Inurri batek bere bizitza kontatzeko sekulako premia sentitu zuen. Hori idazten bazuen autobiografia izango litzatekeela esan zioten. Eta hitz berri harekin txoratuta, gogo biziz ekin zion lanari.
Haurtzaroa etorri zitzaion gogora eta inurritegi bat ikusi zuen. Helduaroa etorri zitzaion gogora eta inurriritegi bera ikusi zuen, lankidez betea, baina ezin zen haien izenez gogoratu. Bizipenen errepasoa egin eta, euriaren eraginez inurritegia urpean geratu zeneko eguna salbu, ezin izan zuen gertakizun gehiagoz harro agertu.
Hala ere, inurri tematia zen eta, bere garaiko inurrien paradigma zelakoan, uste eta egitasun osoz idatzi zuen, bere benetako bizitza baino gehiago bizitu nahi lukeena.
Baina autobiografia hau ez da egia!, zioten lotsagabe batzuek.
Ezjakin halakoak! Autobiografia gauza zaharkitua da, orain autofikzioa da puri-purian dagoena.
Liburua best seller bat izan zen urte hartan.2010ean «Autokarabana» eleberria argitaratu zuen Fermin Etxegoienek. Gure txikitasunean (geu ere inurriak baikara) liburu hori ere best seller bat izan zen urte hartan. Irakurri al duzue? Bai, badakit... ez da euskararen munduari buruzko eleberri bat, baina ezagutzen dudan nobela bakarra da pertsonaien artean euskara teknikari bat duena.
Literatura leku eta garai bateko gizartearen isla dela esan izan da. Hortaz... zergatik inork ez ditu gure istorioak kontatu? Horren ezdeusak al gara?
Beste bi liburu etorri zaizkit burura: Joxean Sagastizabalen «Kutsidazu bidea, Ixabel» eta Urtz Apalategiaren «Gure gauzak SA» liburua; euskara ikasleen mundua, eta euskal kulturaren kritika fabulatua. Lagin txikiegia da, ezta?
Gehiago ezagutzen al duzue?
3 comments:
Liburu ez badira ere, Mikel Martinez eta Patxo Telleriaren antzerki obra zenbait (Euskara sencilloaren manifestua, Euskarazetamol, Lingua nabajorum eta abar) kategoria honetan sartu daitezke.
Eskerrik asko ;-DD
Lingua nabajorum antzerki obraren testu osoa eskegi dute: http://www.teatro-testuak.com/testuak/lingua.pdf
Post a Comment