2014/03/30

Udaberriko Enarak

Zuberoako mugan


Oporrei begira, Zuberoako mendi ibilbideak bilatzen aritu naiz. Gailurrik egin gabe ere, oso itxura ona duen bat aurkitu dut: Logibar ostatutik abiatu, Holtzarteko zubiraino igo, eta handik gora jarraitu, Pista izeneko ur-jauziraino, Kartxela mendiaren azpian. Berria egunkariak iaz argitaratu zuen: hemen.

Paraje horretan bertan, Belagua aldean, bada beste ibilbide interesgarri bat. Izabatik Belaguara doan errepidea hartu behar da, eta Arrako baseliza dagoen lekuraino igo. Han bertan bide bat abiatzen da mendian gora, Lakura eta Kartxela mendien albotik igaro eta Arrakogoitiko lepora iristen dena. Handik behera, Kakueta arroila ikusgarritik gertu, Santa Grazi herrira iritsi daiteke. Bide horri Enaren bidea deitzen diote.

Enarak


Erronkaritik eta Zaraitzutik Maulera espartingintzara joandako neska gazteak ziren enarak. Beltzez jazten ziren, usadioak agindu bezala. Negua ate joka, senideekin mendi leporaino igo, eta handik Maulera abiatzen ziren. Udazkenean joan eta udaberrian itzuli, enarak bezala.

Nafarrotik soilik ez, Aragoitik ere joaten ziren neskak (Anso eta Echo ibarretatik, batez ere). Baita Italiatik eta Portugaletik ere. Maulek halako kutsu multikulturala izango zuen negu partean.

Herriko etxeetan hartzen zuten ostatu; sarritan, koltxoi bat zuten lurrean lo egiteko, askoz gehiago ez. Itzal oneko neskak ziren; ospe ona zuten herrian: alaiak, arduratsuak eta langileak, baita solidarioak ere.

Oraindik ere fabrika bat dago Mauleko irteeran, turistek bisitatu ahal dutena. Urtean behin, abuztu aldean, Espartinen eguna ospatzen dute bertan. Produkzio txikia da, ordea; eta dagoeneko ez da enararik behar.

Herri kultura


Alde egin zuten Enarek, baina bizirik iraun du emakume horien oroitzapenak. Amaren alabak kantari talde bereziak ikuskizun bat prestatu zuen eta disko bat argitaratu, andereaGatik izenarekin. Kantu gehienak euskaraz daude, baina erderetakoak ere sartu dituzte, XX. mendearen hasierako etorkin gazte horien omenez: euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz zein okzitanieraz.

Egun hauetan irakurtzen aritu naizen testu bat etorri zait burura, Josu Amezagarena da: "Herri kultura: euskal kultura eta kultura popularrak".  Herri kultura inon bizi-bizirik badago, Zuberoa da leku hori. Ez zaizue iruditzen? Deigarria da Zuberoako kultur mundua. Inbidia pixka bat ematen du.

Amaren alabek Iparralde 21 bideoan parte hartu zuen. Hona hemen:

2014/03/25

Subjektibitate berriak

Felix Guattari frantziar psikoanalista eta filosofoa izan zen. Ezkerreko militante ezaguna ere bai, psikoanalisiaren eremutik heldu baitzen politikaren mundura. Hainbat lan idatzi zituen, Gilles Deleuze lagunarekin batera; hala nola, L´Anti-Edipe (1972), Rhizome (1976) eta Mille plateaux (1980).

Aitortuko dut bi filosofo hauei buruz irakurri ditudan gauza gehienak bigarren eskuko testuak izan direla. Aitortuko dut sarritan lexikoarekin eta kontzeptuekin trabatua geratu izan naizela: lineas de fuga, agentziamenduak, desterritorializazioa, eskizoanalisia... Aitortuko dut ez zaizkidala batere samurrak egin.
Dena den, euskalgintzaren ikuspegitik begiratuta, iruditu zait badituztela hainbat ideia interesgarri. Ulertu dudan apurraren arabera, Guattarik eta Deleuzek defendatzen dute mundua eraldatu nahi duen plantemendu batek bi elementu behar dituela: subjektibitatearen produkzioa eta gerrarako makinak.

Subjetibitatea konstruktu kulturala da, arau-multzo bat, eraikuntza sozial bat, gizarte horren parte izateko norbanakoek beregatu behar dituzten arauak, alegia. Arau horiek sortzeko moduari deitzen zaio subjektibitatearen produkzioa. Mundu berriak subjektibitate berria behar du, subjektibitate propioa. Mundua eraldatzeak subjektibate berri horren produkziorako mekanismoak eskatzen ditu. Ez dakit zuei, baina niri, hau irakurrita, aspaldi honetan entzuten ari garen kontzeptu zaparrada etortzen zait burura: ideologia, hegemonia, framing, diskurtsoak... Zuei ez?

Beste kontu bat da gerrarako makina zer den. Ez larritu izenagatik. Gerra makinak botere hegemonikoarekin konfrontazioa egiteko dispositiboak dira: mobilizazio bat, plataforma bat... Konfrontazio espazioak dira, ideien eta proiektuen konfrontaziorako mekanismoak.

Batzuetan polita da halako ekarpen bat hartzea eta gure mundutxoa (euskalgintza) betaurreko horiekin begiratzen saiatzea. Euskararen mundutik begiratuta, zein dira subjektibitate berri bat sortzeko ditugun mekanismoak? eta konfrontaziorako? Pertsuasioa eta sedukzioa beharrezkoa dira, baina... zertan da lehen "borroka ideologikoa" deitzen genuen hori?

Ariketa interesgarria iruditzen zait... baina norberak egin beharrekoa.

2014/03/17

Hizkuntza darwinismoa

Xabier Erizeri entzun diot hizkuntza ekologiaren diskurtsoaren arriskuaz. Hizkuntzaren ekologia metafora bat besterik ez dela dio; alferrik dela (eta arriskutsua ere bai) paralelismo estuagorik egin nahi izatea. Baten batek tentazioa izan dezake pentsatzeko naturaren legea dela hizkuntzak hiltzea; izaki bizidunak jaio, bizi eta hil egiten baitira.

Soziolinguistika hiztegiaren arabera, Hizkuntza darwinismoa hizkuntzek Darwinen eboluzio-teorien araberako bilakaera dutela pentsatzen duen hizkuntza-ideologia da. Horren arabera, hizkuntza-komunitate indartsuenak gailenduko lirateke, ahulenak baztertuta.

Charles Darwin naturalista eta biologo ingelesa izan zen. 1831n Hego Amerikako itsasaldea eta bereziki Galapagos uharteak ikertzera abiatu zen. Bost urteko bidaia izan zen eta Lurrari bira eman zion. 1859an bere ikerkuntzen laburbilduma argitaratu zuen: On the Origin of Species by Means of Natural Selection. Hortaz, Darwinek hautespen naturalaren kontzeptua sortu zuen, non naturak berak ingurugiro zehatz batean biziraupenerako egokienak diren espezieak hautatu eta egokiak ez direnak baztertu egiten baititu. (Ikus. Wikipedia).

Piotr Alexeievitx Kropotkin (1842-1921) geografoa izan zen eta politika arloko pentsalaria. Siberian egin zituen ikerketetatik abiatuz, eboluzioan elkarlaguntza eta kooperazioa funtsezkoak zirela defendatu zuen. Hautaketa naturala izakien arteko borrokan oinarritzen zituztenak biziki kritikatu zituen.

Entzun dut bi estrategia ezberdin direla: konpetentzia ugaritasuna kudeatzeko estrategia dela, eta kooperazioa urritasuna kudeatzeko estrategia. Ez dakit, bada. Gauza bat ziurra da: handiek konpetentzia maite dute, txikiek kooperazioa.

Charles Darwin liberalismoaren ikurra da, Piotr Kropotkin anarkismoaren teorikoa.

2014/03/05

Soziolinguistika eta diskurtsoaren analisi kritikoa

Xarxa CRUSCAT erakundeak diskurtsoaren analisi kritikoari buruzko lantegiak antolatu izan ditu bere kideekin. Blogean eman izan dituzte lantegi horien berri. Azkena duela gutxi egin dute: 5è taller d’anàlisi crítica del discurs.

Eurek aitortu bezala, soziolinguistikan lan gutxi egin da perspektiba horretatik. Lantegietan adibide batzuk ezagutzeko aukera izan dute: 
Zaila da diskurtsoaren analisi kritikoa zer den lerro gutxitan laburbiltzea. Honako ezaugarri hauek aipatu izan dira:
  • Diskurtsoa jarduera soziala da.
  • Hortaz, diskurtsoaren analisi kritikoak arazo sozialak aztertzen ditu.
  • Botere-harremanak aztertzen dira, botere-harremanak diskurtsiboak ere badirelako.
  • Ideologiak fenomeno sozialak dira: kognizio sozialak.
  • Ideologiak eta diskurtsoak lotuta daude, bi norabideetan: ideologiak diskurtsoa mediatizatzen du, eta diskurtsoak ideologia.

Nire ustez Teun van Dijk hizkuntzalaria da diskurtsoaren analisi kritikoa gehien eta hobekien landu duen ikerlaria: testuaren gramatikaren bidetik analisi kritikora heldu zen, eta arrazakeria zein botere-harremanak aztertzeari ekin zion. Horretarako eliteen diskurtsoei erreparatu nahi die; elkarrizketa batean esaten zuen bezala, hiru "p" interesatzen zaizkio: politikariak, "profesoreak" eta "periodistak". 

Teun van Dijk-ek testuen analisirako eskema integratua garatu du. Oro har, estrategia orokor bakarra dagoela uste du: "norberaren" alde positiboak eta "aurkarien" alde negatiboak indartzea (eta kontrakoa, norberaren alde negatiboak eta aurkarien alde positiboak isiltzea edo izkutatzea). Hortik abiatuta, testuaren analisia ikuspegi ezberdinetatik egiten du: testuaren tematizazioa, superestruktura, egitura semantiko lokalak, estiloa, erabiltzen dituen baliabide erretorikoak. Oso ikuspegi interesgarria da. Hurrengo sarrera batean saiatuko naiz horri buruz zeozer gehiago idazten.

Gurean ezer gutxi ezagutzen dut ikuspegi honetatik egina. Iñaki Mtz de Lunak azterketatxo bat du egunkarietako titularrek euskarari buruz ematen duten irudiaren inguruan (duela gutxi, topaldian, horri buruzko komentarioren bat edo beste egin zuen). Asier Iriondok, bestalde, politiko elebidunen diskurtsoa aztertu du, euskaraz eta gaztelaniaz ari direnean erabiltzen dituzten gaietan alderik ote dagoen ikusteko. Zeharka bada ere, horrek ere badu analisi kritikoarekin zerikusia.

Susmoa dut hemendik aurrera horrelako lan gehixeago ikusiko ditugula.


Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du.


2014/02/27

Ikasketa kulturalak

Otsailean Stuart Hall soziologo jamaikarra hil da 82 urterekin. Ikasketa kulturalaren alorrean erreferente nagusietakoa izan da, wikipediaren arabera. Gurean nahiko ezezaguna da, baina Erresuma Batuan orain dela berrogei urte inguru sortu zen cultural studies izeneko diziplina aztertzeko lehen ikerketa zentroa.

Ikasketa kulturalek kulturaren kontzeptu berria eta zabala aldarrikatzen dute. Berria egunkarian irakurritakoaren arabera, ikuspegi honek "masa kulturaren eta kultura elitistaren arteko bereizketa ezabatzen du, auzian jartzen du ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko banaketa tradizionala, eta eremu interdiziplinarioak sustatzen ditu (soziologia, etnografia...), aztergai berriak erantsiz ikerketa kulturalen esparrura: immigrazioa, arrazakeria, feminismoa, nazionalismoa..."

Gaia oso-oso gainetik ikusita ere, ikuspegi interesgarria dirudi:
  • Ideologia kontzeptu kognitiboa dela uste dute: giza talde batek partekaten dituen usteen eta sinismenen multzoa, alegia.
  • Botere-harremanak agerian jartzen dituzte: harreman horiek nola sortzen diren, eta nola transmititzen diren aztertzen ditu (nola "birsortzen diren").
  • Botere harremanetan bi dimentsio ikusten dute: koertzitiboa eta ideologikoa. Hegemonia boterearen dimentsio ideologikoa da .
  • Botere harremanak birsortzeko mekanismoak ikertzen dituzte: (a) tematizazioa (kolektibo horretan gai zentralak zein diren); (b) giza talde horrek erabiltzen dituen metaforak, sinboloak, erritualak... erreferentzia konpartituak; (c) ezagutza partekatuak, taldearen identitatea definitzen dutenak.
  • Ikuspegi metodologikotik, etnografia eta testuen analisia dituzte gogoko. Testuen analisiari dagokionez, gainera, edozein gertaera soziala testu baten moduan irakur daitekeela uste dute, eta horren atzean dauden ideologiak eta botere-harremanak aztertu.
Zer iruditzen zaizue? Hizkuntza ideologiak, hizkuntzen arteko botere-harremanak, hizkuntza subordinazioa... ikuspegi horren arabera aztertu ahal dira? Baliteke.

2014/02/21

Azken hiztunak

Fidela Bernat 1991eko otsailaren 23an hil zen, 93 urte zituela. Bera izan zen erronkarierazko azken hiztuna. Diotenez, hil zenean hogei urte baino gehiago zeramatzan euskalki hura erabili gabe.

Bideoz zeozer jasota dago. Adibidez (entzun lehen segunduak):



Erronkarierazko azken testu idatziak, ordea, Ubaldo Hualdek utzi omen zituen, hainbat urte lehenago. Ilobak horretaz idatzi zuen Euskonews aldizkarian.

Unescok ohartarazi duenez, XXI. mendea amaitu aurretik munduko hizkuntzen erdiak, 3.000 inguru, desagertu egin daitezke. Izan ere, Unescok emandako datuen arabera, bi astean behin hizkuntza bat galtzen da munduan. Adibiderik?

Literaturak ere errealitate horri begiratu izan dio. L’últim home que parlava català 2009an argitaratu zen eleberri baten izenburua da. Katalana desagertuko balitz, nola imaginatzen duzue azken hiztuna? Horixe da liburuaren gaia: idazle batek nobela bat idazten du, non katalanaren galeraren zergatiak ikertzen diren; azken hiztuna da informantea. Aitzakia omen da beste gauza askori buruz hitz egiteko.

Celosamente Gordea ipuina ere gogoratzen al duzue? Gogoan atxikitzen diren testu horietako bat da, ez zaizue iruditzen?
Algunos pocos lortu guenuen aprender algo, pequeños rudimentos, pero que no guenesaquen practicar con nadie, más que en unos inacabables monólogos interiores que eraman guinchaqueten a la locura. Yo mismo exponichen nais excesivamente al idachi estas líneas, fruto de la nostalgia eta de mi ignorancia.
Gabriel Arestik berak hitzaldi gogoangarri bat eman zuen Hernanin 1966. urtean. Etsitu samar ageri omen zen jendaurrean."Herri bat ikusten dut hiltamuan, bere azkeneko agonia lazgarrian" esan zuen pasarte batean. Amaieran Azken euskaldunaren heriotzea izenburuko bertsoak abestu zituen. Jesus Mari Olano hernaniarrak grabatu zituen (esteka Susa argitaletxearen web orritik hartu dut) eta bere ahotsean entzun daitezke (mp3).

Letra hemen duzue:

AZKEN EUSKALDUNAREN HERIOTZEA
(Euzkadi año 2.000)

Bi mila urte eta
gehiago dia
Jesukristok zuela
kreatu ludia
Ordutikan negarrez
dabil Euzkadia
Barruan daramala
dolore haundia.

Zurekin mintzatzeko
nahi dut euskera
Galdu zitzaigunetik
arras galdu gera
Inork ez du aditzen
neure mintzaera
Euskal bersotan hartu
behar dut erdera.

Euzkadi madre mía
no puedo quererte
Pues sólo me prometes
sufrimiento y muerte
Mas sufriendo y muriendo
he de defenderte
A golpes de un martillo
vigoroso y fuerte.

Mi voz es un martillo
negra poesía
Palabra firme y llena
de feroz hombría
Que golpea en tus clavos
dulce madre mía
Y mientras te golpea
sufre tu agonía.

Tras de sobre tu cuerpo
extender mi manto
No puedo por tu muerte
derramar mi llanto
Madre mía querida
te he querido tanto
Que huérfano con todo
te golpeo y canto.

Aquellos que juraron
darte hacienda y vida
Después ocasionaron
tu profunda herida
La que ahora te tiene
toda ensangrecida
Por donde a borbotones
se te va la vida.

Juraron darte vida
y te dieron muerte
No llores madre mía
sólo yace inerte
El poeta maldito
no puede quererte
y sí aceptar tu misma
desdichada suerte.

Un aire gris se lleva
estos cuatro puntos
Y suena como un triste
toque de difuntos
En las manos del viento
dejo mis asuntos
Quiero yacer contigo
Moriremos juntos.

Belarra ta kipula
songoro kosongo
Euskaldunikan ez da
zeruan egongo
Parabola botata
Daude guztiz ondo
Gabriel Aresti eta
Lurdes Iriondo.

2014/02/14

Jende txikiak gauza txikiak eginez...

Tomas R Villasante Madrileko Unibertsitate Complutenseko irakaslea da; soziologoa, oker ez banago; partehartzearekin eta gizarte mugimenduarekin zerikusia duten gaiak lantzen ditu. Pertsonaje interesgarria iruditzen zait.

Irratian istorio argigarri bat entzun nion:
Antza denez, egindako lan bat ondo samar ordaindu zioten behin, eta autoa aldatzeko ordua zela erabaki zuen. Erabaki eta egin. Automobil kontzesionario batera joan --uste dut Renault aipatu duela-- eta informazioa eskatu zuen. Bertako saltzaileak harrera beroa egin zion; eta erraztasun guzti-guztiak eskaini, baita "estra" ugari ere: irrati-kasetea, larruzko eserlekuak, aire egokitua... Horren guztiaren truke, enpresarekin kontratu bat sinatu behar zuen, autoa hainbat hilabetean ordaintzeko. Villasantek ezetz esan zion, autoa eskura ordainduz erosi nahi zuela. Horrek, antza, salmenta-baldintza guztiak aldatzen zituen, autoa eraman bai, baina estra guztiak kontzesionarion geratu baitziren.
90eko hamarkada omen zen. Auto kontzesionarioetan, zegoeneko, autoak baino gehiago saltzen zuten: autoak aitzakia ziren kreditua saltzeko.

Kapitalismo produktiboaren logika plusbalioa da: ekoiztu, saldu, plusbalioa atera... ahalik eta gehien, ahalik eta azkarren. Kapitalismo finantzarioarena ezberdina da: gehiago irabazi daiteke interesetatik, plusbaliotik baino.

Villasanteren ustez, ekonomia eta produkzioa berriro hurbildu behar dira, baina ez du zentzurik atzera itzultzeak. Eredu produktibo berria tokian tokikoari lotua eraiki behar da: jende txiki askok, leku txiki askotan, ortu txikiak landu... munduari jatekoa emateko.

Aipu hori Afrikako esaera zahar baten aldaera omen da. Jatorrizkoa Eduardo Galeanok liburuetara ekarri izan du: Jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txikiak eginez... mundua eraldatuko dute.

Eta honek guztiak ba al du zerikusirik hizkuntza normalizazioarekin? Bada, ziur aski ez. Edo bai... Batek daki!