2015/02/15

Mamu bat dabil...


Argazkia twitter-en eskuratu dut. Dato Económico aldizkaritik aterata dago, alegia enpresa munduko aldizkari ezagun eta "prestigiotsu" batetik. Gauza askotxo esaten du, lehen begiratuan iduritu baino askoz gauza gehiago

Deigarria egin zait bereziki fokoa argudio ekonomikoetan jarri izana:
Más de 2.000 millones de euros invertidos en el desarrollo del euskera, forzando en muchas ocasiones, es una cifra demasiado importante como para dejarla de lado en el análisis. Una cantidad que no responde a los resultados finales de uso entre la sociedad /.../ Y desde luego la conclusión es muy clara: se ha gastado o invertido mucho dinero sin éxito aparente.
Nola erantzun?

[Bat] Lorea Agirreren modura erantzun genezake eta ezetz esan. Kasurik onenean administrazioaren aurrekontutik % 2ra ere ez da heltzen euskararen sustapen aktiboan inbertitzen dena. Lorea Agirrek hizkuntza zentrala dela esan ohi du, hizkuntzarik gabeko jardunik ez dagoela apenas. Hortaz, euskararen sustapenean gastatzen ez dena, hizkuntza nagusiaren hegemonian gastatzen da.

[Bi] Bestela, Fishman soziolinguistikaren modura erantzun genezake, eta baietz aitortu... hizkuntza politika ez dela merkea. Ezta 2-3 urtean behin hauteskundeak antolatzea ez. Batean zein bestean gauza bera da jokoan dagoena: demokrazia.

[Hiru] Lakoff linguistaren modura ere egin genezake (Don't Think of an Elephant), eta termino horietan eztabaidatzeari uko egin. Esaten duguna esaten dugula ere, euren markoa indartuko dugu: "krisi garaian, lehentasunak beste batzuk dira"... eta marko horretan ezer gutxi dugu irabazteko.

Ez dakit, bada. Hirurak iruditzen zaizkit egokiak.

2015/02/01

Parte Hartzea eta Partaidetza: parte hartu eta parte izan

XII. Topaldiaren hitzaldiak streaming bidez jarraitu ditut.

Lorea Agirreren hitzaldia gustatu zait. Gauza interesgarri askoren artean, kulturgintza parte hartzean oinarritu behar dela esan du.  Are gehiago: parte hartzetik partaidetzara igaro beharra aldarrikatu du (parte hartu eta parte izan), baita partaidetza identitate moduan ulertu behar dugula iradoki ere; parte hartzen dugun leku horietakoak baikara, parte hartzen uzten diguten leku horietakoak, alegia.

Igor Elortzak ere antzeko ideiak adierazi ditu, eta Benjamin Franklinen aipu bat erabili du: “Esaidazu eta ahaztu egingo dut. Erakutsidazu eta gogoratu egingo dut. Bihur nazazu parte eta ikasi egingo dut.” 

Ideia horietatik tiraka, "parte hartzearen eskilara" deritzan eredua gogoratu dut, parte hartzeari buruzko ikastaroetan sarri aipatu ohi dena. Eredua Sherry Arnstein-ek sortu zuen, Estatu Batuetan garapen komunitarioren inguruan ikertzen ari zela. Sherry Arnstein-ek parte hartzea eskailera baten moduan irudikatzen du: eskaileran gora egin ahala, are benetakoagoa eta sinisgarriagoa da parte hartzea. 

Zortzi eskailera-maila proposatzen ditu:
Ez Parte Hartzea
  • Lehena. Parte hartzea = manipulazioa. Agintarien erabakiak legitimatzea da helburua.
  • Bigarrena. Parte hartzea = terapia. Herritarrei barruan dutena kanporatzeko aukera ematea da. 
Parte Hartze Formala 
  • Hirugarrena. Parte hartzea = informazioa. Agintariek beren asmoen berri ematen dute, erantzuteko aukerarik ez badago ere.
  • Laugarrena. Parte hartzea = kontsulta. Herritarrek iritzia emateko espazioak sortzen dira. 
  • Bostgarrena. Parte hartzea = baretzea. Iritziak jaso ezezik, horietako batzuk aintzakotzat hartzen dira, agintarien borondate ona erakusteko. 
Parte Hartzea 
  • Seigarrena. Parte hartzea = lankidetza. Negoziazio prozesu bat da, eta horren ondorioz, herritarren ikuspuntuak kontuan hartzen dira.
  • Zazpigarrena. Parte hartzea = delegazioa. Erabaki batzuk herritarren esku daude erabat. 
  • Zortzigarrena. Parte hartzea = herritarren kontrola, agintarien tutelarik gabe.
Eredua administrazioari egiten dio erreferentzia. Baina, Sherry Arnstein-ek berak zioen moduan, beste edozein erakunderi ere aplikatu ahal zaio.

