2014/05/21

Lau apunte, lidergoei buruz

Eralan proiektuari buruz, eta Elkarrekin Berritzen jardunaldien ildotik, ideia batzuk ekarri nahi izan ditut hona. Lau apunte besterik ez dira:

Lidergo eraldatzailea

Antolakunde baten organigrama piramide baten moduan irudikatu ohi dugu: goiko erpinean zuzendaria, eta hortik behera gainontzeko guztiak. Boterean oinarritutako lidergoaren irudia da.

Eralan proiektuaren hitzaldi batean entzun nuen ideia horretatik abiatzea komeni dela: piramidea buruz behera jarri behar dela, eta erakundeko kide guztiei erabakiak hartzeko ahalmena eman (baita horretarako aukera estrukturalak sortu ere). Liderra piramidearen behealdean dago, horri guztiari eusten. Zerbitzuan oinarritutako lidergoa da. Ideia hori buruan itsatsia geratu zitzaidan.

Lacandonatik

Zapatismoa, alde askotatik, mugimendu atipikoa da. Kultura indigenen jakintzatik eta filosofiatik edan du, eta komunitate indigenen zerbitzura aritzeko borondatea erakutsi. Komunitate zapatistetan agintariek "obedituz agindu" behar dutela esan ohi da. Horretaz ari gara, ezta?

Lidergo elkarbanatua

Badakit ez dela horrela, baina... Lidergo eraldatzailea entzuten dudanean pertsonak irudikatzen ditut; lidergo partekatua entzuten dudanean, lantaldeak eta ekipoak.

Hacker etikatik lidergo elkarbanatuaren ideia proposatu digute. Lidergo elkarbanatua entzuten dudanean... sareak eta komunitateak irudikatzen ditut. Komeni da ideia horretan sakontzea.

Ahaluztea edo "desenpoderamendua"

Ahaluztearen kontzeptua hilabete hauetan entzun dut lehen aldiz (hemen, adibidez). Atzean dagoen ideia oso ezaguna egiten zait. Ahaluztea botereari edo "lidergoari(?)" uko egitea da, eraikuntza kolektiboa ahalbidetzeko. Irudipena dut proiektu askoren porrota hortik etorri ohi dela: lidergo-gatazkengatik edo lidergoari buruzko ideia okerrengatik.

1 comment:

Ainhoa Ezeiza said...

Aipatu dituzun lidergo moten inguruan, berez EZLNren ikuspegia ahaluzteari lotuta dago, horretaz zerbait argitaratu dut gaur blogean: http://ainhoaezeiza.net/index.php/eu/ahaluztea/195-ezln-ahaluztea

Ahaluztea edo "desempoderamiento" proposamenean, lidergoa ez da ukatzen, egiten dena da egoeraren araberako lidergoa onartu (lidergo situazionala), alegia, jakintza herrikoiei balioa ematen zaie eta unean-unean edonork har dezake ekintza batean lidergoa eta berriz utzi bere boterea, lidergo hori beste edonork hartu ahal izateko. Ahaluztea ez da botereari uko egitea baizik eta boterea "beheraka" uztea ("dejación de poder"), hau ñabardura garrantzitsua da ze boterea ez da ematen eta ez ukatzen, utzi egiten da.

Uztailaren 16an mintegi bat egingo dugu Donostian Javier Encina eta Juan José Calderónekin, interesik izanez gero. Hemen dokumentu oinarrizkoetarako esteka: http://ilusionismosocial.org/mod/resource/view.php?id=619

Segiko dugu eztabaidan ;-) Eskerrik asko aipamenagatik!