Bastardas irakasleak subsidiarietate-printzipioaz hitz egiten du; hau da, hizkuntza lokal batean egin daitekeen guztia ez dadila egin hizkuntza globalago batean. Ideia honi bigarren zutabe bat gehitzen dio: hizkuntza lokalei funtzio esklusiboak eta eraginkorrak (funcions exclusives) ematea (hemen). Beste era batera esanda: (a) hiztunek hizkuntza lokala ahalik eta egoera gehienetan erabiltzeko aukera izan behar dute, (b) hizkuntza lokala, hainbat egoeratan, beharrezkoa ez ezik, ezinbestekoa ere izan behar da.
Mikel Zalbidek "euskaldunak euskaldunekin euskal-giro sendoan bizi diren lekuak" aipatzen ditu eta arnasgune deitzen die (hemen, adibidez). Oinarrian Fishman-en ideia hartzen du: "physical breathing space, demographically concentrated space where Xish (gurean euskara) can be on its own turf, predominant and unharassed".
Jon Sarasuak, ordea, hegemonia hitza defendatu izan du: lurralde hegemoniko bati buruko debatea ukatu gabe, gune hegemonikoak sortzeko eta zabaltzeko beharra ikusten du: euskaraz bizitzeko eta sortzeko balio diguten guneak, hain zuzen. Eta auto-eraketa aldarrikatzen du horretarako; batez ere hiru arlotan: hezkuntzan, hedabideetan eta kulturgintzan (hemen).
Txepetxek botere linguistikoaren birbanaketa aldarrikatzen zuen: botere politikoak botere linguistikoari erantzutea, alegia.
No comments:
Post a Comment