Jose del Valle-ren liburua artikulu bilduma da. Tartean Kathryn A Woolard antropologoaren lan argigarri bat irakurtzeko aukera dago: La autoridad lingüística del español y las ideologías de la autenticidad y el anonimato.
Esan bezala, hizkuntzaren ideologiari buruzko testua da. Ideologia modu zabal batean ulertzeko apustua egiten dute liburuan. Ideologia kontzeptua bi kategoriatan sailkatu daitekeela azaltzen dute:
- lehena "ismo"-ekin du zerikusia: sozialismoa, liberalismoa, progresismoa,... errepresentazio sinboliko multzo baten lokalizazio esplizitua da.
- bigarrena zabalagoa da, ideologia sistema kognitibo gisa ezaugarritzen da, esperientzia interpretatzeko modu bat arautu eta naturalizatu egiten duen sistema kognitiboa, alegia.
Ideologia linguistikoak ezartzen ditu hizkuntza edo jokabide linguistiko bati atribuitzen zaion balioa edo legetimitatea. Woolard -ek azaltzen duenez, mendebaldeko kulturan, hizkuntza baten autoritatea, bi ideologia linguistikoren gainean eraiki daiteke: egiazkotasuna eta anonimatua. Egiazkotasuna komunitate edo identitate baten adierazpide jator eta esentziala da: egiazkotasunaren diskurtsoa norberaren identitatea aldarrikatzeari dagokio; hizkuntza markatzaile etnikoa da. Hizkuntza gutxituen eta hizkuntza txikien biziraupenerako estrategiak ideologia honetan oinarritzen dira.
Hizkuntza hegemonikoek, ordea, autoritatea anonimatuan oinarritzeko joera omen dute: anonimatuaren ideologiaren arabera, hizkuntza baloratzen da inongoa ez delako, unibertsala delako,... Euskalgintzan erabili ditugun leloak etorri zaizkit burura: euskara da euskaldun egiten gaituena; euskara denona,... Eslogan-bilduma horren gainean euskararen ideologia linguistikoaren azterketa egiteko adina material dago. Interesgarria litzateke.
1 comment:
2009an Kathryn-i "traballs de Sociolingüística Catalana" aldizkarian egin zioten elkarrizketa batean, berriro ere egiazkotasunan eta anonimatuaren ideologien gaia ekartzen du hizpidera. Bi ideologia eta bi diskurtso dira, bere ustez. Kataluniako egoerara etorrita, ez batak eta ez besteak ez omen diote kalanararen beharrei behar bezala erantzuten. Hirugarren bide baten beharra aldarrikatzen du: ez batak ez besteak ez diotela bete-betean balio adierazi du. Hirugarren bide bat aurkitu beharra aldarrikaten du: hirugarren diskurtso bat alegia. Hirugarren bide horren lehen aztarnak ikusi omen ditu: zoritxarrez ez du xehetasun gehiagorik ematen.
Post a Comment