2014/04/30

Maximin... zer da hori?

John Rawls Estatu Batuetako filosofo liberal bat da, XX. mendean filosofia politikoaren arloan oso ezaguna. Beste hainbat konturen artean, Justiziaren Teoria landu zuen.

Testuinguru horretan MAXIMIN izeneko araua edo printzipioa proposatu zuen, alternatibak hierarkizatzeko arau gisa. Hortaz, bi alternatibaren arteko erabakia hartu behar denean, egoera desfaboretuan dagoen pertsonaren egoerari begiratu behar zaio, eta alternatiba bakoitzak nola eragiten dion aztertu; pertsona horri onura gehien egiten dion aukera hobetsi behar da beti. Maximin «maximum minimorum» espresioaren laburdura da: minimoak maximizatu, alegia.

2012an, Carballon, hizkuntza dinamizazioari buruzko udako ikastaroetan, justizia soziala eta dinamizazio linguistikoa hizpide izan zuten. Hizkuntza normalkuntza, beraz, justizia kontua ere bada. Ezberdinen artean artean dauden aldeak txikitzea da justizia. John Rawls pentsalariaren arabera, hiztun talde minorizatuei bermatu behar zaizkien minimoei begiratu behar zaie, eta minimo horiek ahalik eta handienak izango direla ahalegindu. Hortaz, printzipio horren arabera, erabaki bat hartzen dugunean, erabaki horrek hizkuntza minorizatuan nola eragiten duen aztertu behar da (inpaktu soziolinguistikoa) eta horren arabera jokatu.

Sarrera hau idazten ari nintzela, ikuspegi ekologikoa ere burura etorri zait behin eta berriro. Eta zuei?

2014/04/26

Politikariak, teknikariak, herritarrak...

Apunte zaharrak garbitzen ari nintzela, Oscar Rebolloren testu baten aipua aurkitu dut. Oscar Rebollo irakaslea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Bai administraziotik eta bait unibertsitatetik, herritarren parte hartzea eta garapen komunitarioa landu ditu.

Hau da aipua:
Parte hartze prozesuetan; politikariak, teknikariak eta herritarrak elkartzen direnean, batzuetan badirudi nork bere papera "disimulatu" egin nahi izaten duela. Beno, agian disimulatu ez; agian paperak nahastu egiten dituzte. Agintariek herritar soilak direla sinestarazi nahi digute. Herritar batzuek, ordea, agintea haiei dagokiela uste dute, alkatea haiek direla, alegia. Alkate eta zinegotzi batzuek uste dute haiek teknikariak direla [eta ez nolanahikoak, haiek baitira teknikaririk onenak] eta haiei dagokiela erabaki teknikoak hartzea. Teknikari batzuk, azkenik, galduta ibiltzen dira: batzuetan "bat gehiago" izan nahi dute, herritar soilak; beste batzuetan politikarien papera jokatu nahi dute; gutxitan betetzen dute teknikarien papera. 
Horiek horrela, oso prozesu desordenatuak sortzen dira: ez dakitenari buruz hitz egiten dute batzuek; eta ez dagokiena erabaki nahi dute besteek.
Testu probokatiboa da; ziur aski helburu horrekin idatzita. Baliteke egiatik asko izatea; hori ez dut ukatuko. Dena den, nik neuk gero eta zalantza gehiago dauzkat. Zuek garbi ikusten al duzue zer den "erabaki politikoa" eta zer "erabaki teknikoa"? Iruditzen zait sarritan mugak ez direla erabat argiak.

Itzulpen libre samarra egin dut. Testu osoa interneten ere badago.
Hemen: http://habitat.aq.upm.es/boletin/n24/aoreb.html

2014/04/22

Orhiko xoriak Orhin laket...

Larraineko herritik abiatuta, San Joseperen ermitatik eta Erroimendi mendatetik, laupabost orduko ibilbidea da Orhiko gailurrera. Erroimendin errepidea zeharkatu behar da, eta maldan gora abiatu, usotarako ehiza postuen lerroari segika.

Postuak ondo zainduak egon dira urteetan. Izan ere, uso pasea iritsi aurretik -iraila aldean- beharrezkoa izaten zen ehiza postuak txukuntzea; gero, enkantea egiteko.

Uso paseak hilabete eta erdi irauten zuen, urritik azarora. Saldo txiki samarrak izaten ziren, sarri 100 uso baino gutxiagokoak. Hego haizearekin usoak desbideratzen ziren, pasaleku errezagoen bila. Ipar ekialdeko haizeak, ordea, erraztu egiten zuen usoek altura hartzea eta Orhi zeharkatzea. Halakoetan ehiztariak han ziren, zain.

Larrainen diotenaren arabera, gauzak aldatzen ari dira.

Ez dakite, ez nola eta ez zergatik; baina usoek ohiturak aldatu dituzte. Egun kostaldeko bidea aukeratzen omen dute. Urruñatik gertu dagoen Immarenbordatik, esate baterako, miloitik gora uso igaro ziren iaz. Pentsa zitekeen ehiztariengandik ihesi ari direla. Eta... ez da hori aldaketa bakarra! Diotenez, saldo handixeagoak ikusten dira, 500 uso inguru; eta laburtu egin da pasearen denbora, egun ez baitu 4 edo 5 egun baino gehiago irauten.

Ehiztariak ez ditut inoiz begikoak izan, baina... halako tristura moduko bat ematen du uso postuak erdi utzirik ikusteak.

2014/04/13

Kapartu nahi ez duten erle amestiak...

Aspaldi samar Fauna Txiki Bat Bertso Berritan diska argitaratu zuten Jon eta Aitor Sarasua anaiek. Bertso musikatuak dira, 1995eko Durangoko Azokarako prestatuak, eta bertan kantatuak. Bertso sorta bakoitzak animalia bat zuen ardatz; animaliak aitzakia ziren gustuko gaiei heltzeko, eta egurra ezker-eskuin banatzeko.

Ezetz asmatu funtzionariei zein animalia egokitu zieten!

Animali bat badau munduen
mikroskopiko samarra
aumentuakin ikusi ezkero
hankatsue ta zatarra
garrapatie erderaz eta
euskeraz barriz, kaparra
inon odola txupetie da
eitten dakixan bakarra
bizi ezinik dauzen gaixuek
badauke horrein biharra.
Kapar kaskarren bizimodue
ez da gatxa asmetie
laneko bide bakarra dauke
txollue edo suertie
lortzen badaue muturra sartuz
nunbaitten koloketie
ziurtetute izaten daue
hil artien txupetie
animalixen erresumako
funtzionaixuek die

Gogor samarrak, ezta? Haiei ere hala irudituko zitzaien; diskan bertan, azkenburuko bertsoetan, funtzionari lagunak "salbatzeko", edo behinik-behin keinu bat egiteko beharra antzeman baitzuten :
zuretzako Joxerra, ohore guztia
kapartu nahi ez duzun erle amestia
Maiatzaren 15ean eta 16an Udaltop Soziolinguistika Jardunaldia izango da: "Euskara erabiltzeko planak, elkarrekin berritzen". Antolatzaileen esanetan, jardunaldien bidez, "euskara erabiltzeko planetan baliatu litezkeen tresnak, gakoak eta esperientziak" eskaini nahi zaizkie, herri administrazioetako euskara teknikariei zein aholkularitza enpresetakoei. Ez dakit hara hurbiltzeko aukera izango dudan. Dena den, ez dut zalantza izpirik kapartu nahi ez duten erle amestien bilgune izango dela. 

Han ikusten ez bagara, beraz, esker on eta goraintziak guztioi!

*Oharra: diska Spotify-n entzun daiteke, edo ekaitzaldi blogean.

2014/04/06

Irrealitatearen Diskurtsoa eta antidotoak

Sanchez Carrionek artikulu bat idatzi zuen BAT aldizkarian 1996. urtean: "Un futuro para nuestro pasado" idazlaneko ideiei buruzko jarrera intelektualak. Garai hartan artikulu gogorra iruditu zitzaidan. Berriro irakurri dudanean... gustatu egin zait.

Txepetxen hitzetan, "un futuro para nuestro pasado" liburuaren asmoa zen "errealitatearen zentzua birkonpontzea", komunitate minorizatuak bere buruaren ezagutza (eta kontzientzia) egokia izatea. Irrealitatearen Diskurtsoa da "hizkuntza-komunitate menderatu batek bere buruaren gain duen pertzepzio edo balorazio faltsua. Pertzepzio horren eraginez, indargabetu egiten da komunitate horretako hiztunek hizkuntza hori behar bezala lantzeko duten motibazioa, baita galdua dutenek hizkuntza berreskuratzeko motibazioa ere." Liburuak irrealitatearen diskurtsoaren kontrako antidotoa izan nahi zuen. 

Artikulura itzulita, liburuak sortutako erresistentziak (edo tapoiak) identifikatu zituen bertan, eta banan-banan aztertu. Hiru ziren:
  • Eruditogenesia.  "Un futuro para nuestro pasado" obra konplexua dela saldu nahi omen zuten batzuek, kontu handiz irakurri beharrekoa. Esaten zuten benetako jakituria behar zela egoki interpretatzeko. Txepetxek, ordea, obraren sinpletasuna defendatzen zuen; bere ustez, jende apalak erraz ulertzeko moduko testua izan daiteke, baldin eta norberaren esperientziatik eta bizipenetik irakurtzen bada.
  • Diskurtsoaren degradazioa. Beste batzuek zioten egokia dela Txepetxen diskurtsoa, baina partziala ere bai; oso garrantzi handiko zerbait falta dela (gero zer falta den inork esan ez badu ere).
  • Bere asmoaren desbirtualizazioa. Txepetxen hitzetan, harriaren "birtutea" iraunkortasuna da; eta arrosaren birtutea, lurrina. Gauza bakoitzak berea du. Ezin da harria erasotu, lurrinik ez duelako. Gauza bakoitzak zerbaitetarako balio du; funtzio bat du.  Birtutea eta funtzioa bat etortzea da kontua. Txepetxen ustez, bere obrak egoki betetzen du bere funtzioa, eta ez da zilegia gehiago eskatzea.

Labur esanik, berea diskurtso osoa eta betea zela adierazi nahi zuen: borobila eta beregaina.

Jon Sarasuaren Hiztunpolis liburua eta Txepetxena parekatu izan dira. Baliteke. Baina ezberdinak ere badira. Jon Sarasuak aitortzen duen bezala, bere testuak hari-mutur solte asko ditu; eta horietako bakoitza aukera bat da handik tira egiteko. Zuhaitz baten modukoa da: enbor sendoa bai, baina adar eta adarxka ugari ere bai. Gogoeta eragitea da helburua, zalantzak sortzea. Bide batzuk agorturik daudela erakutsi eta bide berriak esploratzeko gonbita egitea.

Hori guztia ere Irrealitatearen Diskurtsoaren aurkako antidotoa izan daiteke, nonbait.