia izan da figura nagusia. Arrain txikia, handiaren janari. Hizkuntza handiak txikia jaten du. Glotofagia deitu izan zaio. Iñigo Aranbarrik, ironia finez, honela definitu du:
GLOTOFAGIA. Inoren hizkuntza irenstea, ez ikasteko, ezpada hura bistatik kenduta zoriontasuna sentitzeko.
Bigarren metafora bat ere ageri da: zuhaitz handia eta zuhaitz txikia.

Landariak eguzkia behar du bizitzeko. Etxeko landareekin ikus daiteke: argia non, harantz egiten saiatzen dira. Basoan ere argia harrapatzeko borroka latza dute landareek. Demagun zuhaitz erraldoien artean zuhaitz txiki bat hazi dela. Zuhaitz handiek itzala egiten diote, izpi goxorik harrapatzeko tarterik ez diote apenas ematen. Ezer egin ezean zuhaitz txikia kondenatua dago: txiker-mehe izatera kondetatua, baita hitzera ere. Bizirik nahi badugu, zuhaitz handi horiei muga jarri behar diegu.

Ariketa egin: batetik eta bestetik tira egin, eta saiatu ondorioak ateratzen. Ariketa interesgarria da ideia berriak esploratzeko.

2012/08/15

Ah, doncs tu també parlaves valencià?


Honako istorio hau entzun dut bideo batean. Deigarria egin zait, duela aste batzuk ere, liburu batean irakurri nuelako:

Bada Valentzian bikote gazte bat. Txiki-txikitatik dira lagunak.

Urteak joan urteak etorri, maitemindu eta ezkondu egin dira. Seme-alabak ere izan dituzte. Seme-alabak handitu, eta etxetik alde egiteko garaia heldu zaie. Senar-emazte horiek elkarrekin jarraitu dute: elkarrekin bizi, bilobak izan, bilobak hazi eta bilobak hezi. 

Halako batean, bietarik bat gaixotu eta, hiltzorian dagoela, honela esan du: «M’estic morint». Besteak harrituta begiratu, eta erantzun dio: «Ah, doncs tu també parlaves valencià?»

Eta fini.