2014/08/07

Begirada bat ikerketa kritikoari

Bat Soziolinguistika Aldizkariaren 87/88 zenbakiak azken urteotako begirada egiten dio Euskal Soziolinguistikaren Ikerketari. Aldizkaria aurkezteko, Soziolinguistika Jardunaldiak baliatu zituzten, eta gaiari buruzko mahai ingurua antolatu: Patxi Baztarrika, Patxi Juaristi, Itziar Idiazabal, Iñaki Dorronsoro eta Iñaki Martinez de Luna [http://vimeo.com/91311806]. Gauza interesgarri asko esan ziren bertan, baina bereziki gustatu zitzaidan Patxi Juaristik egin zuen laburpena: ikerketetan askotariko gaiak ikusten dira, askotariko erakundeak, jatorri akademiko ezberdinak... Oro har ikuspegi aberatsa ikusten du, nahiz eta agian ikerketa aplikatua teorikoaren gainetik gehiegi nagusitu, eta nahiz eta nazioarteko ikerketarekin lotura txikiegia ikusten duen.

Patxi Juaristik lehenago ere gaia landu izan du. 2010eko HAUSNARTU sarietan lan interesgarri bat aurkeztu zuen: Euskal Soziolinguistika Aplikatua: bilakaera metodologikoa eta teknikoa (pdf)Ondorioen atala argi-argia iruditu zitzaidan... Patxi Juaristiren esanetan, euskal soziolinguitikak hiru paradigma metodologikoak landu ditu (positibista, hermeneutikoa eta kritikoa), nahiz eta lehen biak (eta batez ere lehena) nagusitu diren.

Hitz gutxitan esanda (barkatu sinplifikazioa): (a) Paradigma positibistak arrazoiak jakitearekin zerikusia du, kausa-ondorio harremanak esploratzea da, maiz metodo kuantitatiboen bidez; (b) Paradigma hermeneutikoa fenomeno baten atzean zer dagoen ulertzea da, eta metodo kualitatiboak ditu gustukoak; (c) Paradigma kritikoak eraldaketa bilatzen du, eta horretarako sarritan metodo partehartzaileak erabiltzen ditu.

Iruditzen zait agerian daudenak baina gauza gehiago dagoela paradigma kritikoaren ildokoak. Gehiegi sistematizatu gabe egin dira; ez dira behar bezala dokumentatu, ez dira argitaratu, ez dira jardunaldietan aurkeztu... Gehiago behar dira? Bai. Lan egiteko moduak sistematizatu behar dira? Esperientzia horiek jasotzeko ahaleginak egin? Jakina.

Badugu zer ikasi!

Duela urte batzuk, Madril aldean, ikerketa militanteari buruzko ikastaro bat antolatu zuten Verdades Nómadas izenburuarekin. Hiru ideiarekin geratu naiz:
  • Ikerketa militantea militatzeko modu bat ere bada: sen kritikoa suspertzea, etengabeko gogoeta bultzatzea, subjetibitate berriak sortzea, elkarrekin pentsatzea, ideiak partekatzea.... arriskatzea.
  • Jakintza sortzea ez da nahikoa, jakintza erabilgarria sortu behar da. Zein jakintza da erabilgarria eta zein alferrikakoa? Ikerketa militantearen ikuspegitik, jakintza erabilgarria da eraldaketarako ahalmena ematen duena; zer mugitzen ari den identifikatu, eta hori indartzeko bideak proposatzen dituena.
  • Taldearen barrutik ikertu behar da, eta ez kanpotik; ikergaia elkarrekin definitu behar da: zer ikusten dugun, zer sentitzen dugun, nolako dilemak sortzen zaizkigun... eta hortik abiatuta jakintza erabilgarria zein den erabaki. Ikerketa militantea prozesu kolektiboa da beti.

Duela hilabete batzuk Orlando Fals Borda soziologoaren lan batzuk irakurtzeko parada izan nuen, eta hasiera batean urrun samar egin bazitzaizkidan ere, amaierarako gustua hartu nien. Esan izan da ikuspegi eurozentrista dugula, eta gure ingurutik harago sortzen diren ikuspegiak eta esperientziak gutxiesteko joera oso-oso agerian dugula. Fals Bordak hegoaldeko begirada eman dio paradigma kritikoari. Haren lanari buruzko hitzaldi baten esteka utzi nahi dizuet, sarrera hau amaitzeko: hemen. On egin!

No comments: