2014/08/19

Euskalgintza, herrigintza eta harrigintza

Gazi-goxoak dira Joseba Azkarragak Etxagibelek post-hazkundeari buruz idatzi izan dituen testuak. Jakin aldizkarian argitaratu berri duen artikulua ere halakoa egin zait: 'Harrigintza' berria. Apunteak hazkunde-osteko euskal herrigintzaz. Iruditzen zait marrazten duen eszenarioa egiatik asko duela; badakit bere asmoa ez dela planteamendu ezkor eta etsigarria zabaltzea... dena den, batzuetan, beste alde batera begiratzeko eta trikuarena egiteko gogoa ematen du.

Garai likidoetan bizi omen gara. Lehen solidoa zen guztia urtu egin da, baita gure arteko harremanak ere. Paradoxikoa da, komunitateak inoiz baino beharrezkoagoak izango baitira, datozkigun erronkei aurre egin nahi badiegu. Urtutakoa harri bihurtu beharko da berriro ere. Horri deitzen dio "harrigintza berria". Erronka handiak ditugu; erantzun kolektiboak behar dira; ikuspegi komunitario batetik egin behar zaie aurre.

Ildo bereko beste testu bat irakurri nuen orain dela hilabete batzuk: Eco-localismos y resilencia comunitaria frente a la crisis civilizatoria. Han trantsizio mugimenduaren azkerketa egiten zuen, eta bost gako azpimarratu:
  1. Komunitatea indartzen du: komunitateak ahalmentzea (enpoderatzea), autogestio-gaitasuna handitzea, parte-hartza indartzea, konpromisoa suspertzea... 
  2. Ekintza lehenesten du. Ezin gara zain egon, gobernuek zer egingo duten. Guk geuk egin behar dugu; banaka ez, elkarrekin. 
  3. Mugimendu autokritikoa da, baina ikuspegi eta jarrera positiboa eta erakargarria lantzen du. Garrantzitsuagoa da nahi dugun mundua eraikitzea, nahi ez duguna deuseztea baino. 
  4. Subjetibitate berria sortzea. Gure barneko trantzisioa ere garrantzitsua da. Eraldaketa sozialaren dimentsio psikologikoa ere zaindu behar da.
  5. Ekintza gidatuko duen metodologia eskaintzen du. Aurreko esperientzietan zer funtzionatu duen jaso, eta ideia horiekin ibilbide-orri bat proposatzen du, era irekian. 
Hortaz, horiek dira harrigintza berriaren gakoak. Oraindik ere bide luzea dugu, baina irudipena dut euskararen mugimenduan ez gabiltzala oso bide txarrean.

2014/08/07

Begirada bat ikerketa kritikoari

Bat Soziolinguistika Aldizkariaren 87/88 zenbakiak azken urteotako begirada egiten dio Euskal Soziolinguistikaren Ikerketari. Aldizkaria aurkezteko, Soziolinguistika Jardunaldiak baliatu zituzten, eta gaiari buruzko mahai ingurua antolatu: Patxi Baztarrika, Patxi Juaristi, Itziar Idiazabal, Iñaki Dorronsoro eta Iñaki Martinez de Luna [http://vimeo.com/91311806]. Gauza interesgarri asko esan ziren bertan, baina bereziki gustatu zitzaidan Patxi Juaristik egin zuen laburpena: ikerketetan askotariko gaiak ikusten dira, askotariko erakundeak, jatorri akademiko ezberdinak... Oro har ikuspegi aberatsa ikusten du, nahiz eta agian ikerketa aplikatua teorikoaren gainetik gehiegi nagusitu, eta nahiz eta nazioarteko ikerketarekin lotura txikiegia ikusten duen.

Patxi Juaristik lehenago ere gaia landu izan du. 2010eko HAUSNARTU sarietan lan interesgarri bat aurkeztu zuen: Euskal Soziolinguistika Aplikatua: bilakaera metodologikoa eta teknikoa (pdf)Ondorioen atala argi-argia iruditu zitzaidan... Patxi Juaristiren esanetan, euskal soziolinguitikak hiru paradigma metodologikoak landu ditu (positibista, hermeneutikoa eta kritikoa), nahiz eta lehen biak (eta batez ere lehena) nagusitu diren.

Hitz gutxitan esanda (barkatu sinplifikazioa): (a) Paradigma positibistak arrazoiak jakitearekin zerikusia du, kausa-ondorio harremanak esploratzea da, maiz metodo kuantitatiboen bidez; (b) Paradigma hermeneutikoa fenomeno baten atzean zer dagoen ulertzea da, eta metodo kualitatiboak ditu gustukoak; (c) Paradigma kritikoak eraldaketa bilatzen du, eta horretarako sarritan metodo partehartzaileak erabiltzen ditu.

Iruditzen zait agerian daudenak baina gauza gehiago dagoela paradigma kritikoaren ildokoak. Gehiegi sistematizatu gabe egin dira; ez dira behar bezala dokumentatu, ez dira argitaratu, ez dira jardunaldietan aurkeztu... Gehiago behar dira? Bai. Lan egiteko moduak sistematizatu behar dira? Esperientzia horiek jasotzeko ahaleginak egin? Jakina.

Badugu zer ikasi!

Duela urte batzuk, Madril aldean, ikerketa militanteari buruzko ikastaro bat antolatu zuten Verdades Nómadas izenburuarekin. Hiru ideiarekin geratu naiz:
  • Ikerketa militantea militatzeko modu bat ere bada: sen kritikoa suspertzea, etengabeko gogoeta bultzatzea, subjetibitate berriak sortzea, elkarrekin pentsatzea, ideiak partekatzea.... arriskatzea.
  • Jakintza sortzea ez da nahikoa, jakintza erabilgarria sortu behar da. Zein jakintza da erabilgarria eta zein alferrikakoa? Ikerketa militantearen ikuspegitik, jakintza erabilgarria da eraldaketarako ahalmena ematen duena; zer mugitzen ari den identifikatu, eta hori indartzeko bideak proposatzen dituena.
  • Taldearen barrutik ikertu behar da, eta ez kanpotik; ikergaia elkarrekin definitu behar da: zer ikusten dugun, zer sentitzen dugun, nolako dilemak sortzen zaizkigun... eta hortik abiatuta jakintza erabilgarria zein den erabaki. Ikerketa militantea prozesu kolektiboa da beti.

Duela hilabete batzuk Orlando Fals Borda soziologoaren lan batzuk irakurtzeko parada izan nuen, eta hasiera batean urrun samar egin bazitzaizkidan ere, amaierarako gustua hartu nien. Esan izan da ikuspegi eurozentrista dugula, eta gure ingurutik harago sortzen diren ikuspegiak eta esperientziak gutxiesteko joera oso-oso agerian dugula. Fals Bordak hegoaldeko begirada eman dio paradigma kritikoari. Haren lanari buruzko hitzaldi baten esteka utzi nahi dizuet, sarrera hau amaitzeko: hemen. On egin!

2014/07/28

Hizkuntzaren sustapena egiten duten entitateak




Ezagutzen al duzue "Cens d'entitas de foment de la llengua catalana" proiektua? Katalanaren sustapena egiten duten entitateen erregistro publikoa da, antza. Horri buruzko albiste bat irakurri dut, duela gutxi:
"Enguany 142 associacions i fundacions formen part del Cens d’entitats de foment de la llengua catalana /.../ 82 pertanyen a l’àmbit cultural, 17 a foment de la llengua, 11 a integració social, 7 a joves i lleure, 11 a organitzacions empresarials i sindicals, a més de l’àmbit de l’esport, la formació, els col·legis professionals i les noves tecnologies"
Hortaz, erregistroan 142 elkarte eta fundazio dago izena emanda. Ez dira soilik zuzen-zuzenean katalanaren langintzaren baitako entitateak (gure euskalgintzaren parekoak). Bestelakoak ere ageri dira: kultura arlokoak, gizartegintzakoak, hezkuntzakoak, enpresa mundukoak... askotarikoak. Egitasmo interesgarria da. Web orrian www.gencat.cat/llengua/cens proiektuari buruzko azalpen ugari ageri dira, baita bideo dibulgatiboa ere:


Eta gurean? Zein dira euskararen sustapena egiten duten entitateak? Zenbat dira? Non daude? Euskalgintza nola definitu?

Urretxun horretaz aritu ziren. Euskalgintza artikulatu nahian, euskalgintza bera definitzera behartuta ikusi zuten beren burua: "Maila kontzeptualean, euskalgintzaren partaidetzat jotzen dira beren erakundeaz gain, gizartean euskararen normalizazioan eragiteko asmoa duten erakundeak".

Mikel Zalbidek horri buruzko gogoeta egin zuen orain dela urte batzuk. Horretarako bi elementu erabili zituen: (a) euskalgintzaren aldeko asmoak eta (b) euskalgintzaren aldeko emaitzak. Hortaz, lau aukera zerrendatu zituen:
  • A Euskalgintzaren aldeko asmorik bai, eta aldeko emaitzarik ere bai
  • B Euskalgintzaren aldeko asmorik bai, baina aldeko emaitzarik ez
  • C Euskalgintzaren aldeko asmorik ez, baina aldeko emaitzarik bai
  • D Euskalgintzaren aldeko asmorik ez, eta aldeko emaitzarik ere ez
Lehen hirurei euskalgintzaren baitakoak zirela iritzi zien, baina halako bereizketa "txiki" bat egin zuen:
  • Berariazko euskalgintza dira lehen biak, euskararen sustapena berariaz bilatzen baitute.
  • Bide batezko euskalgintza da hirugarrena
Gogoeta Euskaltzaindiaren Euskara aldizkarian argitaratu zen, 2007. urtean, artikulu luzeago baten sarrera gisa: Iparraldeko Euskalgintza, XIX. mendearen bigarren erdian: Zaldubi eta bere garaia. (pdf).

2014/07/17

Hurbileko garapen eremua

Lev Semyonovich Vigotsky aditua zen garapenaren psikologian. Sobietar Batasunean hil zen 1934. urtean, baina bere lana ez zen mendebaldean ezagutu 60.en hamarkadara arte. Vigotsky-ren ustez ikastea prozesu soziokulturala da, interakzio sozialean oinarritua, sozializazioa helburu duena. Konstruktibismo sozialaren aitzindaria dela esan izan da.

Badakit gehiegi sinplifikatzea dela. Barkatuko didazue, ezta?

Vigotsky-k hurbileko garapen eremuaren teoria sortu zuen, interkazionismo sozialean oinarritua. Labur-labur esanik :
Garapen erreala da ikaslea, bera bakarrik, laguntzarik gabe, egiteko gai dena. Garapen potentziala, berriz, oraingoz eskuratu ez duen garapena da, oraingoz bera bakarrik egiteko gai ez dena, baina laguntzarekin lortu dezakeena. Hurbileko garapen eremua, hortaz, garapen errealaren eta potentzialaren arteko distantzia da. 
Beste era batera esanda, "i" baldin bada pertsonak bere kabuz aparteko ahaleginik gabe egin dezakeena, ekintza pedagogikoak ikasleari "i + 1" eskatu behar dio, eta jauzi hori gainditzeko baliabideak eman (andamiajea). Gutxiago eskatzeak ez du zentzurik, ikaskuntzarako baliorik ez duelako; askoz gehiago eskatzea ere alferrikakoa da, horrek garapen eremutik kanpo eramango gaituelako.

Eta horrek guztiak zerikusirik al du hizkuntza normalizazioarekin? Bai, ezta? Esan izan da normalizazio prozesua gauzak beste modu batean egiten ikasteko prozesua dela: ikasketa-prozesu bat, azken batean.

Beste ideia bat hurbileko garapen eremuari loturik: Txepetxek, aspalditxo, tipo linguistikoak definitu zituen: A, [B], B, A[B], AB, BA... jatorrizko euskalduna, euskaldunberria, euskaldun kulturizatua, euskaldunberri natibizatua... Akordatzen?

Gerora, normalizazioari begira, tipo linguistikoen optimizazioa aldarrikatu zuen, Hiztunek beren gaitasuna hobetzea da kontua, eta horretarako hiztun tipo bakoitzak gertuko tipologian bilatu behar du bere erreferentea.

Julen Arexolaleibari entzuna diot galdera: zonalde erdaldundu batean, euskara eskolan ikasi duen (ikasten ari den) neska-mutikoarentzat zein da, euskararen ikuspegitik, erreferentzia positibo gertukoena? Zeinek lagundu ahal dio gehien? Agian, ikastetxean bertan bere antzeko egoera batean euskara(z) ikasi eta euskara berea egin duen gaztetxoa. Aisialdirako hezitzaileak bilatzen ditugunean, agian, horrelakoak hobetsi behar ditugu.


2014/07/01

Don`t call me vasco

Bat




Orain dela aste batzuk abestia irratian entzun, eta aek-k duela urte askotxo egin zuen kanpaina bat gogoratu nuen:

SER VASCO/A NO ES SUFICIENTE
IZAN EUSKALDUN!
EL EUSKERA ES LA DIFERENCIA

Egia da garai hartan euskararen inguruko publizitate gutxixego egiten zela. Esango nuke euskaltegien matrikulazio kanpainak horregatik zirela esanguratsuak: nonbait, euskararen inguruko diskurtsoaren parte handi bat kanpaina horien bidez definitzen zen urtez urte. Agian gehiegi esatea da, baina nik halako oroitzapena dut.

Kontua da kanpaina horrek haustura txiki bat eragin zuela, ordura artekoekin alderatuta. Ordura arteko matrikulazio  kanpainak koloretsuak ziren, bizi-biziak, atseginak, "amableak". Kanpaina horrek hainbat kontzientzia astindu nahi zuen, eta mezua identitatearen ideiaren inguruan oinarritu zuen. Mezuak bazuen halako "deserosotasun" puntu bat, baina ondo funtzionatu zuen.



Bi


Kathryn A. Woolard antropologoak defendatzen du hizkuntza baten zilegitasuna bi ideia nagusiren baitan aldarrikatu ohi dela; bi ideologia linguistikoren baitan, alegia: egiazkotasunaren ideologia eta anonimatuarena. Hau da, hizkuntza gurea delako defendatzen dugu (gure identitatearen adierazpidea) edo denona delako (unibertsala, ez inongoa). Hizkuntza propioaren eta hizkuntza komunaren arteko tirabira da, azken batean.

Hizkuntza minorizatuek egiazkotasunaren ideologian oinarritu ohi dute beren estrategia. Hizkuntza hegemonikoek anonimatuan.

Woolard-ek Kataluniako egoera aztertu du bereziki. Han ere nabaritu du gazteen artean hizkuntzarekiko atxikimendua aldatu egin dela. Hizkuntzarekiko kezka bestelakoa da, antza; eta garai bateko "dolor de llengua" liburua aipatu du. Batzuentzat axolagabekeria da arazoa. Kontua da gazteek hizkuntza ez dutela ikusten gatazka edo arazo moduan: katalana dakite, eta hitz egiten dute; gaztelania ere badakite eta nahieran erabiltzen dute.

Woolard-en ustez, hori guztia trantsito baten ondorioa da: egiazkotasunetik anonimatura. Halako trantsito bat beharrezkoa omen da, maila batetik aurrera hizkuntzaren hedapenari eutsi nahi izanez gero.

Hiru


Dena den, Woolard-ek dio, bi ideologia horietatik, ez batak ez besteak ez diola katalanaren beharrei  egoki erantzuten. Hirugarren bide baten beharra aldarrikatzen du. Aukerak ere ikusten ditu: aniztasunaren ideian oinarritzea, diferentzian, hizkuntzaren aldakortasunean, heteroglosian, hizkuntzarekiko jolasean, errepertorio linguistikoak aldarrikatzea...

Oharra. Woolard-en ideiak artikulu honetatik atera ditut gehienak: Les ideologies lingüístiques: una visió general d'un camp des de l'antropologia lingüística. Revista de Llengua i Dret, núm. 49, 2008

2014/06/17

Sareak eta Komunitateak


Aurreko hilabetean hiru sarrera argitaratu nituen, elkarrekin oso lotuak:

Ohartu naiz laugarren bat falta dela: sareei eta komunitateei buruzko gogoetatxo bat, hain zuzen. Gorka Julioren ideiak eta proposamenak dira abiapuntu.

Interesgarria egiten zait bere planteamendua: sare sozialei buruz eta komunitate birtualei buruz hitz egitean, mundu birtualaren eta mundu errealaren arteko parekotasunak azpimarratzen ditu, eta batean gertatzen diren fenomenoak bestera transferitzen saiatu.

Euskara planen ekarpen nagusietako bat da eragileak (eragin dezaketen pertsonak eta taldeak) aktibatzea eta horien arteko sinergiak sortzea (saretzea). Nik behinik behin hala uste dut.

Saretu hitzak, dena den, bi esanahi dituela iruditzen zait:
  • Elementu isolatuen arteko loturak eraikitzea. Gure artean, gaur egun, horrela erabiltzen dugu sarri. 
  • Trinkotasuna galdu... Eguraldiaren iragarpenetan, esate baterako, halaxe erabiltzen da: "Ostiralean ere euria egingo du, arratsaldean batez ere, baina tarteka zerua saretu egingo da eta eguraldiak itxura hobea hartuko du". 

Sarean loturak arinak dira; komunitateetan trinkoak. Komunitate bateko kide izateak identitatean ere eragiten du, kideek zerbait partekatzen dute: helburu bat, praktika bat... edo --agian-- gai batekiko interesa besterik ez. Horrek, dena den, konpromisoa eragiten du: elkarrekin eta komunitatearekin.

Gorka Juliok --ondo interpretatu badut-- hiru geruza proposatzen ditu: komunitateak, meta-komunitateak eta sareak.

Ezer ez dagoen lekuan egokia eta beharrezkoa da sareak sortzea. Sareak dauden lekuan, komunitateak sortu daitezke. Komunitateak dauden lekuan, komunitateak eta taldeak dira saretu behar direnak, meta-komunitateak osatzeko.

Merezi du horretan sakontzea... eta ez naiz (soilik) teknologiaz hitz egiten ari, eragileen artikulazioaz baizik.

2014/06/06

Euskararen "ofizioak"

Joan den astean aurtengo Udaltop Soziolinguistika Jardunaldiaren bideoak ikusten aritu naiz. Gauza interesgarri askotxo ikusi dut; Nekane Goikoetxearen hitzaldia, esate baterako: Euskara teknikariaren rolaz: ezagutzari ekarpena praktikatik. Bi ideiarekin geratu naiz:

  • Euskara Teknikariaren profesioa berria dela dio, "kontsakratu" gabekoa. Oraindik ere arian-arian sortzen ari garen profesioa, alegia.
  • Profesionalizazioan sakontzeko, praktika gogoetatsua proposatzen du.

Orain dela hainbat urte, euskaltegien berrikuntza kurrikularrari buruzko mahai-inguru batean parte hartzea egokitu zitzaidan. Eztabaida polita izan zen. Euskalduntze mugimenduaren indarraz aritu ginen. Irakasleak ondo baloratuak zirela defendatu genuen, jende inplikatua zela, eta orohar oso ondo ikusiak.

Ideia horrek, ordea, bazuen ifrentzua. Batzuen ustez, euskara irakaslea "azpi-ofizio" baten modukoa zen: jende sinpatikoa, dinamikoa, atsegina... bai; profesional peto-petoak ez. Irudipena zegoen euskara irakaslea -jende askorentzat- tarte baterako jarduna besterik ez zela: ikasi bitartean, edo beste zerbait aurkitu bitartean.

Orain bezala, orduan ere praktika gogoetatsua proposatzen zen: irakaslea ikerlari bihurtu, ikasgelan bertan ikerkuntza bultzatu, nork bere praktikaren gainean ikertu eta ikasi, irakasleen diarioak erabili, behaketa... Dinamika interesgarria sortu zen, emaitza handi-handirik ez.

Hitzaldia ikustearekin batera, Olga Esteve irakasle kataluniarraren izena etorri zait gogora. Euskaltegietako irakasleentzat praktika gogoetatsuaren inguruko hainbat ikastaro eman zuen. Beranduago, 2010ean, berriro ere Euskal Herrian egon da, Ulibarri programaren baitan antolatzen den Eskola Hiztun Bila jardunaldietan. Orain dela hilabete gutxi, artikulu bat argitaratu du Eusko Ikaskuntzaren Ikastaria aldizkarian: Entre la práctica y la teoría. Comprender para actuar (pdf). Merezi du irakurtzea.

Gustatu zait Nekane Goikoetxearen hitzaldia. Déjà vu baten modukoa izan da.