2015/01/18

in Juan Gelman imitatione

Ordenadorearen aurrean eseri eta idazteari ekin dio
«blog horrekin ez duzu Euskal Herria euskaldunduko» dio bere buruarekiko
«blog horrekin ez duzu euskararen egoera hobetuko» dio
«ez blog horrekin ezta horrelako mila blogekin ere» dio

ez du euskarazko filmerik kausituko, zineman
ez du euskarazko talderik izango, kiroldegian
ez du «egunon, zertan lagundu ahal dizut» esango dion
       dendaririk topatuko
horrekin euskarazko diosalik ez dio egingo
       goiko pisuko neska ilehoriak 
horrekin udaltzainak ez dira atseginagoak izango
       haiekin euskaraz egiten saiatzean
horrekin seme-alabak gaztelaniaz arituko dira berdin-berdin
       jolas orduan: 
       «gelak irabazi ditugu, eta patioak galdu»
horrekin lagunak berdin-berdin erdaraz arituko dira
      taberna euskaltzalean
              mila blog idatzita ere 
              hemen euskaraz  «eingodau einguradauenak»
                               hemen erdara ari du zarra-zarra
                               euskara, ziri-ziri

«blog horrekin ez duzu Euskal Herria euskaldunduko» dio 
«blog horrekin ez duzu euskararen egoera hobetuko» dio
«ez blog horrekin ezta horrelako mila blogekin ere» dio
ordenadorean aurrean eseri eta idazteari ekin dio


[Confianzas]

2015/01/05

Hizkuntza politika, politika publikoak, teknikarion lana eta paradoxak

Politika publikoen arloan garrantzitsua da erabakiak nola hartzen diren ulertzea. Hainbat eredu esplikatibo sortu izan da horretarako. Nik neuk hiru aipatuko nituzke:
Bat. Eredu arrazionala.
Horren arabera, erabakiak hartzeko prozesuak arrazionalak dira:
  1. Lehenik, problema definitu eta problema horren arrazoiak aztertu
  2. Gero, irtenbide posibleak identifikatu
  3. Azkenik, alternatibak alderatu eta optimoa hautatu
Eredua aplikagarria da baldin eta helburuak argiak eta adostuak badira, eta baldin eta teknikoki ere helburu horiek lortzeko bidea ezaguna bada.

Bi. Eredu inkrementala.

Zaila omen da politika publikoen norabideetan erabateko aldeketarik sortzea. Erabaki publikoak, orobat, aurreko erabakiei doiketa inkremental txikiak egitea da. Analisi logikoa lekuz kanpo dago, benetan erabakigarriak diren faktoreak beste batzuk direlako: esperimentazioa eta aktoreen arteko elkarrekintza, alegia.

Norabide aldaketa soil-soilik gerta daiteke baldin eta problemari buruzko informazio berria sortzen bada, edo aktoreen arteko botere-harremanak aldatzen badira, ez bestela.

Hiru. Policy streams eredua (Kingdon).

Ereduak hiru korronteri edo fluxuri buruz hitz egiten digu, neurri batean independenteak diren fluxuei buruz, alegia:
  1. Problemen fluxua (konpondu nahi ditugun arazoen bilakaera, elementu berriak...)
  2. Politikaren fluxua (indar korrelazioa, abagune politikoa, hauteskundeak gertu izatea, adib...)
  3. Soluzioen fluxua (ezagutza teknikoa, finantziazio-aukerak...)
Hiru fluxu horiek puntu batean elkartzen direnean, aukera-lehio bat irekitzen da politika publikoen norabidean aldaketa esanguratsuak egiteko.
Testuinguru horretan sortzen da euskara teknikarion paradoxa eta kontraesana:
  • Nahi genuke... baina jakin badakigu hizkuntza politikan eredu arrazionala oso gutxitan dela bideragarria: kontsentsuak ez dira erabatekoak izaten, eta ikuspegi teknikotik ere erabateko ziurtasun gutxi ditugu. 
  • Eredu inkrementala ez dugu gogokoa. Politika publikoen egonkortasuna azpimarratzen du, eta amore ematea dela iruditzen zaigu: hizkuntza normalizatzea gure esku ez dagoela aitortzea, eta hobekuntza txikiekin konformatu beharra dugula onartzea 
  • Policy streams eredua ere ez da erosoa. Aldaketa esanguratsuak posibleak direla erakusten digu, baina kasik kointzidentziaren ondorio direla: badirudi guk ezer gutxi egin ahal dugula aldaketa horiek eragiteko. 


Boaventura de Sousa Santos da egungo pentsamendu kritikoaren izen esanguratsuenetako bat. Acción-con-clinamen kontzeptua erabiltzen du: klinamen-ekintza, alegia. Klinamen hitzak atomoen desbideraketa txikiei egiten die erreferentzia: desbideraketa txikiak dira, ondorio sorta zabal bat abiatu ahal dutenak. Boaventura de Sousaren esanetan, klinamen-ekintzak ere horrelakoak dira: ez dira haustura zorrotzak, desbideraketa txikiak baizik. Txikiak izanagatik, metagarriak, eta konbinazio konplexuak eta sortzaileak eragin ditzakete.

Teknikarion lana horrelakoa dela pentsatu nahi nuke: aldaketa sakon-sakonak ez daude gure esku, baina bai desbideraketa txiki horiek eragitea, eta ekintza txikien bidez aldaketa sakonagoak gertatzeko posibilitatea maximizatzea.

2014/12/26

Hizkuntzaren politika publikoak (1)

Albert Branchadell irakasleak  La contribució (escassa i poc reconeguda) de la ciència política a l’estudi de la relació entre llengua i societat artikulua idatzi zuen Treballs de Sociolingüística Catalana aldizkariaren 21. zenbakian (2011).  Euskaraz ere halako zerbait idatz genezakeen: Zientzia politikoak ikerketa soziolinguistikoari egin dion ekarpen urria eta izkutua.

Duela gutxi politika publikoen analisiari buruzko ikastotxo bat egiteko aukera izan dut, eta den-dena euskararen talaiatik begiratzeko dudan ditxosozko mania honekin, hango ideia batzuk hona ekartzea okurritu zait.

Has gaitezen, bada.

Antza denez, politika zer den adierazteko bi hitz erabili izan dute ingelesez: POLITIC eta POLICIES. Euskaraz ere halako ñabardura bat hartzen du hitzak, singularrean ala pluralean erabiltzen badugu: politika eta politikak, edo (are garbiago) politika eta politika publikoak. Politikak agintearen eta boterearen jokoarekin du zerikusirik; politika publikoak bestelakoak dira: gai edo arazo publiko bati ematen dizkiogun irtenbide espezifikoak, alegia.

Hizkuntza Politika gai zentrala da euskalgintzaren diskurtsoan eta analisietan. Politika publikoak gutxixeago. Harremana alde bikoa da. Erakunde baten Hizkuntza Politikak erakunde horren erabakiak gidatzen ditu, baina sarri alderantziz ere gertatu ohi da: erakundeak arazoei ematen dizkien irtenbide espezifikoek definitzen dute bere Hizkuntza Politika. Koherentzia da kontua. Honekin guztiarekin lotuta, ezin da aipatu gabe utzi Kontseiluaren lana, nire ustez urratzailea izan baita. Udalen hizkuntza politikari buruzko azterketan horixe bera egiten saiatu dira: udalen politika publikoak aztertu, udal bakoitzaren Hizkuntza Politika aztertzeko. Lan aipagarria iruditzen zait, nahiz eta -nire iduriko- gehiago sakontzea merezi duen.

Politika publikoen analisietan badira bi gai bereziki esanguratsuak direnak: lehenak problemen defnizioarekin du zerikusia, bigarrenak erakundeen agendarekin:

  • Politika publikoen zentzua da problema bati erantzuna ematea. Kontua da problemak egon ez daudela, baizik eta eraiki egiten direla. Eraikiak diren neurrian, era askotara definitu daitezke: problema konpontzeko egin ahal ditugunak eta egin nahi ditugunak ere definizoaren parte dira. Eskura ditugun erantzunek problema akotatzen dute. Hortaz, politika publiko bakoitzaren atzean bada problema bat, galdera moduan formulatu daitekeena. Euskara plan baten atzean, adibidez, honako galdera bat egon daiteke: "ditudan baliabideekin, zer egin dezaket erakunde honetan orain baino euskara gehixeago erabil dezaten, inor gehiegi molestatu gabe? Ezaguna egiten zaizue? 
  • Agenda, bestalde, erakunde batek mahai gainean dituen problemen zerrenda da, politika publikoen jomuga izango diren gaien zerrenda, alegia. Zergatik gai batzuk bai eta beste batzuk ez? Zergatik euskarak ez du behar besteko zentralitaterik lortzen? Prozesuari agenda setting deitzen zaio. Iñaki Mtz de Lunak, framing kontzeptua landu duenean, analisi izugarri polita egin du agenda publikoari eta agenda politikoari buruzkoa. Artikulua BAT aldizkarian argitaratua dago.

