2013/11/02

Kontulariak [storytelling-1]

Orain dela hainbat urte HIZPIDE aldizkariaren ale monografiko bat atondu zuten Lourdes Elosegi eta Pello Esnal HABEko teknikariek. Honakoa: Euskaltegi-kurrikuluak egiteko jardunbide bat (Hizpide aldizkaria, 57. alea, 2004). Bronckart irakaslearen lanak gidari hartuta, bi mundu erabat ezberdin dagoela defendatu zuten: azalpenaren mundua eta kontakizunaren mundua. Horien barruan sailkapen ezberdinak egon daitezke (solaskideen inplikazio mailaren arabera): azalpen interaktiboa, diskurtso teorikoa, kontaketa konbertsazionala, narrazioa... Baina, funtsean bi mundu diskurtsibo direla defendatu dute.

Azalpenaren eta kontazikunaren artean ezberdintasun formalak daude: testuaren antolamendua, gehien agertzen diren kategoria gramatikalak... baina benetako ezberdintasunak are sakonagoak direla iruditzen zait: azalpenaren mundua arrazoibidean oinarritzen da; kontakizunaren mundua, ekintzetan eta emozioetan.

Biografia batean, esate baterako, egoerak eta sentipenak daude, baita gauza gehiago ere bai: oroitzapenak nola hautatzen diren, kontatzen direnak eta kontatzen ez direnak, ekintzak nola interpretatzen diren, sinismenak, baloreak... Narrazioaren fluxua bilatzen dugu, baina diskontinuitateak ere oso esanguratsuak dira.

Gogoan dut Pierre Bourdieu soziologo eta filosofoaren testu bat:
Tenemos, sin duda, el derecho de suponer que el relato autobiografico se inspira siempre, al menos en parte, en el deseo de dar sentido, dar razón, extraer una lógica a la vez retrospectiva y prospectiva, una consistencia y una constancia, estableciendo relaciones inteligibles, como las del efecto a la causa eficiente o final, entre los estados sucesivos, constituidos de este modo en etapas de un desarrollo necesario
Oroimena narrazio bihurtzen denean, hainbat egoera eta egintza hautatzen ditugu eta beste batzuk ahantzi edo estali. Narrazioari koherentzia, zentzua eta norabidea ematen diegu: egungo errealitatetik interpretatzen dugu ibilbidea. Narrazio batean ez gara mugatzen esperientzia edo ibilbidea kontatzera... eraiki (edo berreraiki) egiten dugu.

Narraziogintza psikologian erabili izan da. Terapia narratiboen oinarria horixe da: gure buruari kontatzen dizkiogun istorioak berregiten saiatzea. Twitter-en irakurri nuen:
Nahiz eta orain arte senaz egin, gaur konturatu naiz zein garrantzitsua den zure buruari, zure bizitzaren istorio koherente bat kontatzea. — Gorka Julio (@teketen) July 29, 2013
Erakundeekin ere beste horrenbeste gertatzen da: erakunde osasuntsua izateko, beharrezkoa da bere buruari buruzko istorio koherente bat eraikitzea.

Narraziogintza formazioan ere erabili izan da. Narratibak esperientzia egituratzen laguntzen du eta ezagutza ez-kontzientea mobilizatzen du: ezagutza tazitoa ezagutza esplizitua bihurtzen du. Jakin bai, baina dakigunik ere ez dakiguna da ezagutza tazitoa.

Narraziogintza gizarte zientzietan erabili izan da. Joan Josep Pujular irakasleak liburuxka bat argitaratu zuen aspalditxo, Centro de Investigaciones Sociológicas erakundeak argitaratzen zuen Koaderno Metodologikoen bildumaren barruan: El método biográfico: el uso de las historias de vida en ciencias sociales. Interneten ez dago eskuragarri, baina bai egile beraren beste testuren bat: hau, adibidez.

Gure euskara planetan narraziogintzak ba al du lekurik? Eta 60 orriko txosten analitiko baten ordez, gure istorioa kontatuko bagenu? 

Bada, horixe... ez azaldu, hobe kontatzen badidazu!

No comments: