2013/05/26

Identitatea eta alteritatea, nortasuna eta bestetasuna

Aurreko asteko sarrera idazten ari nintzela buruan izan nuen ideia pare bat komentatu nahi dut gaur.

Hitzaldi baten laburpena zen: hizlariak psikologia sozialaren ikuspegitik identitate kolektiboaren zentralitatea defendatzen zuen, eta hizkuntzen aldeko mobilizazioa nahi bagenuen, ahalik eta identitaterik inklusiboena komeni zitzaigula azaltzen zuen.

Identitate inklusiboak... Hizkuntza txikiak ertainak paradigmatikoak dira alde horretatik, ezta?

Herrialde Katalanetan bada istorio bat oso ezaguna. Ramon Llull institutuko burua den Vicenç Villatorok kontatu zuen gaur8 agerkarian:
Guillen d’Efak abeslaria Mallorcako Guardia Zibil baten eta printzesa ginear baten semea zen, eta, politikoki oso zuzena ez den era batean esanda, beltza zen. Eta 60ko hamarkadako Mallorcan pertsona beltz bat ikustea ez zen batere ohikoa. Jakin-mina sortzen zuen. Diotenez, egun batean d’Efak Palmako taberna batean sartu, barrara gerturatu eta katalanez eskatu zuen. Tabernariak, katalanez honek ere, zera erantzun zion: «Jauna, hizketan entzun zaitudan arte, beltza zinela uste izan dut». Hau da, mallorkeraz mintzatzen bazara mallorcarra zara, eta, garai hartako tabernari harentzat mallorcarra eta beltza izatea pentsaezina zenez, ez zela beltza izango ondorioztatu zuen.
Identitate Sozialaren Teoriarean arabera (Tajfel), gure burua definitzeko kategorizazio-estrategiak erabiltzen ditugu. Kategoriak eraikitzen ditugu (gizonak eta emakumeak; zuriak eta beltzak; erdaldunak eta euskaldunak) eta kategoria bakoitzarekiko balorazioak egiten ditugu, gure pertenentziak erabakitzeko. Gure identitate soziala horrela sortzen dugu. Eta, hortaz, batzuetan errazagoa da "zer ez garen esatea", "zer garen" esatea baino.

Aspaldian AIZU aldizkariak argitaratu zuen biñeta bat dut buruan: 
Korrika garaia da. Goian hegazkin bat dago, kearekin mezu bat idazten du zeruan: "korrika, euskara ez da gelditzen". Behean bi goardia zibil, hiztegiarekin, mezua erdaratu nahian: EUSKARA EZ DA GELDITZEN... EL EUSKARA NOs SEPARA...  
Antologikoa iruditzu zitzaidan. Ez dut biñeta aurkitu, pena da.

Amaitzeko, jaun-andreok, andre-jaunok... zuekin... Guillen d’Efak!











2013/05/21

Psikologia soziala eta ekintza politikoa

Aurreko astean agindu bezala, bigarren hitzaldi bati buruzko azalpen txiki-txiki bat egingo dut: Jose Manuel Sabucedoren "Actitudes cidadás e mobilización ante os problemas sociais".

Psikologia sozialaren ikuspegia landu du Sabucedok. Psikologia sozialaren barruan ekintza kolektiboa (ekintza politikoa) ikertzen du.

Ideia interesgarriak eman ditu. Haren ustez, mobilizazio guztiek hiru ezaugarri dituzte: (a) ez dira norbanakoen ekintzak, baizik eta kolektiboak; (b)  testuinguru politiko eta diskurtsibo batean gertatzen dira, batzuk alde daude eta beste batzuk kontra; eta (c) lehen-lehenik ikusgarritasuna dute helburu, arazoa agenda publikoan sartzea (gerokoak gero).

Hiru gai-multzo landu ditu bereziki:

1) Arazo sozialak subjektiboak dira: atzean pertsonak daude, jarrerak, sinismenak. Arazorik ez dago, inork arazo gisa definitzen ez badu. Horren arabera, guztiaren oinarrian errealitatea interpretatzeko era ezberdinak daude, hau da, errealitatearen bertsio ezberdinak. Hor ikusten du gakoa, errealitatea interpretatzeko diskurtso ezberdinen arteko lehiaren baitan: helburua da errealitatearen interpretazio bat gailentzea, errealitatea enmarkatzea.(*) Oso modu grafikoan adierazten du: animalien munduan "jatea ala janaria izatea" da gakoa, pertsonen munduan "definitzea ala definitua izatea". Gramscik kontu hauetaz hitz egiten zuenean, sen onari buruz hitz egiten omen zuen (sentido común izeneko horri buruz, alegia): harentzat garrantzitsua zen darabilgun diskurtsoaren markoak jendartean zabalduta dagoen sen onaren markoekin ondo lerrokatuak izatea. Hortaz, mobilizazioaren helburua da diskurtso hegemonikoari aurre egingo dion diskurtso alternatiboa ikustaraztea.

2) Mobilizazio prozesua ez da espontaneoa: mobilizazioa beste biderik ez dagoela barneratzea da, eta faktore ugari dago horretarako. Hizlariaren ustez, identitate soziala (edo, hobe esanda, identitate kolektiboa) da zentrala: gainontzeko faktoreak horren inguruan egituratuko dira. Identitate kolektiboaz eta identitate kolektibo mobilizatuaz hitz egiten du, ekintza politikoarekin duen harremana ikustarazteko.

3) Mobilizazioa ahabidetzen duten gainontzeko faktoreak zein diren? Injustiziaren sentimenduaz hitz egiten du (identitate agrabiatua), bidegabekeria horren atribuzioa kanpoko pertsona edo talde bati egiteaz,  mobilizazioaren balizko eraginkortasunaz... Horretaz ere luze aritu da, ekintza kolektiboa irrazionala zela esatetik erabateko errazionalismoa eta instrumentalitatea defendatzera pasatu omen delako. Saucedok instrumentalitatea defendatzen du, baina ez kostuaren eta etekinaren termino hutsean: izan ere, jendeak onartua izatearen beharra ere badu, partaide sentitzearena. Mobilizazioaren atzean, sarritan, ez dago zerbait zehatza lortzeko itxaropena, behar etikoa (baloreak) baizik.

Amaitzeko, bi kontu gehiago:
  • Identitate inklusiboaren ideia aipatu du. Batu, eta ez kendu. Horri behar beste denbora eta behar beste ahalegina eskaini beharra azpimarratu du.
  • Normalizazioaren aurkako mobilizazioaz ere aritu da. Horiek ere diskurtso bat ikusgarri egitea dute helburua. Alde horretatik, Galicia Bilingüe taldearen adibidea erabili du. Bere ustez talde horiek bi eragin dute: kontrako diskurtsoa ikustaraztea bai, baina baita oreka-puntua desplazatzea ere. "Alde bateko eta besteko erradikalak" daudenez, Xuntan kokatzen du oreka-puntua, normalizazioaren parametroetan kokatu beharrean.
Aurrekoan esan bezala, materiala hemen dago: XII Encontros para a Normalización Lingüística

Interesgarria iruditu zait, sakontzeko gogoz geratu naiz... Esango dizuet!

Ongi izan!

(*) Oharra: hau guztia entzuten ari nintzela bi testu hauek etorri zaizkit burura: Framing: komunikazio-teorietatik euskararen beharrizanetara eta No pienses en un elefante

2013/05/16

Parte-hartzea hizkuntza politikan

Altxor txiki bat aurkitu dut sarean: Centro de Documentación Sociolingüística de Galicia. Mediatekaren barruan, hizkuntza normalkuntzari buruzko topaketen materialak daude: aktak, audioak, bideoak... Material asko eta ona.

Materialetan bi hitzaldi aurkitu ditut, bereziki interesgarriak iruditzu zaizkidanak: bata Xaime Subielarena da, "A participación social na elaboración das politicas lingüísticas en Galicia"; eta bigarrena José Manuel Sabucedorena, "Actitudes cidadás e mobilización ante os problemas sociais".

Lehenegoari buruzko apunteak jasoko ditut sarrera honetan. Gehiegi ez luzatzeko, bigarrenari buruzkoak egun batzuk barru ekarriko ditut hona.

Jendartearen parte-hartzea hizkuntza politikan


Bat. Zergatik parte-hartzea? Arrazoi asko aipatu ditu: normalizazio zerbitzuen lanari legitimitatea emateko, gerora ere inplikatzeko prest dauden eragileak identifikatzeko, normalizazio zerbitzuak jendartearen errealitatearekin hobeto konektatzeko... Baina batez ere, normalizazio planaren diseinua normalizazio plana proposatzeko eta erabakitzeko prozesua bera dinamizazio ekintza bat delako: ekintza kolektibo bat, komunikazio sozialean oinarritua. Plana ez da hasten, planaren dokumentua onartu eta hurrengo egunean. Egoera zein den eta zer egin pentsatzen hasten garen unean bertan hasten da plana. Xaimek dioen moduan, planifikazio estrategikoak bi alde ditu: planifikazioa eta estrategia; helburuak, ekintza-zerrenda, kronograma...bai, baina baita gauzak egiteko modu bat ere.

Bi. Hizkuntza normalizazioa prozesu sozial konplexua da. Borondate politikoa beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Erritmo politikoa eta erritmo soziala aipatu ditu Xaimek. Entitate sozialak aktibatu behar dira, jendartean bertan dauden baliabideak mobilizatu... Parte-hartzea indartzea aliatuak bilatzea da, baina ez hori bakarrik. Hiru helburu azpimarratu ditu: gertukoak aktibatzea, indiferenteak mobilizatzea, eta kontrakoak neutralizatzea.

Hiru.  Kontsentsuaren ideia ere aipatu du. Teknikariak garen neurrian, paradoxa txiki bat bizi dugu: zer da hobe, kontsentsua ala "normalizazioaren aldeko tentsioa"? Kontsentsua, neurri batean, lo-eragilea da (desmobilizatzailea?). Kontsentsuaren atzean, sarritan, eduki sustantibo handirik gabeko planteamenduak egoten dira; edo iritzi kontrajarriak bata bestearen ondoan jarrita, inolako koherentziarik gabe.

Lau. Amaitzeko zazpi puntuko "dekalogo" bat proposatu du:
  1. Erabaki politikoa beharrezkoa da.
  2. Normalizazio zerbitzuen lidergoa beharrezkoa da.
  3. Erakundeetan aldaketak daudenean, orduan da unerik egokiena hizkuntzaren aldetik ere aldaketak eragiteko. 
  4. Zeharkakotasuna
  5. Abstrakzioetatik harago, komeni da parte-hartzea proiektu zehatzen inguruan egituratzea.
  6. Sostengu teknikoa (edo teknikoen sostengua) beharrezkoa da, parte-hartzea errazteko.
  7. Prozesuak, hasiera-hasieratik, komunikazio soziala izan behar du helburu.
Ideiak, ziur aski, ez dira guztiz berriak izango. Baina freskoak iruditu zaizkit.

Materiala hemen dago: XII Encontros para a Normalización Lingüística


2013/05/09

Zuhaitzen hizkuntza


Zuhaitzak besarkatu


Modan dago zuhaitzak besarkatzea. Lurraren energia biltzeko eta geureganatzeko modua omen da. Ez dut gogoan inoiz zuhaitz bat besarkatu izana, baina onartuko dut, noiz edo noiz, lagunekin mendira joan naizenean, tentazioa izan dudala. Lotsagatik-edo ez dut egin. Lotsagatik... edo zorotzat hartuko oten ninduten beldurragatik.


Akaziak eta kuduak


Hegoafrikan bada zuhaitz bat, Acacia Caffra izenekoa; akazia mota bat da. Pretoriako unibertsitateko irakasle batek aurkikuntza bitxia egin zuen orain dela urte batzuk. Izan ere, inguru hartako gazelak (kudú izena dute) hartatik elikatzen direnez gero, babes-mekanismo bat sortu dute akaziek. Kuduak hostoak jatera hurbiltzen direnean, landareak sustantzia toxikoa jariatzen du, eta hasieran jangarria zen hostoa toxiko bihurtzen da segundu gutxiren buruan.

Harrigarriena ez da hori. Harrigarriena da landare horiek elkarrekin komunikatzeko mekanismoa ere sortu dutela. Sustantzia bat igortzen dute (etanol molekulak), gainontzeko akaziei abisua emateko: kontuz, lagunak; kuduak etorri ditun... jan nahi gaitizten. Sustantzia hori inguruko akaziei heltzen zaienean, horiek ere toxiko bihurtzen dituzte beren hostoak.