[jarraituko du...]

2014/12/13

Zer da planifikatzea? Honatx inoiz irakurri dudan definiziorik onena!

Wikipediaren arabera plangintza erakundeen berrikuntza eta aurrerapenerako kudeaketa-metodologia bat da. Funtsean xede nagusiak planteatzea, horretarako helburu zehatzak ezartzea eta horien lorpenerako estrategia, politika eta programak zehaztea dira plangintzaren pausoak, prozesuan zehar emaitzak eragin dezaketen aurreikuspen egokiak eginez.

Gutxi gorabehera, ados (ñabardura askotxorekin), baina... irakurri dut planifikazioaren definizio hoberik! Duela gutxi, honakoa, esate baterako:
Planificar és una eina per fer millor la feina, per poder avançar-se i predir escenaris; és una manera de concretar el somnis; és un compromís fruit d’un treball de molts. Planificar és voler dibuixar i fer-ho convocant els elements necessaris perquè el dibuix sigui ben complert. Planificar és treballar en i per acords, en visions compartides, en construir a moltes mans. És ser inclusius. La planificació requereix d’un desenvolupament d’esforços pel comú; per evitar que quedi la menys gent possible al marge. Planificar és possible? Podem planificar?
Euskaraz:
Planifikatzea lana hobetzeko erraminta bat da: etorkizuna aurreikusteko eta etorkizunari aurre hartzeko erraminta. Ametsa xehatzeko modu bat da. Konpromiso bat, askoren ahaleginaren emaitza. Planifikatzea marraztea da, eta marrazkia ahalik eta osoena izateko elementu guztiak mahairatzea. Planifikatzea adostasunak biltzea da, ikuspegi partekatuak sortzea. Planifikatzea da esku askoren artean eraikitzea. Inklusiboak izatea. Komunala indartzea, eta inor ez baztertzea. Planifikatzea posible al da? Planifikatzerik al dago?
Kultura planen inguruko eztabaida batetik ateratako testua da. Merezi du oso-osorik irakurtzea. Hemen duzue: http://interaccio.diba.cat/blogs/2014/12/05/planifica-que-alguna-cosa-queda 

2014/11/21

Erabilera-arauak ikertu



Aurreko astean Jone Miren Hernandezen aipu bat ekarri nuen hona. Bere ustez interesgarria liteke erabilera-arauak ikertzea: hizkuntzaren hautua nola egiten dugun; nola erabakitzen dugun egoera jakin batean (noiz, non, norekin...) zein hizkuntzatan jardun.

Hizkuntzen Hiztun taldeen arteko botere-harremanak hor ere islatzen dira: erabilera-arauetan. Lluís Vicent Aracil soziolinguistak halaxe idatzi zuen:
/.../ Horrela, arau horiek inpertsonalak eta objektiboak balira bezala hartzen dira; eta konbentzio hutsak diren arren, zerbait “naturala” dela ematen du. Jendeak bete eta betearazten ditu, zergatik jakin gabe, eta hori egiten duela konturatu ere egin gabe. Baina ilusio hutsa da hori. Arauak, benetan, gizakion lana dira: elkarrekintzaren barruan sortzen dira (eta elkarrekintzak sortzen ditu). Esan nahi baita, arau horiek indar-jokoaren ondorioa direla.
Jordi Solé i Camardons-ek una iniciació a la sociolingüística del conflicte azpititulua erabili zuen bere libururako. Ninyoles-ek ere antzeko kezkak zituen, Idioma y poder social liburua argitaratu baitzuen 1972. urtean. Gatazkaren soziolinguistika da; soziolinguistika katalanaren muinean sortu ziren ideiak, askoz arreta gehiago merezi dutenak.

Naturalizazioa boterea iraunarazteko modua da. Iruditzen zait hizkuntza eskubideen diskurtsoa ez dela jendearengana ondo iristen. Oso ageriko kasuak ez badira edota euskalgintzatik hurbil dagoen jendea ez bada, askori kosta egiten zaio hizkuntza eskubideen urraketarik ikustea... Gehienez ere "traba" edo "eragozpen" txikiak ikusten ditu, erabat naturalak. Aurrekoan esan bezala, problematizatzea da koxka: arau horiek zalantzatan jartzea eta "gauzen ordena natural" hori ukatzea.