2015/04/01

Zozomikoteak

J.M. Olaizola Txilikuk kontatzen du Axa mixa zilarra liburuan:
Behin batean bazen artzain bat. Martxoa ia amaitzekotan zegoen eta negua pasa zela pentsatu zuen. Erabat harrotuta, honela esan omen zion Martxori:  
— Martxo txartxo garagartxo, orain ez nauk hire beldurtxo! 
Martxo haserretu egin zen artzainarekin eta zigortzea bururatu zitzaion. Baina bi egun eta erdi besterik ez zeuzkan eta haiek gutxitxo ziren mendeku hartzeko. Orduan, bi egun eta erdi eskatu zizkion Apirili: 
— Apiril biribil, emaizkidak bi egun eta erdi; kendu behar zizkioat artzain horri artalde eta begi. 
Eta Apirilek bi egun eta erdi eman zizkion Martxori. 
Martxo hasi zen euri-jasak, txingorradak eta eguraldi txarrak egiten eta artzainak egunero gurutzatu behar zuen erreka bere bidetik irten zen eta artaldea eraman zion artzainari. 
Bazuen artzain horrek ahari bat asko maite zuena eta hura ez galtzearren bizkarrean hartu eta erreka igarotzen hasi zen. Errekaren erdian, ahari horrek, ikaratuta edo, adarkada bat eman zion artzainari eta begia atera zion.
Geroztik, martxoaren bukaeran eta apirilaren hasieran eguraldi txarrak egiten ditu beti: zozomikoteak dira. Egun horietan biltzen omen dira zozo-bikoteak habiak egiten hasteko.
Gaur da apirilaren lehena. Ongi izan!



2015/03/23

Euskararen bidegorriak

Eskolan ikasi genuen metafora zer den: adierazi nahi duguna modu bakan-betean adierazteko baliabide erretoriko bat. Emmánuel Lizcano soziologoak, ordea, bestela dio: ez omen dugu esan nahi duguna esaten; aitzitik, hizkuntza da gure ordez hitz egiten duena; hizkuntza, edo hizkuntzaren baitan bizi diren milaka metafora horiek guztiak, alegia. Hala dio "Las metaforas que nos piensan" liburuan,

Lorea Agirrek "Hizkuntza eta kulturaren garraioa, bidegorriak" hitzaldi eman du orain dela gutxi. Gustatzen zait bidegorrien metafora. Bidegorriak espazio hegemonikoak dira bizikleteroentzat; eta mundu globalizatu honen erdian, halaber, bestelako baloreak ekartzen dituzte, baita bestelako erritmo bitala ere.

Mtz de Lunak, ordea, beste zentzu batean erabili izan du bidegorrien metafora:
"(...) Akaso izan den gabeziarik handiean orokortasun falta izan da. Adibide bat, Gasteizen bidegorriekin gertatu izan dena: bidegorri egin dira espaloi batzuetan, baina kale bukaeran bidegorria amaitzen da eta ezin izan da bizikletaz ibili. Hizkuntza batekin, horrenbeste: hizkuntza bat ezin da irakaskuntzan bultzatu eta, gero, ezer ez. Edo ibilbide osoa osatzen da edo, bestela, jai dugu..."
Ferran Suayk ere sarrera bat idatzi berri du "de l'horta estant" blogean: El carril bici com a metàfora. Testu osoa han duzue. Nik ideia batzuk besterik ez dut ekarri:
Bidegorriek --Ferran Suayren ustez-- bizikleteroak babesteko balio behar zuten, eta joan-etorri sostenibleak areagotzeko. Izan ere, bizikleta jarduera osasungarria baita, neurriko esfortzu aerobikoa eskatzen du, eta ez du artikulaziorik mintzen (auto batek atropeilatzen ez bazaitu, jakina).
Baina bai zera!
Bidegorriek bizikletak errepidetatik kentzeko balio dute, autoei trabarik ez egiteko. Zoritxarrez, oinezkoek ere bidegorriak erabiltzen dituzte (ez baitute beste alternatibarik) eta bizikletak esker-eskuin ibili behar dira oinezkoak saihesten.

Konparazio batera, hori bera da Valentziako politika linguistikoaren helburua: ez valentzieriaz bizitzeko aukera bermatzea, baizik eta bertan nagusi diren "desgaitu linguistikoak" babestea. Horixe da ideia: bide estua, merkea, eta lan gutxikoa doitzea, benetan garrantzitsuak diren autoak errepide nagusietatik erosotasun osoz ibiltzeko. Izan ere, auto horiek espainera erabiltzen baitute gasolina gisa.
Eta, halere, bidegorriak maite ditut.

2015/03/07

Fishman gogoko ez genuenean

Euskalgintzan hasi ginela, deus gutxi genekien soziolinguistikaz. Beharrik ere ez. Ekin beharra zegoen, ez jakin.

Gerora etorri zen jantzi beharra, eta Txepetx deskubritu genuen: hitzaldi pare bat, mahai-inguru bat, liburua irakurri... Aluzinatu egin genuen: hizkuntza komunitatea trinkotu, funtzioak irabazi... halako kontrahegemonia moduko zerbait proposatzen zuen (orduan horrela esaten ez bagenuen ere).

Fishman zeritzan beste soziolinguista bat ere bazela jakin genuen. Baina harek bestelako irudia zuen: akademikoa, sotila, ofiziala; Jaurlaritzaren aholkularia zen. Baten batek esan duen bezala, Fishman bide instituzionalaren eta elebitasunaren ikurra zen, eta ezin zen gutarikoa izan. Irakurri ere ez genion apenas irakurri.

Gerora ikasi genuen A ala B hautatu ordez A eta B ekuazioa ere posible zela. Ikasi genuen soziolinguistika zerbait poliedrikoa dela: nondik begiratzen diozun, ikuspegi ezberdinak emango dizkizula, batzuetan kontradiktorioak, eta den-denak egiazkoak. Fishman estimatzen ikasi genuen, ideia batzuk oraindik ere deserosoak egiten bazitzaizkigun ere. Zertxobait hobeto ulertu genuen hizkuntzen dinamika.

Beranduago Mikel Zalbide heldu zen. Lehenik Ahuldutako Hizkuntza Indarberritzea: teoriak zer dio? artikulua argitaratu zuen erabili.com-en; handik gutxira, Joshua A. Fishman-en RLS edo HINBE. Zalbidek RLS (Reversing Language Shift) esamoldea HINBE (Hizkuntza INdarBErritzea) bihurtu zuen eta Fishmanen "physical breathing space" delako horiek arnasgune bataiatu. Fishmanen ideiak euskaratu baino gehiago egin zuen Zalbidek: gure errealitatera hurbildu. Ez zaizue iruditzen?

2015/03/01

Legamia...

Hitzaldi bati buruzko iruzkina irakurri dut: Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe? Halako galdera gehiago egin genezake: Eta ekologista? Izan zaitezke ekologista euskaltzale izan gabe? Eta justizia sozialean sinetsi? Eta...

Jon Sarasuak hiru motibazio nagusi aipatu ohi ditu: fluxu motibazioa, pragmatikoa eta balio erantsiarena. Laugarren eta bostgarren bat ere eransten ditu: paradigmaren motibazioa eta mintzoaren ahalmena. Sarasuak esan ohi du paradigmaren motibazioa aurrekoak baino minoritarioagoa dela. Legamia ere deitzen dio. Honela azaltzen du berak:
Aurreko hiru motibazio horiek pertsona batzuen kasuan ez ziratekeen aski izango, hizkuntza beste amets zabalago baten gako izan ez balitz. euskara bestelako mundu baten ametsaren garraiatzaile ere izan da askorentzat, paradigma zabalago baten apustu.
Ez dago gaizki esana!

Antzeko ideia Txepetxi irakurri izan diogu. Buruz ari naiz [eta -agian- oker ere bai, aipua ez baitut inon aurkitu]. Oker ez banago, hizkuntza funtzioak zerrendatu ondoren (identitatea, familia, lana, herria, nazioa, kultura eta nazioartekoa), Txepetxek iradoki omen zuen euskara eta gainontzeko hizkuntza minorizatuak funtzioen eskalan denik eta funtziorik garrantzitsuena betetzera deituak direla: elkartasunaren hizkuntzak izatera, alegia.

To eta no!

Populismoak kutsu peioratiboa du gure artean: demagogiarekin lotu ohi da, planteamendu arrazionalen gainetik planteamendu emozionalak nagusitzearekin, lidergoekin...

Ernesto Laclau-k "La razon populista" liburua idatzi zuen 2005. urtean eta bestelako esanahia proposatu zuen: horren arabera, populismoa subjektu kolektiboa eraikitzeko prozesua da, demanda partikularretatik abiatzea osotasun bat eraikitzeko. Hortaz, demanda partikular horiek artikulatzea da gakoa: "ekibalentzia-kateak" eraikitzea eta demanda horiek guztiak ekibalente bihurtzea. Artikulazio horretarako zerbait behar zela zioen: ideia bat, pertsona bat... inorena ez delako denona izan daitekeen zerbait... demanda horiek guztiak ordezkatu dezakeen ideia bat... Significante vacio deitu zion horri.

Ideia baten aurkia eta ifrentzua dira.

Badakit euskara ez dela demanda partikular bat, ezta feminismoa, ekologismoa edota justizia soziala ere... baina erronka interesgarria da horiek guztiak nola edo hala artikulatzea.

2015/02/15

Mamu bat dabil...


Argazkia twitter-en eskuratu dut. Dato Económico aldizkaritik aterata dago, alegia enpresa munduko aldizkari ezagun eta "prestigiotsu" batetik. Gauza askotxo esaten du, lehen begiratuan iduritu baino askoz gauza gehiago

Deigarria egin zait bereziki fokoa argudio ekonomikoetan jarri izana:
Más de 2.000 millones de euros invertidos en el desarrollo del euskera, forzando en muchas ocasiones, es una cifra demasiado importante como para dejarla de lado en el análisis. Una cantidad que no responde a los resultados finales de uso entre la sociedad /.../ Y desde luego la conclusión es muy clara: se ha gastado o invertido mucho dinero sin éxito aparente.
Nola erantzun?

[Bat] Lorea Agirreren modura erantzun genezake eta ezetz esan. Kasurik onenean administrazioaren aurrekontutik % 2ra ere ez da heltzen euskararen sustapen aktiboan inbertitzen dena. Lorea Agirrek hizkuntza zentrala dela esan ohi du, hizkuntzarik gabeko jardunik ez dagoela apenas. Hortaz, euskararen sustapenean gastatzen ez dena, hizkuntza nagusiaren hegemonian gastatzen da.

[Bi] Bestela, Fishman soziolinguistikaren modura erantzun genezake, eta baietz aitortu... hizkuntza politika ez dela merkea. Ezta 2-3 urtean behin hauteskundeak antolatzea ez. Batean zein bestean gauza bera da jokoan dagoena: demokrazia.

[Hiru] Lakoff linguistaren modura ere egin genezake (Don't Think of an Elephant), eta termino horietan eztabaidatzeari uko egin. Esaten duguna esaten dugula ere, euren markoa indartuko dugu: "krisi garaian, lehentasunak beste batzuk dira"... eta marko horretan ezer gutxi dugu irabazteko.

Ez dakit, bada. Hirurak iruditzen zaizkit egokiak.

2015/02/01

Parte Hartzea eta Partaidetza: parte hartu eta parte izan

XII. Topaldiaren hitzaldiak streaming bidez jarraitu ditut.

Lorea Agirreren hitzaldia gustatu zait. Gauza interesgarri askoren artean, kulturgintza parte hartzean oinarritu behar dela esan du.  Are gehiago: parte hartzetik partaidetzara igaro beharra aldarrikatu du (parte hartu eta parte izan), baita partaidetza identitate moduan ulertu behar dugula iradoki ere; parte hartzen dugun leku horietakoak baikara, parte hartzen uzten diguten leku horietakoak, alegia.

Igor Elortzak ere antzeko ideiak adierazi ditu, eta Benjamin Franklinen aipu bat erabili du: “Esaidazu eta ahaztu egingo dut. Erakutsidazu eta gogoratu egingo dut. Bihur nazazu parte eta ikasi egingo dut.” 

Ideia horietatik tiraka, "parte hartzearen eskilara" deritzan eredua gogoratu dut, parte hartzeari buruzko ikastaroetan sarri aipatu ohi dena. Eredua Sherry Arnstein-ek sortu zuen, Estatu Batuetan garapen komunitarioren inguruan ikertzen ari zela. Sherry Arnstein-ek parte hartzea eskailera baten moduan irudikatzen du: eskaileran gora egin ahala, are benetakoagoa eta sinisgarriagoa da parte hartzea. 

Zortzi eskailera-maila proposatzen ditu:
Ez Parte Hartzea
  • Lehena. Parte hartzea = manipulazioa. Agintarien erabakiak legitimatzea da helburua.
  • Bigarrena. Parte hartzea = terapia. Herritarrei barruan dutena kanporatzeko aukera ematea da. 
Parte Hartze Formala 
  • Hirugarrena. Parte hartzea = informazioa. Agintariek beren asmoen berri ematen dute, erantzuteko aukerarik ez badago ere.
  • Laugarrena. Parte hartzea = kontsulta. Herritarrek iritzia emateko espazioak sortzen dira. 
  • Bostgarrena. Parte hartzea = baretzea. Iritziak jaso ezezik, horietako batzuk aintzakotzat hartzen dira, agintarien borondate ona erakusteko. 
Parte Hartzea 
  • Seigarrena. Parte hartzea = lankidetza. Negoziazio prozesu bat da, eta horren ondorioz, herritarren ikuspuntuak kontuan hartzen dira.
  • Zazpigarrena. Parte hartzea = delegazioa. Erabaki batzuk herritarren esku daude erabat. 
  • Zortzigarrena. Parte hartzea = herritarren kontrola, agintarien tutelarik gabe.
Eredua administrazioari egiten dio erreferentzia. Baina, Sherry Arnstein-ek berak zioen moduan, beste edozein erakunderi ere aplikatu ahal zaio.

2015/01/18

in Juan Gelman imitatione

Ordenadorearen aurrean eseri eta idazteari ekin dio
«blog horrekin ez duzu Euskal Herria euskaldunduko» dio bere buruarekiko
«blog horrekin ez duzu euskararen egoera hobetuko» dio
«ez blog horrekin ezta horrelako mila blogekin ere» dio

ez du euskarazko filmerik kausituko, zineman
ez du euskarazko talderik izango, kiroldegian
ez du «egunon, zertan lagundu ahal dizut» esango dion
       dendaririk topatuko
horrekin euskarazko diosalik ez dio egingo
       goiko pisuko neska ilehoriak 
horrekin udaltzainak ez dira atseginagoak izango
       haiekin euskaraz egiten saiatzean
horrekin seme-alabak gaztelaniaz arituko dira berdin-berdin
       jolas orduan: 
       «gelak irabazi ditugu, eta patioak galdu»
horrekin lagunak berdin-berdin erdaraz arituko dira
      taberna euskaltzalean
              mila blog idatzita ere 
              hemen euskaraz  «eingodau einguradauenak»
                               hemen erdara ari du zarra-zarra
                               euskara, ziri-ziri

«blog horrekin ez duzu Euskal Herria euskaldunduko» dio 
«blog horrekin ez duzu euskararen egoera hobetuko» dio
«ez blog horrekin ezta horrelako mila blogekin ere» dio
ordenadorean aurrean eseri eta idazteari ekin dio


[Confianzas]