Kanpoan elurra ari du. Irratian, giroa epeltzeko, musika beroa iragarri dute: reggae ukitu bat, salsa, doinu afrikarra... Andy Palacio da.
Andy Palacio 1960. urtean jaio zen Belizen, erdialdeko Amerikan. Ingelesa da Belizeren hizkuntza ofiziala: kaleetan ingeles kreolera entzuten omen da, baina baita espainiera ere. Garifuna entzutea zailagoa omen da.
Wikipediaren arabera, garifuna Arawak nahiz karibe indigenen eta ihes egindako esklabo beltzen mestizajetik sortutako taldea da. XVII. mendean noizbait Nigeriako esklaboak zeramatzan ontzi batek hondoa jo zuen. Afrikarrek ihes egin zuten eta bertako indiarrekin elkartu ziren.
Garifuna hizkuntza (garifunera) arawak familiakoa da. 100.000 hiztun inguru ditu: Belizen, Nikaraguan, Guatemalan eta Hondurasen. 2001ean UNESCOk Munduko Ondare Ez-Material izendatu zituen garifunen hizkuntza, musika eta dantza.
Andy Palaciok musika eta kultura garifuna ezagutzera eman zuen Europan eta Amerikan. Garai batean Nikaragua aldean ibili zen, sandinisten alfabetizazio kanpaina batean, eta han Garifuna zekien azken agureetako bat topatu zuen. Belizera itzuli, eta han ere hizkuntzaren atzerakada ikusi zuen.
Andy Palacio Garifuna hizkuntzaren eta kulturaren enbaxadore izan zen, 2008. urtean hil zen arte.
Kanpoan elurra ari du oraindik ere.
No comments:
Post a Comment