2014/08/19

Euskalgintza, herrigintza eta harrigintza

Gazi-goxoak dira Joseba Azkarragak Etxagibelek post-hazkundeari buruz idatzi izan dituen testuak. Jakin aldizkarian argitaratu berri duen artikulua ere halakoa egin zait: 'Harrigintza' berria. Apunteak hazkunde-osteko euskal herrigintzaz. Iruditzen zait marrazten duen eszenarioa egiatik asko duela; badakit bere asmoa ez dela planteamendu ezkor eta etsigarria zabaltzea... dena den, batzuetan, beste alde batera begiratzeko eta trikuarena egiteko gogoa ematen du.

Garai likidoetan bizi omen gara. Lehen solidoa zen guztia urtu egin da, baita gure arteko harremanak ere. Paradoxikoa da, komunitateak inoiz baino beharrezkoagoak izango baitira, datozkigun erronkei aurre egin nahi badiegu. Urtutakoa harri bihurtu beharko da berriro ere. Horri deitzen dio "harrigintza berria". Erronka handiak ditugu; erantzun kolektiboak behar dira; ikuspegi komunitario batetik egin behar zaie aurre.

Ildo bereko beste testu bat irakurri nuen orain dela hilabete batzuk: Eco-localismos y resilencia comunitaria frente a la crisis civilizatoria. Han trantsizio mugimenduaren azkerketa egiten zuen, eta bost gako azpimarratu:
  1. Komunitatea indartzen du: komunitateak ahalmentzea (enpoderatzea), autogestio-gaitasuna handitzea, parte-hartza indartzea, konpromisoa suspertzea... 
  2. Ekintza lehenesten du. Ezin gara zain egon, gobernuek zer egingo duten. Guk geuk egin behar dugu; banaka ez, elkarrekin. 
  3. Mugimendu autokritikoa da, baina ikuspegi eta jarrera positiboa eta erakargarria lantzen du. Garrantzitsuagoa da nahi dugun mundua eraikitzea, nahi ez duguna deuseztea baino. 
  4. Subjetibitate berria sortzea. Gure barneko trantzisioa ere garrantzitsua da. Eraldaketa sozialaren dimentsio psikologikoa ere zaindu behar da.
  5. Ekintza gidatuko duen metodologia eskaintzen du. Aurreko esperientzietan zer funtzionatu duen jaso, eta ideia horiekin ibilbide-orri bat proposatzen du, era irekian. 
Hortaz, horiek dira harrigintza berriaren gakoak. Oraindik ere bide luzea dugu, baina irudipena dut euskararen mugimenduan ez gabiltzala oso bide txarrean.

No comments: