2014/09/27

Hiztun komunitatea indartzea

Aspalditxo ikasi nuen liburuak arkatz baten laguntzarekin irakurri behar direla. Ohartu naiz mania txiki bat dudala, eta ez dudala gogoko testua oso-osorik azpimarratzea; orrialdeetako marjinak erabiltzen ditut gerora akordatzea merezi duten zatiak nabarmentzeko... puntutxo bat, marratxo bat, X bat... edo hitz gako bat. Hortaz liburu bat esanguratsua egin zaidan ala ez jakiteko, aski da liburuaren marjinak begiratzea.

Uda partean irakurri dudan Teoría y práctica de la psicología comunitaria liburuaren marjinak oharrez beteta daude. Liburua prozesu kolektiboez ari da: botereaz, komunitatea indartzeaz, lidergo komunitarioaz, sareei buruz. Maritza Montero irakaslearena da, eta eskaneatuta eskuratu daiteke bi zatitan: hemen eta hemen.

Ideiaren bat azpimarratekotan, hona hemen batzuk:
  • Empowerment, ahalmentzea... alferrikako neologismoa da egilearen ustez. Latinoamerikan komunitatea indartzea erabili izan dute aspaldian... Azken batean, hori besterik ez da: komunitatea indartzea, komunitatea gai izatea bere beharrak asetzeko eta bere etorkizuna gidatzeko.
  • Lidergo komunitarioaz hitz egiten du liburuan. Ikerketak egin dituzte egoera ezberdinetan lider komunitarioak identifikatzeko eta beren ezaugarriak aztertzeko: komunitatearen onura bilatzen duten pertsonak dira, motibatzaileak, atseginak, jendea ezagutzen dute, besteen inplikazioa sustatzen dute eta disidentzia ere onartu egiten dute... Eralan proiktuaren baitan aipatu izan den lider eraldatzaileen ezaugarriak dira.
  • Sare komunitarioak detektatzen direnerako hortxe daude, ez dago esaterik nola sortu diren. Eskuhartzearekin horixe bera da lortzen dena: sareak bertan daudela ikustaraztea, eta sare horietako kideak existentzia horren kontzienteak izatea. Liburuak, dena den, gako batzuk ere ematen ditu: sareak indartzen edo sareak ahultzen dituzten elementuak. Lehenen artean hiru azpimarratzen ditu: informazioa sozializatzea, konpromisoarekiko beldurra kentzea, eta identitatea indartzea (norbanakoena, familiarena, taldearena, komunitatearena...) Sareak ahultzen dituzten elementuen artean beste hainbat: lidergo txikia edota egozentrikoa, mesfidantzak eta harreman gatazkatsuak, antolakundeari buruzko ikuspegi itxiegiak, eta ikasitako babesgabetasuna.

Laburbilduz, komunitateak indartzeko hiru gako aipatzen ditu: parte-hartzea, konpromisoa eta lidergoa.

Esan izan da hizkuntzaren normalizazio prozesuak hiztun komunitatea behar duela erdigunean. Prozesua kolektiboa dela... prozesu komunitarioa. Hitz potoloa da. Errazago da esatea egitea baino. Liburuak ez du errezetarik ematen, baina bai gako batzuk. 

Ikastetxean, enpresan, auzoan... euskara plana abiatzen dugunean, komunitatea ezagutzea komeni zaigu: komunitate horretako liderrak nor diren jakitea, territorioa mapeatzea (elkarteak, taldeak, pertsonak...), harreman-sareak irudikatzea, aldekotasunak eta kontrakotasunak identifikatzea, hasieratik parte hartzea eta konpromisoa erraztea... Komunitatea indartzea da egitasmoa sostenible izateko biderik ziurrena.

No comments: