2011/08/24

Lengua y Pueblo

Hainbat urtean bizitza publikotik "desagertua" egon ondoren, Galizan antolatu den ikastaro batean parte hartu du Txepetxek udan.

Txepetx pentsalari eta idazle aparta da. Lengua y Pueblo liburua 1977ko udaberrian Euskal Herriko aldizkari batean argitaratu zuen artikulu bilduma da. Artikuluek ez dute geroko testuen pisu akademikoa baina bai pisu ideologikoa.

Udan berrirakurtzeko aukera izan dut eta hiru ideiarekin geratu naiz:


BAT
Hizkuntzari eta kulturari buruz ari garenean bi alternatiba besterik ez dagoela aldarrikatzen du: asimilazioa ala erresistentzia. Jakina denez, erresistentziaren aldeko apologia egiten du Txepetxek: "la resistencia es integradora y basicamente positiva pues devuelve al individuo su sentido de pertenencia a un grupo humano y su sentido moral dentro de una colectividad en la que el conjunto cuenta tanto como las unidades que lo forman." Stéphane Hessel-en Haserretu Zaitezte liburuxkaren azken pasartea ekarri dit gogora: "Sortzea erresistentzia da. Erresistentzia sortzea da."

BI
Egia fozilizatu eta kristalizatu egiten denean, egia izateari uzten dio eta dogma bihurtzen da. Akatsa da egia instituzionalizatu nahi izatea. Euskalgintzak ere horrelako joerak nozitu izan ditu noiz edo noiz. Horren kontrako txertoak behar ditugu. Hau irakurtzen ari nintzela abesti bat izan dut bueltaka buruan: Leon Feliperen poema bat da, Pako Ibañezek abestua (hemen)

HIRU
Ekintza ludikoa boluntarioa da, sortzailea, librea... Elementu hauek desagertzen direnean sortzeko plazera ere desagertzen da. Hori da botereak lortzen duena... gure bizimodua deserotizatzea, eta horren aurrean suzedaneoak sortzen ditu (honi genitalismoa deitzen dio). Txepetxen teoriak sakondu nahi zituen mintegiak ere "adorez eta atseginez" izena hartu zuen. Euskararen aldeko militantzia halaxe aldarrikatu zuen Txepetxek: atseginean oinarritua, erotizantea.

No comments: