2013/12/30

Turismo linguistikoa

Wikipediaren arabera, aragoiera da Aragoiko Piriniotako zati batzuetan mintzatzen den erromantze hizkuntza. Aragoieraz aragonés eta fabla aragonesa deitzen zaio.

Amarauna ikerketa taldearen arabera, Aragoieraz hitz egiten dutenak, gaur egun, 10.000 inguru dira. UNESCOk aragoiera ‘arriskupean’ dauden hizkuntzen artean sailkatu du.

Aragoiko instituzioek 2009ko legea indargabetu eta hizkuntzen lege berria onartu egin dute 2013an. Katalana eta Aragoiera hizkuntzen izenak aipatu ere ez dira aipatzen. Zirkunlokioak asmatu dituzte, izen bitxi samarrak: Lengua aragonesa propia del área oriental eta Lengua aragonesa propia de las áreas pirenaica y prepirenaica. Kalean zein komunikabideetan LAPAO eta LAPAPYP bataiatu dituzte, ironia dosi handi batekin.

Ingelesa edo frantsesa ikasteko asmoz, Irlandara edo Parisera abiatzen garenean, turismo linguistikoa deitzen diogu horri. Hizkuntza txikiekin ere, turismo linguistikoa egin daiteke? Zergatik ez? Ez da asko eskatzea. Sentsibilitate apurtxo bat gehixeago besterik ez, hizkuntza horiek gure begien aurrean ikustezinak izan ez daitezen: "desinbisibilizatzeko", alegia.

Lehen elurteekin batera euskaldun andana Jaca aldera doa, hango estazioak bisitatzera. Handik zer ekarriko? Agian, poema txiki bat...
Tornallo a tornallo
feremos una fabla
a fabla más polida
a más polida fabla

2013/12/23

Egia esango banu... gezurra esango nuke

Euskara planak partizipatiboak izan behar direla sinetsi izan dut beti. Agente guzien iritziak kontuan izan eta protagonista bihurtzen ikasi. Akordioak bilatu, kontsentsu txikiak eraiki, konplizitateak josi, aliantzak sortu, sareak ehundu... Ez da samurra. Aurreiritzi ugari utzi behar da bidean, ziurtasun absolutu bat edo beste ere bai.

Den-dena txukun-txukun dokumentu batera ekarri ondoren, baten batek galde lezake... Teknikaria zaren aldetik, pozik al zaude emaitzarekin? Dokumentuari begiratzen diozu, eta baliteke halako egoneza nabaritzea. Bai... lan tresna egokia da, kontsentsuatua, adostua, bide berri bat edo beste irekitzen du... ez dago gaizki.

Errealitatearen irakurketari nabarduraren bat falta zaio. Anbiziosoagoa izan zitekeen. Helburuak beste era batera formulatuko zenituzkeen. Ekintzak? Ez dakizu zer esan. Diotenez, plan ororen atzetik eraldaketa sozialaren teoria bat dago. A eta B egiten baduzu, X helburutik gertuago egongo zara. Ez duzu garbi horretan gehiegi sinisten duzun, baina bai... bada teoria moduko zerbait, inplizitua bada ere.

Pozik al zaude emaitzarekin?

Galiziako gaitero horren erantzuna etorri zaizu burura: egia esango banu... gezurra esango nuke. 

Hona istorioa:
Behin batean gaitero zaharra Asturiasera joan zen jaialdi batera. Irratian Hevia musikariari buruz eta bere gaita elektrikoari buruz galdetu zioten. Zer erantzungo zuen? Berak tradizionalagoa nahiago zuen. Ez zuen bereziki gustukoa. Baina... ze demonio! Nor demontre zen bera, hainbeste jenderen gustua juzgatzeko. Gainera, "esperimentu" horiek onak dira gaita zabaltzeko. Zer erantzungo, bada? "Mire usted... si le dijese la verdad, le mentiría"
Ongi esana, arranopola!


2013/12/07

Zergatik ezin gara zenbakiekin gehiegi fidatu?

[bat]


Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta HABEk berak Helduen Euskalduntzearen datuen irakurketa egin berri dute. Euren hitzetan "Aurreko hiru urteetako jaitsierari frenoa jarri zaio Euskaltegiean 2013-14 ikasturteko matrikulazioan". Hortaz, irakurketa "baikorra" egin dute:
... joandako hiru urteetan euskaltegietako matrikulazioan gertatzen ari zen erorketa nabarmen eta jarraituari hesia jartzea lortu dugu, frenua jarri diogu. Iazko % 7ko jaitsieratik % 1eko jaitsiera izatera pasatzea urrats oso esanguratsua da. Iazkoa errepikatu izan balitz, matrikulatu diren baino 1.474 ikasle gutxiago izango ziren aurten.
/.../
Beraz, oso positiboa da, testuinguru honetan, euskara ikasi edo hobetu nahi duten ia 25.000 pertsona heldu euskaltegietara etorri izana. 
Zenbakiak ondo egin baditut, EAEn aurten 20.846 ikasle matrikulatu dira, iaz baino 210 gutxiago eta duela bi urte baino 1.796 gutxiago. Ez da datu txarra, baina ona ere ez.

Dena den, benetan esanguratsua hurrengo hau da:
... euskarak azken hogeita hamar urte hauetan irabazi dituen 300.000 hiztun berrietatik, 100.000 inguru izan daitezke helduen euskalduntzeak eman dituenak.


[bi]


EUSTATek ematen dituen datuen arabera, 2013-2014 ikasturte honetan, ikasleen %62 D ereduan eskolatua dago, %20 B ereduan eta %16 A ereduan. Beste kontu bat da ikasle horiek zenolako euskara maila lortzen duten.

Duela urte batzuk (2004an) EAEko ikasleek euskaraz lortutako maila aztertzeko, Hezkuntza Sailak B2 mailako proba egin zien DBH4 mailako 1.191 ikasleri. B2-k erdi mailako gaitasuna adierazten du, EGA agiria baino maila bat beherago, ingelesezko First Certificate-aren parekoa. Ahozko eta idatzizko probak izan ziren. (Hemen)

Proba horren emaitzen arabera, A ereduan ez da ikaslerik euskaraz moldatzeko gai dena, B ereduan berriz %33 moldatzen da euskaraz eta D ereduan % 68 da maila gainditzen duena. Horren arabera:
  • 75.372 ikasle dago derrigorrezko bigarren hezkuntzan: 8.509 ikasle A ereduan (%11); 20.148 B ereduan (%27); eta 46.207 D ereduan (%62). 
  • Proba horren arabera, A ereduko ikasleek ez lukete B2 gaindituko, ezta D eredukoen herenak ere. B ereduko ikasleen artean bi heren lirateke maila gainduko ez luketenak.
  • Estrapolazio bat egingo bagenu, beraz, DBH4 amaituta ia ikasleen erdiak (%49) ez luke erdi mailako azterketa hori gaindituko. 
Esan gabe doa ariketa ez zaidala guztiz bidezkoa iruditzen. Ezin da orain dela 10 urteko daturik erabili egungo errealitatea aztertzeko. Nik neuk, ordea, ez du datu berriagorik ezagutzen (egongo dira, ezta?).


[hiru]


2011ko biztanleriaren eta etxebizitzen zentsuaren datuak ere argitaratu dira EUSTATen web orrian: hemen. Datu garrantzitsuak dira, azken batean hurrengo mapa soziolinguistikoa hortik sortuko baita. Jakin ere jakin dugu zentsua egiteko modua aldatu dela (hemen). Ez dakigu, ordea, horrek emaitzetan eragina izan ote duen.

Datuen arabera:

  • EAEn euskaldunen portzentajea %37 da. Hamar urtean 5 puntuko hazkundea egon da. 2006tik 2011ra ez da hazkunderik egon.
  • Erdaldun elebakarren portzentajea ere % 37 ingurukoa da: bost urtean 3 puntu behera egin du (eta ia-euskaldunen portzentajeak beste horrenbeste handitu). 
  • Herrialdeei begiratuz gero: Araban euskaldunen portzentajeak behera egin du 2006ik hona: %25,07tik %23,87ra.

Eta herriz herri?

  • Euskaldunen portzentajeari dagokionez, 114 udalerrik izan dute hazkunde negatiboa. Kasu batzuetan portzentajea 2 puntu edo gehiago jaitsi da (36 kasu). Era guztietako udalerriak daude: Mañaria, Izurtza, Oion, Ikastegieta... baita Gasteiz bera ere (-%2.17)
  • 136 udalerritan, ordea, hazkunde positiboa egon da: Barrundia, Leintz, Okondo, Maeztu, Kripan...

Hau guztia nola interpretatu? Asko da? Gutxi? Datuak jasoteko modua aldatu delako izan da? Ideiarik ez.

Herriz herriko informazioa hemen kontsultatu dut.

2013/11/24

Historia eta memoria [storytelling-4]

Aipu zehatza ez dut gogoratzen, ezta nork esan zuen ere, baina behin irakurri nuenaren arabera: "historia ekintzez osatua da; eta eleberria sentimenduz". Ez zait iruditzen.

Sail honetako laugarren atala da (eta azkena, ziur aski)... Lau ataletan, euskalgintzaren "kontakizunei buruz" hitz egin nahi izan dut: bizipenez [storytelling-1], praktikaz eta jardunez [storytelling-2], istorioez eta literaturaz [storytelling-3], eta amaierarako utzi dut mardulena: historia eta memoria.

Mardulena izateagatik eta mardulena izanagatik, zalantzak izan ditut azken honi buruz idaztea merezi ote duen. Mardulena izanagatik edo mardulena izateagatik, azken hau aurrekoak baino arinago lantzeko baimena eskatu behar dizuet. Pretentziosoegia litzateke, nire aldetik, zer eta euskalgintzaren historia blog-sarrera batean "bentilatu" nahi izatea. Tartetxo honetan erreferentzia batzuk ematen saiatu naiz: ezta esanguratsuenak ere, ozta-ozta gustatu eta interesatu zaizkidan lan (gutxi) batzuk aipatzea besterik ez.

Hasteko, hiru:
[bat]
«Euskara Jendea», Xamarrena. Lehendabiziko erreferentzia da, eta ezinbestekoa. Liburua gustatu zitzaidan, dokumentalek liluratu, idazleak txunditu. Euskararen historia... euskararen historia horixe besterik ez baita, euskaldunon historia... euskara jendearen historia. 
[bi]
«El libro negro del euskera», Joan Mari Torrealdairena. Historia liburua baino... kronika-liburua dela esango nuke: euskararen zapalketaren kronika. Oso didaktikoa.
[hiru]
«Espainolak eta euskaldunak», Joxe Azurmendirena. Liburu garrantzitsua da gai hauekin kezkatuta dagoen edonorentzat. Obraren muina espainolen eta euskaldunen mitologia eta ideologia linguistikoen historiak osatzen du.
(Liburu honekin oso gauza bitxia gertatu zait. 1992an irakurri nuen, eta mesanotxeko kajoian utzi nuen, handik gutxira berriro irakurri nahian. Horrez geroztik, hor ibili da, etxetik bueltaka,  harik eta joan den astean berriro hartu eta irakurtzen hasi arte. Nola esan... Horren gustukoak izanik, beti beste egun baterako utzi, eta inoiz janzten ez dituzun praka horiek bezalakoa izan da; edo horren gozoa izanik, amaierarako utzi, eta gero gogorik gabe jaten dugun janari horren modukoa. Antropologoek horri autolimitazioa deitzen diotela irakurri dut nonbait.)
Hainbat historialari  historia eta memoria bereiztearen aldekoak dira. Memoria kontzeptu ideologikoa dela diote. Kolektibitateak beren iraganarekin lotzeko ahalegina da. Errelato propioa sortzea da: hainbat ekintza eta prozesu historiko elkarri lotu, nork bere errelatoa egiteko. Gure iraganari buruz zer kontatu nahi dugun erabakitzea da.

Batzuek uste dute memoria "egia ofizial bat" sortzeko ahalegina dela, zerbait "fozilizatua". Defendatzen dute historia dinamikoa izan behar dela, eta etengabe berridatzi, datu berriak sortu ahala.

Baliteke arrazoia izatea, baina... guk gure historia kontatzen ez badugu, nork egingo du? Beste batek gure ordez egingo duen kontakizuna onartu behar al dugu halabeharrez?
[lau]
Historiatik memoriarako bide horretan, ikastolei buruzkoa da ezagutzen dudan lanik esanguratsuena: «Ikastola mugimendua, dabilen herria: ikastola eredua 1960-2010» (Euskaltzaindiaren web orritik jaitsi daiteke, baina 55 MB ditu). 
Ez da bakarra, jakina. Euskaltegiek ere, zeinek bere aldetik, egina dute lan hori. Euskara elkarte askok ere bai. Herriz herri, ere ahalegintxo batzuk egin izan dira...

Duela aste pare bat  «Su haietatik hitz hauek» proiektua aurkeztu dute Donostian: liburua, web orria eta ikuskizuna (hemen). Ez ote genuke beste horrenbeste egin beharko, eta, herriz herri, euskararen memoria osatuz joan?

Lan interesgarria litzateke horien guztien erreferentziak nonbait biltzea.

2013/11/18

Fikzioa [storytelling-3]

Udaberri aldean kontakizun laburrez osatutako liburu berria eman zuen Mariasun Landa idazleak: «Inurrien hiztegia». Istorio hau handik atera dut:

Inurri batek bere bizitza kontatzeko sekulako premia sentitu zuen. Hori idazten bazuen autobiografia izango litzatekeela esan zioten. Eta hitz berri harekin txoratuta, gogo biziz ekin zion lanari.
Haurtzaroa etorri zitzaion gogora eta inurritegi bat ikusi zuen. Helduaroa etorri zitzaion gogora eta inurriritegi bera ikusi zuen, lankidez betea, baina ezin zen haien izenez gogoratu. Bizipenen errepasoa egin eta, euriaren eraginez inurritegia urpean geratu zeneko eguna salbu, ezin izan zuen gertakizun gehiagoz harro agertu.
Hala ere, inurri tematia zen eta, bere garaiko inurrien paradigma zelakoan, uste eta egitasun osoz idatzi zuen, bere benetako bizitza baino gehiago bizitu nahi lukeena.
Baina autobiografia hau ez da egia!, zioten lotsagabe batzuek.
Ezjakin halakoak! Autobiografia gauza zaharkitua da, orain autofikzioa da puri-purian dagoena.
Liburua best seller bat izan zen urte hartan.
2010ean «Autokarabana» eleberria argitaratu zuen Fermin Etxegoienek. Gure txikitasunean (geu ere inurriak baikara) liburu hori ere best seller bat izan zen urte hartan. Irakurri al duzue? Bai, badakit... ez da euskararen munduari buruzko eleberri bat, baina ezagutzen dudan nobela bakarra da pertsonaien artean euskara teknikari bat duena.

Literatura leku eta garai bateko gizartearen isla dela esan izan da. Hortaz... zergatik inork ez ditu gure istorioak kontatu? Horren ezdeusak al gara?

Beste bi liburu etorri zaizkit burura: Joxean Sagastizabalen «Kutsidazu bidea, Ixabel» eta Urtz Apalategiaren  «Gure gauzak SA» liburua; euskara ikasleen mundua, eta euskal kulturaren kritika fabulatua. Lagin txikiegia da, ezta?

Gehiago ezagutzen al duzue?

2013/11/08

Sistematizazioa [storytelling-2]


Euskara Planak: eta gure istorioa kontatuko bagenu? 

Aurreko astean gaia hor utzi nuen, eta hor hartuko dut oraingoan. Aurrekoa prestatzen ari nintzela, Elhuyarrek 2007an argitaratu zuen Euskara Planak: Nondik gatoz, non gaude eta nora goaz liburuxka etorri zitzaidan burura: ez da oso lan ezaguna, baina bai esanguratsua.

Elhuyar aholkularitzak esperientziak sistematizatzeko proiektu batean parte hartu zuen, Euskal Herriko zein atzerriko hainbat erakunderekin batera. Esan bezala, era askotako elkarteak zeuden tartean: den-denak ikuspegi parte-hartzaile batetik gizarte-eremu ezberdinetan eraldatze-prozesuak laguntzen jarduten zuten elkarteak ziren.

Nork bere esperientzia landu aurretik, metodologia landu zuten, eta bederatzi pausu proposatu:
  1. Abiapuntua
  2. Hasierako galderak
  3. Bizitako prozesua berreskuratzea
  4. Sakoneko hausnarketa
  5. Helmugak
  6. Gure irakaspenak komunikatzen
  7. Ezagutza osatu eta lantzea

Hasierako hiru galderetatik abiatzea proposatu zuten:
  • Zertarako sistematizatu nahi dugu? Helburua
  • Zer esperientzia sistematizatu nahi dugu? Objektua
  • Esperientzia horren zer alderdi interesatzen zaigu sistematizatzea? Ardatza

Eta hortik aurrera... istorioa berreskuratu:
  • Aktak, txostenak, ebaluazioak... berrikusi; 
  • Parte hartu zuten teknikariekin batera, ekintzak eta une garrantzitsuenak identifikatu;
  • Une horietako bakoitzean zer gertatu zen kontatu, aurrera ala atzera egiteko balio izan zuen, aktore bakoitzak zer egin zuen, bakoitzak nola jokatu zuen, bizipenak, bakoitzak une hori nola bizi izan zuen...
  • Hausnarketa dator gero, galdera kritikoak identifikatu eta "kontakizunari galdera horiek egin", ondorioak ateratzen saiateko. 

Ziur aski emaitza ez da oso deigarria izango, baina prozesua oso-oso aberasgarria iruditzen zait. Adibide polita da erakusteko narraziogintza nola erabili ahal dugun, gure praktikatik ikasteko.

Liburuak hemen dituzue: 

2013/11/02

Kontulariak [storytelling-1]

Orain dela hainbat urte HIZPIDE aldizkariaren ale monografiko bat atondu zuten Lourdes Elosegi eta Pello Esnal HABEko teknikariek. Honakoa: Euskaltegi-kurrikuluak egiteko jardunbide bat (Hizpide aldizkaria, 57. alea, 2004). Bronckart irakaslearen lanak gidari hartuta, bi mundu erabat ezberdin dagoela defendatu zuten: azalpenaren mundua eta kontakizunaren mundua. Horien barruan sailkapen ezberdinak egon daitezke (solaskideen inplikazio mailaren arabera): azalpen interaktiboa, diskurtso teorikoa, kontaketa konbertsazionala, narrazioa... Baina, funtsean bi mundu diskurtsibo direla defendatu dute.

Azalpenaren eta kontazikunaren artean ezberdintasun formalak daude: testuaren antolamendua, gehien agertzen diren kategoria gramatikalak... baina benetako ezberdintasunak are sakonagoak direla iruditzen zait: azalpenaren mundua arrazoibidean oinarritzen da; kontakizunaren mundua, ekintzetan eta emozioetan.

Biografia batean, esate baterako, egoerak eta sentipenak daude, baita gauza gehiago ere bai: oroitzapenak nola hautatzen diren, kontatzen direnak eta kontatzen ez direnak, ekintzak nola interpretatzen diren, sinismenak, baloreak... Narrazioaren fluxua bilatzen dugu, baina diskontinuitateak ere oso esanguratsuak dira.

Gogoan dut Pierre Bourdieu soziologo eta filosofoaren testu bat:
Tenemos, sin duda, el derecho de suponer que el relato autobiografico se inspira siempre, al menos en parte, en el deseo de dar sentido, dar razón, extraer una lógica a la vez retrospectiva y prospectiva, una consistencia y una constancia, estableciendo relaciones inteligibles, como las del efecto a la causa eficiente o final, entre los estados sucesivos, constituidos de este modo en etapas de un desarrollo necesario
Oroimena narrazio bihurtzen denean, hainbat egoera eta egintza hautatzen ditugu eta beste batzuk ahantzi edo estali. Narrazioari koherentzia, zentzua eta norabidea ematen diegu: egungo errealitatetik interpretatzen dugu ibilbidea. Narrazio batean ez gara mugatzen esperientzia edo ibilbidea kontatzera... eraiki (edo berreraiki) egiten dugu.

Narraziogintza psikologian erabili izan da. Terapia narratiboen oinarria horixe da: gure buruari kontatzen dizkiogun istorioak berregiten saiatzea. Twitter-en irakurri nuen:
Nahiz eta orain arte senaz egin, gaur konturatu naiz zein garrantzitsua den zure buruari, zure bizitzaren istorio koherente bat kontatzea. — Gorka Julio (@teketen) July 29, 2013
Erakundeekin ere beste horrenbeste gertatzen da: erakunde osasuntsua izateko, beharrezkoa da bere buruari buruzko istorio koherente bat eraikitzea.

Narraziogintza formazioan ere erabili izan da. Narratibak esperientzia egituratzen laguntzen du eta ezagutza ez-kontzientea mobilizatzen du: ezagutza tazitoa ezagutza esplizitua bihurtzen du. Jakin bai, baina dakigunik ere ez dakiguna da ezagutza tazitoa.

Narraziogintza gizarte zientzietan erabili izan da. Joan Josep Pujular irakasleak liburuxka bat argitaratu zuen aspalditxo, Centro de Investigaciones Sociológicas erakundeak argitaratzen zuen Koaderno Metodologikoen bildumaren barruan: El método biográfico: el uso de las historias de vida en ciencias sociales. Interneten ez dago eskuragarri, baina bai egile beraren beste testuren bat: hau, adibidez.

Gure euskara planetan narraziogintzak ba al du lekurik? Eta 60 orriko txosten analitiko baten ordez, gure istorioa kontatuko bagenu? 

Bada, horixe... ez azaldu, hobe kontatzen badidazu!

2013/10/22

Lau zutabeak

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren hitzetan, hizkuntza bat berreskuratuko bada, lau zutabe indartsu behar dira: corpus juridiko egokia, plangintza egokiak, baliabideak eta herri-gogoa. Gogoan dut Kontseiluak, herriz herri, hizkuntza politika egokiari buruzko hitzaldiak antolatu zituela, beren irizpide horiek azaltzeko. Eszenografia ederki zaindu zuten: mintzatokian harri-kartoiz eginiko lau zutabe handi kokatu, eta banan-banan erortzen utzi: corpus juridikoa, plangintza, baliabideak... Herri-gogoa ez, herri-gogoa zutik uzten zuten, hura izan baita urteetan hizkuntzari eutsi diona.

Hizkuntza politika soil-soilik corpus juridikoarekin identifikatzeko joera egon da, eta horrek eztabaida antzuak piztu ditu: Beharrezkoa al da corpus juridiko egokia? Jakina, ezta? Eta... ezinbestekoa al da? Aski al da?

Suzanne Romainek The Impact of Language Policy on Endangered Languages artikulua argitaratu zuen 2002.urtean. Bere ustez hizkuntza eskubideen aitormenak ez du hizkuntzaren biziraupena bermatzen: hizkuntza planifikazioa beharrezkoa da. Are gehiago, hizkuntza plangintzaren beraren eragingarritasuna ere zalantzazkoa dela defendatu zuen, eta autonomiaren falazia azaldu: autonomiaren falazia da aldagai guztiak era sistematikoan kontrolatu daitezkeela sinistea, eta aldagai guztiak kontrolatuz gero emaitzak ziurrak direla pentsatzea.

Bere ustez, ofizialtasunak hizkuntzaren prestigioan du eragina (hizkuntzari buruzko errepresentazio sozialetan, alegia) baina ez norbanakoen hizkuntzaren erabileran. Politika horizontalak defendatzen ditu berak: "sustraiak lantzea", behetik gora lan egin, komunitatea sortu eta komunitatea landu, eragileak ahalmendu (boteretu)... Horiek guztiak, sarri, goitik behera datozen direktrizeak baino eragingarriagoak direla uste du.

Herrialde katalanetan komunikazio instituzionalizatuak eta komunikazio indibidualizatuak berezi ohi dituzte. Hortaz, bistan denez, hizkuntza politika ofizialek batez ere komunikazio instituzionalizatuetan dute eragina, "legez" arautu ahal direlako.

Albert Bastardas irakasleak, ordea, bestelako ikuspegia defendatu izan du. Bere ustez, harreman dinamikoa dago politika linguistikoen eta komunikazio indibidualizatuen artean. Komunikazio instituzionalizatuek indibidualizatuetan ere eragina dute. Normalizazio prozesuari buruzko pertzepzioak dira horretarako tresna. Norbanakoek normalizazio-prozesua arrakastatsua eta atzeraezina dela hautematen badute, halako konbergentzia-joera gertatzen da era progresiboan. Prozesu horiek ez gutxiesteko gomendatzen du Bastardasek.

Corpus juridiko egokia beharrezkoa al da hizkuntza normalizatzeko? Zalantzarik ez. Galdetu, bestela, gu baino are okerrago dauden Iparraldeko eta Nafarroako lagunei. Edo Xabier Leteri galdetu, harek ederki azaltzen baitzuen: "ez dadukanak ongi ohi daki eukitzea zein den ona".

2013/10/13

Ba al da oraindik zer esanik?

Apirila aldean mahai-inguru bat egon zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Manu Robles-Arangiz fundazioak antolatua: Zapalketatik at, ba al dugu zer esanik? Sagrario Aleman, Kike Diez de Ulzurrun, Angel Erro eta Paula Kasares egon ziren bertan. Horren kronika GARAIA aldizkarian argitaratu berri da.

Amu moduko galdera zen izenburua: Asko hitz egin dugu eta asko idatzi dugu euskararen egoerari buruz, ba al da oraindik zer esanik, (protestatik harago)? Galdera zehaztu ere zehaztu zuten:
  1. Gure esku dauden baliabide guztiak indarrean jartzen ditugu? 
  2. Zerbait gehiago egin ahal dugu?
  3. Euskararen mugaldean (periferian) dagoen jendea nola erakarriko dugu?
[Baten bat galdera hauei erabateko erantzuna emateko moduan baldin badago, mesedez, abisatu. Atsegin handiz entzuko nuke]

Hizlarien arabera, euskarak (eta euskal kulturak), nitxo-ak behar ditu: merkatu-nitxoak. Adibide esanguratsua aipatu dute: pailazoak... Iruñean, Baztanen zein Tuteran... nor da gai gaztelaniaz aritzen den bi pailazo-talderen izenak aipatzeko? Inortxok ez. Eta euskaraz? Guraso ez bazarete, bat edo bi aterako zaizkizue. Haur txikiak badituzue, laupabost ere bai.

Non da, bada, arazoa? Bada... seme-alabak hazi dira eta dagoeneko ez dituzte Pirritx eta Porrotx lehen bezainbat maite; Bob Esponjak euskaraz ez daki; pop musika ingelesez alaiagoa iruditzen zaie...

Merkatu-nitxoak... gaztelaniak oraindik okupatu ez dituen espazioak identifikatu eta euskaraz bete. Mikro-espazioak euskararentzat, espazio normalizatuak... Ba al da oraindik zer esanik? Zer esanik... ez dakit. Zer eginik... ugari.

Dokumentazioa hemen duzue:
  • Testua (Garaia aldizkarian): hemen
  • Audioa (elkarrizketa Euskalerria irratian): hemen
  • Bideoa: hemen



2013/10/07

Bizi-indarra

ZuZeu orainkari digitalean iritzi-testu interesgarria irakurri dut. Euskararen bizi-indarra… bixi-indarra… birrindarraArrazoi osoa du, baina ez nator horretaz hitz egitera. Kontua da niri ere arreta egin didala "hizkuntza politikaren ardura ofiziala dutenen" diskurtso berritua:
Jokoan dagoena ez da euskararen biziraupena. Euskarak bere biziraupena bermaturik du bizpahiru belaunalditarako. Jokoan dagoena euskararen bizi-indarra da, eta hori nagusiki euskal hiztunon esku dago.
Ez al duzue hor "mugimendu diskurtsibo" txiki bat nabaritu? Bizi-indarra da jokoan dagoena. Bizi-indarra: hizkuntza politika ofizialarekin ados egon ala ez, kontzeptu interesgarria iruditzen zait, bai kaleko adieran bai adiera akademikoan... Gainera, adiera akademikoa, sarri, kaleko adiera baino harago iristen da.

Soziolinguistika Eskuliburuaren arabera, bizi-indar etnolinguistikoa da "talde arteko egoeretan talde bati izaki kolektibo desberdin eta aktibo gisa jokatzeko aukera handiagoa ematen diona". Kontzeptu zehatza da, eta oso-oso intuitiboa.

Hizkuntza baten bizi-indarra erlatiboa da beti. Ondoan d(it)uen hizkuntz(ar)ekin harremanean ulertu behar da, talde arteko egoerari baitagokio. Bizi-indar etnolinguistikoa hiru faktore multzoren arabera definitu ohi da: faktore demografikoak, estatusa eta sostengu instituzionala.


Faktore demografikoak alde batera utzita, estatusa eta sostengua kontu potoloak iruditzen zaizkit. Ni neu ez nintzateke ausartuko "hori nagusiki euskal hiztunon (norbanakoen) esku dagoela" esatera.

Oraindik ez dut aipatu; bizi-indar etnolinguistikoaren eredua hiru autorek landu zuten 1977. urtearen bueltan: Giles, Bourhis eta Taylor. Lehenago Mackey kanadiarra ere kontzeptu hauen bueltan aritu zen, eta hizkuntza baten botere erlatiboa ezagutzeko kontuan hartu behar diren ezaugarriak definitzen saiatu (demografikoak, legalak, ekonomikoak...). Mackey-k botere hitza erabili zuen. Ziur aski, ez da hitz erosoa, baina bai esanguratsua. Gaur egun, hegemonia hitza erabiliko genuke, ezta? ;-)

Bizi-indar etnolinguistikoaren kontu honek koxka gehixeago dituela iruditzen zait, psikologia sozialaren eremuan bete-betean sartzen direnak: identitateak, bizi-indar subjektiboa... Hobe beste baterako uztea.

2013/09/26

Dilemak, tetralemak eta euskarari buruzko iritzi-joerak


Tetralemak


Bateraezinak diren bi irtenbide dituzten arazoak dira dilemak. “A ala B” gisako formulazioak dira... Hizkera arruntean, gainera, hitzak badu beste konnotazioa bat: bi aukera txarren aurrean, horietako bat aukeratu behar izatea.

Cimas erakundeak gaia landu du, eta dilemak gainditu beharra aldarrikatu. Beren ustez dilemak egoeraren argazki partzialak besterik ez dira. Dilemaren baitan egoerak blokeatu egiten dira, ezin baita erabakirik hartu galtzailerik gabe.

Hori gainditzeko, tetralemak erabiltzen dituzte. Jendearen diskurtsoetan pistak bilatzen dituzte, ardatz emergente bat antzemateko: dilema gainditzen duen ardatz bat, ez A eta ez B, edo (zergatik ez?) bai A eta bai B.

Azalpen bat: hemen


Transcend


Johan Galtung Noruegako politologo eta soziologoak Bakea eta Gatazka ditu aztergai. Bere ustez, gatazka bat ezin da konpondu: gatazka eraldatu egin behar da. "Transend metodoa" garatu du horretarako.

Metodo horren baitan antzeko planteamandua egiten du. Koordenatu kartesianoen sistema bat erabiltzen du, eta bertan 5 eszenario marraztu:
(1) Jarrera bat nagusitzea.
(2) Kontrako jarrera nagusitzea.
(3) Ez bata, ez bestea; eztabaidari uko egitea.
(4) Negoziazioa: jarrera bat ez nagusitzea; bi jarreren arteko konpromisoa lortzea, nork bere helburuak bete-betean lortzen ez baditu ere.
(5) Transzendentzia: egoera bera aldatzea, baita jarrerak ere.

Honi guztiari buruzko azalpen interesgarri bat hemen (pdf)


Euskarari buruzko iritzi-joerak


Hori guztia zertara datorren?

Bada, Prospekzio Soziologikoen Kabineteak (Iñaki Martinez de Lunak) argitaratu berri duen liburuxkan (Euskara EAEn: gaitasuna, erabilera eta iritzia) hainbat ideia dago, niri bereziki interesgarriak iruditu zaizkidanak.

Ondorioak eta gogoetak atalaren barruan, adibidez, honako hau dakar:
Oinarrian erabiltzen ari garen "Euskara: erabilera, jarrerak, politikak" ikerketa berrartuz lau dira inkesta horretako emaitzen harira argi eta garbi osatu diren iritzi-joera nagusiak: lehenik, joera Euskaltzalea edo euskararen aldekoa; ondoren hizkuntzarekiko Mesfidatia den iritzi-joera; hirugarrenik, Onarpen Pasiboaren iritzia eta, azkenik, euskarari Abantaila Sozialak egozten dizkion joera.

Zalantzak zalantza, horretaz ari gara, ezta? Egungo iritziak eta diskurtsoak abiapuntutzat harturik, diskurtso eta ikuspegi berri bat sortu nahian, normalizazioaren bidetik are urrunago eramango gaituena. Helburua horixe baita: ahalik eta urrunen iristea.




2013/09/20

Euskararen metaforak...


Habe Ikasbil
Joan den astean, euskaltegien 2013/14 ikasturte hasierako ekitaldi akademikoan, hitzaldia egin zuen Bernardo Atxagak. Bideoa sarean ikus daiteke dagoeneko: hemen

Pentsamendu metaforikoari buruzko zeozer idatzita daukat blog honetan (hemen eta hemen, adibidez). Gai interesgarria iruditzen zait. Hitzaldian... bat, bi, hiru, lau... bost figura ezberdin erabili ditu Atxagak.

Honakoak:

[Bat: Xaboia]

Abdetfattah Kilito izeneko idazleak esandakoa aipatu du, alegia, hizkuntza dela xaboaiaren kontrakoa:
Hitzak ez du antzik xaboiarekin. Zenbat eta gehiago erabili xaboia, orduan eta urrituago eta gastatuago; hitzak, ordea, alderantziz, zenbat eta erabiliago orduan eta aberatsago
[Ezaguna baina indartsua]

[Bi: Zubia]

Zubi zail, estu, hauskor eta aurriskutsua irudikatu du:
...zubi horren alde batean erdarak daudela, gaztelania dagoela, batez ere, eta beste aldean ba euskara dagoela; bi lurralde oso desberdin. Zubiaren alde bat, esan beharrik ez dago, oso eremu zabala da, izugarria, eta bestea eremu laburragoa. Eta zubia behar da hizkuntza alor batetik bestera joateko, eta zubi hori, bistan da, itzulpena da.
[Kontxo... uste nuen euskaltegiak aipatuko zituela, baina ez...]

[Hiru: Kanpaia eta mailua]

Istorio baten bidez azaldu du:
... gure herriko kanpai izugarri handia erori egin zen, eta eraman egin beharra zegoen, baina kanpaia izugarria zen, pisu izugarria zeukan, eta ez ziren gauza kanpai hori eramateko, ez idiekin, ezta inola ere… orduan puskatzea erabaki zuten, eta puskatzeko lanetan gure herri horretan ba indarra asko omen da eta orduan indartsu guztiak etorri ziren eta hasi ziren porrarekin kanpai hori puskatu nahian. Eta lortu zuten gauza bakarra izan zen, nik ez dakit medikuek nola deituko dioten, baina izan zen besoak eta zeharo erasatea, zergatik denak gelditu ziren ba gaizki besoekin, jakina porrarekin eman, eta ba kanpaiak itzuli egiten zuen nolabait golpea. Eta orduan hondatu ziren herri horretako beso asko. Eta halako batean, nonbait, beste herri bateko gizon txiki-txiki bat etorri omen zen, mailu txiki-txiki batekin, eta orduan begiratu zuen, eta ikusi zuen, berak bazekien, eta orduan ikusi zuen berak puntu bat, mailu txiki horrekin puntu hartan jo zuen eta kanpaia puskatu egin zen.
[Sarri halaxe gabiltz, ezta? Kolpea non jo asmatu ezinik.]

[Lau: Urrea eta moneta]

Gaizki ulertu ez badut, hizkuntzaren eta pentsamendu politiko nazionalistaren arteko loturaz ari da...
...Breton Woods izeneko bilera bat gertatu arte, hark halako, harreman halako lotura bat egon behar zuen urrearen eta paperaren artean. Hori da, diruak eduki behar zuen atzetik benetan balioa zeukan zerbait. Eta hori zen urrea.
Bueno, kontua da harreman hau, urrearen eta monetaren arteko harreman hau, baita ere egon dela edo dagoela hizkuntzaren eta politikaren artean.
[Komentariorik ez.]

[Eta bost: Aingura eta kortxoa]

Euskalgintzan guztiok noizonoiz geure buruari egin diogun galdera da: zergatik ari gara lehia honetan? Ainguruaren eta kortxoaren figurak erabili ditu:
Baina gaur egun, esate baterako, aipatu dugun gizarte, sektore izugarri zabal hori, nazionalismoaren baitan hezi dena, horrek badauka aingura bat, eusteko aingura bat, ez dadin errekan joan euskara, ez dadin zubitik erori eta errekan joan. Badauka aingura bat. Benetan euskarri on bat da ideologia hori? Ala kortxoa da? Edozein ur-txirripak eramaten duena? Ez dut erantzunik.
[Nik ere ez.]


Ez naiz literaturan aditua. Oro har, interesgarriak iruditzu zaizkit, nahiz eta ideia bat edo beste eztabaidagarria gertatu.

Ongi izan!

2013/09/14

Esaldi birikoak

Txepetxek, 1984. urteko testu batean [La Nueva Sociolingüística y la Ecología de las Lenguas], esaldi birikoak zer diren azaldu zuen. Esaldi birikoak galdera moduan aurkeztu ohi dira; oso arrazionalak dira, itxuraz; jakinmina besterik ez dute adierazten (itxuraz)... Kontrakotasun argi-argirik ere ez dute adierazten... Horregatik zailagoa da aurka egitea. Pentsamendua blokeatzea dute helburu, eta erantzuteko gaitasuna mugatzea.

Esaldi auto-erreproduktiboak dira. Kutsakorrak. Espazio eta testuinguru batetik bestera erraz mugitzen dira. Ideien espazioa okupatzea da beren zeregina, baita espazio diskurtsiboak ere. Ahalik eta espazio gehien, ahalik eta handienak.

Adibide batzuk aipatzen ditu Txepetxek: "Baina... Ez al da anakronismo bat euskara berreskuratu nahi izatea? Benetan da horren garrantzitsua?". Kontuan izan orain dela 30 urteko adibideak direla.

Joan den astean ESEP (Euskara Sustatzeko Ekintza Plana) dokumentua aukeztu eta eztabaidatu zuten Eusko Legebiltzarrean. Eztabaidaren parte bat bideoz jasota dago (hemen). Eztabaidak ez du interes berezirik izan, baina beldur naiz interbentzioren batean esaldi birikoen aztarnarik ez ote dagoen:
Se impulsa y se defiende un bilingüísmo voluntario y de libre adhesión, respetuoso con los ciudadanos, no abusivo, y que tenga en cuenta la realidad sociolingüística de Euskadi.
UPyD taldearen ordezkariaren hitzak dira.


2013/09/04

Ametsak eta ameskeriak

Ameskeria omen da elebitasun orekatua posible dela pentsatzea, hizkuntza indartsuak ahula mendean hartuko baitu, berandu baino lehen. Ameskeria omen da hizkuntza txikiak nagusitasuna lortuko duela pentsatzea, ezinezkoa baita hizkuntza txikiak hizkuntza hegemonikoa baztertzea edo txokoratzea, eta munduan ez baita inoiz halakorik ikusi.

Ametsak, hortaz, non jarri behar ditugu? Utopiaren kontua da, ezta? Ametsak behar dira aurrera ibiltzeko. Akordatzen Eduardo Galeanok nola kontatzen zuen?
Bera zeruertzean dago. Urrats bi eginez hurreratu ni, urrats bi eginez urruntzen da bera. Hamar pauso aurrera egin nik, eta zeruertzak hamar pauso egiten du harantzago. Ibili eta ibilita ere, ez dut sekula harrapatuko. Zertarako balio duen utopiak? Horretarako balio du: ibiltzeko.
Fishmanen testu batean irakurri nuen (ez dut erreferentzia aurkitu) hizkuntza minorizatuetako hiztunok, behin normalizazioaren bidetik abiatuta, etengabe ahalegintzera kondenaturik gaudela, inoiz helmugara iritsi gabe. Ordaindu behar dugun prezioa omen da.

Akiles eta dortokaren istorioa etortzen zait burura. Akordatzen?
Paradoxa klasiko bat da. Akiles eta dortoka dira protagonistak. Akilesek dortoka bat harrapatu behar du. Dortoka 100 metrotara dago adibidez. Akiles 100 metroak eginez hasieran dortoka zegoen punturaino iristerako, dortoka beste (demagun) 10 metro egin ditu eta hasierako puntu horretatik urrundu da. Akiles berriz ere abiatzen da dortoka harrapatzeko 10 metro eginez, baina bigarren tartea egin duenerako, dortokak hirugarren tarte bat (demagun metro bat) zabaldu du Akiles heltzen den puntutik. Eta horrela infinituraino luzatuz, Akilesek dortoka inoiz ez duela harrapatuko ondorioztatzen da.(Wikipedia, egokitua).
Halere, aukeran, Gariren moduan nahiago dut: Garaipenik eta galtzekorik gabe, esperantzara kondenatua. 



2013/08/30

El valencià és una llengua diferent?

Uda honetan bertan gertatu den istorioa da. Rapitako abokatu batek erreklamazio bat egin du Vinarós herriko auzitegian. Auzitegiko idazkariak dokumentuak gaztelaniaz egon behar direla erabaki du, eta, beraz, dokumentuak itzuli behar direla. Rapita Tarragonan dago, Vinarós Castellonen. Batetik bestera 20 kilometro besterik ez dago. 

Kontua da itzulpena nork egin behar duen. Valentzian valentziera ofiziala denez, valentzieratik gaztelaniara egiten diren itzulpenak bertako Generalitateak egin beharko lituzke. Idazkariak, ordea, ezetz dio, dokumentuak ez daudela valentzieraz, baizik eta katalanez, eta katalana ez dela Valentzian ofiziala. Itzulpena, beraz, abokatuei dagokie.

Egunkarietan ere agertu da berria. Honela:: http://www.elperiodico.com/es/noticias/politica/pleito-linguistico-vinaros-2590304

Honekin lotuta... aspaldian liburu bat jaso nuen internetetik: El valencià és una llengua diferent? Web orrian hainbat iruzkin dago: oso esanguratsuak, jarrerak nola dauden ikusteko.







2013/08/23

Materialismo dialektikoa.

Irakurri dut Xabier Lete bereziki harro zegoela "Izarren hautsa" kantarekin. Ez da harritzekoa. Ez da makala materialismo dialektiko osoa poema soil (eta sotil) batean azaldu izana.


Ibon Sarasolari entzun diot Xabier Leteren bertsioa dela entzun beharrekoa. Mikel Laboaren bertsioa ederra da, baina letra eta musika ez datoz bat: malenkoniatsua da, tristea... Izarren hautsak alaitasuna behar du, esperantza, eta agian baita epikotasun puntu bat ere.


Ken Zazpi taldearen bertsioari buruz ez dut ezer entzun. Ezta gainontzeko bertsioei buruz ere.

Irakurri eta entzun bezala ekarri dut hona.

2013/08/12

Sormenezko desbordeak.


Twitterren bidez eta googleren bidez jarraitu nituen Participación, implicación e traballo colaborativo jardunaldiak. @Garaigoikoak lan izugarria egin zuen: eskerrik asko!

Red Cimas erakundeko Alicia Tenzek egin zuen azalpenari oso itxura ona hartu diot. Erakunde bereko kidea den Tomas R Villasanteren hitzaldi bat entzuteko aukera izan nuen orain dela hainbat urte, eta handik gutxira bere liburu bat irakurtzeko parada ere: Desbordes Creativos

Liburu zaila iruditu zitzaidan: trinkoa. Inoiz gertatu al zaizue, testu bat irakurri eta halako inpresio bat izatea oso-osorik ez duzula ulertu, eta zerbait inportantea galtzen ari zaretela? Halako zerbait da liburu honekin gertatu zaidana. Zaila da laburtzen. Eraldaketa sozialari buruz jarduten du, baita parte-hartzeari buruz ere. Kontzeptuala da: kontzeptu askotxo lantzen ditu. Nik neuk hiru ideia aipatuko nituzke: matrizeak, desbordeak eta errebertsioa.


Matrizeak


Errealitate soziala ulertzeko, lau dimentsio proposatzen ditu. Era grafiko batean azaltzeko, hiru ardatzeko sistema bat eraikitzen du: (a) Zergatik (sintomak), (b) Zertarako (helburuak), (c) Norentzat (boterea eta botere-harremanak). Hiru ardatz horiek hiru plano mugatzen dute:
(C). Crear. Sortu. Zer, zergatik eta zertarako. Ideien planoa da. Lehentasunak ezartzen ditu: korapilo kritikoak non dauden esaten digu, eta eraldaketa ekar dezaketen indar-ideiak sortzen ditu. Kontsentsuak ahalbidetzen ditu. Sormena, beraz, horrela ulertzen du Villasantek.
(P). Poder. Ahal izan. Sare sozialekin du zerikusia. Eskuartean ditugun gaiak hartu eta eragileak, taldeak, instituzioak, kolektiboak... nola kokatzen diren aztertzea proposatzen du: jendarte sareen kartografia egitea. Sarea bera eraldatzea da helburua, aliantzak sortzea, errealitatea eraldatzeko.  
(T). Tener. Ukan. Alde praktikoena da: ekonomiarekin zerikusia duena. Baliabideak dira: direnak eta ez direnak.


Laugarren planoa denbora da, eta beste hirurek denboran zehar nolako bilakaera duten marrazten du. (H) deitzen dio (Habitar). Bizipenekin du zerikusirik.

Eraldaketa bilatzen duen prozesu batek, beraz, lau planoak (edo dimentsioak) landu behar ditu: bizipenak, gai kritikoak, jendarte-sareak, eta baliabideak.


Desbordeak


Desbordea da beste hitz gako bat. Villasanteren ustez egoera guztietan bizi-bizirik daude kontraesanak. Inoiz kontraesan horiek guztiek gainezka egiten dute. Zerk eragiten du gainezkatzea? Gehienetan ez da izugarrizko gertaera izaten: eguneroko zerbait izan ohi da, une eta leku egokian gertatu dena. Inork espero ez duenean, jendartearen inplikazioa lortu, eta jauzi bat gertatu ahal da: desborde bat.


Errebertsioa


Desbordeak errebertsiboak izatea defendatzen du Villasantek.

Errebertsioa, bere hitzetan, ez da une bateko oldarraldi hutsa. Errebertsioa da ereitea; errebeldia, jarraitua eta iraunkorra. Ez da sistemari kanpotik erasotzea (akats berberak izan ahal dituen beste sistema batetik), baizik eta sistemaren beraren kontraesanak agerian jartzea eta barrutik lehertzea. Errebertsioa sormena da, dilemak (A ala B) apurtu, eta ardatz emergente berriak bilatzen baititu.


Gehiago arakatzeko


Hemen utziko dut. Esan bezala, oso liburu konplexua iruditu zitzaidan, baina oroitzapen ona utzi zidan. Gustura irakurri nuen. Liburuaren 6. kapitulua oso-osorik jeitsi daiteke hemendik (pdf)


2013/08/07

Oporraldian... mapa zabaldu

Etzaulkiaren depresioa deitzen diote... tunbonaren depresioa. Oporraldiaren hasieran gertatzen omen da: tristezia, atsekabea, antsietatea, angustia... Gogorra egiten omen zaigu egun batetik bestera bizimodua bat-batean aldatzea... baita aldaketa hori onerako denean ere. Hori eta gehiago ere bada: lanetik ezin deskonektatzea, oporraldian gehiegizko espektatibak jartzea...

Duela hainbat urtetik hona, udaldia halako malenkoniaz bizi dudala iruditzen zait... Garai bateko udak etengabeko mugimendua ziren, batetik bestera ibiltzea, ezin gelditzea... Udak joan udak etorri, lehentasunak aldatu dira, ingurua, loturak, ardurak, bizimodua... Lehengo uda horietatik oroitzapenak besterik ez da geratzen. Oroimina da, denbora galduaren oroimina.

Udaldia urtean zehar egin ez direnei bigarren aukera emateko garaia da... bisitak, liburuak, testuak, filmak... Arazoa da urtean zehar bildutakoak ikusi, eta lauzpabost uda betetzeko beste dagoela ohartzea. Enpin!

Udaldia gure mapa mentala irekitzeko garaia ere bada: gauza berriak ikusi, gauza berriak egin, gauza berriak irakurri, gauza berriak entzun... Ikasi. Bihotza elikatu, eta burua jantzi.

Orain dela hiru uda bi irratsaio deskubritu nituen: "Kaja Beltza" eta "Bihotzeko Fonoteka". Lehena duela hilabete pare bat desagertu da, bigarrena berriro ere programatu dute aurten: hirugarren aldia da. Programaren eskema oso sinplea da... egunez egun, pertsona ezagun bat ekarri, bere bizitzan esanguratsuak diren hamar kanta aukeratzeko eskatu, eta horien esanahiaz galdetu. Kanta eta kontu berriak deskubritu eta mapa mentala zabaltzeko modua da.

Egunkariek ere hainbat aukera ematen dute. Barruko orriak itxuraldatuak datoz, albiste gutxixeagorekin, kultura tarte handixeagoekin... Oraingoz bi berrikuntza ikusi ditugu aurten: gara egunkariak IZOZTEKO ADINA proiektua abaitu du, Harkaitz Canoren narrazio bat, kapituluka; berria egunkariak LIBURUTEGI INTIMOAK izeneko erreportaje sorta argitaratzen hasi da (gaurkoa hemen)... Batak zein besteak... oso itxura ona dute.

Bada zer ikusi, eta bada zer ikasi.



2013/08/01

Deserosotasunak

Juan Luis Zabalak, @31eskutik blogean esanda:
Nire hizkuntza «un puto engorro» da
inguruko gehienentzat,
eta, ondorioz, neuretzat ere bai
gero eta neurri handiagoan.

Ruper Ordorikak "Euskaldun izatea zein nekeza den" ohartarazi zigun. Lorea Agirrek erdaldunentzat ere “Euskararen normalizazio legeak deserosoak izan behar direla” esan zigun. Jaurlaritzak berak aitortu izan du hori:  "Eragingarria izan nahi duen hizkuntza politika bat inertziak-eta astintzeko deserosoa izan behar du, ezinbestean, bestela ez bailitzateke hizkuntza politika egin beharrik ere"


Tonuagatik-edo, halako aipamenak irakurtzen ditudanean Pessoaren poema baten doinua etortzen zait burura. Honela parafraseatua etortzen zait:
Euskararen apustu guziak dira
Deserosoak,
Ez lirateke apustuak ez balira
Deserosoak. 
Neuk ere egin nuen ene denboran apustua
Deserosoa,
Besteak bezala. 
Euskararen apustuak, apustuak badira,
Deserosoak
Izan behar dira. 
Baina, finean,
Apusturik
Sekula egin ez duten kreaturak soilik zaizkit
Benetan
Deserosoak.
Pessoaren poemaren jatorrizko bertsioa hemen duzue, Joseba Sarrionandiak euskaratua.



2013/07/24

Zeharlerrotasuna (3... azkena, oraingoz)


Eduardo Apodaka irakasleak ekologismoaren eta feminismoaren lorpenekin gehiegi ez liluratzeko gomendioa egin du, duela gutxi Berria egunkarian (ikus. Gizartearen kontra). Bere ustez mugimendu horiek jendartea aldatzeko jaio ziren, eta aktibazioa eta kontzientzia astintzea lortu badute ere, arrakasta hori azalean baino ez dute lortu: jende aurrean agertzeko maneran, eta ez funtsezko elementuetan.

Arrazoia du ziur aski. Dena den, aste hauetan genero-ikuspegia transbertsalizatzeko proposamenei buruzko erreferentziak begiratzen aritu naiz, eta -egia esan- oso metodo landua iruditu zait. Neutralitatearen diskurtsoa hautsi dute, eta jarduera guzti-guztien inpaktua aldez aurretik ebaluatzea proposatu, bost pausutan:

[ Bat ]  Pertinentzia aztertu. Generoa aldagaia errelebantea al da? Jarduerak emakumezkoen eta gizonezkoen errealitatean eragina izango al du?
[ Bi ]  Arlo horretan generoaren aldetik dauden desorekak identifikatu. Horretarako informazio nahikorik al dugu? Zein informazio osagarri eskuratu behar dugu? 
[ Hiru ]  Eskuhartzea edo programa aztertu: justifikazioa, helburuak eta ekintzak. Jardueraren justifikazioan aipamenik egiten da? Helburuetan berdintasunaren printzipioa transbertsalizatzen da? Ekintzetan hasierako desorekak arintzeko neurriak hartzen dira?
[ Lau ]  Jarduerak, edo programak edo dena-delakoak generoaren ikuspegitik izango duen inpaktua identifikatu eta baloratu. Zer espero ahal dugu jardueraren ondorioz: hasierako egoera hobetzea ala kontrakoa?
[ Bost ]  Egoki irizten diren aldaketak eta hobekuntzak proposatu.

Sinplea baino eraginkorra. Abiapuntu interesgarria dirudi.



2013/07/18

Zeharlerrotasuna (2)

Aurreko sarreran esan bezala, zeharlerroen inguruan hiru joera edo tradizio ikusten ditut nik: (a) lehena genero-ikuspegiaren tradiziotik dator, (b) bigarrena hezkuntzaren mundutik, eta (c) hirugarrena politika publikoen teorietatik.  

Hizkuntza politikaz ari garelarik, erreferentziak hirugarren horretan bilatu beharko genituzke. Literatura tekniko gutxi aurkitu dut, ordea. Agian gauzarik interesgarriena Albert Serraren liburuxka bat izan da: La transversalitat en la gestió de polítiques públiques. Irakasle beraren ponentzia baten testua ere aurkitu dut gaztelaniaz: La gestión transversal: expectativas y resultados.

Hona hemen ideia interesgarri batzuk:
  • Errealitatea konplexua da, dimentsio ugari ditu, poliedrikoa da. Hortaz, organo transbertsal baten eginkizuna da poliedro horren alde jakin bat ikustaraztea. Sarritan "problematizatzea" da lana: departamentuek arazorik ikusten ez duten lekuan, arazo bat dagoela ikustaraztea.
  • Organo txikiak izatea gomendatzen du, baliabide gutxirekin funtzionatuko dutenak, baliabideak organo bertikaletan egongo baitira. Funtzio ejekutiborik eta operatiborik gabeak izatea gomendatzen du. Bere lana norabidea ezartzea da, lana abian jartzea, egiten uztea... eta emaitzak ikustea.
  • Tranbertsalitatean jardun behar duten organoen funtzio nagusiak bi dira: harreman-sistemak antolatzea, eta gaiari dagokion ezagutza espezifikoa bermatzea. Hortik abiatuta, hainbat eginkizun proposatzen ditu, hiru mailatan: (a) Informazioa eskuratu, sortu, landu... Analisia eta ezagutza sortu. Informazioa eta ezagutza zabaldu. (b) Helburu estrategiko eta operatiboak identifikatu. Politikak eta estrategiak formulatu. Zerbitzuak, jarduerak eta proiektuak kontzeptualizatu. Lan tresnak eta medologiak garatu. (c) Barruko eta kanpoko harreman-sareak, formalak zein informalak, egituratu eta kudeatu.
  • Horren baitan hiru gaitasun gakoak proposatzen ditu: (1) lidergoa eta legitimitate politikoa, (2) lidergo eta legitimitate gerentziala, (3) gaitasun tekniko altua izatea, eta erakundeko gainontzeko pertsonek gaitasun hori onartzea.
  • Politika transbertsalen arrakastak organo horiek desagertzea ekarri beharko luke; erakunde osoak kezka barneratu eta instituzionalizatu duenean, amaitu egingo baita horien eginkizuna.
"Organo transbertsala" jartzen duen lekuan, "Euskara Zerbitzua" jarri eta...zer iruditzen zaizue? Ñabardura bat edo beste beharko litzateke, ezta?

2013/07/11

Zeharlerrotasuna


Erakundeetan hizkuntza politika transbertsalak behar dira. Ados, baina... transbertsalitatea nola ulertu?

Horretan sakondu nahi nuke... eta datozen asteetan blog honetara zerbait ekarri. Gaurkoz gogoeta pare bat besterik ez.

Hiztegiek zeharkakotasuna terminoa ematen dute. Ez zait gustatzen. Zeharka egitea da zuzena edo aurrez aurrekoa ez den norabide batez egitea, saiheska egitea. Zeharka hitz egitea harira jo gabe hitz egitea da, inguru-minguru aritzea... Beldur naiz, hori ez ote den askok nahi luketen esanahia.

Hezkuntzaren munduan zeharlerro erabili izan da (edo zehar-lerro). Gehixeago gustatzen zait. Praktika edukatiboa oso-osorik busti (ziprintindu?) behar duten gaiak dira zehar-lerroak, kurrikuluaren arlo guztietan presente egon behar direnak. Alde horretatik, Euskaltzaindiak inoiz onartuko ez badu ere, "zeharlerrotasun" terminoa intesgarria iruditzen zait.

Generoaren eta berdintasunaren testuinguruan mainstreaming erabili izan da ingelesez (mainstream = fluxu nagusia). Hor ere oso esanahi potentea dagoela iruditzen zait... Ur korronte bat irudikatzen dut, erakundea esker eskuin zeharkatu eta den-dena bustitzen duena. Ez da irudi makala, ez horixe!

Definizio bila, Albert Serra irakasle katalanaren parrafotxo bat agertu zait behin baino gehiagotan. Honakoa: 
Zeharkakotasuna Zeharlerrotasuna erakunde osoaren egiazko engaiamendua ziurtatzen duen kontzeptua da, egitura bakoitzaren espezializazioa edozein izanik ere, arlo, ikuspegi edo arazo baten gainean elkarrekin lan egitea ahalbidetzen duena. Bada, halaber, antolakuntzarako bitarteko bat, estrategiak, tresnak eta bitartekoak garatzea xede duena, antolakuntzaren sektorekako egituraren barruan, oso errealitate konplexu baten eskakizunei hobeto egokitzea ahalbidetu asmoz.
Sakontzeko kontua iruditzen zait. Esango dizuet.

Oharra: Bilaketa egin dut googlen: zeharkakotasuna, 5360 emaitza inguru; zeharlerrotasuna, 169 emaitza inguru; transbertsalitatea, 2080 emaitza inguru

2013/07/02

Ninyoles, Herri Katalanetako soziolinguistikaren aitapontekoa

@cruscat sarearen bidez, iazko urrian El Pais egunkarian argitaratutako artikulu baten berri izan dut; Rafael Ninyoles Valentziako soziologoari egindako elkarrizketa, hain zuzen: “La mentalidad monolingüe pesa demasiado en la historia de España”

Elkarrizketan gai ugari ukitzen ditu. Hizkuntzari buruzko aipamen bat edo beste ere bai. Adibidez:
P. ¿Ha mejorado el uso del valenciano?
R. Tengo la impresión de que no. Entre 1992 y 1995 es el punto más alto de toda la serie de encuestas en el uso y aprendizaje del valenciano. El proceso fue espectacular. Después, el único segmento constante, que ha incrementado el conocimiento y uso, es el del colectivo de gente con estudios universitarios. Ahora, el mayor grado de conciencia viene por la alfabetización. Al que no sabe leer y escribir, la lengua le tiene sin cuidado. Es muy complejo. El turismo de masas, el desclasamiento social, la dispersión en núcleos de relación, la pérdida de un sistema de valores, la asunción del consumismo… Todo ello va contra la recuperación de la lengua como un interés colectivo.
Esango nuke Ninyoles oso ezezaguna dela gure artean. Haren berri gutxi dugu; izena ezagunagoa egiten zaigu, izana baino. 

Wikipediak berak ere pista gutxi ematen du:
Rafael Lluís Ninyoles i Monllor (Valentzia, 1943) valentziar soziolinguista da, Katalan Herrietako soziolinguistikaren gurasoa Lluís Vicent Aracilekin batera. Batxilergoa jesuitekin ikasi zuen, non ezagutu baitzituen Alfons Cucó, Eliseu Climent eta Lluís Vicent Aracil. Gero zuzenbidean eta soziolinguistikan lizentziatu zen Valentziako Unibertsitatean eta 1967 urtean Amerikako Estatu Batuetara bidaiatu zen.
Ondoren, soziologia irakatsi du Valentziako Facultat de Ciències Econòmiques-en, aditu gisa lan egin du Valentziako Diputazioan eta Valentziako Generalitatean. Berak eta Aracilek elebitasunaren kritika egin dute eta diglosiaren kontzeptua sartu dute katalan herriaren hizkuntz egoera azaltzeko.
Ninyoles eta Aracilek diglosia kontzeptuari "hizkuntza eta boterea" binomioa atxiki zioten: hori gabe nekez uler daitezke Euskal Herriko pentsamendu soziolinguistikoaren nondik-norakoak.

2013/06/24

Parte-hartzeari buruzko bi ideia interesgarri

Duela hilabete inguru, parte-hartzeari buruzko hitzaldi baten laburpena ekarri nuen hona. Aste honetan bigarren erreferentzia interesgarri bat aurkitu dut, nahiz eta zuzen-zuzenean euskara-planekin zerikusik izan ez. Herritarrekin sarearen weborrian Oscar Rebollo irakaslearen hitzaldi bat aurkitu dut [hemen.]. Herritarrekin Gipuzkoako herritarren parte hartzeko esperientziak partekatzeko eta gizarteratzeko gunea da.

Hiru arrazoi azaltzen ditu parte-hartzea indartzeko:

  • Ez dugu bakarrik geratu nahi. Agintarien eta herritarren arteko deskonexioari irtenbidea emateko saiakera da parte-hartzea. Kalitate demokratikoarekin du zerikusia. 
  • Bakarrik, ezin dugu. Gizarte arazoak konplexuak dira: gero eta konplexuagoak. Alde askotatik egin behar zaie aurre.
  • Bakarrik, ez dugu nahi. Egitasmo komun baten inguruan hainbat eragile biltzen dugun bakoitzean, bigarren helburu bat ere lortzen dugu: sareak jostea... eta gizarte kapitala sortzea.

Oscar Rebollo UABko irakaslea da. Gogoratu dut orain dela urte batzuk ere oso adierazgarria iruditu zitzaidan artikulu bat irakurri niola: La participación. Resistencias y cómo vencerlas. Parte-hartzearen aurrean egon ohi diren erresistentziak deskribatzen ditu bertan, eta kultura politikoarekin zerikusia dutela azpimarratu. Honakoak:
  • Boterearen (eta politikaren) kultura: "Hautatu egin naute, ezta? Gehiengo absolutua dut, ezta? Ba... nik agintzen dut!".
  • Burokraziaren kultura: "Bale... baina soilik honaino... hemendik aurrera beste departamentu bati dagokio".
  • Kultura teknokratikoa: "Zertarako parte-hartzea? Teknikariak ditugu, ezta? Haiek esango dute zer egin" edo "Bai, baina teknikaria ni naiz. Jakin, nik dakit zer egin behar den. Nor dira horiek zer egin behar dugun esateko".
  • Lidergoari buruzko kultura: "Bai, baldin eta garbi geratzen bada lidergoa udalarena dela".
  • Gatazkari eta kontsentsuari buruzko kultura: "Bai, denak ados jartzen badira... Baina nik ez dut mobidarik nahi. Ados jartzen ez badira, nik diodana egingo dugu!".

Ezagun egiten zaizkizue? Euskara-planen testuinguruan ere halakorik entzun al duzue inoiz? Nik bai.

Kontra-argudioak ere ematen ditu Oscar Rebollok, eta, gurera etorrita, badira bi, bereziki esanguratsuak iruditzen zaizkidanak:
Bat. Prozesuetan kontsentsuak eta gatazkak ematen dira etengabe, elkarren jarraian. Kontsentsua ez da erabateko eta baldintzarik gabeko atxikimendua. Abiatzeko halako adostasun maila eskatuko bagenu, gutxitan abaituko ginateke. Kontsentsua egunez egun eraiki behar da.
Bi. Alferrik da arazo bakoitzeko irtenbide tekniko optimoa aurkitu nahia. Arazoak ez dira arazoak, interesen gatazkak baizik; erantzunak ezin dira soil-soilik teknikoak izan. Teknikoki egokiak diren erantzun guztien artean adostasun handiena zeinek biltzen duen izaten da kontua.

2013/06/17

Ikerketez, hizkuntza-eskakizunez... eta bestez

Aurreko astean Arrue azterketari buruzko testuekin trabatua egon naiz. Kostatu zait. Zalantzak ere sortu zaizkit. Lana merezi izan al du? Merezi al du horrenbeste lana eta horrebeste ahalegina... dagoeneko dakiguna jakiteko? Beno, bai... merezi du.

Egia da ikerketa gehienek oso datu berri gutxi ematen dutena. Baina egia da, halaber, ikerketek gauzak perspektiban ikusten laguntzen dutena. Barkatu pedanteria, baina TS Elioten poema txiki ezagun hori ekar nezake hona (nork eta Gabriel Arestik euskaratua):
"Explorationea eztugu utzico / eta exploratione guztiaren fina / içanen da has ginen lekura arrivatu / eta hura lehen aldiz ezagutu." 
Beste ikerketa baten berri izan dugu aste hauetan. Ekainaren lehenenego astean hizkuntza-eskakizunei buruzko azterketa kualitatiboa aurkeztu zuen Patxi Baztarrikak Legebiltzerreko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean. Emanaldia bideoz grabatua dago: hemen

Aurkezpena ikerketa kualitatiboaren eta kuantitatiboaren arteko ezberdintasunak eta bakoitzaren indarguneak eta mugak azpimarratzen hasi zuen. Metodologia kualitatiboak solaskideen usteak, jarrerak, sentipenak, esperientziak jasotzeko aukera ematen duela azaldu zuen, baina mugak ere badituela, ez baitu balio estatistikorik: ez dago jakiterik iritziak, usteak, jarrerak eta bizipenak zein maiztasunarekin ageri diren.

Hasiera deigarri egin zait, baina gerora ulertzen da aurre-ohar horren zergatia, zeren eta hizkuntza eskakizunen inguruan langileen artean dauden iritziek, usteek, jarrerek eta bizipenek... kezkatzeko motiboa eman beharko bailigukete.

Azterketa kualitatiboa da aurkeztu dutena, galdetegien eta elkarrizketen bidez egina: 26 teknikari eta 76 langile. Antza denez alde handia egon da batzuen eta besteen iritzien artean: teknikariek bai aipatu dituzte hizkuntza-eskakizunen sistemen onurak, baina langileek erabilera praktikoari lotutako alderdiak aipatu dituzte.

Aurkezpenean honako puntuak azpimarratu dituzte:
  • Aldeak daude langilea jatorrizko euskalduna izan ala euskaldunberria izan. Jatorrizko euskaldunek balorazio baikorragoak egiten dituzte.
  • Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeak eskatzen dien denbora eta ahalegina azpimarratu dute langileek, baita zailtasuna ere.
  • Jendaurreko lanpostuetan dauden langileek normalago ikusten dute hizkuntza-eskakizuna egiaztatu beharra.
  • Behin-behineko langileek balorazio kritikoagoa egiten dute, baita derrigortasun data izan eta egiaztatu ez dutenek ere.
  • Ikas-prozesuak ere eragina du. Irakaslea, taldea, metodologia... egokiak izan direnean, oro har, balorazio ona egin da, eta ez da hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko arazo berezirik azpimarratu. Aitzitik, langileak bere burua behartua sentitu duenean edo antolaketa txarra egon denean jarrera negatiboagoa da, are gehiago langileak bere burua blokeatuta edo estankatuta ikusten badu.

Dena den, hauek ez dira azterketaren ondorio nagusia. Oro har, bai adierazi dute sistemaren disfuntzio nagusia dela hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea eta euskara lanean ez erabiltzea. Azterketak proposamen batzuk ere egiten ditu, baina horiek aurrerago komentatu daitezke, testua esku artean izan eta lasaiago irakurri ondoren.



2013/06/09

Hizkuntzak etxeko egongelan...

Les llengües al sofà liburuak "La Lupa d'Or" saria irabazi zuen 2011. urtean. Kataluniako familia eleanitzak aztertzen ditu: beren jokabideak eta beren ideologia linguistikoak, 83 elkarrizketatan lortutako informazioaren baitan.

Paula Kasaresek ere antzeko gaia izan du Bat aldizkariaren 85 zenbakian: "Euskaldun hazi Iruñean. Inguru erdaldun(du)etako familien hizkuntza elkarrekintza eta komunitate aukerak". Bere esanetan, "eskola bidez edo gaztetan euskaldundu diren hiztunetako batzuk euskarari atxiki zaizkio eta aita-amatu direlarik seme-alabei hizkuntza horretan egitea deliberatu dute". Nola egin duten da aztergaia.

Paulak azaltzen duen bezala, Iruñea bezalako ingurune erdaldunduan euskaraz bizi eta umeak euskaldun hazi nahi dituzten familiek hautu-erabaki askotxo hartu behar izaten dute, baita eskolan hizkuntza eredua hautatu aurretik ere. Erabaki horiek guztiak aztertzen saiatu da.

Bikote mistoen kasuan, esate baterako, gutxieneko baldintza batzuk proposatzen ditu artikuluak: adostea guraso euskaldunak seme-alabari euskaraz egingo diola, guraso horrek euskarazko harremanari tinko eustea, elkarrekin denbora aski izatea, haurrak etxetik at (eskolan eta) ere euskaraz aritzea...

Guretik at, hainbat liburu ikusi dut, familia elebidunentzat estrategia jakinak proposatzen dituztenak. Interneten bertan, esate baterako, bi aurkitu ditut: bat katalanez eta bestea ingelesez (biak doan jaistekoak): Estratègies de transmissió lingüística en famílies plurilingües eta 7 Steps to Raising a Bilingual Child. Batzuetan inpresioa izan dut liburu horiek "errezetak" eman nahi izan dituztela, "errezetak" ematerik ez dagoen lekuan.

Aurreko sarreran hibridazio linguistikoaren gaia aipatu nuen, eta Joan Pujolarren aipu bat ekarri: "Gazteek etxean nagusiki hizkuntza batean ala bestean hitz egitetik, kalean hibridazio-prozesu batera igaro dira, non hizkuntza bat ala bestea erabiltzen den, egoeraren arabera". Gurean ere badago zer aztertu, Euskal Herriko hainbat ingurutan hibridazio fenomenoa etxeko giroan bertan gertatzen ari baita.

Hautu-erabakiak eta estrategiak ezezik, ingurune erdaldun(du)etako familien barneko hizkuntza elkarrekintzak ere aztertu nahi izan ditu. Oso lan interesgarria da, haurrek elkarrekintza horietan funtseko gauzak ikasten baitituzte: "bi kodeak nola erabili, non, norekin eta zertarako, bi kodeak noiz bereizi, noiz nahasi (...)"

Merezi du testu osoa irakurtzea (erreferentzia hemen), baita iaz egileak berak honi buruz argitaratu zuen beste artikulua ere (hemen).

2013/06/01

Elebitasuna eta hibridazio linguistikoa

Elebitasuna eta elebiduntasuna gauza bera ez direla eta bereiztea komeni dela defendatu izan dute hainbat adituk. Horren arabera, elebitasuna gizarteari dagokio eta elebiduntasuna pertsonari. Gogoan dut Lore Erriondo, Fito Rodriguez eta Xabier Isasik argitaratu zuten liburu baten izenburua: Hizkuntza, hezkuntza eta elebiduntasuna (1993). Liburua interneten eskuratu daiteke: hemen.

Proposamenak ez zuen arrakasta handirik izan, eta oraindik ere elebitasuna erabiltzen dugu baterako zein besterako. Zalantzarik dagoenean adjektibo bat jarri eta kitto: elebitasun indibiduala, elebitasun soziala...

Pertsona elebidunen sailkapen ugari ere egin izan dira: hizkuntzen eskuratzeko hurrenkeraren arabera, gaitasunaren arabera... Elebidun goiztiarrak eta berantiarrak daude. Elebitasuna simetrikoa ala asimetrikoa izan daiteke, kengarria ala gehiagarria ere bai. Antolaketa kognitiboa kontuan hartuta, adituek elebitasun konposatua eta elebitasun koordinatua bereizten dituzte.

Bitxia da, baina... erabilerari erreferentzia egiten dion sailkapenik ez dago.

Joan Pujolar irakasleak hibridazio kontzeptua erabiltzen du Kataluniako gazte elebidunen prozesu linguistikoak definitzeko: hibridazio linguistikoa. Hibridazioak hizkuntza-erabileraren izaera pragmatikoarekin du zerikusirik; egoerak berak ezartzen baitu hizkuntza bata ala bestea noiz erabili, eta ez hizkuntzak berak: bakoitzaren funtzionalitatea, solaskideen interesak, egoera komunikatibo horretan egokitzat zein jotzen den...

Gazteen artean egoera honela definitzen du:
  • Gazteek etxean nagusiki hizkuntza batean ala bestean hitz egitetik, hibridazio-prozesu batera igaro dira, non hizkuntza bat ala bestea erabiltzen den, egoeraren arabera.
  • Hibridazio-prozesua jatorriz katalandunak diren gazteei eta jatorriz beste hizkuntza bat dutenei eragiten die, baina ez maila berean. Hibridazio-prozesuak katalanaren alde jokatzen omen du. Jatorriz katalandunak diren gazteen joera intentsitate gutxiko hibridazioa da: gaztelania erabiltzen dute, lehentasunez katalana erabiltzeari uko egin gabe. Jatorriz katalandunak ez direnen artean intentsitate handiko hibridazio kasuak daudela azaldu du Pujolarrek.

Joan Pujolarren lanari buruzko artikulu bat duzue hemen.

2013/05/26

Identitatea eta alteritatea, nortasuna eta bestetasuna

Aurreko asteko sarrera idazten ari nintzela buruan izan nuen ideia pare bat komentatu nahi dut gaur.

Hitzaldi baten laburpena zen: hizlariak psikologia sozialaren ikuspegitik identitate kolektiboaren zentralitatea defendatzen zuen, eta hizkuntzen aldeko mobilizazioa nahi bagenuen, ahalik eta identitaterik inklusiboena komeni zitzaigula azaltzen zuen.

Identitate inklusiboak... Hizkuntza txikiak ertainak paradigmatikoak dira alde horretatik, ezta?

Herrialde Katalanetan bada istorio bat oso ezaguna. Ramon Llull institutuko burua den Vicenç Villatorok kontatu zuen gaur8 agerkarian:
Guillen d’Efak abeslaria Mallorcako Guardia Zibil baten eta printzesa ginear baten semea zen, eta, politikoki oso zuzena ez den era batean esanda, beltza zen. Eta 60ko hamarkadako Mallorcan pertsona beltz bat ikustea ez zen batere ohikoa. Jakin-mina sortzen zuen. Diotenez, egun batean d’Efak Palmako taberna batean sartu, barrara gerturatu eta katalanez eskatu zuen. Tabernariak, katalanez honek ere, zera erantzun zion: «Jauna, hizketan entzun zaitudan arte, beltza zinela uste izan dut». Hau da, mallorkeraz mintzatzen bazara mallorcarra zara, eta, garai hartako tabernari harentzat mallorcarra eta beltza izatea pentsaezina zenez, ez zela beltza izango ondorioztatu zuen.
Identitate Sozialaren Teoriarean arabera (Tajfel), gure burua definitzeko kategorizazio-estrategiak erabiltzen ditugu. Kategoriak eraikitzen ditugu (gizonak eta emakumeak; zuriak eta beltzak; erdaldunak eta euskaldunak) eta kategoria bakoitzarekiko balorazioak egiten ditugu, gure pertenentziak erabakitzeko. Gure identitate soziala horrela sortzen dugu. Eta, hortaz, batzuetan errazagoa da "zer ez garen esatea", "zer garen" esatea baino.

Aspaldian AIZU aldizkariak argitaratu zuen biñeta bat dut buruan: 
Korrika garaia da. Goian hegazkin bat dago, kearekin mezu bat idazten du zeruan: "korrika, euskara ez da gelditzen". Behean bi goardia zibil, hiztegiarekin, mezua erdaratu nahian: EUSKARA EZ DA GELDITZEN... EL EUSKARA NOs SEPARA...  
Antologikoa iruditzu zitzaidan. Ez dut biñeta aurkitu, pena da.

Amaitzeko, jaun-andreok, andre-jaunok... zuekin... Guillen d’Efak!