Mario Zubiaga unibertsitateko irakasleak gizarte mugimenduen eta botere publikoen arteko harremanak aztertu ditu, ekologiaren arloko zenbait gatazkaren testuinguruan. Iruditzen zait ondorioak eta proposamenak euskalgintzari ere aplikatu ahal zaizkiola.
Gizarte mugimenduen jarduera kolektiboa boterera, eraginera edo identitatera bideratuta daudela dio. Hiru politika-molde horiek identifikatu ditu, beraz:
- Boterera bideratutako politikak erreferentziazko gune berriak sortu nahi ditu, administrazioaren eta estatuaren aurrean: gune alternatiboak; kontrabotereak, alegia. Jarrera erradikala da, gatazka agerian jarri nahi duena. Honela dio: “gurea egin, haiek egin ez dezaten”
- Eraginera bideratutako politikak presio taldeak sortu nahi ditu. Liskar irekiari muzin egiten dio (bere buruari muga jartzen dio, eraginkortasuna bilatu nahian) eta boterearen erabakiak baldintzatzea bilatzen du. Honela dio: “guk eragin haiek aldatu daitezen/dezaten”
- Identitatera bideratutako politikak, azkenik, gizarte zibilaren autonomia eta ahalmena aldarrikatzen ditu. Leloa: “guk geure izaerari eutsi, haiek egin dezatela nahi dutena”
Aski da atzera apurtxo bat begiratzea hiru politika horien adibideak ikusteko. Zubiagaren hitzetan, hirurak zilegiak, osagarriak eta beharrezkoak dira.
Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren ikastaroetan eman izan du honen guztiaren berri.
No comments:
Post a Comment