Kuduek ere zeozer ikasi dute honezkero. Landare bakoitzetik mokau txiki bat hartu, eta hurrengo landarearen bila urruntzen dira. Haizea jotzen ez duen aldera mugitzen dira beti, horiek oraindik ere "mezurik" jasoko ez zutelakoan.


Zuhaitzak mintzo


Zuhaitzak mintzo dira, beraz. Aniztasunez mintzo dira, baita lurrarekiko atxikimenduaz ere. Zuhaitzak sustraiak dira: sustrai fisikoak eta sustrai sinbolikoak. Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituena. Akordatzen?


Hostoak dira zuhaitzaren beste muturra: sustraiak eta hostoak, zaharra eta berria, jarraidura eta berrikuntza...
Iturri zaharretik
edaten dut,
ur berria edaten, beti berri den ura
betiko iturri zaharretik. (Artze)

Zuhaitzak landatu


Ba omen da jendea, bizitza osoa zuhaitzak landatzen eman dituena. Ekintza txikiak dira. Ez da aparteko ahaleginik behar: hazia erortzen utzi, eta askoz gehiagorik ez. Pertseberantzia behar da, haziak loratuko ote diren jakiterik ez dagoelako. Baliteke emaitza apalak izatea, baita emaitzik ez ikustea ere... baina etorkizunaren aldeko apustua egitea da, eta mundua zaintzeko modu bat. Horrelako istorio polit bat argitaratu dute aisia.net blogean.

Herrigintza, niretzat, horixe da neurri handi batean: haziak erein, edo zuhaitzak landatu, edo... 

Horrek beste istorio bat ekarri dit gogora: Jean Giono idazlearen narrazio bat, zuhaitzak landatzen zituen gizonaren istorioa. Testua interneten dago hainbat hizkuntzatan: euskaraz hemen, gaztelaniaz hemen, eta katalanez hemen. Euskarazko bertsioa oso berezia da, Benito Lertxundik narrazioa grabatu eta argitaratu baitzuen 1993. urtean, Paul Winter Consort taldearekin batera.


Gehiago irakurtzeko








2013/05/04

Ideia erradikalak

Ideia managementari buruzko blog batetik atera dut: hemendik. Blogak “ideia erradikalak” deritzan atal bat du. Ideia erradikalek pentsaraztea dute helburu: enpresak kudeatzeko erabiltzen diren premisak kolokan jartzea,  indarrean dauden "eredu mentalen" atzean zer dagoen aztertzea... Probokazio txikiak dira, aurrera egiteko mugak non dauden ikusteko aukera ematen dutenak.

Udaltop jardunaldietako materialak kuxkuxeatzeko aukera izan dut, eta ideia erradikal bat edo beste ikusi dut. Gustatu zait, esate baterako, Arrasateko berdintasun teknikariaren hitzaldia: Pankartatik Administraziora. Militantziatik administrazioko lanpostura doan bideaz hitz egin du, non lanbideak eta norberaren ibilbideak bat egiten duten, eta bien arteko muga desagertu.

Euskara teknikari askok ibilbide hori bera egin dugu. Guk ere -administrazioan egon, zein enpresa batean egon- kokaleku berezia dugula iruditzen zait.

Honek guztiak, nire ustez, hacker etika deitu izan denarekin eta horrek aldarrikatzen dituen baloreekin du zerikusirik: egiten dugunarekin interesa, lanarekiko grina, askatasuna, kontzientzia, horizontaltasuna, berdintasuna, ezagutza irekia, jakinmina, sormena...

Innobasque eta Berria egunkariak antolatua, Pablo Mancini kazetariak hitzaldi bat eman zuten orain dela hainbat hilabete:  Kazetaritza hackeatzen. Komunikabide banatuak eta hartzaileei begirako berrikuntza. Egoera berriei aurre egiteko, balore horietatik abiatzea eta kazetaritza birpentsatu beharra aldarrikatzen zuen.

Hona, bada, gure proposamena: euskara zerbitzuak ere hackeatu, gure eredu mentalak kolokan jarri, eta “ofizioa” birpentsatu...

On egin!