2013/06/24

Parte-hartzeari buruzko bi ideia interesgarri

Duela hilabete inguru, parte-hartzeari buruzko hitzaldi baten laburpena ekarri nuen hona. Aste honetan bigarren erreferentzia interesgarri bat aurkitu dut, nahiz eta zuzen-zuzenean euskara-planekin zerikusik izan ez. Herritarrekin sarearen weborrian Oscar Rebollo irakaslearen hitzaldi bat aurkitu dut [hemen.]. Herritarrekin Gipuzkoako herritarren parte hartzeko esperientziak partekatzeko eta gizarteratzeko gunea da.

Hiru arrazoi azaltzen ditu parte-hartzea indartzeko:

  • Ez dugu bakarrik geratu nahi. Agintarien eta herritarren arteko deskonexioari irtenbidea emateko saiakera da parte-hartzea. Kalitate demokratikoarekin du zerikusia. 
  • Bakarrik, ezin dugu. Gizarte arazoak konplexuak dira: gero eta konplexuagoak. Alde askotatik egin behar zaie aurre.
  • Bakarrik, ez dugu nahi. Egitasmo komun baten inguruan hainbat eragile biltzen dugun bakoitzean, bigarren helburu bat ere lortzen dugu: sareak jostea... eta gizarte kapitala sortzea.

Oscar Rebollo UABko irakaslea da. Gogoratu dut orain dela urte batzuk ere oso adierazgarria iruditu zitzaidan artikulu bat irakurri niola: La participación. Resistencias y cómo vencerlas. Parte-hartzearen aurrean egon ohi diren erresistentziak deskribatzen ditu bertan, eta kultura politikoarekin zerikusia dutela azpimarratu. Honakoak:
  • Boterearen (eta politikaren) kultura: "Hautatu egin naute, ezta? Gehiengo absolutua dut, ezta? Ba... nik agintzen dut!".
  • Burokraziaren kultura: "Bale... baina soilik honaino... hemendik aurrera beste departamentu bati dagokio".
  • Kultura teknokratikoa: "Zertarako parte-hartzea? Teknikariak ditugu, ezta? Haiek esango dute zer egin" edo "Bai, baina teknikaria ni naiz. Jakin, nik dakit zer egin behar den. Nor dira horiek zer egin behar dugun esateko".
  • Lidergoari buruzko kultura: "Bai, baldin eta garbi geratzen bada lidergoa udalarena dela".
  • Gatazkari eta kontsentsuari buruzko kultura: "Bai, denak ados jartzen badira... Baina nik ez dut mobidarik nahi. Ados jartzen ez badira, nik diodana egingo dugu!".

Ezagun egiten zaizkizue? Euskara-planen testuinguruan ere halakorik entzun al duzue inoiz? Nik bai.

Kontra-argudioak ere ematen ditu Oscar Rebollok, eta, gurera etorrita, badira bi, bereziki esanguratsuak iruditzen zaizkidanak:
Bat. Prozesuetan kontsentsuak eta gatazkak ematen dira etengabe, elkarren jarraian. Kontsentsua ez da erabateko eta baldintzarik gabeko atxikimendua. Abiatzeko halako adostasun maila eskatuko bagenu, gutxitan abaituko ginateke. Kontsentsua egunez egun eraiki behar da.
Bi. Alferrik da arazo bakoitzeko irtenbide tekniko optimoa aurkitu nahia. Arazoak ez dira arazoak, interesen gatazkak baizik; erantzunak ezin dira soil-soilik teknikoak izan. Teknikoki egokiak diren erantzun guztien artean adostasun handiena zeinek biltzen duen izaten da kontua.

2013/06/17

Ikerketez, hizkuntza-eskakizunez... eta bestez

Aurreko astean Arrue azterketari buruzko testuekin trabatua egon naiz. Kostatu zait. Zalantzak ere sortu zaizkit. Lana merezi izan al du? Merezi al du horrenbeste lana eta horrebeste ahalegina... dagoeneko dakiguna jakiteko? Beno, bai... merezi du.

Egia da ikerketa gehienek oso datu berri gutxi ematen dutena. Baina egia da, halaber, ikerketek gauzak perspektiban ikusten laguntzen dutena. Barkatu pedanteria, baina TS Elioten poema txiki ezagun hori ekar nezake hona (nork eta Gabriel Arestik euskaratua):
"Explorationea eztugu utzico / eta exploratione guztiaren fina / içanen da has ginen lekura arrivatu / eta hura lehen aldiz ezagutu." 
Beste ikerketa baten berri izan dugu aste hauetan. Ekainaren lehenenego astean hizkuntza-eskakizunei buruzko azterketa kualitatiboa aurkeztu zuen Patxi Baztarrikak Legebiltzerreko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean. Emanaldia bideoz grabatua dago: hemen

Aurkezpena ikerketa kualitatiboaren eta kuantitatiboaren arteko ezberdintasunak eta bakoitzaren indarguneak eta mugak azpimarratzen hasi zuen. Metodologia kualitatiboak solaskideen usteak, jarrerak, sentipenak, esperientziak jasotzeko aukera ematen duela azaldu zuen, baina mugak ere badituela, ez baitu balio estatistikorik: ez dago jakiterik iritziak, usteak, jarrerak eta bizipenak zein maiztasunarekin ageri diren.

Hasiera deigarri egin zait, baina gerora ulertzen da aurre-ohar horren zergatia, zeren eta hizkuntza eskakizunen inguruan langileen artean dauden iritziek, usteek, jarrerek eta bizipenek... kezkatzeko motiboa eman beharko bailigukete.

Azterketa kualitatiboa da aurkeztu dutena, galdetegien eta elkarrizketen bidez egina: 26 teknikari eta 76 langile. Antza denez alde handia egon da batzuen eta besteen iritzien artean: teknikariek bai aipatu dituzte hizkuntza-eskakizunen sistemen onurak, baina langileek erabilera praktikoari lotutako alderdiak aipatu dituzte.

Aurkezpenean honako puntuak azpimarratu dituzte:
  • Aldeak daude langilea jatorrizko euskalduna izan ala euskaldunberria izan. Jatorrizko euskaldunek balorazio baikorragoak egiten dituzte.
  • Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeak eskatzen dien denbora eta ahalegina azpimarratu dute langileek, baita zailtasuna ere.
  • Jendaurreko lanpostuetan dauden langileek normalago ikusten dute hizkuntza-eskakizuna egiaztatu beharra.
  • Behin-behineko langileek balorazio kritikoagoa egiten dute, baita derrigortasun data izan eta egiaztatu ez dutenek ere.
  • Ikas-prozesuak ere eragina du. Irakaslea, taldea, metodologia... egokiak izan direnean, oro har, balorazio ona egin da, eta ez da hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko arazo berezirik azpimarratu. Aitzitik, langileak bere burua behartua sentitu duenean edo antolaketa txarra egon denean jarrera negatiboagoa da, are gehiago langileak bere burua blokeatuta edo estankatuta ikusten badu.

Dena den, hauek ez dira azterketaren ondorio nagusia. Oro har, bai adierazi dute sistemaren disfuntzio nagusia dela hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea eta euskara lanean ez erabiltzea. Azterketak proposamen batzuk ere egiten ditu, baina horiek aurrerago komentatu daitezke, testua esku artean izan eta lasaiago irakurri ondoren.



2013/06/09

Hizkuntzak etxeko egongelan...

Les llengües al sofà liburuak "La Lupa d'Or" saria irabazi zuen 2011. urtean. Kataluniako familia eleanitzak aztertzen ditu: beren jokabideak eta beren ideologia linguistikoak, 83 elkarrizketatan lortutako informazioaren baitan.

Paula Kasaresek ere antzeko gaia izan du Bat aldizkariaren 85 zenbakian: "Euskaldun hazi Iruñean. Inguru erdaldun(du)etako familien hizkuntza elkarrekintza eta komunitate aukerak". Bere esanetan, "eskola bidez edo gaztetan euskaldundu diren hiztunetako batzuk euskarari atxiki zaizkio eta aita-amatu direlarik seme-alabei hizkuntza horretan egitea deliberatu dute". Nola egin duten da aztergaia.

