
J.M. Olaizola Txilikuk kontatzen du
Axa mixa zilarra liburuan:
Behin batean bazen artzain bat. Martxoa ia
amaitzekotan zegoen eta negua pasa zela pentsatu
zuen. Erabat harrotuta, honela esan omen zion
Martxori:
— Martxo txartxo garagartxo, orain ez nauk
hire beldurtxo!
Martxo haserretu egin zen artzainarekin eta
zigortzea bururatu zitzaion. Baina bi egun eta erdi
besterik ez zeuzkan eta haiek gutxitxo ziren mendeku
hartzeko. Orduan, bi egun eta erdi eskatu zizkion Apirili:
— Apiril biribil, emaizkidak bi egun eta erdi;
kendu behar zizkioat artzain horri artalde eta begi.
Eta Apirilek bi egun eta erdi eman zizkion
Martxori.
Martxo hasi zen euri-jasak, txingorradak eta
eguraldi txarrak egiten eta artzainak egunero gurutzatu
behar zuen erreka bere bidetik irten zen eta artaldea
eraman zion artzainari.
Bazuen artzain horrek ahari bat asko maite zuena
eta hura ez galtzearren bizkarrean hartu eta erreka
igarotzen hasi zen. Errekaren erdian, ahari horrek,
ikaratuta edo, adarkada bat eman zion artzainari eta
begia atera zion.
Geroztik, martxoaren bukaeran eta apirilaren
hasieran eguraldi txarrak egiten ditu beti:
zozomikoteak dira. Egun horietan biltzen omen dira
zozo-bikoteak habiak egiten hasteko.
Gaur da apirilaren lehena. Ongi izan!
No comments:
Post a Comment