2014/11/17

Hiru apunte jaso nituen, oso denbora gutxian


Aurten, Miramarren EHUk antolatzen dituen uda ikastaroetan Euskararen transmisioaren bide berriak izan zen hizpide. Soziolinguistika Klusterrak bideoak argitaratu ditu dagoeneko (http://www.soziolinguistika.org/en/node/5910).

Handik gutxira, Galizian "Traballando en lingua" udako ikastaroak izan ziren, Carballo herrian, gai beraren inguruan: Transmisión interxeracional do galego. Ikastaro honen bideoak ere interneten argitaratu dira.

Donostiako ikastarotik hiru apunte hartu ditut.
  • Paula Kasaresek transmisioaren kontzeptua alboratu eta sozializazio kontzeptuari eustea gomendatzen digu, askoz dinamikoagoa delakoan. Alde horretatik, helburua bera aldatzea proposatu du: gure helburua izan behar du haurrak egoera komunikatibo ez-instituzionaletan beren berdinkideekin euskaraz arituko diren hiztunak izatea. Egoera ez-instituzionalizatuak hizkuntza predefinitua ez dutenak dira.
  • Valentziako erreferentziak ere aipatu ditu: familias mutants deitzen direnak, belaunaldi baten etenaren ondoren, katalanera berriro ere etxeko hizkuntza bihurtu dutenak. Gaztelaniaz, familias revernaculizadoras esango genuke, eta euskaraz, familia etxekotzaileak edo berretxekotzaileak.
  • Jone Miren Hernandezek sozializazioaren fokoa zabaldu beharra proposatzen du, eta, familiari ez ezik, gertuko komunitateari ere begiratzea gomendatzen digu. Edonola ere, familiaz ari dela hiru ikerketa-ildo proposatzen ditu: (a) familia barneko ideologiak, (b) praktikak, familian eta inguru hurbilean indarrean dauden erabilera-arauak eta arau horiek nola sortzen diren (c) eta hizkuntzaren kudeaketa, hau da, familiak nolako estrategiak darabiltzan etxean euskarari leku egiteko. Familian ere hizkuntza politika egin daitekeela defendatzen du Jone Mirenek: ingelesez, family language policy.
Galiziako ikastarotik, batez ere, apunte bat:
  • Valentina Formoso irakasleak jarrerak aztertu izan ditu Okzitaniako eskola soziolinguistikoaren ideietatik abiatuta (Henri Boyer eta enparauak). Bere ustez, funtsezko galdera zera da: galego-hiztunek zer ikusten dute beren burua ispiluan ikusten dutenean? Hizkuntzaren inguruan dauden sinismenak, aurreiritziak eta errepresentazioak garrantzitsuak dira, bere iduriko. Elementu horiek guztiak kognizio sozialak dira, eta hiztunek hizkuntzari buruz duten irudia osatzen dute. Horien atzean ideologia linguistikoak daude (eta bide batez baita balioak ere). Alde biko harremana dago ideologien eta errepresentazioen artean; ideologia linguistikoek baldintzatu egiten dituzte hizkuntzari buruz ditugun errepresentazioak, eta errepresentazio soziolinguistikoek elikatu egiten dituzte ideologiak. Faktore hauek guztiak funtsezkoak dira familia bidezko transmisioan. Hitzaldia hemen: https://www.youtube.com/watch?v=lXA36sgqfQU  
Urrian, familiari buruzko artikulu bat argitaratu zuen ARGIA asterkariak: http://www.argia.eus/argia-astekaria/2432/euskara-d-ereduan-ikasi-duten-gurasoak. Aitor Villanueva irakasleak tesina egin du jatorrizko hizkuntza euskara ez duten eta euskara maila ona duten gurasoei buruz. Izenburua luze samarra da, baina oso deskriptiboa: Un estudio de transmisión y actitudes lingüísticas en la Comunidad Autónoma Vasca y la Comunidad Foral de Navarra: Padres y madres castellanoparlantes escolarizados en lengua vasca.

Guraso hauei galdetegi bat egin die, eta ondorio bat edo beste eman du, orain arteko ikerketetan ikusi ez dena. Antza denez, gizonen eta emakumeen arteko ezberdinatasunik ikusi du: "Gizonezkoen %70ek euskaraz hitz egiten diete haurrei euren bikotekidea euskalduna izan ala ez. Emakumeen %85ek euskara transmititzen dute etxean, baina euren bikoitekidea euskalduna bada. Hala ez bada, euskararen transmisioa %40 jaisten da". Bitxia egin zait.

Gogoan dut orain dela 10 urte ikerketak egin zirela Gasteizko Olabide ikastolako eta Donostiako Santo Tomas lizeoko ikasle-ohiekin. Orduan ere kezka bera zegoen mahai gainean: zein da, edo zein izango da, ikastetxean euskaldundu diren guraso gazteen jokabidea hizkuntzaren transmisioari begira?

Oharra: argazkia EMAN GILTZA orritik hartu dut

2014/11/04

Boterea eta kultura

BAT

Boterea ez da objektu bat. Ezin da esan: "boterea dut"
Boterea ez da leku bat. Ezin da esan: "boterean nago"
Eta, hala ere, boterea nonahi dago.
Boterea, batez ere, jardunean ageri da, harremanean, elkarrekintzan. Kontzeptu erlazionala da.

BI

Ingelesetik gaztelaniara ari diren itzultzaileen testu batean hau irakurri nuen:
Two Spanish words translate as the English word “power”: poder and potencia. Generally speaking, we could say that poder defines power as “power over” (the sense it has, for instance, when it refers to state or sovereign power) and potencia defines “power to,” the type of capacity expressed in the statement “I can.” To continue with the generalization, it is possible to say that poder refers to static forms of power, while potencia refers to its dynamic forms. [Hemen]
Kasualitatea izango da, baina hainbatean irakurri dut oso denbora gutxian "poder sobre" eta "poder para" bereizi behar direla; zerbait egiteko boterea izatea (ahalmena), eta inoren edo ezeren gaineko boterea izatea ez dela gauza bera.

HIRU

Naturalizatzea botere-harremanak  iraunarazteko estrategia da: "hori hala da", "beti izan da horrela", "ezin da bestela izan".

Botere-harremanak, ordea, ez dira naturalak. Izatekotan kulturalak dira... ikasiak

Stuart Hall-ek eta ikerketa kulturalak sortu zituzten enparauek horretan jardun zuten: boterearen eta kulturaren arteko harremana ikertzen... eta kolokan jartzen. Behin Stuart Hall-i elkarrizketa luzea egin zioten, eta liburu formatuan argitaratu: La cultura y el poder. Conversaciones sobre los cultural studies. Merezi du irakurtzea (sarean eskuratu daiteke pdf formatuan).

LAU

Paulo Freirek "problematizatu" terminoa erabili zuen XX. mendearen hasieran. Bere iduriko, problematizatzea da gogoetaren eta ekintzaren bidez kontzientzia kritikoa garatzeko modua: naturaltzat ditugunak zalantzatan jartzea, "gauzen ordena naturala" ukatzea, egoera gatazkatsu izkutuak agerian jartzea, arazoen mamiari ekitea, eta eraldaketa abiaraztea.

2014/10/25

ADOREZ eta ATSEGINEZ


Ohean nago; Josemi Zumalabe fundazioaren lagunen liburua itxi dut; eta pentsakor geratu naiz. Gustatu zait. Zer pentsatua ematen dit. Hunkitu ere bai: lagun eta istorio zaharrak gogora ekarri dizkidalako.

Liburuak militantziaz eta horizontaltasunaz hitz egiten du, militantzia ulertzeko moduaz. Horretaz pentsatuz jarriz gero, bi poloren artean mugitu ohi garela azaltzen dute, polo horiek izendatzeko zailtasunak izanik ere. Sakrifizioaren eta bizipozaren paradigmak deitzeko tentazioa aitortzen dute:
  • Sakrifizioa: "egin behar da", "norbaitek egin behar du"...
  • Bizipoza: "nahi dudanean, nahi dudalako, nahi dudan eran"...
Bi poloak dira, baina errealitatea(k) ez d(ir)a horren sinplea(k).

Txepetxi aspaldian irakurritako testu bat etorri zait burura. Izan ere, Txepetxek bi birtute handi ditu. Batetik, kristoren gaitasuna du ideiak han-hemenka biltzeko eta teoria koherente baten baitan artikulatzeko (teoria autokontsistentea, esango luke berak). Bestetik, trebezia berezia du metaforak eta irudiak erabiltzeko.

Txepetxek bizipozaren kontzeptuari lotuta, militantzia "erotizanteaz" hitz egiten zuen: erotizantea, sormena eta gozamena zekarrelako. Hori ukatzen duen militantzia, bere ustez, huts-hutsean betebeharraren kontzeptuan oinarritzen da; eta, gozamena ukatzen duen neurrian, "kastrantea" da.

Konpromisoa eta gozamena, ordea, ez dira kontrajarriak. Txepetxen teorietan sakontzeko sortu zen mintegiak ADOREZ eta ATSEGINEZ izena hartu zuen.

Liburua gustatu zait. Kontrazalean poema txiki eta errepikakorra ageri da... eta hura ere buruan itsatsia geratu zait.
Ni pausoa
Gu bidea.
Bidean pausoa, pausoan bidea
(Poema aurkezpenaren bideoan ere bada oso-osorik: vimeo.com/93254479)





2014/10/18

Berrikuntza eta eraldaketa

Cooper irakasleak "La planificación linguistica y el cambio social" liburuan aldarrikatzen du planifikazio linguistikoak lau punturekin zerikusirik duela: (1) berrikuntzaren gestioarekin, (2) marketinarekin, (3) politikarekin (boterea lortzearekin edo boterea mantentzearekin) eta (4) erabakiak hartzeko prozesuarekin.

Planifikazio linguistikoa, horren arabera, zerbait poliedrikoa da: segun zein aldetatik begiratzen diozun, alde bat edo bestea ageriko zaizu nabarmenago... Norberak zer ikusten duen, norberaren begiradarekin du zerikusia... Baita unean uneko egoerarekin ere; egoerak berak begirada baldintzatu baitezake.

Gustatu zitzaidan Elhuyar fundazioak euskara planak eraldaketa-prozesu gisa aurkeztu zuenean (hemen: Eraldaketa-prozesuak: zer, zertarako, nork, nola...). Haien ustez, eraldaketak, benetakoa bada, botere-harremanak eraldatzea dakar. Horretaz hemen idatzi nuen.

Gustatu zitzaidan, ere bai, EMUN kooperatibak bere marka eta lelo berria aurkeztu zituenean: euskara eta berrikuntza soziala. Behin, ikastaro batean, zeozer kontatu ziguten berrikuntzaren hedaketaz. Rogers izeneko tipo baten teoria da. Horren arabera, berrikuntza baten aurrean pertsonek jokabide ezberdinak hartzen dituzte: berritzaileak, berrikuntzaren hasierako hartzaileak, gehiengo goiztiarra, gehiengo atzeratua eta tradiziozaleak.

Pello Jauregik halako zerbait azaldu zuen Moti+Batu topaketetan: Portaeratik jarrerara. Jokabide urratzaile, egokitzaile eta eragozleak. Pelloren esanetan, gutxiengo motibatu bat izan ohi da bide berriak urratzen dituena eta euskararen aldeko giro soziala ahalbidetzen duena... Gehiengoa giro horretara egokituko da, ez besterik.

Berrikuntza ala eraldaketa? Esan bezala, begiradarekin du zerikusia. Dena den, inpresioa dut bata eta bestea ez daudela elkarrengandik oso urrun.

2014/09/27

Hiztun komunitatea indartzea

Aspalditxo ikasi nuen liburuak arkatz baten laguntzarekin irakurri behar direla. Ohartu naiz mania txiki bat dudala, eta ez dudala gogoko testua oso-osorik azpimarratzea; orrialdeetako marjinak erabiltzen ditut gerora akordatzea merezi duten zatiak nabarmentzeko... puntutxo bat, marratxo bat, X bat... edo hitz gako bat. Hortaz liburu bat esanguratsua egin zaidan ala ez jakiteko, aski da liburuaren marjinak begiratzea.

Uda partean irakurri dudan Teoría y práctica de la psicología comunitaria liburuaren marjinak oharrez beteta daude. Liburua prozesu kolektiboez ari da: botereaz, komunitatea indartzeaz, lidergo komunitarioaz, sareei buruz. Maritza Montero irakaslearena da, eta eskaneatuta eskuratu daiteke bi zatitan: hemen eta hemen.

Ideiaren bat azpimarratekotan, hona hemen batzuk:
  • Empowerment, ahalmentzea... alferrikako neologismoa da egilearen ustez. Latinoamerikan komunitatea indartzea erabili izan dute aspaldian... Azken batean, hori besterik ez da: komunitatea indartzea, komunitatea gai izatea bere beharrak asetzeko eta bere etorkizuna gidatzeko.
  • Lidergo komunitarioaz hitz egiten du liburuan. Ikerketak egin dituzte egoera ezberdinetan lider komunitarioak identifikatzeko eta beren ezaugarriak aztertzeko: komunitatearen onura bilatzen duten pertsonak dira, motibatzaileak, atseginak, jendea ezagutzen dute, besteen inplikazioa sustatzen dute eta disidentzia ere onartu egiten dute... Eralan proiktuaren baitan aipatu izan den lider eraldatzaileen ezaugarriak dira.
  • Sare komunitarioak detektatzen direnerako hortxe daude, ez dago esaterik nola sortu diren. Eskuhartzearekin horixe bera da lortzen dena: sareak bertan daudela ikustaraztea, eta sare horietako kideak existentzia horren kontzienteak izatea. Liburuak, dena den, gako batzuk ere ematen ditu: sareak indartzen edo sareak ahultzen dituzten elementuak. Lehenen artean hiru azpimarratzen ditu: informazioa sozializatzea, konpromisoarekiko beldurra kentzea, eta identitatea indartzea (norbanakoena, familiarena, taldearena, komunitatearena...) Sareak ahultzen dituzten elementuen artean beste hainbat: lidergo txikia edota egozentrikoa, mesfidantzak eta harreman gatazkatsuak, antolakundeari buruzko ikuspegi itxiegiak, eta ikasitako babesgabetasuna.

Laburbilduz, komunitateak indartzeko hiru gako aipatzen ditu: parte-hartzea, konpromisoa eta lidergoa.

Esan izan da hizkuntzaren normalizazio prozesuak hiztun komunitatea behar duela erdigunean. Prozesua kolektiboa dela... prozesu komunitarioa. Hitz potoloa da. Errazago da esatea egitea baino. Liburuak ez du errezetarik ematen, baina bai gako batzuk. 

Ikastetxean, enpresan, auzoan... euskara plana abiatzen dugunean, komunitatea ezagutzea komeni zaigu: komunitate horretako liderrak nor diren jakitea, territorioa mapeatzea (elkarteak, taldeak, pertsonak...), harreman-sareak irudikatzea, aldekotasunak eta kontrakotasunak identifikatzea, hasieratik parte hartzea eta konpromisoa erraztea... Komunitatea indartzea da egitasmoa sostenible izateko biderik ziurrena.

2014/09/18

Buruko mapak...

Diotenez, uda garaia egoki-egokia da gure buruko mapak astintzeko eta zabaltzeko. Buruko mapak munduari buruz ditugun pertzepzioak dira; baita pertzepzio horiek baldintzatzen dituzten sinismenak, balioak eta (aurre)iritziak ere.

Autolaguntza liburuetan (merkeetan eta ez hain merkeetan) asko hitz egin izan da horretaz. Oporretan gure burua zabaltzeko aholkua ematen dute: leku berriak ezagutu, normalean irakurriko ez genituzkeen gauzak irakurri, urtean zehar entzuten ez dugun musika entzun, jende berriarekin egon, edo aspaldian ikusi ez dugun lagun harekin...

Ez zait aholku txarra iruditzen.

Udako entzunaldiak eta udako irakurraldiak dibertsifikatzeari begira, nik neuk bi "mugarri" izan ditut: Euskadi Irratiko Bihotzeko Fonoteka saioa, eta Berria egunkariko Udako Gaiak atala. Zerbait aipatzekotan, bigarren hori aipatuko nuke nik: portatu egin dira, bete-betean asmatu dute aurten. Testu sorta izugarri polita osatu dute.

Horrekin batera, berrikuntza txiki bat aurkitu dut aurten Interneten: READLIST zerbitzua. Orri sorta bat hartu eta epub formatuan jasotzeko aukera ematen du, liburu elektronikoan lasai-lasai irakurtzeko. Niretzat deskubrimendu handia izan da.

Hau da emaitza:
Iaz Kindle horietako bat oparitu zidaten urtebetetzerako. Etekina atera beharko zaio, ezta?


2014/09/10

Euskal kulturgintzaren transmisioaz, herrigintzaz eta euskaldunon nazio kulturalaz


2012. urtean Soziolinguistika Klusterrak, Sorguneak ikertegiarekin elkarlanean, V. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia antolatu zuen, Kulturgintza euskararen garabidean izenburuarekin. Gerora BAT aldizkariak ale monografikoa argitaratu zuen izen berarekin. Bata zein bestea, nire ustez, mugarri txiki bat izan dira gutako askorentzat.

Hizkuntza politikaren zeharlerrotasuna aldarrikatu izan dugu sarri, eta kexatu izan gara hizkuntza normalizazioa estu-estu kultura departamentuei lotuta aurkeztu nahi izan digutenean. Lanbidearen berezkotasuna aldarrikatu izan dugu: hizkuntza normalizatzaileak gara, ez kultur teknikariak, ezta animatzaile soziokulturalak ere (nahiz eta sarri funtzio horiek ere bete behar). Jardunaldia, alde horretatik, toke bat ematea izan zen:. "Aizue, bai... arrazoi duzue, baina kasu! Kulturaren dimentsioa ere ezin duzue zuen lanetik besterik gabe baztertu". Euskara planen dimentsio kulturala landu beharra dago, eta kultura planen dimentsio linguistikoa.. 

Geroztik gure burua jazten saiatu gara. Tarteka, EKT aditu-tituluaren ikasketetako materialetara jo izan dugu, eta sarri kontu interesgarriak aurkitu ditugu.

Uda aurretik V. edizioaren berri egunkarien orrialde nagusietan jaso genuen, Joseba Sarrionandiaren bi hitzaldi iragarri ondoren. Antza denez, hitzaldiak ezin izango dira aurrez aurre eman, baina ikastaroaren egitaraua zirraragarria da berdin-berdin. Ikusteko parada izan al duzue? Ohi moduan, euskal kulturaren izen ospetsu askok hartuko du parte; baina bereziki deigarria egin zait (baita erakargarria ere) "euskaldunon nazio kulturalaren aurrerabideaz" gogoeta berezia egiteko adierazi duten asmoa: ikuspegi diakronikoa, kanpoko eta barruko begirada, pentsalarien eta politikarien gogoetak, eta... "herri-psikologia osasuntsu batera joateko irakaspenak".  Kontxo... ez da erronka makala!

Behin irakurri nuen, herri kulturaz ari garelarik, kontzeptuari bi esanahi emateko joera dugula: (a) herria protagonista duen kultura, eta (b) herri gisa gure burua garatzeko bidea ematen duen kultura. Horretaz ari gara, ezta?

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren aurtengo edizioaren egitaraua hemen duzue oso-osorik (pdf, 2Mb).  On egin!