Paulak azaltzen duen bezala, Iruñea bezalako ingurune erdaldunduan euskaraz bizi eta umeak euskaldun hazi nahi dituzten familiek hautu-erabaki askotxo hartu behar izaten dute, baita eskolan hizkuntza eredua hautatu aurretik ere. Erabaki horiek guztiak aztertzen saiatu da.

Bikote mistoen kasuan, esate baterako, gutxieneko baldintza batzuk proposatzen ditu artikuluak: adostea guraso euskaldunak seme-alabari euskaraz egingo diola, guraso horrek euskarazko harremanari tinko eustea, elkarrekin denbora aski izatea, haurrak etxetik at (eskolan eta) ere euskaraz aritzea...

Guretik at, hainbat liburu ikusi dut, familia elebidunentzat estrategia jakinak proposatzen dituztenak. Interneten bertan, esate baterako, bi aurkitu ditut: bat katalanez eta bestea ingelesez (biak doan jaistekoak): Estratègies de transmissió lingüística en famílies plurilingües eta 7 Steps to Raising a Bilingual Child. Batzuetan inpresioa izan dut liburu horiek "errezetak" eman nahi izan dituztela, "errezetak" ematerik ez dagoen lekuan.

Aurreko sarreran hibridazio linguistikoaren gaia aipatu nuen, eta Joan Pujolarren aipu bat ekarri: "Gazteek etxean nagusiki hizkuntza batean ala bestean hitz egitetik, kalean hibridazio-prozesu batera igaro dira, non hizkuntza bat ala bestea erabiltzen den, egoeraren arabera". Gurean ere badago zer aztertu, Euskal Herriko hainbat ingurutan hibridazio fenomenoa etxeko giroan bertan gertatzen ari baita.

Hautu-erabakiak eta estrategiak ezezik, ingurune erdaldun(du)etako familien barneko hizkuntza elkarrekintzak ere aztertu nahi izan ditu. Oso lan interesgarria da, haurrek elkarrekintza horietan funtseko gauzak ikasten baitituzte: "bi kodeak nola erabili, non, norekin eta zertarako, bi kodeak noiz bereizi, noiz nahasi (...)"

Merezi du testu osoa irakurtzea (erreferentzia hemen), baita iaz egileak berak honi buruz argitaratu zuen beste artikulua ere (hemen).

2013/06/01

Elebitasuna eta hibridazio linguistikoa

Elebitasuna eta elebiduntasuna gauza bera ez direla eta bereiztea komeni dela defendatu izan dute hainbat adituk. Horren arabera, elebitasuna gizarteari dagokio eta elebiduntasuna pertsonari. Gogoan dut Lore Erriondo, Fito Rodriguez eta Xabier Isasik argitaratu zuten liburu baten izenburua: Hizkuntza, hezkuntza eta elebiduntasuna (1993). Liburua interneten eskuratu daiteke: hemen.

Proposamenak ez zuen arrakasta handirik izan, eta oraindik ere elebitasuna erabiltzen dugu baterako zein besterako. Zalantzarik dagoenean adjektibo bat jarri eta kitto: elebitasun indibiduala, elebitasun soziala...

Pertsona elebidunen sailkapen ugari ere egin izan dira: hizkuntzen eskuratzeko hurrenkeraren arabera, gaitasunaren arabera... Elebidun goiztiarrak eta berantiarrak daude. Elebitasuna simetrikoa ala asimetrikoa izan daiteke, kengarria ala gehiagarria ere bai. Antolaketa kognitiboa kontuan hartuta, adituek elebitasun konposatua eta elebitasun koordinatua bereizten dituzte.

Bitxia da, baina... erabilerari erreferentzia egiten dion sailkapenik ez dago.

Joan Pujolar irakasleak hibridazio kontzeptua erabiltzen du Kataluniako gazte elebidunen prozesu linguistikoak definitzeko: hibridazio linguistikoa. Hibridazioak hizkuntza-erabileraren izaera pragmatikoarekin du zerikusirik; egoerak berak ezartzen baitu hizkuntza bata ala bestea noiz erabili, eta ez hizkuntzak berak: bakoitzaren funtzionalitatea, solaskideen interesak, egoera komunikatibo horretan egokitzat zein jotzen den...

Gazteen artean egoera honela definitzen du:
  • Gazteek etxean nagusiki hizkuntza batean ala bestean hitz egitetik, hibridazio-prozesu batera igaro dira, non hizkuntza bat ala bestea erabiltzen den, egoeraren arabera.
  • Hibridazio-prozesua jatorriz katalandunak diren gazteei eta jatorriz beste hizkuntza bat dutenei eragiten die, baina ez maila berean. Hibridazio-prozesuak katalanaren alde jokatzen omen du. Jatorriz katalandunak diren gazteen joera intentsitate gutxiko hibridazioa da: gaztelania erabiltzen dute, lehentasunez katalana erabiltzeari uko egin gabe. Jatorriz katalandunak ez direnen artean intentsitate handiko hibridazio kasuak daudela azaldu du Pujolarrek.

Joan Pujolarren lanari buruzko artikulu bat duzue hemen.

2013/05/26

Identitatea eta alteritatea, nortasuna eta bestetasuna

Aurreko asteko sarrera idazten ari nintzela buruan izan nuen ideia pare bat komentatu nahi dut gaur.

Hitzaldi baten laburpena zen: hizlariak psikologia sozialaren ikuspegitik identitate kolektiboaren zentralitatea defendatzen zuen, eta hizkuntzen aldeko mobilizazioa nahi bagenuen, ahalik eta identitaterik inklusiboena komeni zitzaigula azaltzen zuen.

Identitate inklusiboak... Hizkuntza txikiak ertainak paradigmatikoak dira alde horretatik, ezta?

Herrialde Katalanetan bada istorio bat oso ezaguna. Ramon Llull institutuko burua den Vicenç Villatorok kontatu zuen gaur8 agerkarian:
Guillen d’Efak abeslaria Mallorcako Guardia Zibil baten eta printzesa ginear baten semea zen, eta, politikoki oso zuzena ez den era batean esanda, beltza zen. Eta 60ko hamarkadako Mallorcan pertsona beltz bat ikustea ez zen batere ohikoa. Jakin-mina sortzen zuen. Diotenez, egun batean d’Efak Palmako taberna batean sartu, barrara gerturatu eta katalanez eskatu zuen. Tabernariak, katalanez honek ere, zera erantzun zion: «Jauna, hizketan entzun zaitudan arte, beltza zinela uste izan dut». Hau da, mallorkeraz mintzatzen bazara mallorcarra zara, eta, garai hartako tabernari harentzat mallorcarra eta beltza izatea pentsaezina zenez, ez zela beltza izango ondorioztatu zuen.
Identitate Sozialaren Teoriarean arabera (Tajfel), gure burua definitzeko kategorizazio-estrategiak erabiltzen ditugu. Kategoriak eraikitzen ditugu (gizonak eta emakumeak; zuriak eta beltzak; erdaldunak eta euskaldunak) eta kategoria bakoitzarekiko balorazioak egiten ditugu, gure pertenentziak erabakitzeko. Gure identitate soziala horrela sortzen dugu. Eta, hortaz, batzuetan errazagoa da "zer ez garen esatea", "zer garen" esatea baino.

Aspaldian AIZU aldizkariak argitaratu zuen biñeta bat dut buruan: 
Korrika garaia da. Goian hegazkin bat dago, kearekin mezu bat idazten du zeruan: "korrika, euskara ez da gelditzen". Behean bi goardia zibil, hiztegiarekin, mezua erdaratu nahian: EUSKARA EZ DA GELDITZEN... EL EUSKARA NOs SEPARA...  
Antologikoa iruditzu zitzaidan. Ez dut biñeta aurkitu, pena da.

Amaitzeko, jaun-andreok, andre-jaunok... zuekin... Guillen d’Efak!











2013/05/21

Psikologia soziala eta ekintza politikoa

Aurreko astean agindu bezala, bigarren hitzaldi bati buruzko azalpen txiki-txiki bat egingo dut: Jose Manuel Sabucedoren "Actitudes cidadás e mobilización ante os problemas sociais".

Psikologia sozialaren ikuspegia landu du Sabucedok. Psikologia sozialaren barruan ekintza kolektiboa (ekintza politikoa) ikertzen du.

Ideia interesgarriak eman ditu. Haren ustez, mobilizazio guztiek hiru ezaugarri dituzte: (a) ez dira norbanakoen ekintzak, baizik eta kolektiboak; (b)  testuinguru politiko eta diskurtsibo batean gertatzen dira, batzuk alde daude eta beste batzuk kontra; eta (c) lehen-lehenik ikusgarritasuna dute helburu, arazoa agenda publikoan sartzea (gerokoak gero).

Hiru gai-multzo landu ditu bereziki:

1) Arazo sozialak subjektiboak dira: atzean pertsonak daude, jarrerak, sinismenak. Arazorik ez dago, inork arazo gisa definitzen ez badu. Horren arabera, guztiaren oinarrian errealitatea interpretatzeko era ezberdinak daude, hau da, errealitatearen bertsio ezberdinak. Hor ikusten du gakoa, errealitatea interpretatzeko diskurtso ezberdinen arteko lehiaren baitan: helburua da errealitatearen interpretazio bat gailentzea, errealitatea enmarkatzea.(*) Oso modu grafikoan adierazten du: animalien munduan "jatea ala janaria izatea" da gakoa, pertsonen munduan "definitzea ala definitua izatea". Gramscik kontu hauetaz hitz egiten zuenean, sen onari buruz hitz egiten omen zuen (sentido común izeneko horri buruz, alegia): harentzat garrantzitsua zen darabilgun diskurtsoaren markoak jendartean zabalduta dagoen sen onaren markoekin ondo lerrokatuak izatea. Hortaz, mobilizazioaren helburua da diskurtso hegemonikoari aurre egingo dion diskurtso alternatiboa ikustaraztea.

2) Mobilizazio prozesua ez da espontaneoa: mobilizazioa beste biderik ez dagoela barneratzea da, eta faktore ugari dago horretarako. Hizlariaren ustez, identitate soziala (edo, hobe esanda, identitate kolektiboa) da zentrala: gainontzeko faktoreak horren inguruan egituratuko dira. Identitate kolektiboaz eta identitate kolektibo mobilizatuaz hitz egiten du, ekintza politikoarekin duen harremana ikustarazteko.

3) Mobilizazioa ahabidetzen duten gainontzeko faktoreak zein diren? Injustiziaren sentimenduaz hitz egiten du (identitate agrabiatua), bidegabekeria horren atribuzioa kanpoko pertsona edo talde bati egiteaz,  mobilizazioaren balizko eraginkortasunaz... Horretaz ere luze aritu da, ekintza kolektiboa irrazionala zela esatetik erabateko errazionalismoa eta instrumentalitatea defendatzera pasatu omen delako. Saucedok instrumentalitatea defendatzen du, baina ez kostuaren eta etekinaren termino hutsean: izan ere, jendeak onartua izatearen beharra ere badu, partaide sentitzearena. Mobilizazioaren atzean, sarritan, ez dago zerbait zehatza lortzeko itxaropena, behar etikoa (baloreak) baizik.

Amaitzeko, bi kontu gehiago:
  • Identitate inklusiboaren ideia aipatu du. Batu, eta ez kendu. Horri behar beste denbora eta behar beste ahalegina eskaini beharra azpimarratu du.
  • Normalizazioaren aurkako mobilizazioaz ere aritu da. Horiek ere diskurtso bat ikusgarri egitea dute helburua. Alde horretatik, Galicia Bilingüe taldearen adibidea erabili du. Bere ustez talde horiek bi eragin dute: kontrako diskurtsoa ikustaraztea bai, baina baita oreka-puntua desplazatzea ere. "Alde bateko eta besteko erradikalak" daudenez, Xuntan kokatzen du oreka-puntua, normalizazioaren parametroetan kokatu beharrean.
Aurrekoan esan bezala, materiala hemen dago: XII Encontros para a Normalización Lingüística

Interesgarria iruditu zait, sakontzeko gogoz geratu naiz... Esango dizuet!

Ongi izan!

(*) Oharra: hau guztia entzuten ari nintzela bi testu hauek etorri zaizkit burura: Framing: komunikazio-teorietatik euskararen beharrizanetara eta No pienses en un elefante

2013/05/16

Parte-hartzea hizkuntza politikan

Altxor txiki bat aurkitu dut sarean: Centro de Documentación Sociolingüística de Galicia. Mediatekaren barruan, hizkuntza normalkuntzari buruzko topaketen materialak daude: aktak, audioak, bideoak... Material asko eta ona.

Materialetan bi hitzaldi aurkitu ditut, bereziki interesgarriak iruditzu zaizkidanak: bata Xaime Subielarena da, "A participación social na elaboración das politicas lingüísticas en Galicia"; eta bigarrena José Manuel Sabucedorena, "Actitudes cidadás e mobilización ante os problemas sociais".

Lehenegoari buruzko apunteak jasoko ditut sarrera honetan. Gehiegi ez luzatzeko, bigarrenari buruzkoak egun batzuk barru ekarriko ditut hona.

Jendartearen parte-hartzea hizkuntza politikan


Bat. Zergatik parte-hartzea? Arrazoi asko aipatu ditu: normalizazio zerbitzuen lanari legitimitatea emateko, gerora ere inplikatzeko prest dauden eragileak identifikatzeko, normalizazio zerbitzuak jendartearen errealitatearekin hobeto konektatzeko... Baina batez ere, normalizazio planaren diseinua normalizazio plana proposatzeko eta erabakitzeko prozesua bera dinamizazio ekintza bat delako: ekintza kolektibo bat, komunikazio sozialean oinarritua. Plana ez da hasten, planaren dokumentua onartu eta hurrengo egunean. Egoera zein den eta zer egin pentsatzen hasten garen unean bertan hasten da plana. Xaimek dioen moduan, planifikazio estrategikoak bi alde ditu: planifikazioa eta estrategia; helburuak, ekintza-zerrenda, kronograma...bai, baina baita gauzak egiteko modu bat ere.

Bi. Hizkuntza normalizazioa prozesu sozial konplexua da. Borondate politikoa beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Erritmo politikoa eta erritmo soziala aipatu ditu Xaimek. Entitate sozialak aktibatu behar dira, jendartean bertan dauden baliabideak mobilizatu... Parte-hartzea indartzea aliatuak bilatzea da, baina ez hori bakarrik. Hiru helburu azpimarratu ditu: gertukoak aktibatzea, indiferenteak mobilizatzea, eta kontrakoak neutralizatzea.

Hiru.  Kontsentsuaren ideia ere aipatu du. Teknikariak garen neurrian, paradoxa txiki bat bizi dugu: zer da hobe, kontsentsua ala "normalizazioaren aldeko tentsioa"? Kontsentsua, neurri batean, lo-eragilea da (desmobilizatzailea?). Kontsentsuaren atzean, sarritan, eduki sustantibo handirik gabeko planteamenduak egoten dira; edo iritzi kontrajarriak bata bestearen ondoan jarrita, inolako koherentziarik gabe.

Lau. Amaitzeko zazpi puntuko "dekalogo" bat proposatu du:
  1. Erabaki politikoa beharrezkoa da.
  2. Normalizazio zerbitzuen lidergoa beharrezkoa da.
  3. Erakundeetan aldaketak daudenean, orduan da unerik egokiena hizkuntzaren aldetik ere aldaketak eragiteko. 
  4. Zeharkakotasuna
  5. Abstrakzioetatik harago, komeni da parte-hartzea proiektu zehatzen inguruan egituratzea.
  6. Sostengu teknikoa (edo teknikoen sostengua) beharrezkoa da, parte-hartzea errazteko.
  7. Prozesuak, hasiera-hasieratik, komunikazio soziala izan behar du helburu.
Ideiak, ziur aski, ez dira guztiz berriak izango. Baina freskoak iruditu zaizkit.

Materiala hemen dago: XII Encontros para a Normalización Lingüística