Framinga diskurtsoa baino gehiago da: errealitateari begiratzeko betaurrekoak dira framinga. Biak lotuta daude: errealitateari begiratzeko moduak diskurtsoa eratzen du, eta diskurtsoaren bidez errealitateari begiratzeko modua eratzen dugu.
Mtz de Lunaren esanetan, bi diskurtso edo framing nagusitu izan dira: framing aldarrikatzailea eta framing uzkurra. Lehena euskal abertzaletasunari dagokio, bigarrena erdal munduari. Lehenak euskaldunon eskubideak aldarrikatzen ditu; bigarrenak, erabateko kontrakotasunik erakutsi gabe ere, uzkur egiten die. Diskurtso biak logika berari erantzuten diotela dio: hizkuntza nazioanalismoaren logikari, "herri bat, hizkuntza bat" aldarrikatzen duen logikari.
Ulertzen dut bere arrazonamendua. Onartzen dut, ikuspegi estrategikotik, sektore berriak erakartzeko mugitu beharra dagoela. Bat nator hizkuntza minorizatuaren aldeko lanaren helburua ezin dela izan tortilari buelta ematea: lehen azpian zegoen hizkuntza goian jartzea, eta goian zegoena azpian.
Hala ere, ezin dut ebitatu: mingarria egiten zait konparazioa.
Juan Carlos Moreno Cabrera irakaslearen arabera, norberaren hizkuntza besteen gainetik jarri nahi izatea da nazionalismo linguistikoa. Beren hizkuntzari munduan leku bat bilatu nahi dioten hiztunen ideologiak ez du horrekin zerikusirik.
Nazionalismoari buruz Moulines irakasle eta filosofoak entsaio interesgarria idatzi zuen, orain dela urte batzuk. Euskaraz ere argitaratu zen: Manifestu nazionalista, are separatista ere esango nioke, estutuz gero. Herri txikien nazionalismoa eta herri handien hegemonismoa erro-errotik ezberdinak direla esan, eta herri txikien nazionalismoaren etika defendatu zuen.
Ados nago Mtz de Lunaren proposamenarekin, baina... barruan zerbait mugitu zaidala nabaritu dut.
No comments:
Post a Comment